2023ko Azaroaren 29 asteazkenean, 18:30ean egin Herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 258.2023

Bi mila eta hogeita hirugarren urtean, azaroaren 29an, asteazkenarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and.,IRAZUSTA j., MOUNIOS-ADURRIAGA and., ARRUABARRENA j., CAMACHO-SATHICQ and., GRABIÈRES j. (Auzapezordeak), JEHAN j., HARAMBOURE and., EIZAGUIRRE j., BERNARD j., AIZPURU and., MANTEROLA j., PELEGRIN-ARAMENDY j., LEGARDINIER and., TARIOL j., ARZELUS ARAMENDI j., BEAUFORT and., LABEAU and., NAVARRON and., MARTIARENA GARAT j., COTINAT and., SALLABERRY j., BARRERO and., ESTOMBA and. (172.2023 zk. deliberamendutik goiti), BALANZATEGUI j. (175.2023 zk. deliberamendua arte), HIRIBARREN and.

AHALORDEAK: CEZA andreak MOUNIOS ADURRIAGA andreari, ROMAN andreak EIZAGUIRRE jaunari, DESTRUHAUT jaunak HIRIBARREN andreari

BERTARATU GABEA: POUYFAUCON j.

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.,

Deialdiaren eguna: 2023ko azaroaren 22a

Biltzarraren quoruma bete denez, auzapezak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2023ko urriaren 25eko HERRI KONTSEILUAREN AKTA ONARTZEA

AUZAPEZ JAUNAK: Ohi dugun tenorekotasunarekin, bilkura hau irekitzen dut. 2023ko urriaren 25 asteazkeneko bilkuraren agiriari dagokionean, Céline COTINAT andreak du hitza.

AUZAPEZ JAUNAK: Milesker COTINAT andrea. Agiria bozka dezagun proposatzen dizuet. Nork onartzen du? aurkako bozak, abstentzioak? Ez dut halakorik ikusten. Milesker.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gero gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO jauna, auzapeza

161.2023 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZ JAUNAK : Gai zerrendaren lehen gaia auzapezaren erabakien gainekoa da, hortaz. Ezer erraterik ez baduzue, auzapezak hartu erabakien jakinaren gainean garela diogu besterik gabe.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatu.

162.2023 – 3. ALDAKETA ERABAKIA – AURREKONTU NAGUSIA

AUZAPEZ JAUNAK: Aurrekontu nagusiaren 3. aldaketa erabakia dugu hori. Inbestimendu atalari besterik ez dagokio. Gorputz ibilgetuen kopurua murriztu dugu, batez ere lur erosketenak. 300 000 € genituen aurreikusiak eta 200 000 € gutxiago ditugu orain. Egiazki, erosketa bakarra egin dugu APHP erakundearenak ziren lurrak erosiz. Horrela, 100 000 € gutxiago itzuli behar ditugu maileguan 2023. urtean. Mailegu itzultze hastapen bat izanen da 2024an.

Erreserba funtsen zuzkidurei dagokienean, 200 000 € ditugu, hau da, gutxitze bat BEZaren ordaintzeko funtsan aurreikusten genituen diru sartzeetan. Maileguei dagokienean, aurreikusiriko maileguaren gutxitzea 100 000 €koa izan da.

Gure inbestimendu atalean, hortaz, gastuetan – 300 000 € ditugu eta diru sartzeetan – 300 000 €. Onartzen ote duzue 3. aldaketa erabaki hau?

ADIERAZI BOZ GUZTIEK ONETSIA –

6 abstentzio: MANTEROLA j., LEGARDINIER and., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., MARTIARENA GARAT j., COTINAT and.

163.2023 – ELKARTASUN BERMEA IRAKASKUNTZA KATOLIKOA KUDEATZEKO GEROKO ERAKUNDEARI (IKKE-OGEC) CRÉDIT COOPÉRATIF DELAKOAREKIN MAILEGUA EGITEKO – ANTOLAKETA LANAK

AUZAPEZ JAUNAK: GEROKO erakundearen (IKKE-OGEC) aldeko elkartasun berme bat dugu gaia; ohiko zeregina da mailegu batean bermeak ukateko. GEROKO erakundeak (IKKE-OGEC) 600 000 €ko mailegua hartu du Crédit Coopératif delakoarekin San Bixente kolegioaren antolaketa lanen bururatzeko eta Herriari eskatu dio elkartasun bermea eman diezaion horretan.

Nire ustez, ados gara eskatu zaigun bermea emateko % 30ean, hau da, 180 000 €tan,  600 000 € proposatuko zaizkigularik kopuru guztiak ordaintzeko hala kapitalean nola interesetan, berantagatiko interesetan, kalteordainetan, gastuetan, gehigarrietan eta, noski, maileguaren beraren kopuru nagusian, hau da 600 000 € GEROKO erakundeak (IKKE-OGEC) kontratatzeko asmoa duena Banque Poulaire bankuaren kapital aldagarriko Crédit Coopératif delako sozietate kooperatibo anonimoarekin, sozietate egoitza boulevard de Pesaro, Nanterre Cedex helbidean duena eta identifikazio zenbaki bakarra 349 914 931 RCS Nanterre, jarraian datozen moldeetan. Gogoan har ezazue 600 000 €ko mailegua dela, urteko interes tasa % 4,40, iraupen osoa 180 hilabete, aurrediruztapenaren iraupena 12 hilabete, amortizazioaren iraupena 180 hilabete, maileguaren bermearen diruztatze parte bat Departamendu Kontseiluak emanen du, % 50ean engaiatzen delarik. Herriaren bermea eragiketaren iraupen osorako ematen da, hau da, 180 hilabete, behin funtsak bateraturik.

