Araudia

sar hitza:

PRINtzIPio orokorra

Herritarren parte hartze urraspide bati jarraikiz, Parte Hartze bidezko Aurrekontu bat plantan ematearen xedea herritarrei Hendaiako Herriko Etxearen inbestimendu aurrekontuaren zati bat zertan erabiliko den erabakitzen parte hartzeko aukera ematea da.
Halatan, bada, parte hartze bidezko aurrekontuak herritarrei erabaki eskubidea eta inoiz ikusi gabeko bitartekoak ematen dizkie honako gai honi jarraikiz: «zuek erabaki, guk egin». Hendaiako Herri Kontseiluak, 2020ko abenduaren 16ko bilkuran erabaki zuen 2021/2022 urteetarako parte hartze bidezko aurrekontua plantan ematea eta honako araudi hau onartu du.
Halatan, bada, herritarrei ororen intereseko proiektuak nork bere kontura edota taldean proposa ditzaten eginen zaie gonbit eta gero proiektuen artean zeintzuk eginen diren hauta ditzatela eskatuko.

aurreikusi egutegia

Hurrengo artikuluetan zehazturik datozen parte hartze bidezko aurrekontu horren etapetako bakoitzaren iraupena eta aurreikusi egutegia alda litezke, besteak beste COVID-19aren osasun krisiak ekar ditzakeen trabak kontuan hartzeko, bai eta baliabide berri hau ongi joan dadin egin beharreko doiketengatik.

1. artikulua: HENDAIAREN PARTE HARTZE BIDEZKO AURREKONTUAREN HELBURUAK

Honako helburu hauek ditu Hendaiaren parte hartze bidezko aurrekontuak:

  • Herritarren parte hartze eta gizarte kohesioa herritarren engaiamendu jakin batez bultzatzea
  • Jardun publikoaren eraginkortasuna hobetzea, hendaiarrei beren beharrei erantzunen dizkien proiektuak proposatzeko aukera emanez
  • Jardun publikoa ulergarriago egitea, herritarrei beren herriak nola funtzionatzen duen hobe ulertzeko aukera emanez
  • Hendaiarren eta udal erakundearen arteko loturak sendotzea
  • Elkarrekin ongi bizitzearen alde eta ororen interesaren alde aritzea.

2. artikulua: zein eremu ukitzen du?

Parte hartze bidezko aurrekontuak ez du Hendaiako herriaren lurraldea bakarrik ukitzen, jabari publikoa, jabari pribatua edo udal ekipamenduak.
Aurkeztuko diren proiektuek eraikin bat, gune bat, ekipamendu bat, karrika bat, auzo bat edo Hendaia osoa uki dezakete.

3. artikulua: zein diru kopuru eman zaio hendaiaren parte hartze bidezko aurrekontuari?

2021/2022rako parte hartze bidezko aurrekonturako gehienez emanen den kopurua 200 000 eurokoa da. Aurrekontu hori Hendaiako Herriko Etxearen 2021rako inbestimendu gastuen parte izanen da.

Sarituko diren proiektuen artean banatuko da, kopuru horren mugapean, proiektu bakar bati gehienez 50 000 € emanen zaizkiolarik.
banaketa hemen behereko 7. artikuluaren 8. etapan azaldu bideetatik eginen da.
50.000 € artekoa badira, proiektuei kostu osoa ZB hartu eta haren % 100 emanen zaie.

4. artikulua: nork aurkez lezake proiektu bat?

Proiektuak honako hauek proposa ditzakete:

  • Norbanako batek: herritar orok*, 9 urtetik goiti (9-15 urte arteko haurrek, halere, heldu baten babesa behar dute)
  • Talde batek*: norbanakoen estatus gabeko elkartzeak (biztanleen taldea, auzoen, familien…).
  • Pertsona moral batek* enpresek izan ezik (elkarteak, irabazi asmorik gabeko egiturak…).

Biztanleen artean ideiak bil ditzaten sustatuko da.
Talde bakoitzak, pertsona moral bakoitzak bere «enbaxadorea» izendatu beharko du, baliabide osoan zehar ordezkari bakarra izan dakion.

* Herritarrak eta taldeen eta pertsona moralen «enbaxadoreak» hendaiarrak izan behar dira edo Hendaiarekin lotura dutela frogatu.

Ezin dute proiekturik eraman edo babestu:

  • Herri Kontseiluko hautetsiek eta haien ondoko edo arbasoek
  • Jarraipen batzordekideek.

5. artikulua: zeintzuk dira onargarri izateko irizpideak?

