Mintza Eguna Hendaian ekainaren 5ean

Bi urtez ezin ospatuta ibili ostean, Euskal Herriko Mintzalagunen urteko festa handia Hendaian izango da aurten, ikasturteari amaiera borobila emanez, hainbat herritako jendeek elkar ezagutu eta harremanak estutzeko. Jaiaren aurkezpena egin dute Euskaltzaleen Elkarteko Mintzapraktika Batzordearen koordinatzaile Maite Agirrek, Mintzaian Euskara elkarteko Eleuterio Jauregik, Hendaiako Auzapez Kotte Ecenarrok eta Hendaiako Euskararen hautetsi arduraduna Itziar Aizpuruk.  

Ia 30 urte pasa dira Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak lehen mintzalagun taldeak martxan jarri zituenetik eta, gaur egun milaka dira Euskal Herri osoan astero euskarazko mintzapraktika egiteko elkartzen direnak, herriz-herri egitasmo hau sustatzen duten euskara elkarte, euskaltegi eta eragileei esker. Azken datuen arabera, 6000 pertsonatik gora biltzen dira astero aurrez-aurre eta beste 1000 aritzen dira sarean. Maite Agirreren esanetan, azken bi urte hauetan sarea izan da momentu batzuetan elkartzen jarraitzeko aukera eskaini diena, eta asko handitu da parte hartzea. “Mintzaneteko edo Jalgi hadi mundurako sareetan mintzapraktika egiteko elkartzen diren kideak ere aurtengo Mintza Egunean izango ditugu, denok elkartzeko aukera eskainiz”.

Berrikuntza horretaz gain, aurtengo Mintza Egunak ere badu beste gehigarri bat. Euskaltzaleen Topagunea eta Euskal Gorrak federazioak pilotaje bat jarri dute martxan pertsona gor eta entzumen urritasuna duten pertsonek euskara praktikatu dezaten eta Maite Agirrek iragarri du Mintza Egunean zeinu hizkuntzako interpreteak egongo direla, aukera hau ere jaian txertatuz.

Mintza Eguna aurreko urteetan, ondorengo herrietan izan da, udaberrian beti: Iruñean, Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Urkabustaizen, Beran, Atarrabian, Derion, Hondarribian eta Lapuebla de Labarcan. Bi urtez ezin ospatuta ibili ostean, Hendaian izango da aurtengo Mintza Eguna, ekainaren 5ean. Festa honen helburua beti izan da txoko guztietako mintzalagunak beraien artean elkartzea, euskaraz egunpasa eder bat eginez. “Euskal Herriko Mintzalagun eta euskaltzale guztiak gonbidatu nahi ditugu jaira, harreman berriak sortzeko eta Mintzapraktika egitasmoa ezagutzeko aukera bikaina delako. Probatu ez duenak ez daki zer den hau!”

Izan ere, mintzapraktikan hasten diren gehienek, jarraitu egiten dute: gustura sentitzen direlako, lagunak egiten dituztelako eta hasieran markatuta zituzten helburuak betetzen dituztelako. Aurten jadanik Lapurdira ere zabaldu da Mintzalagunen sarea, Hendaiako Mintzaian euskara elkartearen eskutik. Hain zuzen, beraiek ari dira Euskaltzaleen Topagunearekin batera Mintza Egunaren antolaketan.

Eleuterio Jauregiren hitzetan, “2015etik dihardugu Hendaia euskalduna eta euskaltzalea egiten”, urte hartan herrian burututako Plan Estrategikoaren baitan sortu zen Hendaiako euskara taldea, gerora Mintzaian elkarte gisa antolatu eta Euskaltzaleen Topaguneko kide bihurtu dena.  “Hasieratik gure helburu nagusia izan da euskararen erabilera Hendaian bultzatzea eta euskaraz aritzeko aukerak biderkatzea”. Horretarako hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, Euskaraldia edo Euskararen Urtaroa kasu, eta 2021eko irailean Mintzalaguna jarri zuten martxan. Momentu honetan 4 Mintzalagun talde daude martxan Hendaian “pertsona horiek guztiek sekulako ekarpena egiten diote euskalduntzeari: taldean elkarrekin aritzen dira euskaraz eta ohitura hori ingurukoengana zabalduz joaten dira, hizkuntza ohituretan eraginez eta euskaraz aritzeko aukerak zabalduz”. Horregatik dio Eleuterio Jauregik Hendaiako esperientzia baliagarria izan daitekeela “Lapurdiko beste herrietan ere egitasmoa martxan jarri eta Iparraldeko euskalduntzean eragiteko”.

