2023ko urriaren 25ean, asteazkenean, 18:30ean egin Herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 231.2023

Bi mila eta hogeita hirugarren urtean, urriaren 25ean, asteazkenarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and.,IRAZUSTA j., MOUNIOS-ADURRIAGA and., ARRUABARRENA j., CAMACHO-SATHICQ and., GRABIÈRES j. (Auzapezordeak), BERNARD j., AIZPURU and., PELEGRIN-ARAMENDY j., TARIOL j., BEAUFORT and., LABEAU and., HARAMBOURE and., EIZAGUIRRE j., MANTEROLA j., LEGARDINIER and., ARZELUS-ARAMENDI j., NAVARRON and., COTINAT and., SALLABERRY j., DESTRUHAUT j., ESTOMBA and. (154.2023 zk. deliberamendutik goiti), BALANZATEGUI j., HIRIBARREN and.

AHALORDEAK: CEZA andreak MOUNIOS ADURRIAGA andreari, JEHAN jaunak EIZAGUIRRE jaunari, ROMAN andreak LABEAU andreari,  MARTIARENA-GARAT jaunak NAVARRON andreari, BARRERO andreak HIRIBARREN andreari, ESTOMBA andreak BALANZATEGUI jaunari (153.2023 zk. deliberamendu arte)

BERTARATU GABEA: POUYFAUCON j.

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.,

Deialdiaren eguna: 2023ko urriaren 18a

Biltzarraren quoruma bete denez, auzapezak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2023ko irailaren 27ko HERRI KONTSEILUAREN AKTA ONARTZEA

Auzapez jaunak, 2023ko irailaren 27ko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio.

AUZAPEZ JAUNAK: Milesker COTINAT andrea. Bildumari buruz delibera dezazuen proposatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gero gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO j.

149.2023 – HERRI KONTSEILUAK EMAN AHALMEN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZ JAUNAK: ez dugu bozkatzen; erabaki horien jakinaren gainean zaretela erran dezazuen eskatzen dizuet.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatu.

150.2023 – EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOA – 2022KO JARDUERA TXOSTENA

AUZAPEZ JAUNAK: 150.2023 zk. deliberamenduari dagokionean, Euskal Hirigune Elkargoaren 2022ko jarduera txostenaren jakinaren gainean jartzea da ere.

Herri Kontseilua egoeraren jakinaren gainean da. Ez da bozkatu.

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

151.2023 – LEKU PUBLIKOEN ERABILTZEAGATIKO ZERGAREN ETA KANPOKO PUBLIZITATEAREN GAINEKO TOKIKO ZERGAREN DISPENTSAK – ERREPUBLIKA PLAZAKO LANAK

TRANCHE JAUNAK: Ezin uka liteke merkataritza sektoreak lan horiek jasan beharko dituela eta, aldi horretan lagundu nahiz, ustiatzaile horiei duten ustiapenari loturiko zergaren dispentsa egitea pentsa liteke publizitatearen gaineko tokiko zerga eta leku publikoaren erabiltzearen zerga kenduz. Orotara 4595,84 € dira.

Herri Kontseiluari proposatu zaio jabari publikoaren erabiltzearen diru sartzeen eta gastuen dispentsa egitea. Orotara 5188 € dira.

AHO BATEZ ONETSIA –

152.2023 – ONEZ ONEKO KALTEORDAINEN BATZORDEA SORTZEA ERREPUBLIKA PLAZAREN ANTOLAKETAREN HARIRA EGINEN DIREN LANENGATIK BERTAKO MERKATARIEKIN

TRANCHE JAUNAK: Hendaiako Herriak onez oneko kalteordainen batzorde bat osatzea erabaki du testuinguru horri loturik kalteren bat frogatuko duten merkatari eta eskulangileen kalteordain eskariak azter ditzan. Batzorde horren xedea onez onean kalteordaina proposatzea da, legeari jarraikiz eta, batez ere, auzi prozedurek eskatzen dituzten epeak baino epe laburragoetan erabakiz.

Batzorde horrek bideratuko ditu lanen bitartean negozio kopuruaren gutxitzearen ohiz kanpoko kalte bereziren bat jasan duten merkatarientzako kalteordain eskariak eta, beharko balitz, Herri Kontseiluari kalteordain proposamenak eginen ditu. Batzorde hori Paueko Administrazio Auzitegiaren lehendakariaren lehendakaritzaren pean edo berak  izenda lezakeen magistratu baten pean da kokatua. Hamar kidek dute osatzen; kideen zerrenda deliberamenduan proposaturik duzue.

Horren egiteko, barne araudi bat erantsi zaio deliberamenduari eta hor zehaztuko dira onez oneko batzordearen funtzionatze moldeak eta kalteordainetarako irizpideak.

