Maiatzaren 11tik goiti jardunari berriz ekiteko planaren neurriak

KOTTE ECENARRO HENDAIAKO AUZAPEZAREN JAKINARAZPENA

Maiatzaren 11n hasiko gara hetsialditik pixkanaka ateratzen. Bozkariatzen nau horrek baina zuhur izan behar dugu oraindik.

Osasun krisi honen aitzinean, udalaren jardun bakoitzaren gidalerroa elkartasunez, segurtasunez eta arduraz jokatzea izan da eta hala izanen da oraindik ere heldu diren asteotan.
Herriko Etxeak antolatu duen berrekite planak aldi baterako lehen fase honen neurri nagusiak aurkeztu nahi dizkizuet egun. Osasun segurtasuna bermatu eta aldi berean gizarte eta ekonomia bizitzari berriz ekiten jakitean datza erronka. Neurri horiek tokiko testuinguruaren eta gobernuaren aginduen arabera egokitzen ahalko dira, noski.

UDAL ZERBITZUEN ETA GEUZaren FUNTZIONAMENDUA

Herriko Etxea. Hetsialdiak ez du jarduna geldiarazi. Halarik ere, oraingoz, hitzordua hartu behar da herriko etxearen zerbitzuetara jotzeko: gizarte zibilaren zerbitzura, hirigintza zerbitzura, eskola eta eskola ingurukora, aparkalekuen zerbitzura… betiere osasun neurri zorrotzak plantan eman direlarik.
GEUZera joateko hitzordua hartu beharko da.

HEZKUNTZA, HAURTZAROA, GAZTERIA

Eskolak. Hezkuntza ministerioarekin elkar adituz, Herriak haurrak maiatzaren 14tik goiti hartzeko behar ziren neurriak hartu ditu, betiere Estatuak ezarri protokolo zurrunari jarraituz. Eskolaldi inguruko harrera eta jantokia eskainiko dira. Ostegun goizean, 150 haur inguru hartuko dira.
Haurtzaindegiak. Hamar haurretako bi talde hartuko dituzte Dongoxenia haurtzaindegian maiatzaren 14an.
Aisialdi zentroak. Asteazkenetako ostatatze gabeko aisialdi zentroak ez dira aste honetan irekiko.
Gazte Informazio Bulegoa. Maiatzaren 19tik goiti irekiko da. Ibilmolde berezia emanen dute plantan.

EKONOMIAREN SOSTENGATZEA

Aparkalekuak. Hendaiarrak saltegietara itzul daitezen laguntzeko, hetsialdiaren hastapenean ezarri zen urririkotasuna zenbait egunez luzatuko da oraindik, prefektuak hondartzaren irekitzearen aldeko erabakia eman bitartean.
Zamen arintzea. Herria zenbait eskubide eta zergen zatiren baten dispentsaz gogoetatzen ari da eta terrazetako jendeen arteko distantziaren gaia lantzen. Ekonomiaren eta merkataritzaren eragileentzako neurriak gainerako elkargoekin batera (Euskal Elkargoa, Departamentua, Eskualdea eta Estatua) koordinatuko ditugu.
Aire zabaleko merkatua. Herriak aire zabaleko merkatuak berriz egin daitezen baimentzen du, betiere distantzia zaintze neurriak eta babeste keinuak betez. Hasiera batean, erabilmoldea azken astean erabili zenaren oso antzekoa da. Larunbateko merkatuari dagokionean, maiatz osoan atxikiko da laranjondoen aparkalekuan.

KULTURA HITZORDUA

Mediateka. Maiatzaren 13tik goiti, erabiltzaileek mailegatuak zituzten dokumentuak itzuli eta beste batzuk hartzen ahalko dituzte, edo abonamendua berritzen. Halarik ere, ezinen dira bertan koka irakurri, ikasi eta abarretarako, eta ezin erabiliko dituzte jendeentzako ordenagailuak ere. Harrerarako baliabide berezia antolatu da.
Tokiko artisten sostengua Haizpean zahar etxeko egoiliarrentzako eta langileentzako ikuskizunekin kanpoaldean. Bestalde, kultura zerbitzua harreman hertsian da ikuskizuna bertan behera utzi zaizkien artista eta konpainiekin -batez ere Antzerkiaren Maiatzaren festibalari loturik zirenak- iraileko kultura sartzean emanaldiak eskaintzeko aukera lantzeko. Azkenik, 10 eta 5000 ikusleen kopuru mugaren zalantza dela eta, ekainean berrikusiko diren arauen zain gara Musikaren Besta, Guitaralde eta udako beste hainbat ekitaldiren antolatzeko. Nolanahi dela ere, ekitaldi horiek ez dira ohi bezala antolatuko.
Udal zinemagela “Les variétés” zinemagela hetsirik izanen da bestela agindu bitartean.

