Herri kontseiluaren bilduma 2023ko apirilaren 26an, asteazkenean, 18:30ean egin

Erref. KE.IG –091.2023

Bi mila eta hogeita hirugarren urtean, apirilaren 26an, asteazkenarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., MOUNIOS-ADURRIAGA and., ARRUABARRENA j., CAMACHO-SATHICQ and., GRABIÈRES j. (Auzapezordeak), CEZA and., JEHAN j., HARAMBOURE and., EIZAGUIRRE j., BERNARD j., AIZPURU and., MANTEROLA j., ROMAN and., PELEGRIN-ARAMENDY j., LEGARDINIER and., TARIOL j., ARZELUS-ARAMENDI j., BEAUFORT and., NAVARRON and.,  COTINAT and.,  SALLABERRY j., BARRERO and.,  ESTOMBA and.,  POUYFAUCON j., BALANZATEGUI j.,  HIRIBARREN and.

AHALORDEAK: IRAZUSTA jaunak MOUNIOS ADURRIAGA andreari, LABEAU andreak TRANCHE jaunari, MARTIARENA-GARAT jaunak NAVARRON andreari, DESTRUHAUT jaunak ESTOMBA andreari.

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.,

Deialdiaren eguna: 2023ko apirilaren 19a

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2023ko martxoaren 29ko HERRI KONTSEILUAREN AKTA ONARTZEA

Auzapez jaunak, 2023ko martxoaren 29ko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

055.2023 – HERRI KONTSEILUAK EMAN AHALMEN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZAK: 55. zenbakidun deliberamenduari dagokionean, ez dut herri kontseiluak eman ahalmen ordezkaritzaz auzapezak hartu erabakiei dagozkien dokumentu horren gaineko galdera berezirik jaso. Hortaz, iruditzen zait egoera horren jakitun garela erran behar genukeela.

Herri Kontseilua egoeraren jakitun da. Ez da bozkatzen.

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

056.2023 – 2023KO TURISMO SASOIA – ALDI BATERAKO LANPOSTUEN SORTZEA

TRANCHE jaunak: auzapez jaunak kontseilukideei erran die sasoiko zenbait lanpostu behar direla sortu, 2023ko udako sasoia baldintza onenetan antolatzeko eta kontuan hartuz Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren artikuluek aukera ematen dutela sasoiari loturik jarduna areagotzeagatik kontratupeko aldi baterako langileak kontratatzeko, betiere gehienez sei hilabetez segidan hamabi hilabeteko aldi baten barnean, kontratuaren berriztapena ere kontuan hartuz.

Halatan, bada, deliberamenduarekin batera eman zaizuen taulak dioenez, hona sortu beharreko lanpostuak:

  • 4 lanpostu Abadia eremuaren zaintzarako,
  • 2 lanpostu Asporotsttipi–Abadia euskal etxerako,
  • 12 lanpostu + 20 +  19 + 12 Bizi Ingurunea sailerako, aipatzen diren aldietan – Logistika sailean sasoiko 7 lanpostu izanen dira, dagozkien aldietan; Handi-plage zerbitzuan 4 lanpostu
  • Mendi Zolan kulturgunean bi lanpostu,
  • Variétés zineman bi lanpostu
  • Gaztelu aretoan bi lanpostu
  • Eta azkenik, Animazio Gazteria zerbitzuan 22 lanpostu.

Gastu horiek 012/6451311 kontutik ordainduko dira. Halatan, bada, Herri Kontseiluari eskatu zaio goiko lanpostu horiek sortzeaz eta auzapezari lan kontratua eta horri lotu dokumentu oro sinatzeko baimena emateaz erabaki dezala.

AUZAPEZAK: Milesker TRANCHE jauna. Orotara, 108 sasoiko lanpostu sortzen ditugu laneko 118 hilabeterekin. Deliberamendu hori onartzen ote duzue? Nork onartzen du? Aurkako bozik edo abstentziorik ote da? Ez dut halakorik ikusten.

AHO BATEZ ONETSIA –

057.2023 – IEZI EUSKAL ITSASBAZTERRAREN ESKU UZTEAREN BERRITZEA

TRANCHE jaunak: Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren artikuluek agindurikoa betez, auzapezak herri kontseiluari jakitera eman dio IEZI Euskal Itsasbazterraren esku lurralde langile bat elkartearen zuzendaritza egiteko orain arteko uztea lau hilabetez luzatzeko proiektua dutela, hau da, 2023ko maiatzaren lehenetik abuztuaren 31 bitartean.

