Hendaian, laborantzaz mintzatzea harrigarri irudi lekioke hainbati, herria hondartzaren, badiaren eta Abadia eremuaren kaliatatearengatik baita ezagun, baina ez horrenbeste duen laborantzarengatik!
Leku babestua
Halarik ere, baditugu herrian zenbait leku horretarako atxikiak, eta haien babesten jarraitzeko du, hain zuzen ere, Herriak proiektu berezi bat abian eman.
Orio auzoaren gibelean, hendaiar gutxik dute Legarralde etxaldea ezagutzen. Eremu horretan, 400dik gora bizitegi eraikitzeko asmoa zegoen.
Herriak, baina, lursail horiek babesturik atxiki behar direla erabaki du eta hemendik goiti, laborantza lur gisa sailkatuko ditu hurrengo THPean.
Logika horren azken muturreraino joan nahiz, Herriak baliatuko du 19 ha salgai direla eta erosteko asmoa azalduko du.
Arrazoizko laborantza baten alde
Eragiketa horren xedea zenbait urtetik hona landu gabe diren lurralde horietan arrazoizko laborantza, iraunkor eta ahal balitz baita biologiko ere abian jar dadin laguntzea da.
Herri Kontseiluak Euskal Herriko Lurren Tokiko Erakunde Publikoaren kargura utzi nahi du, erakunde horrek dituen estatutuek agintzen dioten gisan, Herriaren kontura eros dezan jabego hori eta hastapeneko diruztapena eskain dezan 20 urtez, bai eta proiektua prestatzen parte har dezan.
Iparralde osoan lehen aldiz ematen da, lurrei loturik tirabira anitz bizi dituen kostalde honetan, laborantza jarduna mantentzearen aldeko halako politika.
Proiektua 2019. urtean zehar gauzatzekoa da baratzeekin, oihangintza-laborantzarekin, erlezaintzarekin, abeltzaintzarekin eta abar. Euskal Hirigune Elkargoaren sostengua du.