Kantu Txapelketa: 180 haur euskaraz kantuz, itsas ospitaleko egoiliarren alde

Abenduaren 8an, Beltzenia auzoko Daniel Ugarte pilotalekua bete-betea zen, Hendaiako eskolarteko 8. Euskal Kantu Txapelketaren karietara.

Aurten, 180 bat haurrek parte hartu zuten txapelketan, Mattin Sorzabalbere (musika tresna anitzen jolea, irakaslea Lanetik Egina elkartean) eta Ander Fernandez (gitarrista, Rouge Elea konpainiaren eta Borderline Fabrika elkartearen kidea) musikari profesionalek lagundurik. Musikariek haurrak musikaz lagundu zituzten proiektu guztian zehar, eskolaldi inguruko jardueretako animatzaileen partaidetzarekin. Azpimarratu behar da haurrek egindako lanaren kalitate handia.

Hendaiako musikari eta musika elkarte batzuetako ordezkari batzuek osatu epaimahaiak gure kantari ttipi guzti horien indarrak balioztatu zituzten, eta irabazleak horrelaxe izendatu zituen:

  • Lehen saria: Geltokiko eskolako “Bihotzak” taldea, Oi, Gu Hemen
  • 2. saria: Ikastolako “Gorabehera” taldea, Aldapan Gora kantuarekin
  • 3. saria: Intzurako eskolako “Hamar Neskak” taldea, Txatxamatxalinatxu kantuarekin
  • 4. saria ex-aequo: Hondartzako eskolako “Hondartzako Neskak” eta “Hondartzako Txikitun” taldeak, Ihes Ederra Zilegi Balitz eta Haurrak Ikas Zazue kantuekin.
  • Les Deux Jumeaux elkartearen sari berezia: Hiri-barneko eskolako “Agur Euskal Herri Osoari” taldea, Itsasontzi Baten

Lehen bi taldeek ateraldi bat eginen dute Donostiara 2020ko martxoaren 21ean, eta bertan euskal musika tresna tradizionalak jotzeko eta ezagutzeko aukera izanen dute besteak beste, San Telmo museoan.
2. saria irabazi dutenek txalaparta tailer bat ukanen dute eskolan.
3. sariaren irabazleek Bixintxoetan kantatuko dute, festetako musika taldeen kontzertua kari, 2020ko urtarrilaren 19an (igandea), 17:00etan, Bixintxo elizan.
Azkenik, Les Deux Jumeaux elkarteak ezintasunaren inguruko arratsalde ludiko bat eskainiko die haurrei, 2020ko otsailaren 8an.

Michelle Mounios-Adurriaga Euskara arduradunak parte hartzaile guztiak zoriondu ditu, eta proiektu honetan parte hartu duten pertsona guztiak eskertu: haurrak, Haur eta Gazte Animazio zerbitzuko animatzaileak, Euskara teknikaria, musikariak, epaimahaikideak… Euskararen inguruan hainbeste jende biltzen duen ekitaldi horren garrantzia azpimarratu du ere.

Hendaiako Les Deux Jumeaux elkartearen arduradunek beren poza adierazi dute, eta eskerrak eman dizkiete Herriko Etxeari, haurrei eta ekitaldiaren arrakastan parte hartu zuten guztiei.

Lanetik Egina elkarteko rock abesbatzak bi kantu eskaini ondoren, denak bildu ziren kantu bat elkarrekin emateko, eta haur bakoitzak domina bat ukan du txapelketan parte hartzeagatik. Dudarik gabe, emozioz beteko arratsaldea!

 

Navigation de l’article