Herriak berriz ere omendu du Simone Vilalta, bigarren mundu gerlako ihardukitzaile bikaina.
2019ko ekainean, Herriaren medaila jaso ondoren, Herriak omen egiten dio berriz ere, Enperadore etorbideko biribilguneetako bati (Enperadore etorbidearen eta Teileria eta Errondenea karriken arteko bidegurutzea) haren izena emanez.
Keinu hori bi aldiz sinbolikoa da, Herri Kontseiluak 2022ko martxoaren 30ean aho batez bozkatu zuen erabaki horren bidez aldi berean ihardukitzailea eta emaztea omentzen baititu.
Simone Vilalataren iloba, Fabien Vilalta, Kotte Ecenarro auzapeza eta zenbait hautetsi, bai eta Robert Harté, Gérard De Gracia eta Jacques Bichon, gure oroitzarreetako hutsezinezko banderariak, topatu ziren urriaren 13 ostegun honetan erabaki hori ofizialki berresteko. Horren harira, Fabien Vilalta-k gogora ekarri zuen jarraituko duela eskolen esku ematen bere amatxiren lekukotasun guztiak, Simone Vilalta etengabe aritu baitzen bere historia belaunaldi berriei ezagutzera ematen eta faszismoaren aurka eta askatasunaren alde borrokan.
Gaurko egunean, Simone Vilalta eta Hélène Boucher ditugu leku publiko bati izena ematen dioten emazte bakarrak. Herriak jarraitu nahi du Hendaiako karriken izenetan emazte gehiago ematen, herriko bizitzan emazte eta gizonen arteko berdintasunerako bidean aitzin egin nahiz. Laster, proposamen berriak eginen dira.
Simone VILALTA, bigarren mundu gerlako ihardukitzearen herriko pertsonaia
Simone Vilalta 1943an atxilotu zuten ihardukitzaile zen aitari laguntzen ziolako. Simone 2 urtez izan zen kontzentrazio zerrategi batean, bereziki Ravensbrück zerrategian. 1945eko apirilean ihes egin zuen eta ezkutuan izan zen Armada Gorriak jaso zuen arte. Hendaiarra zen, 1923ko abenduaren 10ean sortua, behereko auzoan, «Raymonde» etxean, eta 2021eko urtarrilaren lehenean utzi gintuen, 97 urte zituelarik.