Gaur goizean, auzapeza, hautetsiak, karitatezko elkarteak, diruztatzaileak eta gizarte arloko eragileak bildu dira Lekueder karrikako 7. zenbakian, berriki berrantolatutako eraikinaren aitzinean, neguko premiazko aterpetze eta udako sasoilarien beharrei erantzuteko antolatua izan delarik.
Badu 20 urte baino gehiago Hendaiako Hiria eta bere Gizarte Ekintzako Udal Zentroa (GEUZ) ezegonkortasuna eta baztertzearen aurka borrokatzeko gizarte politika ausarta baten alde engaiatuak direla. Neguko aterpetze dispositiboa hedatua izan da urraska zenbait leku enblematikoetan, besteak beste suhiltzaileen kaserna zaharrean, gaur egun Gaztelu aretoa bilakatu dena, ondotik oraingo eguneko harrera lekuan, eta, azkenik, gaur goizean estreinatutako eraikinean, Intzura auzotegian, COVID-19 osasun larrialdiaren ondotik berrantolatua izan delarik. “Mota horretako aterpetzea bermatzeko ardura nagusiki Estatuarena bada ere, indar jarraiki horrek behartsuenen aldeko zerbitzuak egokitzeko eta zabaltzeko hiriak duen gogo tematsua erakusten du” azaldu du Kotte Ecenarrok.
2024ko abenduaren 1etik 2025eko martxoaren 31ra, eraikinak ezegonkortasun larrian direnak aterpetzen ditu, 12 leku eskainiz, horietako 4 soilik emazteentzat. Gauero ibiltzen da 20:00etatik 8:00etara, gaueko zaindari baten ardurapean. Aterpetze hori baliatzeko bide bakarra 115 zenbakira deitzea da, Frantziako gizarte mailako larrialdien zenbakia.
Erronka bikoitza: larrialdia eta sasoilarien ostatatzea
Neguko aterpetzeaz gain, eraikin horrek tokiko beste arazo bati erantzuten dio: sasoilarien ostatatzea, maiz bizitegi bat aurkitzeko zailtasunak dituztelarik, higiezin arloko tentsioengatik. Udaldian, maiatzetik urrira, 11 logela eta hornitutako gela komunak eskaintzen ditu, langileen beharrei erantzunez, batez ere uda garaiari lotutakoak. “1960ko hamarkadatik goiti, hiriak beti nahi izan du Sute eta Sokorrietarako zerbitzua (SDIS), hondartzako sokorrirako, eta Segurtasun Konpainia Errepublikanoak (CRS), segurtasun publikorako, hirian izatea udan” zehazten du Kotte Ecenarrok. “Joan den udan eramandako esperientzia arrakastatsuaren ondotik (sokorritzaileak Hiriari ondoriotasunez utzitako etxeetan ostatatuak ahal izan baitira), eraikin horrek beste ostatatze aterabide bat eskaintzen du”.
Funtsezko partaide batzuek eraikin horren zaharberritzea sustatu dute. Hendaiako Herriak proiektua diruztatu duelarik 269 000 €ko heinean, Action Logement Services (Ostatatze Ekintza Zerbitzuak) agentziak eta Akitaniako Eskualdeak ere parte hartu dute, lehenak 100 000 €ko heinean, besteak 55 000 €ko heinean (“Sasoilariak ostatatzeko eta aterpetzeko eskaintza garatzea” proiektu deialdiaren harira). Alain Rousset Lehendakaria ordezkatzen duen Béatrice Tariol eskualde kontseilariak dionez, “diruztatze horrek tokiko errealitateei egokitutako proiektu berritzaileak laguntzeko Eskualdeak duen nahia erakusten du. Eraikinak gizarte mailako larrialdiari erantzutea ahalbidetzen du hala egoera larrian direnak aterpetuz neguan, nola gure ekonomiari funtsezkoak zaizkion sasoilariak udan”.
Azkenik, Enplegua, Lana eta Elkartasunen Departamenduko Zuzendaritzak (DDETS) 50 000 €ko diru laguntza esleitu dio proiektuari.
Proiektuak agerian ezartzen du elkargoen eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza garrantzitsua dela gizarte arloko desafioak altxatzeko.
Ereduzko ekimena lurraldearentzat
Bisitaren ondotik, Hiriarekin finkatutako hitzarmena izenpetzean, Sébastien Thonnard Akitania Berriko Action Logement (Ostatatze Ekintza) agentziako eskualdeko Zuzendariak ekimena goretsi du: “Proiektu hori guztiz ereduzkoa da eta lurraldeari beharrezkoak zaizkion langileen beharrei erantzun konkretu eta duin bat ekartzen die, baldintza duinetan aterpetuak izan daitezen. Goiz honetan, zuen ondoan izateak eta buru egiten diozuen ostatatze arazoa hein batean konpontzean parte hartzeak pozten gaitu”.
Horrela, tokiko errealitateei egokitzen den lurralde baten sinboloa bihurtzen da eraikina, gizarte zuzenago bat eraikitzeko beharrezkoa den elkartasun eta berrikuntza izpiritua itxuratuz.