Deliberamenduaren gainerakoa hor duzue. Ondorioa da eztabaida egin ondoren Herri Kontseiluari proposatu zaiola baimena eman diezaiola auzapezari edo Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L. 2122-17,L. 122-18 eta L. 122-19 artikuluei jarraikiz baimendurik den pertsona orori, parte har dezan Crédit Coopératif eta GEROKO erakundearen (IKKE-OGEC) artean eginen duten mailegu kontratuan, eta gerora ere ari ahal dadin, beste delliberamenduren beharrik ere gabe, bermea gauzatu beharko balitz egin beharko liratekeenak egiteko, eta uko egitea Crédit Coopératif sozietateari kontrajartzera Hendaiako Herriak GEROKO erakundearekin egitera doan berme hitzarmena edo bere bermea jokoan ematea menean hartuko duen beste zeinahi baldintza. Onartzen ote duzue deliberamendua? Nork onartzen du? Aurkako bozik edo abstentziorik ote da? Ez dut batere ikusten. Milesker.

Hurrengo gaietarako, Frédéric TRANCHE jaunak du hitza.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

164.2023 – HENDAIA TURISMO ETA MERKATARITZAK ANTOLATU MERKATUEN EMAITZA ITZULTZEA – 2023. URTEA

TRANCHE jaunak: Dakizuen bezala, Turismo eta Merkataritza Bulegoak azokak eta merkatuak antolatzen ditu udaberriko eta udaldiko oporraldietan hemen beherean azaltzen zaizuen bezala. 2023an ekitaldi horietan leku eskubideen ordainez eskuratu dugun dirua 48 710 € dira.

Halatan, eztabaida egin eta Herri Kontseiluari proposatu zaio auzapez jaunari baimena eman diezaiola leku eskubideengatik eskuratu diru sartzeen kopuru hori HENDAIA TURISMO ETA MERKATARITZA IMEPari eman diezaion. Horretarako behar diren diruak aurrekontu nagusian dira aurreikusiak.

AUZAPEZ JAUNAK : Onartzen ote duzue deliberamendu hau? bai, ez, abstentzio? Milesker.

AHO BATEZ ONETSIA –

165.2023 – ORDAINPEKO APARKATZEAREN KONTROLA – ANTAI HITZARMENA 2024-2026

TRANCHE jaunak: MAPTAM legera gatoz berriz ere. Aparkatze eskubidea den eta ordaindu ezean edo gutxiegi ordainduz gero leku publikoen erabiltzeko zerga bihurtu zen erabilera hori aldatu du lege horrek. Erabiltzaileak horrela ez du jadanik arau-hauste penalik egiten eta Aparkatze Ondoko Tarifa Finko bat, FPS izenaz ezagun dena, behar du ordaindu.

Herri Kontseiluak aparkatze zergaren tarifen zerrenda eta horren kudeatze bideak onartu zituen 2022ko abenduaren 14an. Aparkatzearen aldaketa horren plantan ematearen luzatzean, ukituak diren kolektibitateek hitzarmen bat sina zezaketen Hutsen Tratamendu Automatikorako Nazio Agentziarekin (HTANA-ANTAI) FPS mezuen eta APA direlakoen izapidetzeko.

Hendaiako Herriak HTANA-ANTAIrekin «ziklo osoko» deitu hitzarmen horren 3 urtetarako izenpetzea landu, bozka eta onartu zuen 2021eko urtarrilaren 27an eta orain hitzarmen hori abenduaren 31n iraungiko da. Herriko Etxeak alde batetik eta HTANA-ANTAI agentziak beste aldetik ziklo osorako hartu zituzten engaiamenduak eman zaizuen hitzarmenean azaldu dira. Hitzarmenaren beste xedea HTANA-ANTAI agentziaren Aparkatze Ondoko Tarifa Finkoaren zerbitzuaren (HTANA-ANTAI-FPS zerbitzua) informatika sistemarako sarbidea kudeatzea da, bai eta erabiltzeko bide eta baldintzak zehaztea.

Ikusirik Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusia, lurraldeko jardun publikoaren modernizatze eta metropolien baieztatze legea,

Ikusirik HTANA-ANTAI agentziaren sortzeko 2011ko martxoaren 29ko dekretu aldatua,

Ikusirik Aparkatze Ondoko Tarifa Finkoaren printzipioa ezartzen duen 2017ko irailaren 19ko deliberamendua,

Ikusirik «ziklo osoko» hitzarmena onartzen duen urtarrilaren 27ko deliberamendua,

Kontuan hartuz legeak HTANA-ANTAI agentzia izendatu duela FPS emendatuen kobratzeko agiri betearazleak emateko eta lurralde kolektibitateek berarekin behar dutela, nahitaez, hitzartu,

Kontuan hartuz erabiltzaileei komeni zaiela kalitate jarraikitasuna izatea FPS direlakoen eta FPS emendatu direlakoen artean,

Kontuan hartuz HTANA-ANTAI agentziak baduela horretan esperientzia eta nazio lurralde osoan isun elektronikoak kudeatzeko ardura duen operadorea dela,

Kontuan hartuz Herriak ez duela FPS direlako horiek asma, egin eta kudeatzeko ez eskumen ez eta baliabiderik eta egun inongo operadore pribatuk ez duela HTANA-ANTAI agentziak nazio mailan duen adina esperientzia,

Halatan, bada, eztabaida egin eta honako hauek proposatu zaizkio Herri Kontseiluari:

  • Onar ditzala eranskineko «ziklo osoko» hitzarmenaren hitzak,
  • Eta baimena eman diezaiola auzapez jaunari hitzarmen hori eta deliberamendu honen gauzatze egokirako behar diren dokumentu guztiak sina ditzan.

