Argi kutsaduraz eta gaueko bioaniztasunaz ohartarazteko eragiketa hori, «Gauaren Eguna» ekitaldi horren 13. edizioa, 2021eko urriaren 9 larunbatean eginen da. Hendaia ere lotuko da ekitaldi horretara.
Argi kutsadurak eragin jakina du bizi den ororen gainean (harrapakin-harrapakari harremanaren aldatzea, ugalketa zikloen, migrazioen eta abarren nahastea).
Intsektuen desagertzearen arrazoi nagusietako bat da argi kutsadura. Osasunean ere nabarmen eragin lezake (ordulari biologikoaren desarautzea, hormona sistemaren andeatzea, edota melatoninaren jariatzearen galtzea, loarekin, libidoarekin eta zahartzearekin, besteak beste, loturik delarik).
Laster emanen dugu abian argiztapen publikoaren diagnostikoa
Hendaiako Herriak urte anitz darama ingurumenaren babesean engaiaturik eta ahalegin horiek areagotu nahi ditu gau izartsuaren alde eta bioaniztasunaren alde ere eginez eta, horrela, energiaren gehiegizko xahutzea ere eragotziz. Hartara, egoeraren lehen azterketa egin ondoren, argiztapen publikoaren instalazio guztien (2846 argiune, 110 armairu elektriko) diagnostiko oso bati ekin ahalko diogu heldu diren asteotan. Hortik sortuko den hainbat urtetarako modernizatze egitarauak energia neurritasun handiago baterantz joateko bidea ireki eta behar den lekua behar den garaian argiztatzeko aukera eman beharko liguke (argiztapen sistemak erabilerara egokitzea, gau erdian argia erabat edo zati batez itzaltzea, …) eta horrela, argi kutsadura arras murriztu eta energia aurrezpenak egin ahalko ditugu.
Itzaltzealdi sinbolikoa
Euskal Herrian Klimaren astea hasi baino zenbait egun lehenago, Hendaiako Herria argi trantsizio baterako ekimen honetara lotu nahi izan da. Halatan, bada, argiztapen publikoa itzaliko du itsas etorbidean eta inguruko karriketan urriaren 9 larunbatetik 10 igandera doan gauean.
Gauaren Eguna nazio mailako ekitaldi bat da, orori zabalik dena. «Agir pour l’Environnement» (Ingurumenaren alde ekin) elkarteak koordinatzen du, beste hogei bat egiturarekin batera (Frantziako Auzapezen Elkartea, ANPCEN, Astronomiako Frantziako Elkartea, Eskualdeetako Naturaguneak…). 700 ekitaldi antolatuko dira Frantzia osoan zehar eta horien bitartez nor bakoitza gonbidatua da «gau beltza» ezagutu edo berriz bizitzera.
Gehiago jakiteko: www.jourdelanuit.fr