Martxoaren 31n Amurriotik abiatuko den 22. Korrika Hendaiatik apirilaren 9tik 10erako gauean pasako da, Donostian bukatu aitzin.
1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen KORRIKA antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da, eta aurten 22. edizioa dugu. Beti bezala, azkeneko Korrika bukatu zen probintziatik abiatuko da, hots aurten Arabako Amurriotik, eta Euskal Herria 10 egunez zeharkatu ondoren, Orioko bidetik sartuko da Hendaiara apirilaren 10ean, gaueko hamabiak aldera.
Bere euskararen aldeko engaiamenduaren baitan, Hendaiako Herriak urte anitz darama AEK eta helduen alfabetatzea laguntzen. Hori dela eta, oso naturalki laguntzen du Korrika, bertan parte hartuz.
Hona hemen ibilbidea, eta lekukoa eramanen dutenak:
- Km 2416 – 00:14 > Orioko bidean, “Hendaia” seinalean: Antxeta Irratia / Baleak / Endaiarrak
- Km 2417 – 00:20 > Orio Eta Enperadoreko Biribilgunean: Hendaiako Ikastola / Txiki Txoko / Biriatuko Ikastola
- Km 2418 – 00:27 > Xurienea biribilgunean, eskuin: Akelarre / Hendaiako Herriko Etxea / Suhiltzaileak
- Km 2419 – 00:33 > De Gaulle etorbideko zubian: Sokoa / Mintzaian
- Km 2420 – 00:40 > Geltokiko karrika eta De Gaulle farmazia: Borderline Fabrika / Hendaiako Gaztetxea / Bidasoako AEK
Korrika Kulturala
Korrika iritsi aitzin, giroa berotzeko gisan, bi animazio eskainiko dira apirilaren 2an (larunbata), Borderline Fabrikan:
- 19:00etan, irratsaioa zuzenean: “Ostempo Nuna”, Imanol Espinazo eta Ander Fernandez-en lurraldeko proiektua deskubritzeko aukera izanen duzue: hemendik 500 urtera entzunen den kapsula soinuduna.
- 20:30ean, kontzertu akustikoa izanen da LIHER taldearekin.
Sartzea 5 eurotan izanen da, Korrika laguntzeko aukera ederra ere.
Korrika Txiki
Gure ttipiek ere Korrika egiten dute! Aurten, Korrika Txiki apirilaren 8an iraganen da, eta Hendaiako eskola ia guztiek parte hartuko dute. Goizeko 10:00etan abiatuko da igerilekuko aparkalekutik, Aizpurdi lizeoan geltokirantz joanen da, eta ondotik Gaztelu Zahar pilotalekura eta Herriko Etxera joanen da. Ez duda eta joan zaitezte gure korrikalari ttipiak txalotzera!
Apirilaren 9ko animazioak
Apirilaren 9an, Hendaiako AEK, Akelarre, Baleak, Borderline Fabrika, Gure Ikastola, Hendaitz eta Mintzaian elkarteek egun osoko animazio programa prestatu dizuete, Korrika iritsi bitartean euskaraz gozatzeko parada ukan dezazuen. Hona hemen programa:
- 13:30: bazkaria Baleak eta Akelarre elkarteetan. Menua: babarrun jana, aza, odolkia eta txorizoarekin, postrea, kafea eta kopa. Prezioa: 15€. Erreserbak apirilaren 6a aitzin: (00.34) 632.80.84.45.
- 16:00: Poteo alaitua Hendaiako ostatuetan
- 19:00: Kontzertuak Enbata Gaztetxean, SEIURTE eta ZAZPIAK taldeekin. Taloak izanen dira.
- 00:00: Korrika
- Ondotik, ostatua eta DJ Borderline Fabrikan.
Gonbidatzen zaituztegu Euskararen Festa handi horretan parte hartzera eta Korrika laguntzera, bizkarrekoak erosiz, korrika eginez, eta antolatzen diren ekitaldietara hurbilduz!