AUZAPEZ JAUNAK : Onartzen ote duzue deliberamendua? bai, ez, abstentzio? Milesker. TRANCHE jaunak beste gai batekin darrai.

AHO BATEZ ONETSIA –

166.2023 – HONDARRAITZ AUZOKO MERKATARIAK – APARKALEKUAK UZTEA – HONDARRAITZ APARKALEKUA – 2024KO UDALDIA

TRANCHE JAUNAK: Ongi ezagutzen duzuen baliabidea da oraingo hau; gure merkatariei Hondarraitz estadioaren eremuan, Elizazilio karrikan, lekua egiteko asmoa du. Estadioaren aparkalekuak 63 leku ditu uztail-abuztuan alokairuan eskaintzen direnak. Aparkaleku hetsia da. Pasa txartel berezi batez zabaltzen den hesi batez sartzen da hara.

2024rako proposatzen den baliabidea aurreko urteetan ziren traba tekniko eta logistiko berdinetan oinarritzen da. Erabiltzaile bakoitzak bere pasatxartel berea dauka, berarentzat eta baimenduriko ibilgailu bakarrerako besterik ez dena. Aparkaleku hori merkatariak sostengatzeko ez beste zereginetan erabil ez dadin eta pasatxartelak eskutik eskura ibil ez daitezen, pasatxartelei eta aparkalekuei zenbakia emateaz gain, erabiltzeko eskubidea duten ibilgailuen kontrola eginen dute udal zerbitzuek.

Erabiltzaile bakoitzak 100 euroko kaudimena emanen du eta estadioaren aparkalekura uztailaren 6tik irailaren 4ra bitartean sartzen ahalko da, hau da, eskola oporraldian, abuztuaren 9, 10 eta 11, euskal bestaren asteburuan izan ezik.

Ordutegiari dagokionean, aparkalekua gauean hustu behar da; goizeko 6etatik goiti erabil liteke, egunero. Tenore horretan ekiten diote udal zerbitzuek beren zerbitzuari, estadioaren gibelaldean.

Estadioaren eremuan aparkatu ibilgailu bakoitzerako, 2024ko baliabideak 80 euroko tarifa proposatzen du aldi osorako; prezio horrek pasatxartelaren kostua eta sistema horrek herriko etxeari dakarzkion arazoak estali beharko luke.

Ikusirik Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusia,

Ikusirik Herri Kontseiluaren 2022ko azaroaren 16ko deliberamendua,

Kontuan hartuz Hondarraitz auzoko merkatariek aparkatzeko dituzten arazoak udaldi bakoitzean errepikatzen direla,

Halatan, bada, eztabaida egin eta honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari:

  • Onar dezala Hondarraitz estadioaren aparkalekua Hondarraitz auzoko merkatariei beste udaldi baterako, hau da, uztailaren 6tik irailaren 4ra bitartean, eskaintzearen printzipioa 2023ko baldintza berdinetan, nire aitzineko hitzetan aipatu ez nituen 100 eurotako kaudimenarekin halere.

AUZAPEZ JAUNAK : Onartzen ote duzue deliberamendua? Nork onartzen du? Aurkako bozik edo abstentziorik ote da? Ez dut batere ikusten. Milesker. TRANCHE jaunak beste gai batekin darrai.

AHO BATEZ ONETSIA –

167.2023 – JABARI PUBLIKOA MERKATARITZA JARDUNETARAKO ERABILTZEAREN ZERGAK – 2024KO URTARRILAREN LEHENETIK GOITI ERABILIKO DIREN TARIFAK

TRANCHE JAUNAK: Urte hondarrean, arauak horretara beharturik, jabari publikoa merkataritza jardunetarako erabiltzeagatiko zergak bozkatu behar ditugu. Hartara, 2024ko urtarrilaren lehenetik goiti erabiliko ditugun zergen kopuruak zehaztu behar ditugu.

Ez da tarifetan aldaketa berezirik izanen; gure zerbitzuek aurten biziturikoaren ondorioz proposatu osagarri txiki batzuk eta lehen ez genituen tarifak besterik ez. Halatan, bada, bazen itsas hiribideaz beste sektoretan fakturatu beharreko arte jarduna eta 3,50 eurotan eman dugu baina urririk irabazi asmorik gabeko elkarteentzat edota merkataritza asmorik gabeko artistentzat.

Aldaketa gutxi dago. Azken orrialdeko tarifak aldairetarakoak dira, 16 € eta 55 €, harat-honatak, materialak ekartzeko karrika hesteak, garabien muntatzeko, egunkako prezio batekin.

Halatan, bada, eztabaida egin eta honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari:

  • Ezar ditzala jabari publikoa merkataritza jardunetarako erabiltzearen zergak 2024ko urtarrilaren lehenetik goiti, hor goiko taulan ageri bezala.

AUZAPEZ JAUNAK : Hauteskide horiek, ados ote zarete? Bai, ez, abstentzio? Milesker. Jean-Michel ARRUABARRENA jaunak du hitza.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Jean-Michel ARRUABARRENA j.

168.2023 – HENDAIAKO ITSAS OPORLEKUAREN EREMUAN DAGOEN ORDU-MARKAGAILUAREN EMAITZA ITZULTZEA

ARRUABARRENA JAUNAK: Ordu-markagailuek ekarri dirua diru sartzeen eta ordu-markagailuen konpainiaren kudeatzaileak du altxatzen. Halarik ere, Hendaiako Itsas Oporlekuaren (kirol portua) eremuan dagoen ordu-markagailuan bilduriko diruak Hendaiako Itsas Oporlekuari behar zaizkio itzuli. 2023. urtean 45 973,30 € bildu dira hor. Aldiz, ordu-markagailuaren funtzionamendu gastuak kontatuko dira.