Errepublika plazako merkatariak ahal bezain ongi lagun ditzagun eta plazak biziko dituen lanen aldi horretan lagun egin diezaiegun erabaki bereziak hartu dira barne araudian kokatu berri diren enpresentzat, bai eta lanen bitartean kalteordainen bat izanen dutenak baliabidera sar ahal daitezen ere.

ADIERAZI BOZ GUZTIEK ONETSIA –

6 abstentzio: NAVARRON and., LEGARDINIER and., COTINAT and., MANTEROLA j., ARZELUS-ARAMENDI j., MARTIARENA-GARAT j.

TXOSTENGILEA: Itziar AIZPURU and.

153.2023 – ZUZENDARITZA BETEBEHARRA PLANTAN EMATEA

AIZPURU andreak: Deliberamendu honen xedea A kategoriako udal zuzendarien betebeharraren erabilera zehaztea da. Betebehartzat hartuko da ohiko lanalditik at, hau da, larunbat, igande eta besta egunetan eta gauez, zerbitzu publikoen jarraipena bermatzeko edota larrialdietan erabakiak hartzea.

Betebeharrari loturik izanen den funtzionario arduradunak jakinaraziko ditu, Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiaren pean, bete eta egin behar izan dituenak.

Udalak zehazturiko ohiko lanalditik kanpokoak diren eta zerbitzu beharragatik betebehar aldi horietan eginikoek ordukako eskuhartze ordainsaria ukanen dute. Langileei gutxienik hilabete lehenago jakinaraziko zaie zein betebehar aldi ukanen duten, salbu ezohiko egoeraren bat gertatuz gero.

AHO BATEZ ONETSIA –

154.2023 – ERANTZUKIZUN SARIA ZUZENDARITZA LANPOSTU FUNTZIONALENTZAT (DGS)

AIZPURU andreak: auzapezak zehaztu du testuak erantzukizun sari bat ezartzen duela zuzendaritza lanpostu funtzionalak dituzten langileei, hala nola Zerbitzuen zuzendari nagusiari, eman dakizkiekeena. 1987ko abenduaren 30eko 87-1101 Dekretua da, lurralde kolektibitateen eta antzeko tokiko erakunde publikoen zuzendaritzako administrazio lanpostuei buruzkoa, bai eta 1988ko maiatzaren 6ko 88-631 Dekretua, lurralde kolektibitateen eta antzeko tokiko erakunde publikoen zuzendaritzako administrazio lanpostu zenbaiti erantzukizun saria emateari buruzkoa.

Sari hori jadanik erabiltzen da, zerbitzuen zuzendari nagusiak duen kontratuari loturik, honako deliberamendu honetan proposatzen diren baldintza berdinetan. Zuzendari hori kontratupean da eta orain sari hori lanpostu hori bete duten funtzionario titularrei ematea da gaia.

Auzapezak zehaztu du ordainsariaren hileroko kopurua kalkulatzeko norbanakoaren maila bat aplikatzen zaiola pentsiorako atxikipenen pean den lansari indiziarioaren kopuruari.

Norbanakoen maila organo erabakitzaileak erabakiko du eta langilearen lansari gordinaren % 15eko muga du, lansariaren familia gehigarri edo sariak ez baitira sartzen.

Sari hori RIFSEEP delakoarekin meta liteke. Ordaintzen jarraitzen da urteko geldialdi bati, denbora aurrezte kontu bati loturiko geldialdi bati, eritasun arrunteko geldialdi bati, amatasun geldialdi bati edo zerbitzu istripuko geldialdi bati loturiko ezintasuna gertatuz gero ere.

Onuradunak lanpostuari dagokion funtzioa egiteari utziz gero, goian aipatu egoeretatik at, onuraduna ordezkatzen duen langileari eman lekioke sari hori, betiere ordezko horrek zerbitzuen zuzendari nagusi lanpostua betez gero.

Organo erabakitzaileari dagokio, goian aipatu lege aginduei jarraikiz, deliberamendu bidez zuzendaritzako administrazio lanpostuen erantzukizun saria ezartzea, 2023ko urriaren 12an Lurraldeko Lan Batzordeak eman aldeko iritziaren ondoren.

AHO BATEZ ONETSIA –

155.2023 – LANPOSTU IRAUNKORREN TAULAREN ALDAKETA – HEZKUNTZA/HAURTZAROA KOORDINATZAILE LANPOSTUA SORTZEA HIRI BIZITZAREN ZUZENDARITZAREN BARNEAN

AIZPURU andreak: Auzapezak azaldu dio herri kontseiluari ezen, Hendaiako Herriko Etxean Pirinio Atlantikoetako Kudeaketa Zentroak egin duen Hezkuntza-Haurtzaroaren eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren antolaketa eta funtzionamenduaren diagnostikoak erakutsi duela Hezkuntza-Haurtzaroa Saila indartu behar dela administrazio koordinatzaile lanpostu iraunkor bat sortuz.