KIROL JARDUNA ORAINDIK ERE MUGATURIK

Norbanakoen banakako kirola berriz ere aizu izanen da kilometro bateko mugatik at. Baina talde kirolak oraindik debekaturik dira (bereziki pilota eta baloiekin jokatzen direnak).
Udal kirol ekipamenduak bestela agindu arte hetsirik dira oraindik, salbu aire zabaleko tenisa, aire zabaleko bolatokia eta euskal pilotako kanpoko pilotalekuak (soilik bakarkako entrenamendurako, buruz burukoa bera ere debekaturik delarik).
Kirol federazio bakoitzak bere aginduak banatu dizkie bere kideei. Bela eta banakako ur kirolak onarturik dira Bidasoan (kayak, paddle, laket itsasketa, arrantza…) eta itsasoan, baina 300 metroetatik haratago, hondartza hetsirik baita. Zuhurki joka ezazue, sokorri zerbitzuen beharra ukan ez dezazuen.

HONDARTZAREN ETA IBILALDIEN GAIA

Hondartza. Barne ministroak hondartzak maiatzaren 11tik goiti berriz irekitzeko aukerari buruz erran zuenari dagokionean, suprefetari baimen baten eskari asmo bat igorri diot Hendaiako herriaren izenean eta hondartza guztiontzako izatearen jokagai nagusi berretsi dut. Hark eman orientabideen arabera, profesionalekin, elkarteekin eta erabiltzaileen ordezkariekin batera zehaztuko dugu prestatzen ari garen hondartzaren osasun kudeaketarako plana. Itsas hegiko beste auzapezekin lan bilkura bat eginen dut bihar, maiatzaren 11, astelehenean, goizeko 10etan, astebururako hondartza irekitzeko aukera aztertzeko.
Ibilaldiak. Bidasoaren ertzeko badiabideko ibilaldiak berriz egin litezke jadanik, baina itsas etorbidean badira, oraindik zenbait egunez, erabiltzeko mugak.
Kontuan har ezazu Itsas etorbidea oraindik ez dela guztiz zabalik. Etxolen eta kasino zaharraren inguruko gune berriak, bai eta bizikletabidea ere, seguruenik irekiko badira ere, zorrozki bete ezazu, otoi,  bertako seinaletika.
Parkeak zabalik dira baina bankuak ez erabiltzea gomendatzen da. Jostalekuak hetsirik dira.

MASKEN BANAKETA

Euskal Hirigune Elkargoak urririk banatzen dituen masken banaketarako behar diren maska guztiak ez zaizkigu oraindik heldu. Hendaiarentzat diren masken kopurua ez da aurreikusia bezain handia izan. Maiatzaren 13an, asteazkenarekin, eginen den banaketan hastapenean aurreikusi zen bezainbeste maska ez balitz, jendeei eskatuko diet ulerberak izan eta utz dezaten maska horiek lehentasunez lanean hasi direnei eta eskolara itzuli diren haurren gurasoei bana diezazkiegun.
Horren lehentasunezko ez direnei edota jadanik maska dutenei heldu diren egunotan banatuko zaizkie. Herriak maska berriak helduko direla jakin eta Herriaren komunikabideen bitartez jakinaraziko zaizue.
Nolanahi ere den, herritar bakoitzak bi maska jasoko ditu, urririk, hemendik eta hil bukaera bitarteko epean.

Ekainaren 2a arte goaita dezagun; data horretan gobernuak agindu berriak emanen ditu epidemiaren bilakaeraren arabera, bereziki ostatuen, kafeetxeen eta jatetxeen berriz irekitzeari buruz, tokiko profesional anitzi hil ala bizikoa baitzaie hori.

Herri Kontseilu osoak eta neuk ere zertxobait galdurik genuen eta horren gogoko zaigun askatasun hori berriz balia dezazuen opa dizuegu, betiere ezarri diren osasun arauak zorrotz-zorrozki betetzen jarraituz, noski. Maiatzaren 11 honetan, beste etapa erabakigarri berri bati ekiten diogu. Zuhurtzia ezinbestekoa zaigu oraindik. Traba gutxiago dugu orain, baina horrek nor bakoitzari arduraz jokatzea eskatzen dio. Zuengan konfiantza osoa dut. 

Auzapeza, Kotte Ecenarro

 

 

Navigation de l’article