Auzapezak eman azalpen gehigarriak entzun eta eztabaida eginik, auzapezari eranskinean den esku uzte hitzarmena sinatzeko baimena ematea proposatu zaio herri kontseiluari. Horretarako dirua urtealdiaren aurrekontuan aurreikusi da.

AHO BATEZ ONETSIA –

058.2023 – HENDAIA TURISMO & MERKATARITZA IMEPa – 2022KO JARDUNAREN AKTAREN ETA FINANTZA KONTUAREN AURKEZPENA

TRANCHE jaunak: Hendaia Turismo eta Merkataritza IMEParen 2022ko finantza kontuei eta jardunen txostenari dagokie honako deliberamendu hau; lanaldi osoko heineko 20 lanposturekin eta 1009 000 €ko funtzionamendu aurrekontuarekin, zeinean % 53 autodiruztapena baita, bilan bikaina du 2022an, 2019. urteko emaitzak (Covid-aitzineko urtea) baino, zenbait kasutan, goragoko emaitzekin.

Laneko bizi kalitatea garapen iraunkorreko urraspide proaktiboa da eta urte osoan zehar plantan eman ekintza berrien zutabe nagusia da.

Urtea turismoaren eta merkataritzaren aldeko 2023-2027 garapen estrategiak markatu du ere; une nagusia grafikoen dokumentu nagusia egitea izan da.

Laburtuz, hemen berean duzue “Kalitate turismoa eta ahalmen urritasun turismoa” labeldun turismo bulegoak egin dituen guztien xehetasuna. Lantalde osoa eskertu nahi nuke, langileak kontuen ikuskaketan baitziren eta oso ongi joan dela jakin baitugu.

  • 58.000 bisitari (2021ean baino + % 62)
  • Famille Plus  deitu labelari balioa ematea
  • 456 formakuntza oren
  • 54 000 € txartel salmentan, batez ere Txik-Txak garraio txartelak
  • egonaldi zergaren bilketaren jarraipena (605 k€ 2022an)
  • komunikazio ekintzak Bordelen, Tolosan, Nantes-en, Nafarroan, Euskadin…
  • prentsa harremanak Duodecim agentziarekin, frantziar merkatuan 1,9 M€ko ondorio mediatikoak ukan dituztenak; Olé Company deiturikoarekin espainiar merkatuan (53 k€ko ondorioa)
  • negozio kopuru errekorra taldeen merkataritza zerbitzuan: 174 k€ko NK
  • ostatatze gidak, zerbitzuen gidak, harrera gidak eta abar argitaratzea.
Ekitaldiak
  • Eguraldi zoragarriarekin egin zen Hendaia Trail delakoaren lehen edizioa, Kirolen Udal Bulegoarekin eta Hendaiako klubarekin elkarlanean
  • Urtean zehar antolatu animazio anitz, lerra eguna, gaueko azokak udan, ondarearen egunak, palmondoko azoka, zientzia besta, fisikako Nobel sariduna den Aspect jaunaren parte hartzearekin…
  • IMEPa familia oporleku gisa kokatzen da hainbat une garrantzitsurekin: haurren asteak udazkenean; hondar gazteluen lehiaketa, zumba ikastaroa hondartzan, pilotan ikastea…
Merkataritza bulegoa

80 merkatarik sostengatzen dituzte diruz Hendaia Merkataritza bulegoak abian eman ekintzak.

