Hainbat urte dira Abadia eremuan naturalismoko jarraipen saioak egiten ari direla. Uda bukaera honetan, hegazti-faunaren jarraipeneko protokolo berri bat eman da plantan itsas hegiaren zaintzaileak eta IEZI elkartearen teknikari bat gidatu dituen Bertrand Couillens eraztun ezarle erreferentearen laguntzari esker. “Migrazio geldilekuko EGONALDIA-SEJOUR halte migratoire” protokoloa dugu hori, Natura Historiako Nazio mailako Museoak babesturik.
Lehen aldiz Abadia eremuan
Hegaztiei eraztuna ezartzeko programa horren xedea Frantzian txori arruntek migrazioetan geldialdiak egiteko dituzten estrategiak epe luzean zehaztu eta zenbatzea da. Hegaldien artean hegazti migratzaileek geldialdiak egin behar dituzte atseden hartzeko edota energia erreserbak biltzeko migrazioari berriz ekin ahal izanen badiote.
Frantziak badu erantzukizuna nazioartean hegazti migratzaileei dagokienean eta hegazti batetik bestera, espezie batetik bestera, urte batetik bestera edota leku batetik bestera gerta daitezkeen estrategia aldaketak ezagutzea baliagarria da hala prozesua zientifikoki ulertzeko nola egokien diren lekuak babesteko ere. Izan ere, kontu egiten da migratzaile anitz hartzen dituzten lekuak, migratzaileak laster gizendu eta berriz ere migrazioan alde egiten duten lekuak direla migrazio geldialdirako zerbitzu ekologiko onena ematen duten lekuak.
Halatan bada, Abadia eremua, irail honetan, nazio lurralde osoan banaturik diren jarraipen estazio anitz horietara lotu da eta bere ekarpena egin dio zientziari eta, aldi berean, hobe ezagutu ditu bere natura balio bereak.
Espezieka egin bilana
10 goizetan segidan, saioaren bukaeran meteorologiak lagundu ez badu ere, bereziki bero izan delako, 553 hegazti harrapatu eta izendatu dira eta sexua, adina, pisua eta neurria seinalatu zaizkie. Berriz ere solte utzi baino lehen, haietako 512ri eraztun berezia ipini zaie, nortasun agiri gisa; gainerako 41ei, jadanik bazutenez eraztuna, kontrola egin zaie.
Harrapatu diren 25 espezietatik, txio horia izan da ugariena (176, hau da, ia harrapatu ororen herena), gero txinbo kaskabeltzak ziren (94) eta baso txinboak (89). Aipatzekoak dira ere eraztuna ezarri zaien beste zenbait: 4 lepitzuli eta mattin arrantzale bat.
Eragiketa horren denboran, ornitologoek harrapatu ez baina ikusi dituzte zingira hontz bat, haien ondoan kokatu baita, eta Eleonor belatz bat, hegan zihoala.
Jarraipen naturalista hori egin gabea zen orain arte herrian eta horri esker Abadia eremuak eta IEZI elkarteak nazio mailako programa batetan hartu dute parte eta tokian ere aberastu gaituzte inguruan dugun bioaniztasun eder horrekin.