Zuhigaraitxipi plaza berria, lehen Portu Zaharreko plaza zena, gure historiaren gertakari nabarmen anitzen lekuko izan da. Lurpean baina ahantzi gabea: Bigarren Mundu Gerlako Portu Zaharreko bunkerraren ondarea
Leku horretan Bigarren Mundu Gerlaren hondakin bat dago, egon ere, tankeen aurkako bunker Regelbau R680, Schartenstand für 7,5 cm PaK 40 bat. BEMALPA azterketa bulegoak egin ikerketei esker identifikatu ahal izan da. Alemaniako erregimen naziak aliatuen balizko inbasiotik babesteko Europako kostaldeen luzeran eraiki zuen gotorleku sare handia izandako Atlantikoko Harresiaren osagai bat da. Bunkerraren lehen aipua 1942koa da eta 1944ko martxoan hasi ziren eraikitzen eta urte bereko uztailean bururatu zuten. (1944ko udan da Ba67a bunkerraren kartografia aipua). Gerla ondoren, Atlantikoko Harresiko bunker anitz izan ziren utziak edo suntsituak, baina batzuk bertan geratu ziren, hala nola Zuhigaraitxipi plazakoa; halatan, historiaren sinbolo eta Europaren historiaren aldi ilun horren lekuko nabarmenak bihurtu zaizkigu bunker horiek.
Babesa eta puxantza: Ba67A bunkerra alemaniar babes estrategian
Hendaiako Ba67a bermatze puntua, Regelbau R680 bunkerraren ereduari jarraikiz eraiki zuten; alemaniar armadak Bigarren Mundu Gerlan erabili gotortze egitura zen. “Regelbau” izena – literalki “Eraikitze arauak”- alemaniar armadak zuen bunker katalogo batekoa da. “R680” terminoa katalogo horretako modelo jakin bati dagokio. Europan, Regelbau R680 bunker anitz eraiki zuten eta guregandik hurbilen dena Labenne-n dago. “Schartenstand” hitza kasamataren baliokidea da. “7.5cm für PAK40” izendapena, aldiz, arazotsuagoa da guztiz zorrotz izan nahiz gero.
R680 bunkerra tanke aurkako 7,5 zentimetroko PaK 40 kanoi bat (ez da seguru, beharbada PAK70 aldagai bat) babesteko asmatua zuten, alegia, tankeen aurka alemaniar armadak bigarren mundu gerlan erabili zituen kanoi eraginkorrenetako bat. Bunkerraren egiturak kanoi-zulo blindatu bat zuen aitzinaldean, kanoiarekin tiro egitean eragileak arerioen tiroetatik babesturik izan zitezen.
Gotorgune gaineko Ringstand bat
Portu Zaharreko plazako bunkerrak badu, gainera, gotorgune gaineko rinstand edo tobruk deituriko gehigarria. «Ringstand» horiek bakarkako bunkerrak ziren eta Bigarren Mundu Gerlan baliatu ziren nagusiki. Soldaduak arerioen gainera tiroka ari zirenean arerioen tiroetatik babesteko pentsatuak ziren eta horretarako murruan artekak edo tiro egiteko zirrikituak zituzten. Gorde antzean izateko pentsatuak izan ohi ziren, maiz zati batean lurpean edo ingurunearekin bat egiteko kamuflatuak ziren, arerioak erraz ikus ez zitzan. Gainaldeko zirkulua metrailadore azkar bat kokatzeko zen.
Oroit plaka
Bunkerra bisitatzerik ez bada ere, oroit plaka bat kokatu da Zuhigaraitxipi plazan horren seinalatzeko. Gainera, bistalekuaren antolaketa lan berriei esker, zolan ikus liteke bunkerraren izaria.
LIDAR planoak
3D LiDAR planoa laser argiaren bidez ingurumenak hiru dimentsiotan modelizatu eta kartografiatzeko erabiltzen den teknologia da.
Xehetasun korapilatsuak atzematea: Bunkerrek egitura korapilatsuak eta geometria desberdinak ukan ditzakete. 3D LiDAR planoaren bitartez xehetasun horiek zehatz-mehatz jaso litezke, baita anguluak, tunelak, mailak eta txokoak ere. Bunkerren egituraren egoera neurtzeko ere erabil liteke, arrakalak, deformazioak eta beste andeatze seinaleak atzemanez.
Argazki bildumak
Informazio gehiagorako, BEMALPA webgune ofizialera jo ezazu
- Bermatze puntuari buruzko orria: https://bemalpa.com/atlantikwall-bunker/hendaye-mur-atlantique-2/
- Bunkerreko zereginari buruzko orria: : https://bemalpa.com/atlantikwall-bunker/decouverte-bunker-hendaye/
- Herriaren garai haietako artxiboei buruzko : https://bemalpa.com/atlantikwall-bunker/hendaye-mur-atlantique/
Informazio gehiagorako BEMALPA bulegoaren YouToube kontura jo ezazu
- Bunkerraren barnealdearen laser bidezko digitalizatze bideoa
- Bisita bideoa