Halarik ere, gastu horiek ez ditugu urtealdia amaitu arte behin betiko ezagutuko.

Halatan, bada, eztabaida egin eta honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari:

  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari ordu-markagailuaren diru sartze kopurua den 45 973,30 €ko kopurua itzul dezan,
  • Eta konta ditzala ordu-markagailu horren funtzionamendu gastuak zehaztuko direnean.

AUZAPEZ JAUNAK : Ados ote zarete?

AHO BATEZ ONETSIA –

169.2023 – LAKET PORTUAREN ETA ARRANTZA PORTUAREN EREMUETAN DAUDEN ORDU-MARKAGAILUEN EMAITZA ITZULTZEA

ARRUABARRENA JAUNAK: Aitzineko deliberamenduaren printzipio beretik doa honako hau ere; oraingoan, ordu-markagailuak laket portuaren eta arrantza portuaren eremuetan daudenez haien aurrekontu erantsiei behar zaizkie itzuli.

2022. urterako, 56 253,90 €koa da diru sartzea laket portuarentzat eta 53 647,20 €koa arrantza portuarentzat.

Aldiz, ordu-markagailuen funtzionamendu gastuak 7457,12 €koak izanen dira laket portuarentzat eta 3728,56 €koak arrantza portuarentzat.

Halatan, bada, eztabaida egin eta Herri Kontseiluari proposatu zaio baimena eman diezaiola auzapez jaunari:

  • Dagozkien aurrekontu erantsietara itzul ditzan laket portuaren eremuan dauden ordu-markagailuek bildu 56 253,90 euroak eta arrantza portuaren eremuan dauden ordu-markagailuek bildu 53 647,20 euroak,
  • 7457,12 €ko titulua jaulki dezan laket portuarentzat hango ordu-markagailuen funtzionamendu gastuen ordainez, eta 3728,56 €koa arrantza portuarentzat. Horretarako behar den dirua aurrekontu horien 2023ko hastapeneko aurrekontuetan dira aurreikusiak.

AUZAPEZ JAUNAK: Milesker ARRUABARRENA jauna. Erabaki dezagun. Nork onartzen du, bada aurkako bozik edota abstentziorik? Milesker. Nicole BUTORI andreak du hitza.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

170.2023 – HITZARMENA FAMILIA LAGUNTZA KUTXAREKIN ETA LABORARIEN GIZARTE MUTUALITATEAREKIN

BUTORI andreak: Nazio mailako Familia Laguntza Kutxak (NFLK-CNAF) eta Laborarien Gizarte Mutualitatearen Kutxa Nagusiak (LGMKN-CCMSA) hitzarmen bat sinatu zuten 2022ko ekainaren 9an, haurrentzako harreren eta ostatatze gabeko aisialdi harreren diruztatzeko urraspideak errazteko. Pirinio Atlantikoen lurraldeko egoeraren diagnostiko oso bat egin ondoren, Familia Laguntza Kutxak eta Laborarien Gizarte Mutualitateak tokian adostu dute eskuhartze prezio bakarra proposatzea kolektibitateen jarduerak diruztatzeko bi egiturei, bizi arro bakoitzerako zehazturik, 2024tik goiti.

Hendaiako herria loturik da jadanik FLKrekin zerbitzu hitzarmen batez. Halatan, bada, Hego Akitaniako FLK/LGM elkar diruztapenarako bide berri horiek irekitzeko, egun duen hitzarmena bertan behera utzi behar du Familia Laguntza Kutxak eta helburu eta bitartekoen hitzarmen berria proposatu behar dio herriari, hiruarteko (Herria-FLK-LGM) diruztatze atal batekin.

Goiko elementu horietan oin hartuz, eztabaidatu eta Herri Kontseiluari proposatu zaio auzapez jaunari baimena eman diezaiola honako hauek egin ditzan:

  • bertan behera utz dezan HENDAIAko Herriaren eta FLKaren artean zerbitzu emateari buruz 2022ko urtarrilaren 18an sinaturiko hitzarmena,
  • helburu eta diruztapeneko hiruarteko hitzarmen hau sina dezan,
  • horri loturiko dokumentu oro sina dezan.

AUZAPEZ JAUNAK: Milesker BUTORI andrea. Galderarik ez bada, bozka dezagun. Nor da alde, nor da aurka, abstentziorik? Ez dut halakorik ikusten. Milesker. MOUNIOS ADURRIAGA andreak du hitza.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Michelle MOUNIOS ADURRIAGA and.

171.2023 – KULTURA: IKUSKIZUNAK, KONTZERTUAK, ERAKUSKETAK, BITARTEKARITZA JARDUNAK – TARIFAK

MOUNIOS ADURRIAGA andreak: Kultura ekitaldietarako sartzeen tarifak 2024ko urtarrilaren lehenetik goiti finkatzen dira.

Asmoa ez da jadanik indarrean diren tarifak aldatzea, baizik eta informazioak osatzea gertatu zaizkigun egoera guztietara egokitzeko.

Halatan bada, ikasleentzat (eskolak, kolegioak, lizeoak) ikastaldian edo ikastaldi kanpo datozen gainerako ikasleentzat erabiltzen den tarifa berdina da (adibide baterako, barnetegitik ateraldia egitean).

