Parte hartze bidezko aurrekontua aisialdi zentrora eta ludotekara agertu da

Asteazkenean, Ganix Grabières, herritartasunaren ardura duen auzapezordea, Ttiki Handi aisialdi zentroko haurrekin mintzatzera joan da parte hartze bidezko aurrekontua zer den eta haiek, 9 urtetik gorakoak badira, pertsona heldu baten babespean (guraso, animatzaile…) nola parte har dezaketen azaltzeko.

Solas ederretarako aukera izan zen. Eta hura bai asmamena! Aisialdiei buruzko ideiak proposatu badira ere, ingurumenari edota elkartasunari buruzkoak ere azaldu dituzte. Horrek erakusten digu gazte-gaztetatik eman behar zaiela hitza, haietako anitz baitira jadanik eguneroko kezketaz ohartzen.

Anitzek ulertu dute ororen onerako proiektu kolektiboetaz ari ginela, hala beren auzoetan nola joan ohi diren aisialdi zentroan. Jalgi dituzten ideien artean, hona hemen aisialdi zentroari buruzko honako hauek: euria ari duenean kanpoan jolastu ahal izateko aterpea edo belar «artifiziala», baloiei eusteko sarea, etxola bat, ping-pong mahai bat kanpoan, arrainontzi bat, tranpolin bat… Eta zer ikusten dute beren herrirako? Etxalde pedagogiko baten antzeko abereentzako parkea, txorientzako habiak edota ganbelak, baratze partekatu bat, xake joko erraldoi bat, txirrinda bideak eta, azkenik «karrikan lo egiten dutenak aterpetzeko etxe bat».

«Nola egiten da ideia bat atzematean? Gure dosierra, non aurkeztu? Zenbat diru dago?» Galdera egokiak egin dituzte. Orain dosierra prestatzea besterik ez da. «Herritargai» horiek martxoaren 21 arte dute dosierra Herriko Etxearen webgunean edo zuzenean Herriko Etxean aurkezteko. Eta gehiago jakiteko, «live parte hartzaile» bat da prestatze bidean. Hemendik egun gutxitara erranen dizuegu gehiago…

Gehiago jakiteko: https://www.hendaia.eus/…/herriak bere lehen parte hartze…/

Navigation de l’article