Omiasainduko azken oporraldian, udal ludotekara etorri diren 20 haurrek ukan dute zer egin handia.
Zeuden jokoak Halloween gaira egokitzeaz gain, beren jantzietarako osagarriak sortu dituzte eta artelan handiak beren bestara gonbidatu dituzte… «Gioconda» eta «Perladun gaztea» makilatu dituzte, Van Gogh margolariaren Gau Izartsua Izialdura Gau bilakatu dute. Xagutxoen bisita ukan dute ere, ikusezinaren edaria edan ondoren, hormetan zehar ibili baitira jukutriak eginez eta trufatuz.
Aho batez bozkatu gaia
Oporrak baino bi aste lehenago, animatzaileek haurrei galdetu zieten zein gai nahi zuten ludotekara etorriko zirenerako eta «Halloween» atera zen garaile guztiek hori proposatu baitzuten. Iazko oroitzapena, gai bera landu baitzen orduan, oraindik haien gogoetan izanen zen, nonbait, eta berriz bozkarioz ziren haurrak animatzaileek –eta zenbait haur handiagoek- aretoetako batean prestatu zieten «beldur labirintoa» bizitzeko.
Halloween une kitzikagarria zaie haurrei, duten ausardia neurtzeko aukera; mozorrotzen dira, makilatzen dira, gozokiak jaten dituzte (aurten ezin egin izan badute ere, krisia dela eta) eta jostatzen dira, erruz jostatzen dira… eta zein leku horretarako aproposago udal ludoteka baino!
Munstroen Sindikatuaren labirintoa
-“MUNS – TRO – EN – SIN – DI – KA –TU – A”… Baina zer da sindikatu bat? Galdetu dio Juliak Valériari, eta Elsak, haren ondoan, ez da iaz zegoena!
Julia nahasirik da. Ludotekako labirintoan sartzen den bigarren aldia du. Egiazki ez da bigarren aldia… iaz 10 bat aldiz edo gehiagotan sartu zen. Baina orain bere buruari galdetzen dio: «Zer atzemanen dut barnean? Ez da bete-betean espero zuena.
– «Sindikatu bat pertsona talde bat da bere eskubideen alde borrokan» dio sorginak «eta hau gure sindikatua da, Munstroen sindikatua. Greban gara. Ez dugu haurrik nahi hemen. Halloween bertan behera gelditu da! Alde hemendik!»
– Baina zergatik?
– Zuen beldur garelako, horra!
Haurrek barre egin dute. Kitzikaturik dira arras, hasi baita abentura. Bazekiten atea pasatzean lur ezezagunean izanen zirela.
Gero sorginak erran die munstroek telebistan entzuna zutela haurrek Covid-19arekin kutsa zitzaketela eta maskara jantzi behar zutela, baina ez zeinahi maskara! Beldurra ematen duen pailazoarenak ez zuen ezertarako balio, ez eta otso gaiztoarena ere. FFP2 maskara behar omen zuten erosi, horixe. Eta maskara saltzaileak harri balios gehiegi galdegiten zizkien maskaren truke: 1000 rubi banpiro maskaragatik, 1000 diamante hezurdura maskaragatik, eta 1000 urre pieza gehiago momiarenarengatik! Orduan sorginak, maskaren saltzailearen halako botere abusuarekin ados izan ez eta hezurdura txar bilakatu du saltzailea. Zoritxarrez, maskarak labirintoan nonbait gorde ditu lehenago.
– «Hiru maskarak atzematen badituzue, baliteke munstroek berriz Halloween besta egitea…» erran die sorginak.
Hartara, haurrak, bostkoteetan bildurik (elkarrekin beldur gutxiago sentitzen delako) sartu dira munstroen sindikatuaren aretoan, Scooby doo banda bailiran.
Eta ia opor egun orotan menturatu dira hara, maskarak lekuz aldatzen baitziren eta asmatu beharreko asmakariak egunetik egunera aldatzen.
Munstro izutuak, ikusezintasunaren sekretua zuten xaguak eta haur xarmatuak… hura bai esperientzia ederra udal ludoteka elebidunean bizitu dutena!