Maiatzaren 8 asteazken honetatik goiti, Herriak hari gabeko bozgorailuen sistema berria emanen du abian hondartzaren luzera guztia hartzen duen komunikazio eta prebentzio zerbitzua emateko.
Lehen aldi batean, baliabide hori Hondarraitz hondartzaren alde nagusian zabalduko da, eta Dunba Harrien aldera uztailaren lehenetik goiti hedatuko da, hau da, zaintza sasoiaren haste egunean bertan.
Bozgorailuak zerbitzu teknikoek Zokoburuko digatik Dunba Harrietaraino banaturik kokatu dituzten 8 mastatan kokatuak dira. Sistema moderno horrek erabileren kudeaketa errazten du informazio edota prebentzio mezuak hedatzeko aukera ematen baitu.
Hiru postuburuek sistema horren ezagutzeko formakuntza egin dute apirilaren 30ean eta oso harrera ona egin diote teknologia horri, aukera ederra iruditu baitzaie eta egiazko laguntza dituzten egiteko guztietarako. SDIS 64 delakoaren hondartzarako erreferente denak ere goraipatu du baliabide hori, formakuntza egun horretan hantxe baitzen. Txabik, postuburuetako batek, honela erran du: «aitzinamendu nabarmena zaigu alerta eta prebentzio lanetan gure hondartza luze-luzerako. Sokorri zerbitzuentzat denbora irabazteko aukera da; zaintzan ematen dugun denbora optimizatzeko aukera ematen digu… Engoitik, hondartzaren 3 kilometroak mezu bakarrarekin estali ditzakegu galdu den haur bat atzemateko, adibidez, hainbat sokorri emaile txilibito eta irratiekin han-hemenka ibilarazi ordez. Segurtasunerako aitzinamendu handia da».
Izarian erabiltzea
Apirilaren 30eko jardunaldia soinu sistemaren entseatzeko erabili da ere eta doiketak egiteko, eta horrek auzokoak eta paseatzaileak harritu ditu. «Zentzuz erabiliko dugu sistema hori», dio Frédéric Tranche segurtasun auzapezordeak, eta azpimarratu du «prebentzioa eta segurtasuna lehentasun-lehentasunekoak direla gure hondartzarako, euskal kostaldeko luzeena baita eta batez ere familiak etortzen baitira». Halatan, bada, bozgorailuak hondartzaren zaintza aldiaren hastea eta bukatzea jakitera emateko erabiliko dira, larrialdietako mezuak hedatzeko (helikoptero bat datorrela, haurrak galdu direla), eta, muga gehiagorekin, jendeak herritartasun arau zenbaitetaz ohartarazteko (hondartzan erretzeko edota zakurrak sartzeko debekua).
Formakuntza hori Eco Alfa espainiar sozietateak eman du; hondartza megafonian espezialdua da eta Herriak hautatu du urtean 14 000 €ko alokairu kostu baten ordainez.
Kotte Ecenarro auzapezak segurtasun alorrean, informazio alorrean eta hondartzako harrera alorrean egin aitzinamendua goraipatu du. Baliabidea zaintza sasoia bururatu arte izanen da lanean, hau da, Omiasaindu oporrak arte. Aldi horretan, sokorri guneak zabalik ez direnean ere erabiltzeko asmoa dugu hondartza inguruan eragin lezakeen klima gertakari zeinahiren berri emateko».
Hendaia halako baliabidea eskuratzen duen Akitaniako itsas bazterreko lehen herria bihurtzen da, horrenbestez, eta hondartzen kudeaketan eta segurtasunean urrats erabakigarria egiten du horrela.
Testuingurua: Hondartzako segurtasunari buruzko artikuluaren osagarria:
Zaintza aldiak luzatu ditugu
Aurten, igerizain sokorrigileak maiatzeko asteburuetan hasiko dira zaintzan ekain erdialde arte eta iraileko bi azken asteburuetan, eguraldia zeinahi izanik ere, zaintza jarraitua izan dadin eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua kalitatezkoa.
HONDARRAITZEN ALDE NAGUSIA
- 2024ko maiatzaren 8, 9, 10, 11 eta 12ko asteburuan (Salbatore), 2024ko maiatzaren 18, 19 eta 20ko (Mendekoste), 2024ko maiatzaren 25 eta 26ko eta 2024ko ekainaren 1, 2, 8, 9, 15, 16ko asteburuetan, 12:00etatik 19:00etara,
- 2024ko ekainaren 22tik 2024ko irailaren 15era (biak barne), egunero, 9:30etik 19:00etara,
- 2024ko irailaren 21, 22, 28 eta 29 asteburuetan, 12:00etatik 19:00etara
- 2024ko urriaren 5, 6, 12 eta 13 asteburuetan, 12:00etatik 19:00etara (eguraldiaren arabera),
- Omiasainduko oporraldiko egun orotan, hau da, 2024ko urriaren 19tik 2024ko azaroaren 3 arte (biak barne), 12:00etatik 19:00etara (eguraldiaren arabera).
HONDARRAITZEN DUNBA HARRIEN ALDEAN
- egunero, 2024ko uztailaren lehenetik irailaren lehenera (biak barne), 11:00etatik 19:00etara.