Kotte Ecenarro auzapezaren 2023rako agiantzak

Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak bere agiantzak opa nahi dizkie, herri kontseiluaren izenean, hendaiarrei.

Urte berri on eta zoriontsua

MINTZALDIA

Jaun-andre horiek, adiskide maite horiek,

2023rantz hobe abia gaitezen, gatoz lehenik, lipar batez, 2022. urte honetara.

Hendaiar, euskal edota frantziar herritar izan baino lehen, munduko herritarrak gara. 2022an, guztiok bazter utzi nahi genukeen Covid-19aren krisiak Ukrainako gerlari utzi dio, zoritxarrez, lekua. Ukrainar herriak adore handiz darama ia urtebete Vladimir Poutine-ren Errusiaren erasoei buru egiten eta ongi merezia du Hendaian, berriz ere, erakutsi duzuen elkartasuna.

Bihotzez eskertu nahi ditut bolondres guztiak, elkarteak, itsas ospitalea, udal langile eta hautetsiak, ukrainar iheslari anitz baldintza onetan hartu eta laguntzeko aukera eman baitigute.

Hendaia mundura zabalik den hiria dugu, harrera lur izatearen mugaondoko tradizioari lotua.

Zail zait guztia aipatzea, 2022. urte hori trinkoa izan baita. Halarik ere, aipa ditzadan bereziki landu ditugun eta emaitzak ere ekarri dituzten bi gai; osasunaz eta segurtasunaz nahi nuke mintza, beraz.

Osasunari dagokionean, CONCHA egoitzan espezialistak hartuz lorturiko lehen emaitzen osagarri, «SOS medikuak» elkartea kokatu da Hendaian; horrek egiazko osasun zerbitzu publiko hurbila eskaintzen die hendaiarrei.

Segurtasunari dagokionean, gure udaltzaingoa azkartu ondoren, bideozaintzako kamarak hedatu ondoren, Estatuarekin tematsuki aritu izanak eman digu, azkenean, emaitzarik: berriz ere Hendaian ditugu nazio poliziak. Pozgarri zait gure herriaren segurtasuna sendotzen duen eta 2023an garatzekoa den partzuergo hori. Herriko Etxea izan zenaren lokaletan kokatuko dira, 2023ko lehen hiruhilekoan bururatuko baitira, aurrikusi bezala, horko lanak.

Pozgarri zaigu ere Aduanen Itsas Zaintzarako Brigada xai berrituetan kokatu izana; laket portuan leku bat utzi diogun patruila ontziarekin egiteko dituztenak behar bezala egiteko egokituriko lokalak dituzte orain hango 8 mugazainek.

Geltokiko Aldagune Multimodala inauguratzea ere une garrantzitsua izan zen 2022. urtean. Auzoari historian zehar ukan duen ospea eta erakargarritasuna berreskuratzeko aukera ematen dio horrek. Orain, Eskualdearekin aritu behar dugu lanean, modernizaturiko lineetan ibiliko den eguneroko trena lortzeko, bai eta DONOSTIA eta BAIONA arteko maiztasuna hobetzeko ere.

2023. urtea ere proiektu eta egiteetan jori ageri zaigu. Halatan, bada, gogo handiz arituko gara lanean, besteak beste, herriaren hiri antolaketan, antolaketa barneratzailean eta paisaiaren antolaketan, elkartasuna garatzen, bizitegien alorrean eta ekologia trantsizioan.

INSEE erakundearen azken datu ofizialek diote, orain,  18 000tik goraxe biztanle direla Hendaian. Lana hobera doa gure bizi arroan. Langabezia pixkanaka ari da etengabe gutxitzen: berri on-onak dira horiek.

Lanpostu iraunkorrak atxikitzen eta garatzen laguntzeko baldintzak sortzen jarraitu behar dugu, aldi berean gure eredu soziala eta proposatzen zaizuen zerbitzu publikoaren maila atxikiz, zergak goratu gabe, horretara engaiatu baikinen.

Hendaiako Herriak inbestitzen duen euro bakoitza hendaiarrentzat baliagarri behar da izan.

Hainbat hilabetez azterketak egiten, zuei adituz eta zuekin mintzatuz, aritu ondoren, aldi eragileago bati ekinen diogu, zeinean Hostailbidea uda baino lehen berreginen baitugu, Errepublika plazaren antolaketa lanak  uda hondarrean hasiko eta igerilekua urte hondarrean suntsituko. Beste proiektuen arteko hiru proiektu enblematiko horiek beharrezkoak zaizkigu Hendaian bizi ingurune bizi eta erakargarria atxikitzeko.