  • 2021ean IMEPak erosi  entseatze saltegian bi merkatari hartzea
  • herriko merkatari guztiei laguntza trinkoa eskaintzea, bereziki haien Interneteko ikusgarritasuna, Google Business bidez areagotzeko lekuko lana eginez
  • 21 proiektu eramaile hartzea
  • animazioak: merkataritza eragiketa otsailean, «udaberri loratua», Urri arrosa kolorea, Eguberri bestak…
  • udako azoka igande goizetan, Errepublika plazan, asteroko animazioekin
  • ekonomia behatokia
  • komunikazio lana www.hendaye-commerces.com webgunean eta horren Facebook orrian
  • herriko errepide, oinezko eta txirrinden seinaletika berritzeko galdeketa plantan eman eta jarraipena egitea
Abadia, gaztelu-behatokia – Kalitatezko Turismo eta Turismo & Ahalmen Urritasun labelduna – 4 leiho
  • Kalitatezko Turismo markaren berritzea, % 94ean betez arauak
  • 60 000 bisitari (parketik at), hau da, 2021ean baino + % 26
  • 1000 arrasto joko saldurik. Frantsesez, euskaraz eta espainolez eskura liteke
  • haurrentzako zientzia lantegiak, pribatuekin elkarlanean
  • saltegiaren emaitzak 2019ko mailara heldu dira berriz
  • Halatan, bada, egoeraren berri har ezazue.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Jean Michel ARRUABARRENA j.

059.2023 – «HONDARTZAKO NERABEEN HARLEKUA» IREKITZEA ETA TARIFAK – 2023KO UDA

ARRUABARRENA jaunak: Aitzineko urteetan bezala, nerabeentzako (14-17 urte) ostatatze gabeko aisialdi harrera izanen da Hondarraitz hondartzan 2023ko uztailaren 10etik abuztuaren 18ra. Egunero eskainiko dira jarduerak, 14:30etik 18:30era, hondartzan bertan edota beste nonbaiten.

Gazteek dituzten proiektuen arabera, animatzaileek goizean jarduerak proposa ditzakete edota herrian, han-hemen, edo beste nonbait kanpalekuak antola ditzakete ere.

Eguneroko zaintzaile izanen dira bi udal animatzaile; hartara, gehienez 24 gazte har litezke. Zaintzaile kopuru hori eta hartzen diren gazteen kopurua ere handitu liteke horretarako eskari aski balitz (betiere 12 gazteko animatzaile bat izanez).

Egitura horretan parte hartuko duen orok hilean 11 € ordainduko ditu hara joan ahal izateko.

Halatan, bada, Herri Kontseiluari, eztabaida egin eta honako hau proposatu zaio:

  • BAIMENA EMAN DEZALA nerabeentzako aisialdi harrera hori plantan eman dadin hondartzan 2023ko udan,
  • EZAR DEZALA gazte eta hilabete bakoitzeko 11 €ko tarifa,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOLA auzapez jaunari horri loturiko dokumentu oro sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

060.2023 – BELTZENEAN FUTBOL 5 ZELAIA EGITEA – DIRULAGUNTZA ESKARIA

ARRUABARRENA jaunak: Hendaiako Herriak Foot 5 futbol zelaia egin nahi du Beltzeneko auzoan, Bixente Lizarazu futbol zelaiaren ondoan.

Foot 5 delako hori aisialdi futbola garatzeko egitarauaren aitzindaria da eta jende mota orori egoki eta gustuko zaion jarduera.

Helburua bost bosten aurka jokatzeko animazioko futbol zelaia egitea da: 35 metro luze eta 20 metro zabal da, urruntze alderik gabe, guztia hesi azkar batez bildua; jokazelaia belar sintetikozkoa da.

Zelai hori sortuz aribideak aniztuko dira, aisialdia lagunduz, bai eta jarduera librea eta gidaturiko jarduera ere, ohiko azpiegitura eta diziplinen osagarri. Hornidura hori lizentziadunen onerako izanen da, gainerako erabiltzaileentzat bezala, baldintza eroso eta seguruetan aritzeko aukera emanen baitie.

Proiektuaren zati bat Herriaren autodiruztapen ahalaz ordainduko dugu. Halarik ere, dirulaguntzak bilatu behar ditugu. Proiektuak zenbait diruztapen jaso bailezake.

Kolektibitateak honako hauei eskatzeko asmoa du:

  • Frantziako Futbol Federazioa, Futbol Amateurra Laguntzeko Funtsaren bidez (FAFA)
  • Kirolaren Nazio Agentzia, «Kirol zelaien 5000 plana» delakoaren harira

Zehazt dezagun bi diruztatzaile horiek dirulaguntza eskarien aurkezteko bideak bateratu dituztela leihatil bakarrera ekarriz. Eman beharreko dokumentuen artean, oraingo deliberamendu honek proiektua onartu eta aurreikusi kostua zehazteko aukera eman beharko liguke.

