Datorren urriak 31ean Hendaiak bat egingo du Gau Beltza ospatzen duten udalerrien zerrenda gero eta zabalagoarekin. Honekin, hiriko Ekitaldiak eta Bestak zerbitzuak ohitura zahar bat berreskuratu eta egungo gustuetara egokitu nahi du.
Udazkenetik negurako transizioa gizakia gizaki denetik ospatua izan da. Gauak eguna jaten duenekoa, uzten bestak,… guzti horiek erritu eta tradizio askoren oinarri izan dira mundu osoan, baita Euskal Herrian ere.
Zenbait herritan arbiak eta kalabazak husten ziren, aurpegi bat ematen zitzaien eta barruan kandela txiki bat jarriz, bide bazterretan jartzen ziren arimei bidea erakusteko. Beste leku batzuetan kintoak trapu zahar urratuekin mozorrotu eta ezkutatu egiten ziren bizilagunak izutzeko.
Gau Beltza edo Arimen Gaua zeritzon, eta aurten Hendaiako hiriak Besta Batzordea, Mutxiko Elkartea eta Akelarrekin lankidetzan, «euskal halloween»a ekarriko digu.
Laurent Pelegrin-Aramendy animazioen hautetsi arduradunak dionez, “ideia Jaime Altunak iaz “Izu Festibalaren” kari “Arimen gaua eta gau beltza”-ri buruz eman zuen mintzaldiaren ondotik bururatu zitzaigun. Interesgarria iduritu zaigu euskal tradizio zaharrak berrasmatzea, jakinez tokiko Mutxiko Elkartea eta Akelarre kultur elkarteak abentura horretan gurekin aritzeko prest agertu direla”.
Besta tradizional eta herrikoi hori Hendaiarren gustukoa izan beharko litzateke, dudarik gabe! Ez ahantz mozorroturik etortzea, irudimenari leku gehiago emateko gisan…
Egitaraua
- 15:30 > 18:00 – Sorginen dantzaldia haurrentzat Gaztelu Aretoan. Mozorrotuta etorri behar da eta krakada eskainiko da.
- 19:30etatik goiti – Hainbat animazio, besteak beste, Oiasso txarangak alaiturik eta Akelarre eta Mutxiko Elkarteetako dantza-taldeekin egingo den ibilaldia hiru pertsonaiaren inguruan: sorgina, akerra eta herensugea. Irteera: Gaztelu Aretoko plaza.
- Ibilaldia amaitzerakoan parrillak eta 21:00etatik aurrera, Maïrü taldearen kontzertua Gaztelu Aretoko plazan.