Elkartasuna ezinbestekoa zaigu nork bakoitzak bere lekua atzeman eta Gizarte Ekintzarako Udal Zentroaren langileek, besteak beste, daramaten jardun kolektiboaren onurak balia ahal ditzan. Familia Laguntza Kutxa (FLK-CAF) eta Eritasun Asurantzarako Lehen mailako Kutxa (EALK-CPAM), dakizuenez, Herriko Etxea izan zenaren lokaletan kokatuko dira; harrera modernizatu bat izanen da hor hurbileko zerbitzu publiko gizatiarra eskaintzeko; hendaiarrek estimatuko dute hori, segur naiz.

Elkartasuna lantzen ari gara bizilekuen eta bizitegien alorrean ere. Ongi ezagun zaigu arazoa: gure Euskal Herria hain da erakargarri ezen lurren eta higiezinen prezioak gora eta gora baitoaz. Bada bizitegirik atzematen ez duen herritar anitz. Eskuragarri liratekeen alokairu bidezkoen eskaintzari dagokionean, % 60ko mailaren betebeharra ezartzen dugu orain, eta horretara heltzen gara higiezinen proiektu berri orotarako.

Bestalde, hainbat urraspidetan lotu gara hutsik diren bizitegiak dituzten jabeekin edota andeaturik edota sano ez diren bizitegien jabeekin.  «Biharko hiri txikiak» programaren harira, alokairu bidezko eskaintza azkartuko duen baliabide oso bat da.

Ekologia trantsizioari dagokionean, egun jasaten ari garen energia krisiak uzten digu pentsatzera 2023. urtean negu gogorra ukanen dugula, gure aldetik ahalegin gehiago eskatuko digun argindar eskasiaren arriskuaren kausaz.

Hala ere, Hendaiako Herria ez da krisi horren zain izan bere hornikuntzetan lan handiei ekiteko, argiteria publikoa modernizatzeko, energia berriztagarriak garatzeko, elektromugikortasuna balioan emateko edota uraren kalitatea zaintzeko.

Guztiarekin ere, haratago joan gaitezen nahi nuke, herriak klima aldaketaren aurkako borrokan hainbat urtetik hona daraman asmo handiko ingurumen politikarekin jarraitzeko bidean kokatzen den energia urritasun plana onar dezagun.

Jokagai horien aitzinean, gutako bakoitzak behar ditu bere ohiturak aztertu eta Hendaiako Herriak eredugarri behar du izan. Herritartasuna eta erantzukizuna ditugu jokoan.

Azkenik, dakizuen bezala, gure nortasuna, gure kultura, euskara bultzatzen duen eta, munduari zabalik izanik ere, bere tradizioak begiratzen dituen Euskal Herriarenak dira ere.

2022an, hiri bestari berriz ekiteko aukera ukan dugu: hura bai poza! Ez da dudarik, hiru besta egun horiek ments zitzaizkizuen eta atsegin handia gertatu zaizue berriz topatu eta elkarrekin une gozoak partekatzea.

Urtarril hondarrean topatuko gara berriz ere, Bixintxo besta tradizionaletan.

Ekitaldi horietan parte hartuz, herria biziarazten duzue eta hobe egitera bultzatzen gaituzue. Gure elkarteen eta bolondres guztien engaiamendu handia eskertu nahi dut orain. Kultura, hezkuntza, kirol, sozial edo aisialdikoak izan, guztiak aritzen dira batzuetan ments zaigun behar-beharrezko elkarbizitza bultzatzen.

Alabaina, guztia ez da akats gabea, noski. Guztia ez da aurreikusi bezalaxe gertatzen, ez eta nahiko genukeen erritmoan, noski. Halatan, egokitzen gara eta, zailtasunak zailtasun, udal langileen eta hautetsien laguntza hutsezinarekin, xede berean eta bide beretik darraigu eta, zuekin batera, ahalegin betean gara Hendaia herri bizi eta elkartasunezkoa izan dadin beti, non ongi bizi baita.

Jaun-andre horiek, adiskide maiteak,

Guztiei 2023. urte eder-ederra opa dizuet.

Urte berri on zuei!

Ikusi 2022ko atzera begirakoa

Navigation de l’article