Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzordeak (SGPTB-CLSPD) azken bi urteotan egin duenaren aitzinamenduaren gaineko puntua egin du.

Azaroaren 29 honetan, segurtasunerako eta gaizkintzaren prebentziorako politikak aplikatzen parte hartzen duten eragile guztiak osoko bilkuran bildu ziren, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean. Gai zerrendan: 2021 eta 2022an 5 lantaldeek eginikoen emaitzak.

Herria eta SGPTB-CLSPDko gainerako eragile guztiak*, prebentzioaren eta segurtasunaren alde engaiatu dira. «Gure lehentasunak dira» ekarri du gogora lehen hautetsiak, egin den lanaren berri emateaz bat, «2021az geroztik, gaikako 5 lantaldeak, batez beste, bostna aldiz bildu dira, hau da, 25 lan bilkura SGPTB-CLSPDko kideekin eta Hendaiako tokiko elkarte eta egiturekin ere. Batzordearen barneko elkarlan eta partzuergo lan horrek emaitzak ekarri ditu».

Etorri berria dugun Stéphanie Veyssière, Errepublikaren prokuradorearen laguntzaileak azpimarratu duen bezala, «proiektu anitz aitzin doazela ezagutu dut eta pozten nau horrek». Hitz horiek berrestara lotu da Théophile de Lassus, Pirinio Atlantikoetako prefetaren kabineteburua «Estatuarentzat, SGPTB-CLSPD batzorde horiek ardatz zaizkigu, gaizkintzari aitzin hartzeaz eragile guztiekin eztabaidatzeko leku baitira. Estatuak gure herritarren segurtasunaren alde egiten duenaren berri emateko aukera ematen digute. Pozgarri da Hendaian egiten den lana, bai eta inbestimenduetan hala Estatuak nola Herriak egin dituzten aitzinamenduak ere ».

1. taldea – Emakumeei eta senitartean egin indarkerien aurkako borroka eta prebentzioa

Lanen aurkezlea, Léonor Labeau, bereizkerien aurkako borrokaren ardura duen udal hautetsia.


Herri Kontseiluak bozkatu dituen seinalatze baliabidea, indarkeria sexista eta sexuzkoen aurkako tokiko kontratua eta CIDFF erakundearekiko partzuergo hitzarmenaz gain, lantaldeak ere hainbat tresna eman du plantan. Honako hauek aipatuko ditugu nagusiki: okindegietan banaturiko 20 000 ogi zaku, Bagera–Nous Sommes talde feministak antolaturiko autodenfentsa ikastaroak, kolektibitateko hautetsientzat eta jende ororentzat CIDFF erakundeak eta Baionako Ospitaleak antolatu ohartarazte lantegiak, Aizpurdi lanbide lizeoko ikasleentzat Arc en Ciel elkarteak antolaturiko antzerki foroa, ikastetxeetan Courant d’Etre elkarteak antolaturiko norbere buruaren estimuari buruzko lantegiak edota 2022ko hiri bestan zehar «Ez da Ez» afixak eta kolakiak banatzea…

2. taldea – Mendekotasun jokamoldeen aurkako borroka eta prebentzioa

Lanen aurkezlea, Jean-Michel Arruabarrena, gazteriaren ardura duen auzapezordea.

– Besta giroko prebentzioari dagokionean, bolondresak aritu dira, Gurutze Gorriarekin elkarlanean, besten erdian, gazteekin, prebentzio mezu eta materiala emateko. MILDECA misioaren dirulaguntza (1500 euro) eskuratu dute horretarako.

– Jazarpenaren prebentziorako eskola eta kolegioentzako pHARe programaren harira, lantaldeak bere ezagupenak baliatzea erabaki du, baliabidearen funtsetan oinarritu jarduerak proposatzeko (Eskola giroa neurtzea; Jazarpen fenomenoei aitzina hartzea; ikasleen babesle izanen den irakasle eta bestelako langileen kidegoa sortzea).

– Hainbat jarduera egin dute partzuer diren elkarteek (GEUZ, Gurutze Gorria, Planète école, Denentzat gizarte zentroa, Recyclarte). Ikastetxeetako gazteak eta elkarteak harremanetan jarri dituzte gazteak urririkako lanetara lot daitezen.

3. taldea – Lasaitasun publikoa

Lanen gidaria Frédéric Tranche, lasaitasun publikoaren ardura duen auzapezordea da baina ezin etorria adierazi duenez, Kotte Ecenarrok aurkeztu ditu lan horiek.

Herriak hainbat eta hainbat ahalegin egin du: udaltzaingoaren indartzea eta karrika zaintzaileen zerbitzua antolatzea, ohartarazpenak egiteko hitzarmena, bideozaintza hedatzen jarraitzea, lehen mailako eskola guztien segurtatzea (Arrisku Handien aitzinean Segurtasunean emateko Plan Berezia edo AHSPB-PPMS) eta lasaitasun publikorako eskema batetaz gogoetatzeko zenbait ideia, eskolak segurtatzeko planean gauzatzea.