Proiektu bat onargarri da honako irizpide hauek betetzen baditu:

  1. Onura publikokoa edo ororen interesekoa bada.
  2. Herriarena edo haren eskumenean den lur edo eraikin batean kokatzen bada
  3. Herri barneratzaile baten ildotik, honako alor hauetako bati begira izatea:
  • Garapen iraunkorra eta klima aldaketaren aurkako borroka (Kutsaduraren murriztea; ura eta energia aurreztea; mugikortasuna; bestelako ekoizpen eta kontsumoa; naturaren babesa eta bioaniztasuna; herritartasuna eta jendetasuna; elkartasunezko eta gizarte ekonomia; leku publikoaren antolaketa eta bizi ingurunea…)
  • Aisialdia
  • Kirola
  • hezkuntza
  • Kultura
  • Ondarea
  1. Herriaren zerbitzuek juridikoki eta teknikoki azter dezaten behar bezain zehatz izatea.
  2. Proiektu berria izatea, ez azter bidean ez eta egikaritze bidean den proiektua.
  3. Proiektuak ez du merkataritza jomugarik ukan behar ez eta irabazi pribatuak ekarri haren erabileran, ez eta interes gatazkako egoerarik sortu ere. Onartzen den proiektua egikaritzea Herriak kanpoko zerbitzu emaile baten esku utziz gero, gauzatzaileak ezinen du inoiz proiektuaren proposatzailea izan.
  4. Teknikoki eta legearen arabera egingarri izatea.
  5. Emaitzak jakinarazten direnetik 6 hilabeteko epean hasi eta 18 hilabetetan egin litekeena izatea.
  6. Inbestimendurako aurreikusi kostua* 50 000 € baino txikiagoa izatea (gehi izan litezkeen beste diruztapenak).
  7. Funtzionamendu gastu ahal bezain txikiak sortzea (proiektua gauzatzeak ekarri eta funtzionamendua iraunkor egiteari loturiko gastuak (argindarra, garbiketa, mantentzea…)

* Inbestimendu gastuak iraunkortzat hartzen diren gastuak dira (gaiak urtebete baino luzeago bizi iraupena duelarik) eta ondarea hornitzera datoz. Gastu horiek dira, besteak beste, proiektua egikaritzeko behar diren bitartekoak erosi eta gauzatzeari loturiko kostuak (materialaren erostea, antolaketa lanak…).

6. artikulua: jarraipen batzordearen osaera eta egitekoa

Parekotasunez osaturik da bi talderekin:

Hendaiako Herriko Etxearen 10 ordezkari:

  • Garapen iraunkorra, Bizi Ingurunea eta Ingurumena, Herritartasuna eta Agenda 2030aren ardura duen auzapezordea
  • Udal gehiengoaren kide diren hautagaien artean zozketaz hautatu 6 hautetsi
  • Udal gutxiengoaren kide diren hautagaien artean zozketaz hautatu hautetsi 1
  • Komunikazio zerbitzuburua
  • Auzapezaren kabinetearen ordezkaria

Herritarren 10 ordezkari (Hendaiako 10 biztanle):

  • Adinez nagusi
  • Jaso diren hautagaien artean zozketaz hautatuak

Jarraipen batzordearen kideak 2021eko otsailaren 15aren eta martxoaren 21 arteko aldian zozketatuko dira; baliabidearen etapa nagusietan parte hartuko du.
Baliabidearen gardentasunaren eta zuzentasunaren bermatzailea da eta proiektuen onargarritasuna balidatzen du, hautatu diren proiektuen gauzatzearen jarraipena egiten du eta parte hartze bidezko aurrekontuaren lehen aldi honen balioztapena egiten du gauzatzen doan berdenboran, hurrengo urteetan egin litezkeen edizioetarako hobekuntzak eta aldaketak proposatzeko.

7. artikulua: zeintzuk dira 2021/2022ko parte hartze bidezko aurrekontuaren etapak?

1. etapa: baliabideari buruzko INFORMAzIOa ETa kOMUNIkAzIOa

Tarte hori hendaiarrei baliabidea ezagutzera emateko baliatuko da. Herriak eskura dituen bitarteko guztiak baliatuko ditu horren berri emateko.

2. etapa: proiektuen aurkezpena

Hurrengo proiektu dealdi berri batean osagarriak aurkez daitezkeela kontuan hartuz, norbanako batek, talde batek edo pertsona moral batek ezin du proiektu bat besterik aurkeztu 2021/2022ko parte hartze bidezko aurrekonturako.
Onartuak izateko, proiektuak 2021eko otsailaren 15etik martxoaren 21aren gauerdi bitartean aurkeztu beharko dira, horretarako den inprimakiaren bidez:
• zuzenean Hendaiako Herriko Etxearen webgunean horretarako dagoen orrialdean
• edo papera Hendaiako Herriko Etxean emanez edo helbide honetara igorriz (posta bulegoaren zigilua frogagiri):
Hendaiako Herriko Etxea – Komunikazio Zerbitzua, parte hartze bidezko aurrekontua – Errepublika plaza – 64701 Hendaia cedex.

