Neskak ohartarazi eta zientzia ikasketak egin dezaten bihotz emateko, Irandatz kolegioak, hango matematika irakasleek eta Animath elkarteak «Neskak, matematikak eta informatika» jardunaldi bat antolatu eta iragan martxoaren 24an egin zen, Gaztelu aretoan.
Irandatz eta Xantako kolegioetako eta Ravel lizeoko ia 150 neskek eman zuten izena salbuespenez neskentzat bakarrik zen topaketa horretan parte hartzeko. Izan ere, pedagogia proiektuak azaltzen duen bezala «azterketek erakusten digute ikasleak talde mistoetan direnean mutilek erraz hartzen dutela hitza eta, neskak, aldiz, isilik izaten direla maiz. Halatan, bada, egun batez, askatasun une bat eskaini nahi izan zaie beren etorkizunaz lasaiki gogoeta dezaten eta askatasun osoz mintza daitezen».
ESTEREOTIPOEN ZAMA
Txiki-txikitatik ez zaizkie gaitasun berdinak balioztatzen neskei eta mutilei. Horren ondorioz, orientabide hautuetan nesken eta mutilen artean sortzen diren lehen desberdintasunak bigarren ikasmailan bertan agertzen dira, non zientzia edota teknologia adar gutxiegi ageri baita nesken hautuen artean.
Klitxeak apurtu, gogoa sortu, zientzia lanbideetaz informazioa bildu eta neskei beren buruarekin konfiantza ukan dezaten sustatzeko, hainbat lantegi antolatu da: matematikako urrunetiko mintzaldi bat emazte ikerlari batekin, estereotipoei eta zientzia lanbideei buruzko lantegiak, «speed-meeting» bat irakasle, teknikari, ingeniari emazteekin… eta, guztiaren buru, antzerki-foro bat; hori guztia eredu gogo emaileak proposatu eta oraindik ematen diren genero estereotipo anitzak desegiteko.
Norak parte hartu du topaketa horretan, eta «jardunaldi interesgarri eta ludikoa iruditu zaio, batez ere, antzerki-foroa, oso elkarreragilea izan baita. Arazoa aurkeztu eta eztabaida egin zen, zeinean zenbait eszena berregin baitziren ikusleek aterabideren bat bazuten ikusteko. Beren zientzia ikasketak azaldu zituzten neska gazte zenbaiten lekukotzak ere jakingarri izan ziren! Arte adar baterantz joatekoa naiz ni, baina matematikak gauza anitzetarako dira baliagarriak. Logikari jarraikiz gogoetatzen laguntzen dute, gure gogoa moldatzen ere bai, arazoen gainean gogoeta egiten, arazoa aztertzen. Jardunaldi honetan guztian ikusi ahal izan da hori.»
Zientzien, teknologiaren eta matematiken irakaskuntzan nesken parte hartzeko eta irakaskuntza hori eskuratzeko berdintasunerako urraspide horretara lotu da Herria Irandatz kolegioaren biltoki sozio-hezitzaileari 500 euroko ezohiko dirulaguntza emanez. Izan ere, Nicole Butori Hezkuntza auzapezordeak honela erran du: «ekintza eder-ederra da. Garrantzitsua da errealitate berrietara hobeki egokituriko heziketa sustatzea, egungo erreformak ez baitu laguntzen neskak zientzia adarretara sartzea. Baina areago, neskek beren buruarengan konfiantza har dezaten lagunduko duen ingurumena sortu behar da. Adar horietan aritzeko gizonek bezainbeste gaitasun baitute emazteek. Espero dezagun halako jardunaldi batek bultzatuko dituela bide hori hartzera».