Sousa Mendes Batzordeak atzerritarrek eta bereziki espainolek, poloniarrek eta portugaldarrek erresistentzian ukan zuten lekuari buruzko mintzaldi bat antolatu zuen otsailaren 11n, ostiralarekin.
Haien parte hartze hura ezezagun bada ere, maiz, bultzatzaile izan ziren Alemaniaren okupazioaren eta Vichy erregimenaren aurkako borrokan. Mintzaldi horretan, portugaldarren parte hartzeari egin zitzaion bereziki beha. Ezin halako mintzaldi bati hasiera eman, ordea, Jean Dias, FNACA federazioaren tokiko lehendakari izan zen eta iragan abenduan hil zitzaigunari omenaldi beroa egin gabe.
Manuel Diaz Vaz, Aristides de Sousa Mendes omentzeko Frantziako nazio batzordearen buruak gogora ekarri zigun zein sineste eta balore handiko gizona zen Jean Dias, bereziki Sousa Mendes-en omenez engaiatua zena. Halatan, bada, iragan urtarrilaren 27ko biltzar nagusian, administrazio kontseiluak Jean Dias batzordearen ohorezko kide izendatzea erabaki zuen, haren oroitzapena ohoratu naiz.
Lehendakariak batzordearen medaila eman zion, beraz, Nicole haren emazteari, bai eta Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezari, batzordea eta herria lotzen dituzten lotura azkarren adierazgarri. Lehen hautetsiak, «bihotz eta sineste handiko» bere adiskidearen oroimenezko keinu horrekin hunkiturik, gogora ekarri zuen «anitz garela Hendaian beste aldetik etorri ginen haurrak, itxaropen eta askatasun zubi horren beste aldetik, hala euskaldunak nola espainol edota portugaldarrak eta bestelakoak»
Medailen emate ekitaldi horretan Béatrice Tariol eskualde kontseilaria eta Michelle Mounios kultura eta hizkuntza politika auzapezordea izan ziren.
Bilkura horretan honako mintzatzaile hauek mintzatu ziren gero: Tavares Volovitch, historialari eta CERMI edo Centre d’Études et de Recherches, Migrations Ibériques – Pariseko zentroaren lehendakariordea; Cristina Climaco, konferentzia irakasle eta ikerlaria Paris 8 Unibertsitatean, eta Victor Pereira, konferentzia irakasle Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean eta historia garaikideko doktore Parisen.
Haietan izateko aukera ukan ez zutenek jakin dezatela mintzaldien zikloak Pauen ukanen duela jarraipena, martxoaren 11n ostiralarekin, André Labarrère mediatekan, eta Oloroen, martxoaren 18an, Bedat entzunaretoan.