Gero, gonbitetan, gaineratu dugu urtean bi leku eskaintzea eskaera eginen duten ikasle gurasoen elkarteei, lotoetan sari gisa erabil ahal ditzaten.

Xehetasun gehigarri bat emango nuke, ahalmen urritasunen bat duten pertsonek prezio murriztua ukanen dute eta laguntzailearentzat urririk.

Beraz, eztabaida egin ondoren, Herri Kontseiluak baimena eman dio auzapez jaunari honako hauetarako:

  • Goian proposatu tarifak onar ditzan,
  • Tarifa horiek 2024ko urtarrilaren lehenetik goiti erabil ditzan herriak antolatuko dituen kultura ekitaldi orotan.

AUZAPEZ JAUNAK: Bada galderarik? Ez da halakorik. Bozka dezagun. Nork onartzen du, aurkakorik edo abstentziorik? Ez dut halakorik ikusten. Milesker.

AHO BATEZ ONETSIA –

ESTOMBA andrea biltzarrera lotu da.

172.2023 – 2024KO KULTURA PROIEKTUAK – DIRULAGUNTZA ESKARIAK

MOUNIOS ADURRIAGA andreak: Urtero bezala, hainbat diru laguntza eskatuko zaie Eskualde Kontseiluari, Departamentu Kontseiluari eta Euskal Elkargoari kultura sasoia eta Antzerkiaren Maiatza diruztatzeko.

Honako hauek proposatzen dizkizuet:

  • Eska diezazkiozuen, 2024 urterako, Eskualdeari, 40.000 € arte proiektua diruztatzeko, «Hurbileko kultura lekuak» delakoaren kontura, eta 15.000 € «Antzerkiaren Maiatza» festibalerako, Kultura Ekitaldien kontura
  • Eska dezaiozuen Departamenduari hiru urtetarako hitzarmena egin dezan gurekin, eta 10.000 euroko dirulaguntza bat eman diezagun 2024rako, lurralde lankidetzako proiekturako
  • Eska diezazkiozuen Euskal Elkargoari oraindik zehazteke ditugun kopuruak,
  • Baimena eman diezaiozuen auzapez jaunari kultura proiektu horiei loturiko dokumentu oro sina dezan.

AUZAPEZ JAUNAK: Milesker MOUNIOS ADURRIAGA andrea. Bada galderarik? Ez da halakorik. Bozka dezagun. Nork onartzen du, aurkakorik edo abstentziorik? Ez dut halakorik ikusten. Milesker.  Itziar AIZPURU andreak du hitza.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Itziar AIZPURU and.

173.2023 – BIZTANLERIAREN ERROLDA – ERROLDATZAILE LANPOSTUEN SORTZEA – 2024KO URTEA

AIZPURU andreak: Biztanleria erroldatzeko egungo moldea 2004. urteaz geroztik da aplikatzekoa eta, 10 000 biztanletik gorako herrien kasuan, urtero biztanleriaren zati baten errolda egitea da moldea.

Errolda eragiketa horietarako 6 erroldatzaile behar ditugu kontratatu.

Lanpostuak kontratupeko langileak kontratatuz beteko dira, Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren L.332-23-1 artikuluak agintzen duenari jarraikiz, jardunaren aldi bateko areagotzeagatik kontratupeko langileak kontratatzeko aukera ematen duelarik.

Hartara, lanaldi osoko kontratupeko sei lanpostu sortzea proposatzen zaizue, 2024ko otsailaren 18tik 24ra eginen den biztanleriaren erroldarako kontratatuz. Lanpostu horien ordainsaria funtzio publikoaren 397 indize gordinaren oinarriaren araberakoa izanen da.

Kontuan hartuz INSEE erakundeak eman formakuntzaren aldiak eta misiorako egin beharreko aurkitze lana, kontratua 2024ko urtarrilaren 8tik otsailaren 29 bitarteko aldirako ezarriko da. Erregai gastuak barne dira. 250 € gordinetako misio bururapen sari bat emanen zaie langileei bizitegien orrien itzultze maila % 99koa edo handiagoa bada.

Halatan, bada, eztabaida egin eta herri kontseiluari proposatu zaio baimena eman diezaiola auzapez jaunari honako hauek egin ditzan:

  • Goian aipaturikoak eginen dituzten kontratupeko langileak kontrata ditzan,
  • Kontratuaren ordainsaria goian zehaztu bezala ezar dezan,
  • Lanpostu horietarako lan kontratuak sina ditzan.

Zehaztu da gastu hori 012 kapitulu, 64131 artikulu aurrekontu kontura joanen dela.

AUZAPEZ JAUNAK: Milesker AIZPURU andrea. Bada galderarik? Ez dut halakorik ikusten; bozka dezagun. Nork onartzen du, nork aurka bozkatzen du edo abstentziorik? Milesker. Itziar AIZPURU andreak jarraitzen du hurrengo gaiarekin.

AHO BATEZ ONETSIA –

174.2023 – LANPOSTU IRAUNKORREN TAULA ALDATZEA – LANALDI OSOKO EUSKARA PROIEKTUBURU LANPOSTUA SORTZEA

AIZPURU andreak: Auzapezak lanaldi osoko euskara proiektuburu lanpostu iraunkorra sortzea proposatu dio Herri Kontseiluari garatzen ari den zerbitzu horren beharrei eta zereginei arrapostua eman asmoz.