3. etapa: onargarritasun azterketa

2021eko martxoaren 22tik apirilaren 4ra bitartean, Hendaiako udal zerbitzuek aztertuko dute aurkeztu diren dosierrak onar litezkeen ala ez, araudi honen 4 eta 5 artikuluek ezarri irizpideen arabera.
Proiektua inprimaki egokian aurkeztu beharko da, honako atal hauek guztiak argiki eta behar beste azalduz:

  • Proiektu eramailearen deitura, izena, sorteguna eta harremanetan jartzeko bideak (norbanakoarena edo taldearen edo pertsona moralaren «enbaxadorearena»): posta helbidea, telefono zenbakia eta, ahal balitz, e-helbidea
  • Proiektuaren izena
  • Bete nahi duen beharra (ikus 5. artikuluaren 3. puntua)
  • Helburuak
  • Azalpen laburra
  • Norako pentsatua den
  • Aurreikusi kostu zehatzak eta orotarakoa
  • Eranskinak aukeran (lekuaren argazkia, halako zerbaiten adibidea; krokisa edo eskema, aurrekontua…)

Proiektu eramaileei dei egin lekieke aurkeztu duten proiektuari buruzko zerbait zehazt dezaten, asmoa ulertzeko edota eskaria sailkatzeko.
Antzeko ezaugarriak dituzten proiektuak aurkeztuz gero, haien batzea aztertuko da proiektu eramaileekin elkar adituz.

4. etapa: jarraipen batzordeak bali egitea

2021eko ekainaren 28tik uztailaren 11 bitartean (astebetez), jarraipen batzordeak bali eginen du hurrengo etapara pasa daitezkeen proiektuen zerrenda.
Onartu ez diren proiektuen aurkezleei azalduko zaie zergatik ez zaien proiektua onartu.

5. etapa: proiektuak aurkezteko foroa

Urriaren 2an (larunbata), eskatuko zaie proiektu eramaileei gehienez ordu laurdenean aurkez dezaten proiektua (aurkezpena bera 5 minutuz gehienez eta gero izan litezkeen galdera-erantzunetarako 10 minutu gehienez) horretarako eginen den foro arratsalde batean.
Leku bererako edo gai bereko proiektuak badira, proiektu horien eramaileei beren artean mintza daitezen eskatuko zaie haien proiektuak bateratzeko aukera aztertzeko.
Proiektu eramaileek ezin badute foro horretara joan, ordezkari bat igor dezakete, baina inork ez badu proiektua azaltzen, bazter utziko da.

6. etapa: proiektuen bideratzea

2021eko apirilaren 19tik ekainaren 27 artekoan, Hendaiako udal zerbitzuek proiektuen egingarritasun tekniko, juridiko eta diruztapenekoa aztertuko dituzte.
Proiektu bakoitzari, azterketa horren emaitzaren araberako erantzuna emanen zaio.
Etapa horretan, zerbitzuek dei ditzakete proiektu eramaileak proiektua argitzeko edota zehazteko eta horrela errazago aztertzeko.
Aldaketak edota doiketak proposa litezke, proiektuak udalak dituen oztopoetara egokitzeko.
Bideratze fase horretan gerta liteke 2. etapan onargarritzat hartu den proiektua ez onartzea egingarritasunaren azterketaren ondorioz.
Bideratu beharreko proiektuen kopuruagatik, udal zerbitzuen azterketa fase horretarako aurreikusi diren 10 asteak baino denbora luzeagoa beharko balitz, hurrengo etapak horrenbeste denboran luza litezke ere.

2021eko ekainaren 28 eta uztailaren 11 artekoan, jarraipen batzordeak bali eginen du bozkatzera emanen diren proiektuen behin betiko zerrenda.
Azterketaren emaitza zeinahi izanik ere, proiektu eramaileei jakinaraziko zaie.

7. etapa: proiektuen kanpaina

2021eko uztailaren 19tik irailaren 30era bitartean, jarraipen batzordeak bali egin proiektuak guztientzat molde guztiz berdina erabiliz prestatuko dira eta hendaiarrei aurkeztu eta haien bozetara emanen dira.
Komunikazio digital edota paperezko euskarriak eginen dira proiektu bakoitza eta dituen berezitasunak sustatzeko. Herriak eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu bozetara eman proiektuen berri emateko.

