Pierre BENSUSAN-en abenduaren 19ko kontzertua EZEZTATUA, gobernuaren azken neurriengatik.
Pierre Bensusan-en kontzertua eginen da. Antzerkiak abenduaren 15ean berriz zabaltzearekin, Hendaiako Herriko Etxeak kontzertu bikain hori atxiki nahi ukan du, betiere osasun egoerari loturiko aginduak betez. Hasiera batean 2020ko abenduaren 12rako zen aurreikusia, baina azkenean abenduaren 19an izanen da, 19:00 orenetan, Mendi Zolan kulturgunean.
Pierre Bensusan musikagilea da, gitarra jolea eta abeslaria, ohi ez bezalako lekuetako abenturazalea; gaur egun mundu guztian ezagun diren frantses musikari gutxietako bat da. Bestak beste, honako sari hauek irabazi ditu: “Independant Music Awards 2014” delakoaren sari nagusia, “Encore” album hirukoitzarekin, “Album onena publikoan” atalean; Montreux-eko festibalaren urrezko arrosa bere lehen albumarekin, “Près de Paris”, 1976. urtean, eta World Music-eko gitarra jole onena izendatu zuten Guitar Player Magazine kazetaren irakurleek, Estatu Batuetan, 2008an!
Pierre-k “AZWAN”, bere azken albuma, aurkeztuko digu
“World Music” terminoaren bidez kolore harmonikoen eta erritmo nabarmenen bitartez kultura anitz omentzen dituen sorkuntzari egiten zaiolarik erreferentzia, erran genezake Pierre Bensusan gure garaiko “World” musikari adierazgarrienetako bat dugula. Mugagabeko musikari horrek ezohiko musika unibertso batera egiten duen hurbilpen prismatikoarengatik harritzen gaitu. Hurbilpen ezustekoenak egiten ditu, ebidentzia baten gisara inposatzen den eta berehala ezagun daitekeen osotasun batean. “Bensusan soinua” estekarik gabeko bakarkako zeharkaldi bat da, ontzi gisa krosko anitzeko gitarra besterik ez duela eta efekturako naturaren elementuak besterik ez (soinu molekulak eta hatzen mamia ebano ukituaren gainean akordeak modu irekian egiteko). Baina bada gizatasun ireki baten ospatzea ere, gizatasun gogozabal batena, ereserki intimista eta orkestrazkoa, teknika burtzoragarri eta garden batekin, beilari abenturazale baten hatzen pean. Gure “Nazioaren Pierrot gurea” bakearen enbaxadorea dugu, Frantziaren koloreak mundu osoan zehar hedatzen dituena.
Pierre-k “AZWAN” estudioko bere azken albuma (10.a) aurkeztuko digu, zeinean zati zoragarriak idatzi baititu eta gitarra jokoa hobetu duen. Iragan martxoaren 13an argitaratu zen, hau da, lehen konfinamenduaren iragarpena baino 3 egun lehenago; halatan, bada, Pierre-k Ipar Ameriketan egiteko zuen itzulia eten behar izan zuen, 110 kontzertu, martxotik uztail bitartean, eta gero beste bira zenbait ere Txina, Japoian eta Europan.
Osasun informazioak, tarifak eta erreserba
Kontzertuaren tenorea 19:00 orenetara aitzinatu da, 21:00 orenetako etxeratze agindua bete ahal dadin (ikuskizunaren txartelak etxeratzeko tenorearen zurigarria dateke). Aretoaren edukiera erdira murriztu da, jendeen arteko tarteak uzteko aginduei jarraikiz. Musukoa kontzertuak iraun bitarte guztian behar da jantzirik ukan. Txartelen kontrola ukitu gabe eginen da, barra kodeen irakurgailuen bidez. Gel hidroalkoholikoa izanen da sargian jendeen esku.
Kontzerturako tarifak (edukiera 80 lekutara mugaturik da):
- Tarifa arrunta: 12 €
- Tarifa murriztua: 6 € (abantaila txarteldunentzat, langabeentzat, gutxieneko diru sartzedunentzat, ikasleentzat, GPVH kideentzat eta ikuskizunetako artekako langileentzat)
- 8 urtez peko haurrak: 4 €
(Linean erosteko, zerbitzu horren emaileak 0,50 euroko komisioa ezartzen du)
Argibideak Mendi Zolan kulturgunean: +33 (0)5 59 48 23 51