2023ko ekainaren 29ko deliberamendu batez, Herri Kontseiluak lanaldi erdiko euskara garatzaile lanpostu bat sortzea erabaki zuen. Kontratatzearen epaimahaia irailaren 14an bil eta ez zen hortik emaitzarik atera. Lanpostu hori zeharkakoa egin nahiz eta zuzendaritza eta politika publiko orok «euskara» dimentsio hori bere egin ahal dezan, auzapezak, orain, aipaturiko lehengo deliberamendu haren bidez sorturiko lanpostu erdi hura hestea eta lanaldi osoko proiektuburu lanpostu bat sortzea proposatu dio Herri Kontseiluari. Gutxitzen joanen den dirulaguntza emanen du Euskal Hirigune Elkargoak langile horren kontratatzeko, lehen urtean 15 000 € emanez eta gero, N+1 urtean 10 000 € eta 5000 € N+2 urtean. Proposaturiko lanpostua B kategorian proposatuko da.

Lanpostu hori honela bete liteke:

  • Funtzionario bat kontratatuz, Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren L. 311-1 artikuluak ezarri printzipio orokorrari jarraikiz,
  • Salbuespenez, kontratupeko langile bat kontratatuz, Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren L. 332-8 2° bi artikuluak dioenari jarraikiz.

Lan kontratuak gehienez 3 urterako eginen dira; luzatzea erabaki eta hala eginen dela erran liteke, baina gehienez 6 urterako.

Sei urteko aldi hori pasa ondoren, kontratua luzatuko dela erranez gero, mugagabeko aldi baterako luzatuko da.

Kontratupeko langile bat kontratatuz gero, lanpostuari 401 eta 707 indize gordinen arteko maila bat egotz dakioke. Lansaria kontratatuko denaren diploma mailaren, lanbide esperientziaren eta kalifikazioaren arabera ezarriko da.

Lansariak 2022ko otsailaren 23ko herri kontseiluaren bilkuran erabaki deliberamenduak ezarri sari eta kalteordainak ukanen ditu, halakoen egoera gertatuz gero.

Eztabaida egin eta honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari:

  • lanaldi osoko lanpostu iraunkor bat sortzea 2024ko otsailaren lehenetik goiti
  • 2023ko ekainaren 29ko deliberamendu batez sortu euskara garatzaile lanpostu erdia hestea
  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari 2024ko otsailaren lehenetik goiti lanaldi osoko lanpostu iraunkor bat sortzea erabaki dezan,
  • 2023ko ekainaren 29ko deliberamendu batez sortu euskara garatzaile lanpostu erdia hestea,
  • zehazt dezala lanpostu hori funtzionario bat edo kontratupeko langile bat kontratatuz bete ahalko dela,
  • dosier honi loturiko dokumentu oro sina dezan eta kontratatzea egin.

Horretarako behar diren diruak urtealdiaren aurrekontuan aurreikusiak dira.

AUZAPEZ JAUNAK: Milesker AIZPURU andrea. Bada galderarik? Nork onartzen du deliberamendua, nork bozkatzen du aurka edo nor abstenitzen da? Milesker. Itziar AIZPURU andreak darrai hurrengo gaiarekin ere.

AHO BATEZ ONETSIA –

175.2023 – IEZI EUSKAL ITSASBAZTERRA ELKARTEA – EZOHIKO DIRULAGUNTZA

AIZPURU andreak: 2011az geroztik, LITTORAL BASQUE-EUSKAL ITSASBAZTERRA elkartea -IEZI Euskal Itsasbazterra labelduna- eta Hendaiako Herria elkarrekin aritzen dira Hendaiako lurretan ekologia trantsizioaren eta garapen iraunkorraren atal guztiei zientzia eta kultura balioa emateko.

Urteetan zehar, herriko naturaguneetan oin hartu eta jarduera egitarauak garatu ditu IEZI Euskal Itsasbazterrak jende mota anitzentzat (ikasleak ama eskolatik unibertsitateraino, aisialdi harlekuak, helduak, publiko bereziak) ingurumen heziketaren, arte eta kultura heziketaren, zientzia bitartekaritzaren naturaren jarraipenaren eta urraspide iraunkorren alorretan.

Kontuan hartuz lurraldean ekologia trantsizioaren, ingurumenaren, bioaniztasunaren eta garapen iraunkorraren gaietan animazioa garatu eta faboratzearen interesa, helburu eta bitartekoen hitzarmen bat ezarri da IEZI Euskal Itsasbazterraren eta Hendaiako Herriaren artean.

Elkarrekin zehaztu dituzten helburuei arrapostua eman nahiz, hitzarmen horrek zehazten ditu IEZI Euskal itsasbazterrak gauzatu beharko dituen ekintza eta egitarauak, bai eta Hendaiako Herriak ekar diezaiokeen teknikazko eta diruzko laguntza.

Hendaiako Herriak eta IEZI elkarteak 2023ko uztailaren 26an elkarrekin sinatu helburu eta bitartekoen hitzarmenaren harira, bereziki 4.3.2 artikuluaren harira, honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari:

IEZI elkarteari 20 601 €ko dirulaguntza ematea 2023. urte hondarra arte egin ahal ditzan bere egiteko guztiak. Hor goian azaldu elementuetan oin hartuz eta eztabaida egin ondoren, Herri Kontseiluari proposatu zaio baimena eman dezaiola auzapez jaunari honako hauek egin ditzan:

  • 20 601 €ko dirulaguntza eman diezaion aipatu elkarteari,
  • erabaki horren gauzatzeko hartu beharreko erabaki oro har dezan eta dokumentu oro sina.

AUZAPEZ JAUNAK: Milesker AIZPURU andrea. Ez da galderarik, ez da hala?. Bozka dezagun. Nork onartzen du? Bada aurkako bozik edo abstentziorik? Ez dut halakorik ikusten. Milesker.  Laurence BEAUFORT andreak du hitza.

