Lurraren geologia dela eta Erlaitzeko xenderaren eta errepidearen hauskortasunari buruzko azken ondorioen harira, Pirinio Atlantikoetako prefetak honako neurri hauek hartu berri ditu:
- Itsas hegiko xendera urriaren 31 arte hestea.
- Eralitzeko errepidearen zati zenbaitetan bidea hertsitzea.
Erabaki horiek ez dute Abadia eremua ukitzen eta zabalik da eremua.
Hendaia, Urruña eta Ziburuko auzapezek, aho batez erran dute, xenderaren hestea dela eta, «erabaki zaila zela baina ezinbestekoa». Halarik ere, Éric Spitz prefetak ukituak diren partaide guztiak (Estatuaren zerbitzuak, Departamentu Kontseilua, Herriak) xendera segurtatu berri baten gaineko gogoeta batean parte hartzera gonbidatu ditu.
ITSAS HEGIKO XENDERAREN HESTEA
Itsas hegiko xenderan ezin da oinez ibili Ziburu, Hendaia eta Urruñako herrietan. Soilik zati gaitzenen hesteak arazo larriak ekarriko zituzkeen, oinezkoak errepidera aterako baitziratekeen zati horietan gero berriz xenderara itzultzeko eta horrek erabiltzaile guztiak arriskuan jarriko zituzkeen. Agindua prefetak eman du. Hesteko baliabideak herrien eta Departamentuaren kargu izanen dira.
Hemen behereko krokisak erakusten du hetsi den zona.
ERLAITZEKO ERREPIDEA
Arriskutsu diren zatietan Departamentu Kontseiluak, Estatuak hala eskatu eta bidea hertsitzea erabaki du, bai eta bidearen ardatza mugitzea ere, bideko zirkulazioa segurtatzeko.
Hemen behereko grafikoek erakusten dituzte hertsitze horiek:
ERLAITZEKO ERREPIDEA EPE LUZERA
Itsasoaren aitzinatzeak ezinbesteko bilakatzen du errepidea egun doan lekutik kendu beharra (EHEk daraman Tokiko Estrategiak ezarri 2043ko eperako kostalerroa baino aitzinago baita). Ibilbide berri baten aukera hautatuz gero, Itsas Hegiaren Legeak ezarri arauak bete beharko lituzke, bai eta Itsasbazterraren Erakunde Babeslearenak diren lurren kudeaketa arauak ere.
Errepidearen etorkizuna zehazteko behar diren azterketa orokorrak 2019an hasi zituen EHEak. 2021eko udan ekinen zaie berriz ere azterketei. 2019an, sektoreari (autobidea ere sartuz) lotu lurralde osoaren mailan mugikortasun azterketa bat diruz laguntzea erabaki zuen Estatuak, besteak beste, ikusteko ea epe luzera merezi duen ala ez Erlaitzeko bide «bat» egitea, ukanen lituzkeen funtzionaltasun guztien arabera.