2020ko martxoaren 13tik 29ra, Kalakaño-k euskarazko programazio aberats bat eskaintzen du lehen haurtzaroaren inguruan: tailerrak, ikuskizunak, mintzaldiak eta haurrei, gurasoei, aitatxi-amatxiei eta haurtxoez arduratzen diren profesionalei zuzenduak direnak.
Euskarazko lehen haurtzaroko profesionalen sarearen sortzea
Martxoaren 13an (ostirala), 19:00etan, Errobi-Aturriko elkargoaren etxean, ondoko tailerra antolatua da: “Euskarazko lehen haurtzaroaren profesionalak eta Euskara: beharrak, esperientziak, tresnak, partekatzen ditugu!”. Euskarazko lehen haurtzaroko profesionalen sarearen lehenbiziko hitzordua da. Euskal Hirigune Elkargoak antolatua eta animatua, sare honek Leha dispositiboan engaiatuak diren haurtzaindegiak biltzen ditu (ikus beherago) bai eta interesatuak diren profesional guziak: haurtzaindegietako langileak eta etxe-haurtzainak.
Helburua? Gisa honetako galderei kolektiboki ihardestea: euskarazko harreraren proiektuak nola biziaraz, zein dira profesionalek aurre egin behar duten eguneroko desafioak? Marie Dol, Miarritzeko Ohakoa haurtzaindegi labelizatuaren zuzendariak bere lekukotasuna ekarriko digu. Sarearen egiturek sortu eta garatu dituzten tresna batzuk proposatuak edo trukatuak izanen dira ere (hauetan barne, familientzat den hiztegitxoa bereziki).
“Zer eta nola konda gure haur ttipiei” tailerra Amaia Hennebutte, albumen idazle-ilustratzaile eta Kiribil Konpainiaren zuzendari artistikoak, eta Peio d’Uhalt, Baionako Elkar liburu-dendako zuzendariak aurkeztuko dute. Tailer honetan, burasoek eta profesionalek euskarazko gazte literaturaren mundu aberatsa ezagutuko dute, eta liburuen hautatzeko- eta haurrei irakurtzeko moldeei buruzko ihardespenak ukanen dituzte.
Hendaian, martxoaren 25ean (asteazkena) iraganen da, 19:00etan, Dongoxenia haurtzaindegian. Izen-emateak e-postaz:
Sorkuntza hats berri bat euskaraz
Kalakaño-k euskarazko hiru ikuskizun programatzen ditu adin ttipiko publikoarentzat: haurtzaindegi labelizatuetan biran den Trukatruk, Philippe Albor eta Arantxa Hirigoyenen lanetik sortua, bai eta Sagutxo tuntuna, Loraldian (Bilbo, 2019) ezagutarazia izan den ikuskizuna, eta arras saritua eta kritiko arrakastatsua izan duen Harriz harri, Kataluniako Home Debuixat Konpainiak proposaturik.
Bere aldetik, Hendaiak Altxorraren Bila errezibituko du, Maialen Alfarok eskainitako ipuin partizipatiboa, 2 urtetik gorako haurrentzat. Martxoaren 28an (larunbata) izanen da, 11:00etan, Mediatekan.
Zergatik ekitaldi hau?
Kalakaño, Euskal Elkargoak haurtzaindegi elebidunei eta Euskaradunei urte osoan segurtatzen dien laguntzaren hitzordu nagusia da. Haurtzaindegiek eginkizun bazterrezina baitute euskararen transmisioan, elkargoak formakuntzak proposatzen ditu haurtzaindegietako langileei, eta orokorki Leha dispositiboaren bitartez, haurtzaindegi euskaradun eta elebidun sare baten egituraketan parte hartzen du.
Leha dispositiboa, euskarazko haurtzaindegien eta murgiltze ereduko haurtzaindegi elebidunen partaide-anitzeko dispositibo bat da (EEP, CAF, MSA Hego akitania, Departamendua). Labelizatuak edo labelizatzeko bidean diren 23 egitura badaude lurraldean.
Hiru label eskaintzen dira haurtzaindegiei:
- A labela: haurra ingurune elebidun batean hartua da, eta gurasoek euskara eta frantsesaren artean hautatzen dute gizabanako elkarrizketetarako.
- B labela: haurra euskarazko ingurune batean hartua da eta elkarrizketak euskaraz egiten dira.
- C labela: haurra ingurune elebidun batean hartua da, eta profesionalen erdia euskaraz mintzatzen dira harekin, beste erdia frantsesez.
Hendaiako Dongoxenia haurtzaindegia gaur egun labelizatze bidean dugu, eta C eredua hautatu dute.
Kalakaño ekitaldiko animazio guztiak dohainik dira.