AHO BATEZ ONETSIA –

BALANZATEGUI jaunak alde egin du biltzarretik.

TXOSTENGILEA: Laurence BEAUFORT and.

176.2023 – LAKET PORTUAREN 2024RAKO TARIFAK EZARTZEA

BEAUFORT andreak: Bai, arrats on orori. Laket portuaren 2024ko tarifak ezartzeari buruzko deliberamendua. Urtero bezala, laket portuan itsas oporlekuak datorren urtean erabiliko dituen tarifak ezarri behar dira.

Horren harira, hainbat aldaketa egin behar dira laket itsasturientzat errazagoak, osoagoak eta argiagoak izanen diren tarifak ezartzeko, inguruko portuekiko lehiakor izaten jarrai dezagun.

Lehen-lehenik, maneiu tarifak orain ontzien pizu eta luzeraren araberakoak dira zona teknikoan kokatzerakoan, bai eta sasoiaren araberakoak ere, eta ez dira jadanik maneiurako egokiak, laket portuak ez baitu ontzien pizatzeko balantzarik igogailuan.

Halatan, bada, honako hauek proposatu dira:

  • maneiu eta gordetze tarifak ontziaren luzeraren arabera ezartzea,
  • “prezio/metro/egun” tarifa sasoiari begiratu gabe proposatzea,
  • luzeretan 3 kategoria besterik ez ezartzea,
  • 5 egunetara luzatzea zerga dispentsa urteko ontzien karenatzerako,
  • maldaren tarifa goratzea, baina ibilgailuaren eta atoiaren gordetzea osagarri gisa proposatuz itsasora egin ateraldiaren artean,
  • ontzien gordetze oinak alokatzeko batezbesteko tarifa ezartzea,
  • zenbait tarifa gaineratzea (mastaren gordetzea, ontzi gabeko atoia aparkatzea).

Urterako abonamenduei dagokienean, tarifen % 4ko goratzea poposatzen da, batez ere itsas oporlekuak jasaten duen inflazioagatik eta energia gastuen goratzeagatik.

Hartara, eztabaida egin eta honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari:

  • azaldu aldaketa elementuak onar ditzala,
  • ezar ditzala 2024rako tarifak eta erabiltze eskubideak, deliberamendu honen eranskinean datozen bezala.

AUZAPEZ JAUNAK: Milesker BEAUFORT andrea.

AUZAPEZ JAUNAK: Ea, bada. Deliberamendua bozka dezazuen proposatzen dizuet. Ados ote zarete? Bai, ez edo abstentzioa? Milesker; Chantal KEHRIG COTTENÇON andreak du hitza.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

177.2023 – BIZITEGIEN HOBETZEKO EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOAREN OROREN ONERAKO PROGRAMA – PARTZUERGO HITZARMENAREN 2. GEHIGARRIA

KEHRIG COTTENÇON andreak: 2018ko irailaren 27an eman zen abian Ororen Onerako Programa (OOP-PIG); bertan bizi diren jabeen eta alokatzaileen bizitegia hobetzeko laguntza baliabide sustatzaile bat da eta Euskal Hirigune Elkargoaren eremua hartzen du.

Bizitegi zaharren hobetzeko behar diren baldintzak sortzeko aukera ematen du, bereziki honako hauek egiteko aukera:

  • duintasun gabeko eta oso hondaturiko bizitegien egoerak lantzea,
  • adinekoen eta ahalmen urritasunen bat dutenen autonomia faboratzea,
  • bizitegien energia berriztapena laguntzea,
  • eta azkenik, hitzarmen bidezko alokantza eskaintza garatzea, alokantza laguntza arruntekoa nola laguntza oso handikoa.

Bizitegi pribatu zaharren gaineko Elkargoaren politikaren orotako baliabide horrekin Euskal Hirigune Elkargoaren osagarri, honako partzuer hauek aritzen dira ere: Bizitegien Nazio Agentzia (BNA-Anah), 64 Departamendu Kontseilua, Pirinio Atlantikoen FLK-CAF, PROCIVIS Hego Akitania eta Abbé Pierre Fundazioa. Hendaiako Herria horren gehigarri gisa aritzen da, bere borondatez, jabeen proiektuen diruztatzen, eranskinean eman zaizuen Euskal Hirigune Elkargoarekin 2018ko azaroaren 26an sinatu partzuer hitzarmenak zehaztu baldintzetan.

Hendaiari dagokionean, Euskal Herriko OOP-PIG horren azken bost urteotako (2019/2023) emaitza orokorra honako hau dugu:

  • bertan bizi diren jabeen 42 bizitegi ditugu diruztaturik eta jabe alokatzaile batek diruztatu bizitegi hitzartu bat
  • eta 8 dosier dira azter bidean.

Baliabide horrek ukan duen arrakasta ikusirik, EHEk urtebetez luzatu nahi ukan du OOP-PIG baliabide hori, hau da, 2024ko azaroaren 30 arte.

Halatan, bada, jadanik ditugun moldeen arabera, partzuergoarekin jarrai dezagun proposatzen zaizue Hendaiako bizitegien hobetzearen alde aritzen jarraitzeko.

Gogoa har, herriak honako xede hauekin sostengatzen du Ororen Onerako Programa (OOP-PIG):

  • bizitegi pribatuen jabeentzako diruztapen publikoen eragina optimizatzea,
  • bertan bizi diren jabeak laguntzea, Anah agentziak diruz laguntzen duen gastuaren % 2,5 diruztatuz
    • adinekoak edota ahalmen urritasunen bat dutenak etxean geratu ahal izatea,
    • duintasun gabeko bizitegien aurkako borroka,
    • bizitegien energia berriztapena
  • eta laguntza arrunteko edo laguntza handiko eskaintza hitzartua laguntzea Anah agentziak diruz lagunduriko gastuaren % 2,5 diruztatuz.

