Mugikortasun iraunkor eta mugazgaindikoaren europar astea 2021eko irailaren 16tik 22ra eginen da eta horren karietara, POCTEFA Smartmob europar proiektuaren partaideek txirrindako zenbait animazio antolatu dute elkarrekin Hendaian, Hondarribian eta Irunen, irailaren 18 eta 19an.
ENERGIAREN ALDE PEDALEI ERAGINEZ
Klima-aldaketaren aurka jardutearen garrantziaz ohartzea eta konturatzea bizikletaren erabilerak rol erabakigarria izan dezakeela mundu osasungarriago baten aldeko borrokan. Horretarako, haurrak bizikleta gainean igoko dira eta, monitore batera konektatuta daudenez, sortutako energia zenbat den ikusiko dute, bai eta parte-hartzaileek udalerriari zenbat itzuli emango zizkioketen ere.
Jarduera aldi berean egiten da, denbora mugatu batez. Pedalei eraginda energia sortuko da, eta haren neurria erakutsiko da pantailan. Irunen, Hondarribian eta Hendaian egingo diren hiru saioen ondoren, udalerri bakoitzean sortutako energia metatuko da, eta bakoitzean sortutako energiaren guztizkoa neurtuko da.
Lekuak eta ordutegia: Kasino Zaharreko zabaldegian, Itsas etorbidea, Hendaian, irailaren 18an, 16:00etatik 19:00etara
SEGURTASUNA BIZIKLETAN
Mugikortasun jasangarriaren gorakadarekin, bizikidetza-arazoak sortu dira oinezkoen, bizikleten, motorren, autoen eta beste garraio-sistema pertsonal batzuen artean. Ondorioz, Europa mailako erregelamendu berriak indarrean jarri dira.
Tailer honetako parte-hartzaileek bizikletan segurtasunez ibiltzen ikasiko dute, bai eta istripuak saihesten ere. Teknikariek errespetatu beharreko jokabideen inguruko jarraibideak eta aholkuak emango dituzte eta nahitaezko edo gomendatutako segurtasun-ekipamendua aurkeztuko dute. Horrez gain, zirkulazio-baimena duten eta bizikletan ibiltzen ez diren parte-hartzaileei azalduko zaie zer jokabide diren arriskutsuak eta nola saihestu daitezkeen istripu-arriskua murrizteko.
Lekuak eta ordutegia: Kasino Zaharreko zabaldegian, Itsas etorbidea, Hendaian, irailaren 18an, 16:00etatik 19:00etara
BIZIKLETEN DIAGNOSTIKOA
Munduan behar baino material gehiago ekoizten dira, eta horren ondoriozko hondakinen kudeaketak arazo gero eta handiagoak eragiten dituzte. Horren ondorioz, ekonomia zirkularreko jarrerak hartu behar ditugu eta, horien artean, nork bere gailuak konpontzen ikasi behar du, gehiago iraun diezaguten.
Jarduera honetan parte hartzeko ez da aurretik izenik eman behar, nahikoa da ekitaldia egingo den lekura bertaratzea teknikariek bizikletaren egoera zein den ikusi eta gomendioak eman ditzaten. Hobetu nahi diren elementuak aztertu ondoren, interesdunari egin daitezkeen konponketa eta doikuntzen berri emango zaio.
Lekuak eta ordutegia: Kasino Zaharreko zabaldegian, Itsas etorbidea, Hendaian, irailaren 18an, 16:00etatik 19:00etara
OHARRA
Animazio guztiak urririk dira eta ez da aitzinetik izena eman beharrik.
BAZENEKIEN?
Txingudi badian (Hendaia, Irun eta Hondarribia) autoa ez bestelako mugitzeko moldeak sustatzeko mugazgaindiko lankidetza proiektua da Smartmob. 4 urtetarako (2018-2022) guztira 1 077 600 €ko aurrekontua du eta haren % 65 Eskualde Garapenerako Europar Funtsak (FEDER) diruztatzen du bere Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Proiektuaren harira (POCTEFA 2014- 2020). POCTEFA proiektu horren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga ingurunearen ekonomia eta gizarte integrazioa areagotzea da. Honako hauek dira proiektuaren partaideak: Euskal Elkargoaren Mugikortasunen Sindikatua (gidaria), Hendaiako Herriko Etxea, Irungo Udaletxea, Bidasoa-Txingudi Partzuergoa, bai eta 3 partaide lagun ere: Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Hondarribiko Udala eta Donibane Lohizuneko Herriko Etxea. Hona hemen proiektuak bide ematen dien egikaritze jakin batzuen adibideak: txartel bakar bat muga inguruneko garraio sareetarako (hemen telekarga: https://bit.ly/38i1vmW ), Irunekin lotzeko autobus elektriko baten linea (L1 linea mapan), mugikortasun planak tokiko enpresa eta administrazioetan orain egikaritzen ari (Intzura, Jaldai Laiatz, etab.) direnak.