«Bidasoa Bizirik» egituraren kudeatzailea den Mugazgaindiko Bidasoa-Txingudi «Partzuergoaren Batzorde Nagusi» berriaren osaera iragan urriaren 3an erabaki zen Hendaiako Herriko Etxean.
Bidasoaren beste aldeko udal hauteskundeen ondorioz, Irun eta Hondarribiko auzapezak, José Antonio Santano eta Igor Enparan, izendatu dira lehena lehen lehendakariorde eta bigarrena bigarren lehendakariordea eta Hendaiakoa, Kotte Ecenarro, lehendakari da beti.
Horrez gain, Irunek eta Hondarribiak iragan ekainean udal batza berriak osatu ondoren partzuergoan ukanen dituzten ordezkariak izendatu dituzte.
Irunen aldetik, José Antonio Santano, Urkiri Salaberria eta Ane Unanue izanen dira ordezkariak, eta Hondarribiaren izenean, berriz, Igor Enparan, Gonzalo Carrión eta Noemi Odriozola sartuko dira batzorde nagusira. Hendaiak batzorde horretan duen ordezkaritza mantentzen da, hau da, Kotte Ecenarro, Richard Irazusta eta Itziar Aizpuru.
Beste aldetik, Miguel Ángel Páez izendatu dute partzuergoaren zuzendaritza batzordearen lehendakari, eta Estitxu Urtizberea eta Richard Irazusta lehendakariorde. Idazkari Gracy Pradier-Guldner arituko da, Arnaud Mandement-ek erretreta hartu baitu.