Sailkatzea zaintzea da!

Egunero, etxeko estalkien sailkapenari eta birziklaketari esker, ingurumenaren babesean hartzen dugu parte. CO2 igorpenak saihestea, ura, energia eta natura baliabideak zaintzea, klima aldaketaren beroketaren aurkako ekarpenak dira!

2021ean, frantses bakoitzak batezbeste 69 kg etxeko estalki eta paper sailkatu ditu. Sailkatze ohitura hori ongi errotua dugu jadanik gure kontsumitzaile jokamoldeetan; egunerokoa bihurtu zaio biztanleen % 89ri. Urte hastapenean sailkatze moldea errazagoa egin delarik, dudarik ez da sailkapen gehiago eginen dela hemendik goiti eta natura baliabideak eta energia aurreztuko direla eta berotegi efektuko gasen (BEG-GES) igorpenak gutxituko, gai horiek guztiak birziklatuz.

Adibide baterako, estalkiak sailkatzen dituen lau senideko familia batek urtean 115 kg CO2 ez igortzeko aukera ematen du, hau da, autoan 717 km egitearen baliokidea, eta 688kwh aurrezten ditu, hau da, telebista 4590 orenez pizturik izatearen baliokidea. Horrez gain, petrolio, hondar edota burni zenbait ere ez da gure natura erreserbetatik hartu beharko.

Sailkatzea ez da botatzea!

Horregatik, egun, «Sailkatzea ez da botatzea!» baizik eta gure baliabideak aurreztea, gure hondakinei bigarren bizitza emanez. Estalki eta paper guztiak sailkatuz, metalezko eta plastikozko estalkitxoak ahantzi gabe, birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren bideak zabaltzen ditugu.

Ipar Euskal Herrian, sailkatze agindu berriak (berinkiaz at) plantan eman zirenetik zenbait hiletara oso emaitza onak ditugu. 2022 eta 2023 artean, sailkaturiko hondakinen (zikinontzi horia) kopuruak % 16an egin du gora! Aldi berean, etxeko hondakin arruntenak (zikinontzi beltza) % 8an gutxitu da.

Sailkatzea birziklatzea da!

2021ean, Frantzian, % 72* da birziklaturiko estalkien maila. Birziklatze horri esker, 2,2 milioi tona Co2 saihestu dira. CO2 gutxitze horrek klima beroketaren aurkako borrokan laguntzen du eta beste hainbat ingurumen onura ere du.

Inoiz erabili gabeko materialak ez baliatuz birziklatzeak ura aurrezten du eta berriztagarri ez diren gure natura baliabideak (petrolioa, gasa, uranioa, burnia, bauxita…) zaintzen ditu. Azkenik, airearen azidotzea eta uraren kutsadura gutxitzen laguntzen du. Egun, birziklapena errealitatea dela frogatzen diguten birziklaturiko produktuez inguraturik gara.

Eta guztia herritarrarekin eta haren sailkapen ahaleginarekin hasten da, garapen iraunkorraren aldeko kate baten lehen begia baita.

Lehen egite horren ondoren, etxean sailkaturiko paper eta estalki guztiak Baionako Canopia sailkaguneetara eramaten dira (bisita liteke: ikus biltagarbi.fr). Gaika bereiziko dira eta gero birziklatze adarretara eramanen.

Sailkaturiko hondakin guztien artean, % 95 Frantzian edota Europako beste herrialdetan birziklatzen dira. Gainerako % 5a energia sortzeko erabiltzen da. Birziklatze adarrak garatu bitartean. Oro har, estalkien osagaien arabera, erabilera anitz dago. Birziklapenari esker zenbait produktutan aurrezturikoen gaineko soakoa egin dezagun :

ALTZAIRUA:

Altzairuaren % 50 berreskuraturiko altzairu txatarrez ekoizten da. Halatan, bada, estalki hondakinez ekoitzi altzairu tona bakoitzeko, besteak beste, 1,9 tona burni mea aurrezten da eta 600 kg ikatz. Altzairutegietan landu eta birziklaturiko altzairu hori abioien motoreetarako piezak, supermerkatuko orgatxoak, petanka bolak edota kontserba poteak egiteko prestatzen da. Adibide baterako, 850 kontserba poterekin ikuzgailu bat egin liteke.

ALUMINIOA:

Ekoizten den aluminoaren % 30 jadanik birziklapenetik datorkigu. % 100ean eta mugagabe birzikla liteke eta bigarren ekoizpen horrek inoiz erabili gabeko lehengaiaz egin ekoizpenak baino askoz energia gutxiago behar du (% 95 gutxiago). Estalkien hondakinekin egin aluminio tona bakoitzarekin 2,4t bauxita eta 1 m3 ur aurrezten ditugu.

Gure aluminio birziklatua belar mozkailuetan, berogailuetan, lisaburdinen zoletan atzemanen ditugu. Hartara, 250 edari ontzinorekin txirrinda koadro bat egin genezake.

ELIKAGAIEN BRIKAK ETA KARTOIAK:

Elikagaien brikak eta kartoiak birziklatuz egurra aurrezten da: bi tona egur birziklaturiko elikagaien brik edota kartoien tona bakoitzeko. Haiek birziklatuz sorturiko paper orea paper birziklatua bihurtuko da edo paper margotua, xukatzeko papera edota estalki kartoi berriak. Adibide baterako, sei zopa brik behar dira komuneko papereko biribilki bat egiteko.

PLASTIKOZKO BOTILA ETA FLASKOAK:

Petrolioa eraldatuz sorturikoak dira egun birziklatzen ditugun botila eta flaskoak eta bi motatakoak daude: Botila gardenak edo PET direnak eta opaku edo dentsitate handiko polietilenozkoak (PEHD). Botila edota flasko horien tona bat birziklatu eta malutak edota pikorrak eginez ia 610 kg petrolio gordin eta 300 kg gas natural aurrezten ditugu. Erabilera anitz ditu birziklaturiko lehengai berri horrek. Halatan, bada, gure botila eta flaskoak ehun zuntz bihurtzen dira, autoen industriarako betegarri, hodi edo hiri altzari edota berriz ere zuzenean plastikozko botila eta flasko.

BERINKIA:

Berinkiarekin amai dezagun. Egun ekoitziriko berinezko botila bakoitzak % 50etik gora berinki birziklatua du. Berinategietan bil eta landurik, estalki berinkia berinezko botil bihurtzen da, berinkia % 100ean eta mugagabe birzikla bailiteke. Bestalde, berinezko estalkien tona bat birziklatuz 660 kg hondar eta 100 kg gisu aurrezten dira.

*kopuruak In Rapport annuel CITEO 2021 – 2022: https://bo-citeo.dev-dropteam.com/sites/default/files/2022-06/20220630_RAPPORT_ANNUEL_CITEO_2021-2022.pdf (pdf - 9,25 MB - nouvelle fenêtre)

Navigation de l’article