Dirulaguntzak ematea ez da segurua, Hendaiako Herriarenaz beste eskariak ere heltzen baitzaizkie diruztatzaile horiei (dosierren kopurua, hautatua izateko baldintzak, lehentasunezko irizpideak).

«Jokoen Lurraldea» eta «Biharko Hiri Txikiak» labelak balioan eman behar ditugu dirulaguntza eskari honetan. Inbestimendurako sostengu oro baita erabakigarria lurraldearen garapen orekatua laguntzeko.

Halatan, eztabaidatu ondoren, herri kontseiluak:

  • BAIMENA EMAN DIO auzapez jaunari Foot 5 zelaia egiteko proiekturako diruztapenak xerkatzeko egin beharreko guztiak egin ditzan,
  • BAIMENA EMAN DIO auzapez jaunari diruztatzaile bakoitzari ahal beste dirulaguntza eska diezazkion (bereziki Frantziako Futbol Federazioa eta Kirolaren Nazio Agentzia),
  • ONARTU DU diruztapen plana, gastuak, orotara, 150.000 € ZG izanen direla kalkulatuz eta nahi diren dirulaguntzen kopuruak zehaztuz,
  • BAIMENA EMAN DIO auzapez jaunari dirulaguntza eskari guztiak eta haiei lotu dokumentu guztiak sina ditzan,
  • BAIMENA EMAN DIO auzapez jaunari diruztatzaileei dirulaguntza eskari guztiak aurkez diezazkien.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Michelle MOUNIOS ADURRIAGA and.

061.2023 – JARDUNAREN SASOIKO AREAGOTZEA – HIRI BIZITZAREN ZUZENDARITZA – KULTURA SAILA

MOUNIOS ADURRIAGA andreak: Antzerkiaren Maiatza eta Guitaralde kultura ekitaldiak ongi iragan daitezen, aldi baterako lanpostuak sortu behar dira, jarduna areagotzen baita jendeen hartzeko, txartelen salmentarako, txartelen kontrolatzeko, artisten hartzeko eta muntaketa eta desmuntaketarako…

  • Antzerkiaren Maiatza – 2023ko maiatzaren 22tik 28ra: lanaldi osoko 6 pertsona kontratatu behar dira ekitaldiaren plantan eman eta antolatzeko.
  • Guitaralde – 2023ko uztailaren 3tik 8ra:  lanaldi murritzean (30 h) 5 pertsona kontratatu behar dira ekitaldiaren plantan eman eta antolatzeko.

Lanpostu horien betetzeko, lan kontratu bidez kontratatuko dira langileak, Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren L.332-23 2 artikuluak dioenari jarraikiz, langileak lan kontratu bidez hartzeko aukera ematen baitu sasoiko jardun areagotzeari buru egiteko. Lan kontratua 12 hilabetez jarraian 6 hilabetekoa baino luzeagoa izan ez daitekeen aldi baterako egiten da halakoetan.

Lanpostuak Lurraldeko Funtzio Publikoaren C kategoriakoak dira.

Honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari :

  • ERABAKI DEZALA Antzerkiaren Maiatza eta Guitaralde ekitaldietarako denbora mugatuko lanpostuak sortzea,Funtzio Publikoaren gutxieneko ordain indizearen arabera ordainduko direnak,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOLA    auzapez jaunari lanpostu horien lan kontratua sina dezan,
  • ZEHAZT DEZALA gastu hori aurrekontu kontutik aterako dela, 012 ataleko 64131 artikulutik zehazki.

AHO BATEZ ONETSIA –

062.2023 – ASSOCIATION D’ÉDUCATION POPULAIRE (HERRI HEZKUNTZA ELKARGOA) – EZOHIKO DIRULAGUNTZA

MOUNIOS ADURRIAGA andreak: Ikusi duzuen bezala, 2023ko apirilaren 23an, «itxaropenaren ospakizuna» egin da, 1793ko bonbardaketaren eta sutearen ondoren herria berreraikitzearen oroitzarrearen karietara.

Ospakizunak hiru aldi ukan ditu eta bereziki Donostiako Orfeoiaren kontzertu bat.

