Real Union Club-ek lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Hendaiako Udalarekin eta Hendaiako AS Les Eglantins futbol taldearekin. Horren bidez, Real Union Club-aren lehen taldeak, Bixente Lizarazu futbol zelaiko instalazioak erabili ahal izango ditu astean bitan entrenamendu-saioak burutzeko. Bestalde, klub txuribeltzak konpromisoa hartu du Beltzeniako belar naturala mantentzeko, bere esperientzia eta dituen giza baliabideak eta baliabide materialak eskainiz, talde hendaiarrek euren partidak baldintza ezin hobeetan jokatu ahal izan ditzaten. Akordioaren sinaduran izan dira Igor Emery, Real Unioneko administrazio kontseiluaren presidentea, Kotte Ecenarro, Hendaiako alkatea, Jean-Michel Arruabarrena kirol zinegotzia eta Marie-Laure Garcia, AS Les Eglantinseko presidentea.
Real Union Club-aren, AS Les Eglantins-en eta udal-arduradunen arteko elkarrizketak, betiere eraikitze-kutsuarekin, joan den uda baino lehen hasi ziren eta Hendaiako zelaien aukera ezberdinak baloratu ziren, Bixente Lizarazukora iritsi arte. 2021eko ekainean Igor Emery presidentea buru zuen administrazio kontseilu berria iritsi zenetik, Real Unionek AS Les Eglantinsekin eta Lapurdiko klubekin izan duen trukea, komunikazioa eta, zenbait kasutan, lankidetza indartuz joan da erakunde irundarraren plan estrategikoaren oinarriak finkatzen jarraitzeko. Plan estrategiko horretan, ardatz nagusietako bat mugaz
haraindiko hazkundea da, izaera integratzaile eta kolaboratiboarekin.