Irailaren leheneko astearte honetan, Hendaiako lehen mailako 10 eskola publikoak ikasleak, irakasleak eta udal langileak hartzeko prest genituen COVID-19 pandemiari loturiko osasun protokoloa zorrozki betez. Hona hemen sartze horren puntua Nicole Butori Hezkuntzaren, Eskolaren eta Ikastaldi Ingurukoaren ardura duen auzapezordearekin.
Nola ikusi duzu sartze berezi hori?
Sartzea arazorik gabe egin da. Halarik ere, ez da ohiko lasaitasunarekin egin. Lehen aldia da haur guztiak elkartu direna pandemia hasi zenetik. Erne izan behar dugu, beraz, eskola sartzea arrakastatsu gertatuko bada.
Herria prest ote da herriko lehen mailako eskoletako 1320 haurrak hartzeko?
Bai, noski. Udal langileak jadanik iaioak dira protokoloa betetzen eta babes keinuak egiten. Eraikinak garbitu, desinfektatu eta behar den material guztia kokatu dute: xaboia, gel hidroalkoholikoa, desinfektatzeko produktua, xukaderak, udal langile ororentzako maskarak… Zenbait ama eskolatan, haurrak nahastekaturik ibil ez daitezen, jostalekuak zonaka bereizi dira, ikasgelek aldizka erabil ditzaten. Zerbitzu teknikoetako langileek desinfektatuko dituzte.
Udalak laster erantzuten jakin du, irakasleen, eremuko ikuskariaren eta udal langileen ezinbesteko laguntzarekin.
Sartze honetan guztiek erakutsi duten elkar laguntza eta egonarria eskertu nahi nituzke. Gogoan dut bereziki eskuak garbitu beharra, heltzerakoan, ikasgelan sartu aitzin, jostaldia baino lehen, jantokira baino lehen… ez da zeregin makala izanen hori guztia!
Nola antolatua da eskola jantokia? Zein protokolo eman da plantan?
Gauzatzen konplikatuen den antolakuntza dugu hori, eskola guztietan jadanik bi txanda baititugu. Gure lokalak txikiegiak dira taldeak banatzen hasteko. Gomendatua da hori, baina ez baitezpadakoa, Estatuak prestatu duen protokoloan. Nolanahi ere den, bi txanden artean aretoak desinfektatu eta aireztatuko dira. Horrek bazkaltzeko denboran eraginen du, noski. Lizardiko eskolan autozerbitzuan ari direnez, heldu diren egunotan doikuntzak eginen ditugu hasierako jakiei, azkenburukoei eta ogiari dagokienean, orain arte hartzen ziren moduan ezinen baitira hemendik goiti hartu.
Goizeko eta arratseko harrerak ere zabalik ote dira?
Bai, egitura oro dugu zabalik. Ez da ezer aldatzen lehen mailako eskoletako haurren goizeko eta arratseko harreran eta estudioan… salbu osasun protokoloa emanen dela plantan eta babes keinuak egin beharko direla.
Azken galdera: kasurik agertuko balitz, nola jokatu beharko du Herriak?
Dakiguna da osasun egoerak okerrera eginen balu, “tokian tokiko neurriak” erabaki litezkeela Akademia ikuskariarekin, prefetarekin, Eskualdearen Osasun Agentziarekin eta auzapezarekin ere noski elkar adituz.
Kasuren baten susmorik balitz segitu beharreko prozedura zehazturik dugu jadanik. Inork sintomarik azalduz gero, pertsona horri testa eginen zaio berehala. Testak positibo emanez gero Eskualdearen Osasun Agentziak gidaturiko prozedura bati ekinen zaio. Neurri murrizgarriak hartuko dira eta 48 oreneko epe batean ikasgela bat hestetik eskola osoa edota hainbat eskola hesteraino hel daitezke neurri horiek.
Bitartean, jarrai dezagun gobernuak eman dituen osasun neurriak betetzen. Horren gainean, gogora ekarri nahi dut Pirinio Atlantikoetako prefetak eman duen agindu batek behartzen duela, egunetik goiti, hau da, irailaren lehenaz geroztik mascara janztera ikastetxeen inguruko 50 metroko eremu guztian.
Lanei buruzko puntua. Artikulua irakurri
Zer agintzen du indarrean den osasun protokoloak lehen mailako eskolen sartzerako?
– Leku hetsietan (ikasgelak, lantegiak, liburutegiak, jangelak, jantokiak, …), jendeen arteko tartea ezin bada materialki gorde edo hala egiteak ez badu ikasle guztiak hartzeko aukera ematen, ez da baitezpadakoa tarte hori gordetzea.
– Babes keinuak sistematikoki egin behar dira, haien artean eskuak oso maiz garbitzea xaboiarekin edota gel hidroalkoholokiarekin; Eskuak garbitu behar dira, gutxien-gutxienez, eskolara heltzean, apairu bakoitza baino lehen, komunera joan ondoren eta arratsean, etxeratu baino lehen.
– Maskara jantzirik behar dute izan pertsona helduak, baita ama eskolako eta lehen mailako eskolako ikasgeletakoak, hala barneko leku hetsietan nola kanpoan ere.
– Ama eskoletako ikasleek, ordea, maskara ez dezatela jantzi da onena, eta lehen mailakoek ez dezaten jantzi gomendatzen da.
– Kanpoko jostalekuetara, bankuetara eta talde lekuetara joan liteke. Onartzen da ere ikasgela berekoen artean edota osaturiko talde berekoen artean partekatzeko gauzak ematea (baloiak, jostailuak, liburuak, jokoak, egunkariak, behin eta berriz erabiltzeko plegaorriak, arkatzak, etab.
– Lokalak hiru orenez behin aireztatu behar dira eta gutxienik 15 minutuz egin behar da aireztatze hori, ikasleak heldu baino lehen, jostaldiaren bitartean eta eguerdiko atsedenaldian, bai eta arratsean ere, lokalak garbitu bitartean.
– Zolen, ikasgelen, leku partekatuen eta ukitzen diren gauzen (ate eskutokiak, mahaiak, jostailuak, etab.) garbiketa eta desinfekzioa egunero egin behar dira.