«Plastikozko hondakinik gabeko» gutuna onartzea

Herriak bere hondartza babesteko ekintzekin eta jokamolde onekin darrai. Herri Kontseiluak, duen engaiamenduan urrunago joateko, aho batez bozkatu du «Plastikozko hondakinik gabeko hondartzak, itsas hegiko herri ekoarduratsuetarako» gutunaren sinadura iragan uztailaren 20ko bilkuran.

Urraspide horren helburuak hondakinei aitzina hartzea eta garbiketa, bilketa edota sailkapenerako baliabideak plantan ematea dira; jadanik egin direnak adierazten ditu gutun horrek eta etorkizunerako beste ekintzak zehazteko aukera emanen digu. Nazio mailako Bioaniztasun Planaren 2025erako itsasora plastikorik batere ez botatzeko helburua lortzeko neurrien barnean kokatzen da gutuna. Halatan, bada, gutun hori sinatuz, Herria, bere itsas bainutarako gune berea zaintzeaz gain, itsasora doazen hondakinak murriztera ere engaiatzen da.

Hartara, hainbat erabaki hartu ondoren -hala nola hondartzaren zenbait garbiketa egitea IEZI Euskal Itsasbazterra elkartearekin elkarlanean; hondartzaren zentzuzko garbiketa egitea; Bandera Urdinaren labela eskuratzea; itsas hiribideko garbiontziak berantago biltzea; eskola animazio anitz egitea, besteak beste IEZI elkarteak gidatzen dituen Heziketarako Itsas Guneak…-, Herria haratago doa itsas ingurumenaren zaintzarako gutun hau sinatuz.

«Gutun honen sinadurak are eta gehixeago gauzatzen du inguruneak babesteko eta ororen ongizatea eta osasuna sustatzeko herri hautetsiok dugun asmo sendoa, gure herrikideak eta gure bisitariak behin eta berriz ohartaraziz, prebentzio jardunak eginez edota hondakinen garbiketa, bilketa edota sailkapenerako baliabideak plantan emanez» azaldu du Ganix Grabières ingurumenaren ardura duen auzapezordeak.

ZER DIO GUTUN HORREK?

Hamabost engaiamendu zehaztu eta hiru alor nagusitan banatu dira:

  • Ohartaraztea;
  • Jasotzea, garbiketa, bilketa eta sailkapena;
  • Prévention.

3 ardatz horietako bakoitzak 5 ekintza ditu bere barnean. Hiru engaiamendu maila lortu behar dira, epeetan betebeharrik ezarri gabe, ordea. Gauzatzea pixkanaka egiten da, baliabideen arabera eta kolektibitatearen erritmoari jarraikiz.

  • 1. maila: 5 engaiamendu gauzatu dira
  • 2. maila: 10 engaiamendu gauzatu dira
  • 3. maila: 15 engaiamendu gauzatu dira.

JADANIK HASIAK DIREN INGURUMEN URRASPIDEEN JARRAIPEN LOGIKOA

Azken helburua 15 zeregin horiek egitera heltzea bada ere, noski, Herriak egin dituenen gaineko lehen behako batek erakusten digu gutunak agintzen dituen helburuetako anitz betetzen dituela jadanik, 15 zeregin horietako 10etan 16 ekintza egiten ari baitira jadanik Hendaian.

Gogora dezagun azken hilotako ekintza nagusien artean Herriak terrazen gida egin duela, non plastikorik gabeko altzarien nozioa sartu baitu, ekitaldi baten ekoasmakuntzarako gutun bat idatzi duela, elkarteei erabilera bakarreko baxerarik ez erabiltzera bultzatzeko, eta afixa bat eman duela bere informazio tauletan erabiltzaileei beren hondakinak jasotzera bultzatzeko.

Hendaiako Herria dugu, horrela, «Plastikozko hondakinik gabeko hondartzak» gutun hori sinatu duen 70. lurralde kolektibitatea Metropolian eta Itsasoz Haraindian diren 1077 itsas herrien artean.

Urraspide horretatik haratago, hondakinik gabeko herria lortzea dugu helburua, nahiz eta plastikozko hondakinak kutsaduraren % 80a diren. «Hendaiarrek nahi duten bezain garbi ukanen dute herria, baldin eta haiek ere horretarako egin beharreko ahalegin guztiak egiten badituzte» dio Ganix Grabières-ek.

Navigation de l’article