Lanpostuen taula honela osatuko da:

  • Hezkuntza-haurtzaroa sailaren administrazio koordinatzailea,
  • Lanpostu taldea: erredaktoreak,
  • Hierarkia kategoria: B lanaldi osoz.

Lanpostu iraunkor hori funtzionario bat kontratatuz bete liteke, Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren L. 311-1 artikuluak ezarri printzipio orokorra aplikatuz, zeinaren arabera, lege aginduren batek aurreikusi dispentsarik izan ezean, herrien lanpostu iraunkorrak funtzionarioek behar baitituzte bete,

Dispentsa erabili eta kontratu bidez hartu liteke ere langile bat, Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren L.332- 8 artikuluaren aginduak betez, lanpostu iraunkorretarako langileak kontratu bidez hartzeko aukera ematen baitu egitekoen izaerak edota zerbitzuaren beharrek hori arrazoizko egiten badute eta funtzionariorik ezin izan bada kontratatu, ez mugigarritasunaren bidez ez eta lehiaketa irabazleen bidez.

Hala eginez gero, lan kontratuak gehienez hiru urterako egiten dira eta luza daitezke, hala eginen dela adieraziz, gehienez sei urterako.

Sei urteko aldi hori bukatu ondoren kontratua luzatuz gero, adieraziriko erabaki baten bidez da luzatzen eta aldi mugagabe baterako da.

Kontratu bidez hartuz gero langilea, lanpostuak 389 eta 599 arteko indize gordinaren araberako lansaria ukanen du. Lansaria hartzen den langilearen diploma mailaren arabera, lanbide esperientziaren arabera eta kalifikazioaren arabera ezarriko da.

Halatan bada, Herri Kontseiluari proposatu zaio 2023ko abenduaren lehenetik goiti lanaldi osoko Hezkuntza-Haurtzaroa Sailaren koordinatzaile lanpostu iraunkor bat sor dadin erabaki dezala.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

156.2023 – HAIAKO HARRIA ELKARTEA – EZOHIKO DIRULAGUNTZA

BUTORI andreak: HAIAKO HARRIA elkarteak Aizpurdi lizeoko ikasleen etxea kudeatzen du eta ezohiko laguntza eskatu dio Herri Kontseiluari urteko jardunen antolatu ahal izateko.

Oro har, jarduera horiek honako hauek dira:

  • Antzerki proiektu bat,
  • Zinemara joatea, filmak, eztabaida arratsa, zinemagileekin mintzatzea,
  • Ezagutze ateraldiak, aisialdiak: jauzi ohola, birlatokia, lerratokia,
  • Hizkuntza kafea,
  • ludoteka Ludolim-ekin,
  • ikuskizunak kultura zerbitzuarekin elkarlanean,
  • mini dokumentala: bideo eta audio materiala erostea.

Elkarteak jarduera horietarako duen aurrekontua 11 645 €koa da eta udalaren 1300 €ko ezohiko dirulaguntzak gastu horien zati bat estaltzeko aukera emanen lioke.

Herri Kontseiluari proposatu zaio baimena eman diezaiola auzapez jaunari HAIAKO HARRIA elkarteari 1300 €ko ezohiko dirulaguntza eman diezaion.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

157.2023 – 157.2023 – HERRI KONTSEILUAREN ZENBAIT AHALMEN AUZAPEZAREN ESKU UZTEA LURRALDE KOLEKTIBITATEEN KODE OROKORRAREN L.2122-22 ARTIKULUAREN ONDORIOZ (GERORA ANTOLATZEKO ZONAN LEHENTASUNEZ EROSTEKO ESKUBIDEA)

KEHRIG COTTENÇON andreak:

Ikusirik Lurralde Kolektibitateen Kode nagusiaren L. 2221-22 artikulua, Herri Kontseiluak auzapezaren esku utzi eskumenei buruzkoa,

Ikusirik Lurralde Kolektibitateen Kode nagusiaren L. 2122-23 artikulua, auzapez jaunak Herri Kontseiluaren ordezkaritzaz hartu erabakiak auzapezorde batek edo auzapezaren ordezkaritzaz ariko den zinegotziren batek sina ditzaten uzten duena,

Ikusirik Lurralde Kolektibitateen Kode nagusiaren L. 2122-18 artikulua auzapezak auzapezordeei utzi funtzioko ordezkaritzei buruzkoa,

Kontuan hartuz 2015, 2017 eta 2018 urteetako legeek udal administrazioak ibilbide ona egin ahal izan dezan ezarri diren ordezkaritza osagarrien aukerak, herri kontseiluari eskatu zaio auzapezari ordezkaritza eman diezaiola, deliberamendu hau indarrean sartuko den datatik goiti eta duen agintaldia bururatu bitartean, honako hauetarako:

  • herriaren izenean lehentasunez erosteko eskubidea baliatzeko Euskal Hirigune Elkargoaren Elkargo Kontseiluaren 2022ko irailaren 24ko 50. deliberamenduak sortu Gerora Antolatzeko Zona osoaren gainean, herria horren titular izan nola ordezko izan; eskubide horren baliatzea ordezkatzeko ondasun baten saltzean milioi bat euro baino gutxiagoko kopuru batean, kode beraren L. 213-3 artikuluaren lehen paragrafoak dakartzan aginduei jarraikiz,
  • eta baimena ematea, Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L. 2122-23 artikuluari jarraikiz, deliberamendu honi jarraikiz hartu erabakiak auzapezaren ordez arituko diren auzapezorde batek edo zinegotzi batek sina ahal ditzatzen, kode beraren 2122-18 artikuluak ezarri baldintzetan.

Bestela erranik, Urriztiko Gerora Antolatzeko Zona bozkatu ondoren, eskatzen dizuet baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari lehentasunez eros ahal dezan sortu dugun eremu horren barnean.

AHO BATEZ ONETSIA –

158.2023 – AUZAPEZ JAUNAK GERORA ANTOLATZEKO ZONETAN LEHENTASUNEZ EROSTEKO DUEN ESKUBIDEA LURREN TOKIKO ERAKUNDE PUBLIKOARI UZTEA URRIZTIKO GUNEAREN EROSTEKO

KEHRIG COTTENÇON andreak: Bai, deliberamendu hau aitzinekoaren jarraipena da orain auzapezari baimena emanen baitiogu Lurren Tokiko Erakunde Publikoaren esku utz ahal dezan lehentasunez erosteko eskubidea.

Halatan bada, 2022ko irailaren 21eko deliberamendu batez, herri kontseiluak aldeko iritzia eman zuen Euskal Hirigune Elkargoak «Urrizti muinoa» deitu Gerora Antolatzeko Zona bat sor dezan; Tokiko Hirigintza Planaren Antolaketako eta Garapen Iraunkorreko Proiektuan zehaztu gunea da hori, non herriaren paisaia nortasunaren bideratzaile diren naturagune enblematikoak babestu behar diren eta zeinaren gainean herriak gogoeta bati ekin baitio herritarrentzat beharrezkoak diren hornikuntzak garatzeko.

Gogora dezagun ezen 2022ko irailaren 24ko 50. deliberamenduaren bidez Euskal Hirigune Elkargoak onartu zuela «Urrizti muinoa» zona horren sortzea herrian, eta Hendaiako herria izendatu zuela Gerora Antolatzeko Zonaren lehentasunez erosteko eskubidearen titular luza litezkeen sei urtetarako.

Lehen aipatu aginduei eta hirigintza kodearen R.213-1 artikuluari jarraikiz, honako hau proposatzen zaizue:

  • «Urrizti muinoa» Gerora Antolatzeko Zonaren lehentasunez erosteko eskubidea Lurren Tokiko Erakunde Publikoaren esku uztea deliberamenduari erantsirik duzuen planoan zedarritu lurretan,
  • baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari erabaki horren gauzatzeko dokumentu oro sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

159.2023 – EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOA – 2022KO TXOSTENA ETXE HONDAKINEN ETA ANTZEKOEN BILKETA ETA KUDEAKETA ZERBITZUAREN PREZIOAZ ETA KALITATEAZ

KEHRIG COTTENÇON andreak: Euskal Hirigune Elkargoak igorri digu Herri Kontseiluan aurkezteko den 2022ko hondakinen bilketa eta kudeaketa zerbitzuaren prezio eta kalitateari buruzko txostena.

Halatan bada, igorri zaizuen dokumentu erantsian oin hartuz, honako hau proposatzen dizuet:

  • jakinaren gainean izan zaitezten,
  • eta deliberamendu hau Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariari igor diezaiozuela.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatu.

160.2023 – EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOA – 2022KO TXOSTENA URAREN ZIKLOAREN JARDUNEI BURUZ

KEHRIG COTTENÇON andreak: honako honetan ere Euskal Elkargoak igorri digun txosten baten jakinaren gainean izatea da gaia. Oraingoan, 2022ko uraren zikloaren jardunei buruzko txostena dugu.

Igorri zaizuen dokumentu erantsian oin hartuz, honako hau proposatzen dizuet:

  • jakinaren gainean izan zaitezten,
  • eta deliberamendu hau Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariari igor diezaiozuela.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatu.

AUZAPEZ JAUNAK: beste gairik ez denez, amaitu da bilkura.

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 19:15 orenetan.

HENDAIAN, 2023ko urriaren 26an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAREN WEBGUNEAN HEDATURIK 2023.10.26an