Ohiz beste, Association d’Éducation Populaire (Herri Hezkuntza Elkarteak) deiturikoak dirulaguntza bat eskatu du ekitaldi horren antolakuntzaren zati baten diruztatzeko.

Honako hau proposatu zaio herri kontseiluari:

  • Associationd’Éducation Populaire deitu elkarteari 3 000 euroko ezohiko dirulaguntza bat eman diezaiola.

Horretarako dirua Aurrekontu Nagusian da aurreikusia.

AHO BATEZ ONETSIA –

063.2023 – EUSKAL HERRIA ZUZENEAN ELKARTEA – EZOHIKO DIRULAGUNTZA

MOUNIOS ADURRIAGA andreak: EUSKAL HERRIA ZUZENEAN elkartea Hazparnen da kokaturik eta egungo musiken bere festibala 2023ko ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitarte antolatuko du Irisarrin.

Aurten, festibalera doazenentzat autobusak (joan-etorria) antolatzeko asmoa dute Iparraldeko hainbat herritatik, horien artean, Hendaiatik.

Zerbitzu horri esker, festibalariek ez dute beren autoa hartu beharko eta antolatzaileek festibalari loturik dituzten baloreei (ekologia eta klima berotzearen aurkako borroka) erantzun ahalko diete.

EUSKAL HERRIA ZUZENEAN elkarteak autobus horien diruztatzen parte har dezan eskatu dio Hendaiako Herriari (zerbitzua ukanen duten gainerako herriei bezala).

200 euroko ezohiko dirulaguntza emanez gero, bidaia txartela 4 euroko prezioan eskain liezaiokete norbanako bakoitzari.

Honako hau proposatzen dizuet :

  • 200 euroko ezohiko dirulaguntza eman diezaiogun EUSKAL HERRIA ZUZENEAN elkarteari
  • Auzapez jaunari dirulaguntzaren hitzarmena izenpetzeko baimena ematea.

AHO BATEZ ONETSIA –

064.2023 – “ELKARTASUNEZKO ZINEMA TXARTELA” ERAGIKETA

MOUNIOS ADURRIAGA andreak: «Elkartasunezko Zinema Txartela» prekarietatean direnei zinema emanaldiak urririk eskaintzeko eragiketa da.

Erabiltze moldea errexa da: zinemaren erabiltzaile batek bere tarifako (erabiltzen diren tarifak bozkatu direnak eta egun zineman indarrean direnak dira) txartel bat gehiago erosi eta zinemaren harlekuan uzten du.

Elkartasunezko txartel horiek agerian ematen dira zineman eta erabili nahi dituzten erabiltzaileek eska eta nahi duten filma ikusteko balia ditzakete.

Asmoa zinemaren zaletasuna behartsuenekin partekatzea da eta kultura ororen esku ematea. Balia ditzaketen jende horiei horren berri emanen zaie, bereziki elkarlaguntzarako elkarteen bidez.

Honako hau proposatzen dizuet :

  • Hendaiako Variétés zinemagelan elkartasunezko txartela plantan emateko deliberamendu hau bozka dezazuen.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Itziar AIZPURU and.

065.2023 – LANPOSTU IRAUNKORREN TAULAREN ALDAKETA

AIZPURU andreak: Funtzio Publikoaren Kode nagusiaren L313-1 artikuluari jarraikiz, kolektibitateen lanpostuak kolektibitatearen organo erabakitzaileak sortzen ditu; halatan, bada, Herri Kontseiluari dagokio zerbitzuen funtzionamendurako behar diren lanpostuen kopurua finkatzea.

Auzapezak Herri Kontseiluari azaldu dio lanaldi osoko harrera lanpostu iraunkor bat sortu behar dela zerbitzuaren beharrei eta «Asporotsttipi» Erlaitzaren Etxean egiten diren zereginei erantzuteko.