8. etapa: bozka aldia

2021eko urriaren lehenetik azaroaren 14ko gauerdi bitartean, proiektuak hendaiarren bozetara emanik izanen dira: gutxienik 9 urte dituen hendaiar orok, herrian bizi, ikasi edota tokiko zergak ordaintzen baditu, eman dezake boza.
Zeinahi izanik ere bozketarako erabiliko den bidea, norbanako batek ezin du 3 proiektu baino gehiagoren alde bozkatu. Boz bakoitzak puntu bat ematen dio hautatu den proiektuari.
Proiektu bakoitzak jaso dituen bozen araberako zerrenda eginen da proiektuekin. Zerrendan beheraka eginez hautatuko dira proiektuak, orotara 200 000 euroko diru kopurua ahitu arte (ez da kopuru hori gaindituko).
Baldin eta ex-æquo gertatzen badira proiektuak, jarraipen batzordeak hautsiko du berdinketa garapen iraunkorraren eta energia trantsizioaren alde zenbateraino laguntzen duten kontuan hartuz.
Etapa hori bukatzean, onartu diren proiektuak ez dira, jadanik, aurkeztu dituztenenak. Ororen ondasun bilakaturik dira eta anonimo eginen dira, inork jabego intelektuala eska ez dezan.

OHARRA: Asmoa 200 000 euroko kopurua ahal beste erabiltzea denez, gehienezko mugara hurbiltzean, muga hori gaindituko ez duten proiektuak bakarrik onartuko dira.
Adibide baterako, lehen 3 proiektuek 160.000 € batzen badituzte, laugarrenaren aurrekontua 50.000 eurokoa bada, bostgarrenarena 30.000 eurokoa eta seigarrenarena 10.000 eurokoa, azken hautaketak lehen hiruak hautatzeaz gain, bosgarrena eta seigarrena hartuko ditu eta laugarrena bazter utziko, gastu gehiegi lekarkeelako.

9. etapa: herri kontseiluak bali egitea

Administrazio zuzenbidearen printzipio nagusia denez norbanako publiko batek ezin duela, in fine, duen erabaki ahalmena bazter utzi, herritarrek bozkatu eta hautaturiko proiektuak Herri Kontseiluaren bozketara emanen dira, kontseiluak eginen duen lehen bilkuran erabaki horiek bali egin eta Herriaren inbestimendu aurrekontura sartzeko.

10. etapa: gauzatzea

Hautatu diren proiektuak udal zerbitzuek gauzatuko dituzte abenduaren 31 baino lehen hasiz eta 2023ko maiatzaren 31 baino lehen beharko dira bururaturik izan.

8. artikulua: bozkatzeko bideak

Publiko anitz eta mota anitzekorengana heltzeko, hainbat bozka bide antola litezke, paperez edo digitalki:

  • Urrunetik, digitalki edo posta arruntaz
  • Bozkalekuetara joanez, leku jakinetan (Herriko Etxean, gazte Informazio Bulegoan, Mediatekan…) edo aldi jakinetan (merkatuak…)

Herritar bakoitzak ezin du behin besterik bozka eta gehienez 3 proiekturen alde.

9. artikulua: bozen zenbaketa

Jarraipen batzordeak zenbatuko ditu bozak eta, horren arabera, sarituak izan direnen zerrenda eginen du. Azaroaren 15etik 30era bitartean, Hendaiako Herriko Etxeak jakinaraziko dizkie emaitzak proiektu eramaileei eta hendaiarrei.

10. artikulua: proiektuburutza

Hendaiako Herriko Etxea izanen da hala proiektuburua nola obralaria.

11. artikulua: baliabidearen laguntzea

Baliabide berri horren berri eman eta ahal beste jenderi parte hartzeko aukera emateko, herri mailako komunikazio orokorreko plan bat emanen da plantan. Herriak eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu urraspidearen eta bozetara eman proiektuen berri emateko.
Zerbitzuen arteko zeharkakotasun handia beharko da prozesu osoan zehar eta, beren programazioan, dosierrak bideratzeko lan karga sartu beharko dute, oso denbora laburrean egin beharko baitute.

Udalak zerbitzu zibikoan diren pertsonak dei ditzake ere, bereziki abian jartzeko fasean eta proiektuen kanpaina aldian.

12. artikulua: baliabidearen jarraipena eta balioztapena

Parte hartze bidezko aurrekontuaren koordinazio orokorra Hendaiako Herriko Etxearen Komunikazio Zerbitzuak eginen du.
Proiektu eramaileak gonbida litezke lanen jarraipenera eta irekitze ekitaldira eta beren esperientzia azaltzera.
Jarraipen batzordeak egin etengabeko balioztapenak (ikus 6. artikulua) baieztatuko du erabili diren tresnak egokiak izan ote diren, arrakastatsu gertatu dena eta ekarri beharreko hobekuntzak seinalatuko ditu, baliabideak iraun dezan.

13. artikulua: Egikaritzea

Udal zerbitzuek, zerbitzuen zuzendari nagusiaren agintaritzapean, dute, bakoitzak dagokionean, araudi hau egikaritzeko ardura.