Karrikak segurtatzen jarraituz, Herriak Pohotenia karrikan ekin dizkio lanei, zirkulazioa lasaiagoa egin nahiz erabilera orotan.
Izan ere, karrika zati hori oso erabilia da eta ez zen batere argi erabiltzaileentzat. Espaloia, aparkalekuak eta bidea nahasirik izan eta zirkulatzea ez zen erraza karrika zati horretan. Chantal Kehrig lanen arduradun lehen auzapezordeak dioen bezala, «lehen-lehenik oinezkoak segurtatu behar ziren, ipar aldean espaloia eginez, oinezkoen bidea etenik gabea izan zedin».
Horrez gain, bideari dagokionean, galtzadaren egitura sendotzeaz gain, hodei zorroak sartu dira lurpean, aireko hariak lurperatzeko aukera aurreikusiz, hala egiten baitu Herriak karrika bat antolatzen duen bakoitzean. Lan horiek TE64 Sindikatuarekin (SDEPA zena) batera egin dira, berak kudeatu baitu SPIE eta EUROVIA enpresei esleituriko zeregina. Argindar habeen kentzea eta harien lurperatzea uda ondoren eginen dira.
Beste antolaketei dagokienean, hodien bilgune bat egin da karrikako euri uraren kudeatzeko; bidearen zabalera berrantolatu da hegoaldeko ezponda murriztuz aparkalekuak kokatzeko zirkulazioko bi norabideetan sartu gabe, eta autobusen eta karabanen gurutzatzea errazteko. Halatan, bada, galtzadarekin elkarzut diren hogeita hamar aparkaleku seinalatu dira eta mugigarritasun urrikoentzako leku bat ezarri da.
Lanak bururatzeke dira oraino. Uda ondoren ekinen zaie berriz ere. SNCF lurpeko pasabidean espaloia eginen da; horrek galtzada ahal bezain txiki eginen du eta oinezkoei segurki ibiltzeko aukera emanen die eta ibilgailuen zirkulatzeko abiadura apalduko du. Pasabide horretan argiztapena kokatuko da.
Antolaketa horren lanen kostua: 142 000 € ZB