Lanpostu hori hemen beherean zerrendatu lanpostu tauletako funtzionariei zabalik da:

  • Lanpostua: Harreraren arduraduna
  • Loturiko maila(k): Lanpostu motak: Administrazio laguntzaileak Teknikari laguntzaileak Nagusigo langileak
  • Hierarkia kategoria(k): C
  • Asteko batezbesteko lanaldia: Lanaldi osoa

Bai eta «Variétés zinemagela» deiturikoan dauden zerbitzuaren behar eta egitekoak betetzeko eta lan egonaldien planarekin jarraitzeko (lanpostu ezegonkorren aurkako borroka), auzapezak honako lanpostu hau sortzea proposatu du:

  • Lanpostua: Proiektatzailea
  • Loturiko maila(k): Teknikari laguntzaileen lanpostua
  • Hierarkia kategoria(k): C
  • Asteko batezbesteko lanaldia: Lanaldi murriztua 17h30

Auzapezaren azalpen osagarriak entzun eta eztabaidatu ondoren,

Herri Kontseiluak

  • ERABAKI DU
    • 2023ko maiatzaren lehenetik goiti lanaldi osoko lanpostu iraunkor bat sortzea,
    • 2023ko maiatzaren lehenetik goiti astean 17:30 oreneko lanaldi murritzeko lanpostu iraunkor bat sortzea,
  • BAIMENA EMAN DIO auzapezari dosierrari loturiko dokumentu oro sina dezan eta kontratuak egin ditzan,
  • ONARTU ditu auzapezaren proposamenak,
  • ZEHAZTU DU horretarako diru kopuru aski badela ekitaldiaren aurrekontuan aurreikusia.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

066.2023 – IRANDATZ KOLEGIOA – “CARDIE” PROIEKTUA – EZOHIKO DIRULAGUNTZA

BUTORI andreak: Hendaiako Irandatz kolegioak, 2021-2023ko Ikerketa-Garapen, Berrikuntza eta Esperimentazioko Akademia Batzordearen proiektu baten harira (CARDIE 2021-2023) filmatu duten dokumental bat aurkeztu nahi du: «Irandatz, collège plurilingue : enseigner dans un contexte multilingue et transfrontalier. Comment passer du multilinguisme du collège à un plurilinguisme assumé ?» (Irandatz kolegio hizkuntzanitza: hizkuntzanitzeko eta mugazgaindiko testuinguruan irakastea. Nola pasa kolegioaren hizkuntzanitzetik eleaniztasun onartura?.

CARDIE proiektuaren zereginak hiru ardatz nagusi ditu:

Jarduera bakanen taldeak eta lekuak atzeman eta balioan ematea, ikasleen arrakastaren zerbitzura;
Hezkuntzako berrikuntzarako akademia sarea horri loturiko partzuer guztiekin, bereziki ikerketarekin, animatzea;
Administrazio zentralaren eta ikastetxeko lantaldeen arteko lotura egitea.

Dokumental horren bitartez, kolegioak, bere esperientziarekin, bere eleaniztasunarekin eta bere antzearekin, CARDIE proiektua elikatzen duten ikerketa eta esperimentazioan parte hartu nahi du, hainbat motatako kulturak dituzten gazte anitz hartzeari loturik duen berezitasuna balioan ematearekin batera. Hendaian eskualdean egunerokoak ditugun hiru hizkuntza gurutzatzen dira – frantsesa, espainola eta euskara – eta horiez gain, ikasleen beste hizkuntzak ere badira.

Ikuspuntu horretatik abiatuz sortu zen ikasleen, irakasleen eta zentroko beste langileen eleaniztasuna balioan eman eta ikasketen eta eragile guztien harreraren zerbitzura emateko pedagogia berrizkuntzako proiektua. Halatan, bada, diziplinen barnean eta diziplinen artean pedagogia jardunak egin dira ikasgeletan eta ikastetxe osoaren mailan.

St Etienne hiriko Jean Monnet  unibertsitateko ECLLA laborategiko bi ikerlarik laguntzen dute proiektua formakuntza dimentsioa emateko eta emaitzak hainbat hizkuntza izateari loturiko antzeko eskola egoeretarako edo testuinguruetarako baliagarri izan ote litekeen hausnartzeko.

Hartara, dokumentalak oroitzapen bat osatu nahi du eta eleaniztasunaren inguruan zuzendaritzak bultzatu eta langileek bideratu dituzten ekintzen arrastoa utzi (ikastaldi berritzaileak, seinaletika eleanitza ikastetxean, baliabide eta dokumentu eleanitzak, parte hartze bidezko proiektuak, proiektu sortzaileak, etab). Hezkuntza kidego osoarentzat eta erakunde partzuerrentzat izanen da. Hezkuntza kidegoa osatzen duten kide guztiei emanen die hitza (ikasleak, gurasoak, irakasleak, etab.); ikasgelan filmatu jardun zenbaiten laburpenak azalduko ditu, kolegioko bizitzaren irudiak, egungo gizartearen funtsezko gai bat kontuan har eta abantaila bihurtzen duen ikastetxearen lana balioan emateko.