OOP-PIG horren harira egin diruzko laguntzaz gain, Herriak bizitegiak huts geratzearen aurka borrokatzea erabaki du, jabeak 2 urte baino luzeago erabili gabe dituen ondasunak hitzarturiko bizitegi lagunduen merkatura berriz ekartzera akuilatuz.

Halatan, bada, eztabaida egin eta auzapez jaunari honako hauetarako baimena eman diezaiozuen proposatzen zaizue:

  • Ororen Onerako Programa sostenga dezazuen,
  • baliabide hori urtebetez luza dezazuen,
  • eta azkenik, partzuergo hitzarmena sina dezazuen.

AUZAPEZ JAUNAK: Bada galderarik? Ez dut halakorik ikusten. Bozka dezagun. Nork onartzen du? Bada aurkako bozik, abstentziorik? Milesker. Chantal KEHRIG COTTENÇON andreak darrai hurrengo gaian ere.

AHO BATEZ ONETSIA –

178.2023 – UHARKA KARRIKA ZENARI RAPHAËL LASSALLETTE KARRIKA IZENA EMATEA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Oso bestelako gaia dugu oraingoa.

Herriak Raphaël LASSALLETTE, 20 urtez Hendaiako auzapez eta Hendaiako kantonamenduaren izenean Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusi izan zena, 2021eko martxoaren 19an hil zena omendu nahi du. Gure herriaren ospea hedatzen azkarki lagundu zuen eta ororen onerako aritu zen beti, hala bere bizitza politikoan nola bere lanbidean, maisu bezala lehenik eta gero Irandatz kolegioan irakasle. Engaiamendua, jendetasuna eta onginahia izan dira Hendaiako lurretan egin dituen proiektu eta jardueretan garatu dituen balore azkar anitzen arteko hiru balore.

Horiek horrela, eta haren senideekin adostu ondoren, begien bistakoa iruditu zaigu Uharka karrika Raphaël LASSALLETTE karrika izendatzea, eta hori proposatu genizuen lanen batzordearen azken bilkuran.

Gogoan har, herriko karriken izendapen eta zenbakitzea Herri Kontseiluaren eskumena dugu eta Kontseiluak, Lurralde Kolektibitateen Kode nagusiaren L. 2121-29 artikuluak ematen dizkion ahalen arabera, bere deliberamenduen bitartez erabakitzen ditu herriaren gaiak.

Halatan, bada, hauteskide horiek, eztabaida egin eta auzapez jaunari honako hauek egiteko baimena eman diezaiozuen proposatzen dizuet:

  • Deliberamenduari erantsirik eman zaizuen planoan ageri zaizuen Uharka karrikari Raphaël LASSALLETTE izena eman diezaion,
  • Eta  erabaki hori gauzatzeko hartu beharreko erabaki guztiak har edota sinatu beharreko dokumentu oro sina dezan.

AUZAPEZ JAUNAK: Ongi da. Baduzue galderarik? Ez dut halakork ikusten. Bozka dezagun. Nork onartzen du? Nork bozkatzen du aurka eta nor abstenitzen da? Milesker. Beste gaira Chantal KEHRIG COTTENÇON andrea.

AHO BATEZ ONETSIA –

179.2023 – AVENIDA ZUBIAREN ONDOKO PLAZARI IZENA EMATEA (MARITXU ANATOL)

KEHRIG COTTENÇON andreak: Arrats honetan Herriak Maritxu ANATOL andrea omendu nahi ukan du ere; “Comète Gorria” sareko kide eta ihardukitzaile aritu zen bigarren mundu gerlan.

Maritxu ANATOL askatasunaren alde eta nazismoaren aurka engaiatu zen. 1981ean hil zen, 72 urterekin. Bidaso gaineko muga iparretik hegora 113 hegazkinlarik eta 39 juduk zeharkatu zuten.

Karriken izenek gizon ospetsuak ekarri ohi dizkigute gogora. Anitz dira, ordea, historian zehar adoreagatik eta engaiamenduarengatik nabarmendu diren emazteak, bizia arriskuan jarri arte nabarmendu ere. Maritxu ANATOL genuen horietako bat. Horregatik erabaki du Hendaiako Herriak haren ohoratzea.

Horretan ere, gogoan har ezazue herriko karriken izendapena eta zenbakitzea Herri Kontseiluaren eskumena dela.

Horregatik, eztabaidatu eta auzapez jaunari honako hauetarako baimena eman diezaiozuen proposatzen dizuet:

  • Avenida zubiaren ondoko plazari Maritxu ANATOL izena eman diezaion
  • Eta  erabaki hori gauzatzeko hartu beharreko erabaki guztiak har edota sinatu beharreko dokumentu oro sina dezan.

AUZAPEZ JAUNAK: Guztiei eskertuko genizueke deliberamendua bozkatuko bagenu, noski. Hartara, izendapenari buruzko deliberamendu hau bozka dezagun proposatzen dizuet. Onartzen duzue? bai? aurkako bozik ez? Abstentziorik ez? Mila eta bat esker orori. Gai zerrenda bururatu dugunez, amaitu dugu biltzarra. Milesker.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 19:30 orenetan.

HENDAIAN, 2023ko azaroaren 30ean

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Kotte ECENARRO
HERRIKO ETXEAREN WEBGUNEAN HEDATURIK

2023.11.30ean