Udal igerilekuaren hestea: erabiltzaileen segurtasuna lehenetsia
Ekainaren 7 asteazkenean, 12:30aren inguruan, makur bat gertatu zen igerilekuaren kanpoko lokal teknikoan. Zorionez, bertan zirenei ez zien kalterik eragin. Larriagoa zatekeen udal langileek ez bazuten berehala erantzun eta klubaren entrenatzaileek ez bazuten ongi jokatu, behar ziren neurriak berehala hartu baitzituzten. Eskerrak haiei guztiei.
SDIS 64 sute eta sokorrirako zerbitzuak jakitera eman duenez, kloro usaina zabaldu bazen ere, igerilekuaren erabiltzaileek ez zuten inongo arriskurik izan.
Irandatzeko herri igerilekua orain dela 40tik gora urte eraiki zuten eta jadanik ezin du normalki funtzionatu. Hornikuntza horren zahartzeaz oharturik eta gerta litezkeen funtzionamendu okerrei aitzina hartu nahiz, gehiengoaren hautetsiek jadanik 2021ean bozkatu zuten igerileku berri baten eraikitzea. Lanak 2024ko urtarrilean hasiko dira eta 2025eko 3. hiruhilekoan bururatuko direla aurreikusten da.
2022ko urriaz geroztik, hautetsiak eta udal zerbitzuak etengabe aritu dira udal igerilekua ahal bezain luze zabalik atxikitzeko aterabideak plantan ematen. Haurrei igerian irakastea eta beste erabiltzaileei, bereziki klubei eta suhiltzaileei, entrenatzeko aukera ematea zen asmoa. Aldi horretan erakutsi duten pazientzia eskertzen diegu.
Egun, hornikuntza horren hauskortasuna erakusten duen makur horren ondoren, udalak ezin du jadanik segurtasuna etengabe eta iraunkorki bermatu.
Halatan, bada, udalak duen erantzukizunaz oharturik, eskola eta kirol sasoiaren bururatzearekin batera, Hendaiako udal igerilekua behin betiko hesten duela ematen du jakitera.
Jadanik erabakia izan den gisan, laster ekinen diogu igerilekuaren erabiltzaileei dituzten abonamenduen itzultzeko prozedurari.
Hendaiar gazteei igerian ikasteko aukera eman nahiz, udalak hetsialdi honetan bestelako aukerak bilatzen darrai.
Une honetan, udal langileak eta ukituak diren elkarteak hautetsiekin dira herriko etxean bildurik. Laster makurra gertatu zenean han ziren haurren gurasoak ere bilduko dira hautetsiekin, horretarako galdea egin baitute.