Proiektuak 5000 €ko kostua du orotara eta gauzatu ahal izateko, Hendaiako Herriaren 1500 €ko dirulaguntzak lagunduko lioke kolegioari jadanik lotu dituen gastuen estaltzen.

Hartara, eztabaida egin ondoren, Herri Kontseiluari honako hau proposatu zaio:

  • EMAN DIEZAIOLA Irandatz kolegioari 1500 €ko ezohiko dirulaguntza, dokumentalaren sortzeak ekarri gastuetan laguntzeko,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOLA auzapez jaunari horri loturiko dokumentu oro sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Laurent PELEGRIN-ARAMENDY j.

067.2023 – ANIMAZIO ETA BESTEN TARIFAK

PELEGRIN-ARAMENDY jaunak: Hendaiako Herriaren animazio eta besta guztien harira, Animazio eta Besten Sailak hainbat gauza eta zerbitzu nahi luke saldu: komunikazio gauzak, ikuskizun txartelak, erakusmahaien kokaguneak, danborren alokairua, apairuak, sorkuntza lantegiak… Horren egiteko, honako tarifa hauek proposatzen zaizkizue:

Ikuskizunen txartelen salmenta, sorkuntza lantegiak, apairuak, apar arratsak:

  • Ikuskizunetarako tarifa arrunta : 12 €
  • Tarifa erdiko sarrera : 6 €
  • Haurrak (- 8 urte) : 4 €
  • Sorkuntza lantegia : 2 €
  • Apar arratserako sarrera : 5 €
  • Apairua: 20 €
Kokaguneak:

Itsasoaren bestaren harira: elikagaiak, osagarriak, gauzak, opariak eta abar saltzeko erakusgunea ustiatzeko kokagunea.

  • 25 €ko tarifa 3 m luzetarako (egun baterako).

Hiri Bestaren harira:  elikagaiak saltzeko erakusgunea ustiatzeko kokagunea.

  • 250 €ko tarifa 15 m², eta tarifa berdina gainerako 15 m² tarte bakoitzeko (egun baterako).

Eguberri azokaren harira: elikagaiak, osagarriak, gauzak, opariak eta abar saltzeko erakusgunea ustiatzeko kokagunea

  • 50 €ko tarifa 3 m luzetarako (2 egunetarako).

Komunikazio gauzen salmenta (ekoizpen eratorriak):

  • Oihal zakua: 4 €
  • Afixa : 2 €
  • Tixerta : 12 €
  • Kafe katilua: 5 €
  • Metalezko xahakoa: 10 €
  • Giltzetakoa : 4 €
  • Bolaluma: 3 €
  • Kasketa/txanoa/ kapeluak: 8 €
  • Lepokoa: 5 €
  • Berreskuratze basoa : 1 €

Danborrak besta aldi osorako alokatzea:

  • Danborra : 7 €
  • Kaudimen txekea: 70 €
  • Danbor makiltxoak: 2,50 €

Halatan, bada, eztabaidatu ondoren, honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari:

  • ONAR DITZALA 2023ko maiatzaren lehenetik goiti ezarriko diren kopuruak,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOLA auzapez jaunari horri lotu dokumentu oro sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Ganix GRABIERES j.

068.2023 – GARAPEN IRAUNKORRA – PARTE HARTZE BIDEZKO AURREKONTUA – AUZOETAN LURRUSTELA EGITEKO PROIEKTUA – HERRIAREN ETA BIL TA GARBI SINDIKATUAREN ARTEKO HITZARMENAREN SINADURA

GRABIERES jaunak: 068 2023 zenbakidun deliberamendu hau Herriaren eta BIL TA GARBI sindikatuaren artean auzoetan lurrustela egiteko proiektu baterako hitzarmen bat sinatzeari buruzkoa da.