Aldi berean, Nazio Poliziarekin elkarlan hertsian egin lana aitzin doa eta nazio polizia herriko etxea izan zenaren lokaletara laster etortzearekin areagotuko da.

Zenbait estatistika datu eman du Cécile Contet polizia komisarioak, baieztatu duelarik, «oro har, gaizkintza orokorra zertxobait apaldu da 2022an (urtarriletik urrira bitartean)» eta zehaztu du «itxaropena zuela Hurbileko Segurtasun Taldea, egiazko gainbalioa dena, indartua izanen dela 2023an».

4. taldea – Gizarte laguntza

Aurkezlea, Richard Irazusta, elkartasunaren, Bizitegien eta Administrazio Orokorraren ardura duen auzapezordea, ezin etorria adierazi duen Daniel Bernard-en ordez.

«Gizarte laguntza» lantaldeak lan handia egin du etxegabeen artean, agerian eman zen gisan iragan maiatzaren 6an Herriak eta GEUZak antolatu zuten bilkura publiko batean, non ukituak diren eragile guztiak bildu baitziren: Departamenduaren administrazioa, elkarte mediko-sozialak eta karitatezkoak, kausa horrek hunkitzen dituen pertsonak. Besteak beste, honako hauek eman ditu agerian: Atherbea karrikako hezitzaileek ukituak direnen artean egin galdeketa, neguko ostatatzearen antolaketa, Gurutze Gorriaren etxe baten berriztapen proiektua, HSA erakundeak egina… Aipa dezagun ere plantan eman den azken baliabidea, «On Egin» deiturikoa, iragan azaroaren 10ean aurkeztu zena, Baionako Table du Soir (Arratseko mahaia) deiturikoaren antzera, herrian elikadura eskasian direnentzat.

5. taldea – Bereizkerien aurkako borroka

Lanen aurkezlea, Xabier Manterola, herri kontseilaria

Lana, nagusiki, ardatzak, lehentasunak eta ekintza plana zehaztea da.

Ohartarazteko hainbat ekintza egin da, batez ere martxoaren 8aren inguruan: erakusketak, zinema arratsa, talde horretako erakunde eta elkarteen jende ororentzako informazio guneak.

Beste jarduera batzuk ere egin dira, hala nola leku publikoak emazte baten izenaz izendatzea edo, laster, LGBTQI+ pertsona mota guztien egoeraz eta harreraz ohartarazteko lantegiak (guraso bakarreko familiak, transgenero diren pertsonak, LGBT+ adinekoak) Les Bascos elkartearekin lankidetzan.

Kotte Ecenarrok, bilkura bukatutzat ematean, SGPTB-CLSPD batzordearen eragile guztiei eskerrak eman eta prebentzioa, errepresioa, zigor jaukimenduez bestelako neurriak eta bikitimen laguntza bateratzen dituen segurtasun publikoko tresna horren eragile asmoaren garrantzia ekarri du gogora. Auzapezak jakitera eman dio biltzarrari lan horrek 2023an jarraituko duela, «areago eginen dugu, egiteko ditugun ekintza anitzen artean bi adibiderekin: gizarte mistotasunaren aldeko kontratu bat plantan ematea eta nazio polizia gure aitzinera, herriko etxea izan zenaren lokaletara, itzultzea, non, ordudanik, salaketa egin ahalko baita».

*Hendaiako SGPTB-CLSPD batzordearen osaera

Auzapeza buru duelarik, Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Kontseiluak honako kide hauek ditu:

Pirinio Atlantikoetako prefeta, BAIONAko Justizia Auzitegian ari den Errepublikaren prokuradorea, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluaren lehendakaria, auzapezak izendatu udal hautetsiak, Gizarte Kohesiorako Departamendu Zuzendaritza (DDCS), Departamenduaren Gizarteratzerako eta Baldintzapeko Askatasunerako Espetxe Zuzendaritza, Gazteen Justizia Babeserako Lurralde Zuzendaritza (DTPJJ), Enpresen, lehiaren, kontsumoaren, lanaren eta enpleguaren Eskualde Zuzendaritza (DIRECCTE), Elkartasunen Departamendu Zuzendaritza (SDSEI), Pirinio Atlantikoetako Segurtasun Publikoaren Departamendu Zuzendaritza (DDSP64), Akademiaren Departamendu Ikuskaritza, DONIBANE LOHIZUNEren eremuko segurtasun publikoaren ardura duten polizia zerbitzuak, Bizilekuen OFFICE 64 erakundea (alokatzaile soziala), IRANDATZ kolegioaren zuzendaria, SAINT-VINCENT kolegioaren zuzendaria, AIZPURDI lanbide lizeoaren zuzendaria, DENENTZAT gizarte zentroa, ANPM elkartea (Alkohologian eta Adiktologian Prebentzioa egiteko Nazio mailako Elkartea), EFEIZ-CIDFF (Emazteen eta Familien Eskubideei buruzko Informazio Zentroa), EUSKAL HERRIKO Gazteen Etorkizunaren Tokiko Misioa, HENDAIAren udaltzaingoa, HENDAIAren Gizarte Ekintzarako Udal Zentroa, SNCF. (1166-2020 udal agindua

Navigation de l’article