Ekainaren 5ean Mintza Egunera etortzen direnek Hendaia gertutik ezagutu eta Mintzapraktika zer den probatzeko aukera izango dute, egun osoko egitarauaren bueltan. Gaztelu Aretoa izango da jaiaren gune nagusia eta hainbat autobus antolatu dituzte Hendaiara etortzeko.

Hendaiako euskararen hautetsi arduraduna den Itziar Aizpuruk gogora ekarri du euskarak Iparraldean ez duela koofizialtasun estatuturik eta, horrenbestez, gure hizkuntzak zailtasunak dituela bere toki osoa eta baliagarritasuna aurkitzeko. “Horregatik, Udal honetan 20 urtetik gora daramatzagu lanean euskara gure ekintza eta jarduera guztietan presente egon dadin”.

Frantziako legediaren menpe egonik, Iparraldean harreman administratibo guztietan frantsesa erabili behar da derrigorrez, nahiz eta harekin batera euskaraz ere komunikatu daitekeen. “Beraz, gure eragiteko modu bakarra da gure komunikazioa elebiduna izatea eta udaletxeko 165 dokumentutatik 135 elebidunak dira dagoeneko”.

Horrez gain, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapenari loturik akordioa sinatu zuen Hendaiako Udalak Euskalgintzaren Kontseiluarekin. “Euskal Herrirako proiektu honetan pilotu gara Nafarroako Uharte eta Euskadiko Arrigorriaga herriekin batera”. Itziar Aizpuruk azpimarratu du Hendaia dela gaur egun Iparraldean euskara espazio publikoan ezartzen udalerri aurreratuena.

Eremu publikoan ari da elebitasunaren bidetik Herriko Etxea aurrerapausoak ematen. Esparru pribatuan euskararen erabilera sustatzeko, berriz, Hendaian beste zenbait erakunde ari dira lanean “Mintzaian, Udal Leku, AEK, Ikastola, Ikas-Bi ikastetxe publikoa eta Euskal Haziak ikastetxe konfesional pribatuan ere ari dira euskara salbatzeko ahaleginetan”.

Eguneroko bizitzan euskararen erabilera etengabeko borroka dela azpimarratu du Itziar Aizpuruk: “nola detektatu euskaldun bat, nola naturaltasunez hasi elkarrizketa, harreman bat euskaraz, nola izan trukean jarraitzeko gaitasuna?” Mintzalaguna bezalako ekimenen bidez eta Mintza Eguna bezalako jarduerekin galdera hauei erantzuna ematen zaiela azpimarratu du: “ Ezagutu, trukatu, hitz egin, erakutsi, ikusarazi, elkar artean aberastu praktika maila. Imajinatu beharko litzateke, hiri bateko euskaldun guztiak aldian-aldi elkartzen, gure hizkuntzan trukatzeko elkarguneak sortzeko ».

Eta, halaxe, bat eginik, ekainaren 5ean Hendaiara hurbildu eta “Mintza Egunaz gozatzeko” gonbita luzatu dute Maite Agirrek, Eleuterio Jauregik eta Itziar Aizpuruk. Probatu ez duenak ez daki zer den hau!

Hona hemen egitaraua:

  • 12:00 Ongi etorri ekitaldia
  • 12:30 Aperitifa
  • 13:00 Hendaia ezagutzeko bisita gidatuak
  • 14:25 Bertsolariak
  • 14:30 Bazkaria
  • 16:00 Haurren txokoa
  • 16:15 Esker emate ekitaldia eta munduko Mintzalagunekin  topaketa
  • 16:30 MintzaPoza jolasa.
  • 17:00 Erromeria Imuntzo eta Belokirekin

KASU! Autobus eta bazkarirako, maiatzaren 30a aitzin eman behar da izena. Horretarako, klikatu esteka honetan: https://labur.eus/MintzaEguna2022Hendaian

Informazio guztia www.mintzalaguna.eus webgunean

Navigation de l’article