Lasaitasun publikoa: 2025eko urtarrilaren lehenetik goiti, Hendaiako udaltzainak armaturik izanen dira

Euskal kostaldeko herri anitzetan eman da, azken hilotan, oieskerien areagotzea eta Hendaia ez da horretatik libro.

2007ko martxoaren 5eko legeaz geroztik, auzapezek zeregin handiagoak dituzte segurtasun publikoan eta gaizkintzaren prebentzioan.

«Lan taldeetan eta herri batzordean egin lanaren ondoren, ondasunen andeatzeak (karabanetako ohointzak) arras areagotu direlarik eta, azkenotan, ondasunen aurkako eraso delituak (etxeetan egin ebasketak) ere oldean ukan ditugularik, segurtasuna areagotu eta oieskeriei aitzina hartzeko neurrien artean, erantzukizun osoz erabaki dut gure udaltzainak armatzea 2025eko urtarrilaren lehenetik goiti. Hendaia ez da Chicago, noski, eta ongi segurtatua dugu herria, baina adi behar dugu izan eta laster erantzun gertakari larrien aitzinean, beste hirietan, maleruski, gertatu dena ikusirik»

dio Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak.

Herriak eskura dituen bitarteko guztiak baliatzen ditu hendaiarrek nahi dituzten segurtasun eta lasaitasun publikoak bermatzeko, besteak beste polizia nazionala eta udaltzaingoa hurbileko eskuhartze lasterretarako egoki diren lanleku partekatuak ukan ditzaten inbestituz. Halarik ere, Polizia Nazionalak Hendaian emanen dituen bitartekoak Herriak ezin kontrola ditzakeelarik, ororen lasaitasuna bermatuko duten baliabide guztiak behar ditu baliatu.

Gure udaltzainei segurtasun eta jabaltasun berme guztiak ematea da ere gauza, hor ari baitira beti, maiz lehenak heldurik delituen edo bestelako gertakarien gertalekuetara.

Neurri horien bitartez, Herriak herritar orori segurtasun eta bizi kalitate ahal bezain onak bermatzeko duen engaiamendua erakusten du, ordena publikoko zereginetan eta prebentzio bide eraginkorretan lanean gogorki ari zaigun hurbileko poliziari esker.

Disuasio neurria

Udaltzaingoa, 2017. urtetik 2023. urtera, 2 udaltzain izatetik 8 izatera pasa da; horrela maizago eta gehiago ikusten ahal dira karrikan. Udaltzainak hainbat lan moldetan aritzen dira, oinez, txirrinduaz edo autoz patruilatuz, goizeko zortzietatik arratseko seietara, astean sei egunez, sasoi apalean, eta goizeko bederatzietatik arratseko zazpietara, egunero, apirilaren lehenetik Omiasainsu arte. Gaiztakeriei aitzina hartzeko, Herriak bideozaintzako sistema bat hedatua du 2019az geroztik, herriko ereemu estrategikoak hartzen dituzten 87 kamerarekin. Horren osagarri, 2022an Baionako Justizia Auzitegiaren prokuradorearekin sinaturiko protokolo batek zehazten ditu auzapezak edo haren ordezkariak ordenara deitzeko prozedura egiteko bideak; horrela indartzen da egiten ditugunen lege esparrua.

Udaltzainak armatzea ongi hausnarturiko neurria izanik ere, auzapezak dio ezohiko neurria dela eta «haren erabilera are eta ezohikoagoa izanen dela». Izan ere, zilegizko defentsan bakarrik erabili ahalko da arma. Gainera, hendaiarren segurtasun eta lasaitasunerako disuasio neurria izanen da.

«Gure gizarteak sokorri indarren eskuhartzearen aitzinean bortitz oso izateraino hel daitekeen oldarkortasun baterako bilakaera egin du. Udaltzaingoa herritarrek ezagutzen dute eta laster heldu ohi da gertalekuetara; horrekin, Herriak prebentziorako polizia hurbilaren hautua egin du. Alabaina, egoera larrietan topa litezke udaltzainak eta, horrelakoetan, arma herritar baten edo udaltzainaren beraren bizitza babesteko azken baliabidea litzateke. Espero dezagun halakorik inoiz ez bizitzea Hendaian, baina aitzina hartzeak ororen segurtasuna eta jabaltasuna bermatzen digu»

Gaineratu du Frédéric Tranche, lasaitasun publikoaren arduradun auzapezordeak.

Eskuartean arma bat ukan aitzin, udaltzainek formakuntza juridiko eta praktikoa eginen dute eta baimenduriko mediku batek egin gaitasun agiria beharko dute ukan. Armen maneiuan erregularki entrenatu beharko dira ere.

Urtean hiru saio antolatuko dira Hendaiako udaltzainentzat, baitezpadakoak diren biren ordez. Armen trazabilitatea barnean eginen dugu armategiko sar eta elki erregistro baten bitartez.

Ipar Euskal Herrian Hendaia zen udaltzainak armatu gabe zituen hiri gutxietako bat (Baiona, Angelu, Biarritz, Urruña, Ziburu udaltzainak armaturik diren hiriak ditugu). Frantzian, udaltzainen hiru laurden baino gehiago armaturik dira.

Ororen buru, Hendaian segurtasun eta lasaitasun publikoa atxikitzeko tokiko estrategia koordinatua honela egiten dugu:

  • Udaltzain gehiago eta lanaldi luzeagoak
  • Nazio Polizia udaltzaingoarekin batera partekaturiko lokaletara ekartzea,
  • Polizia Nazionalaren eta udaltzaingoaren arteko koordinazioa eta informazioen transmisioa areagotzea,
  • Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzordearen talde lana eta SGPTB koordinatzaile baten kontratatzea,
  • Udaltzainen armatzea.

Navigation de l’article