Hendaiako Herriak, herritar eztabaidaren urraspidearen harira, parte hartze bidezko aurrekontu bat eman du plantan. Elkarlan urraspide hori herritarrei egin proiektu deialdi batean zen oinarritua. Proiektu horietako zenbaitek ekologia trantsizioa laguntzeko xedea zuten; halatan, bada, hiru herritarrek proposatu «auzoan lurrustela egitea» proiektua nabarmen hautatu zuten interesgarrien iruditzen zitzaizkien proiektuak hautatzeko bozketan parte hartu zuten hendaiarrek.

Oraingoan gai zaigun proiektua leku publikoetan auzoko talde konpostagailuak kokatzea da, baratzea ez dutenek biohondakinak sorlekuan bertan bil eta balioan eman ahal ditzaten.

Konpostagailu bakoitza erreferenteek kudeatuko dute eta izena eman duten erabiltzaileek beste inork ez du haiek erabiltzerik ukanen.

Zenbait animazio proposatzen ahalko da, gainera, hala nola lurrustela egiteari buruzko formakuntza, ingurumenaren alde ohartarazteko lantegiak…

Halatan, bada, proiektu horrek hondakinak gutxitu eta gizarte lotura sortzeko aukera emanen du, Hendaiako auzoak biziago eginez.

Parte hartzeko interesa duten eta erreferente izan nahi duten aski jendek izena emanez gero, talde konpostagailu horiek honako leku hauetan koka litezke:

  • Partxetegia-Harrizabaleta auzoan
  • Irandatz parkean
  • Floridan (Hondarraitz)
  • Orion
  • Dongoxenean

Herriak, sostengu tekniko eta diruzkoa emanez, konpostagailuak kokatzea eta horien kudeaketan laguntzea aurreikusten du. BIL TA GARBI sindikatu mistoak, etxe hondakinen eta antzekoen murrizketaren, sailkapenaren eta balioan ematearen arduradun izan eta etxe azpian lurrustela egitea plantan emateko metodologia bat prestatu du eta bere sostengu teknikoa eskainiko dio Herriari  proiektu hori plantan emateko, eta konpostagailuak emanen ditu.

Sinatzaile diren partzuerretako bakoitzaren zereginak zehazten dituen hitzarmena prestatu da, hortaz, eta deliberamenduaren eranskin gisa eman zaizue.

Halatan, bada, aipatu berri dizkizuedan elementuak kontuan hartuz, onar dezazuen eskatzen dizuet honi loturiko hitzarmena, bai eta baimena eman diezaiozuela auzapezari sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

069.2023 – PARTE HARTZE BIDEZKO AURREKONTUA – TOKIKO ERLE BELTZA SALBATZEKO MATERIALA ESKURA EMATEKO HITZARMENA

GRABIERES jaunak: Deliberamendu hau ere parte hartze bidezko aurrekontuari loturik da eta tokiko erle beltza salbatzen aritzeko behar den erlezaintza materiala eskura emateko hitzarmena dakar berekin.

Proiektuaren asmoak betetzeko, Hendaiako Herriak erlezaintza materiala erosi berri du honako helburu hauen zerbitzura emateko:

  • Herrian diren tokiko etxe erleak egoera onean atxikitzen laguntzea, erle mulkoak anizten lagunduz,
  • Asiar lozerraren aurka borrokatzea, zinezko izurritea baita,
  • Espezie exotiko inbaditzaile eta harrapakari horren aurkako borroka horren bidez, intsektu polinizatzaileen beste espezieen multzo basa eta bertakoak bertan atxikitzen laguntzea.

Hitzarmenaren xedea udal materiala eskura emateko eta haien herriko lurretan erabiltzeko baldintzak zehaztea da.

Besteak beste, zehaztu da eskura eman material guztia merkataritzaz kanpoko jarduera batez besterik ezin dela erabili, noski. Halatan, bada, material uzte horren bidez sortu erlategiaren helburua ezin du eztia ekoiztea izan, baizik eta tokiko erle beltzen mulkoak salbatu eta emendatu daitezela.

Halatan, bada, eztabaida egin eta honako hauek egin ditzazuen proposatzen dizuet:

  • ONAR DEZAZUEN proiektu eramailea eta Hendaiako Herria 2023ko maiatzaren lehenetik 2025eko apirilaren 30 bitartean lotzen dituen hitzarmenaren printzipioa,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUELA auzapez jaunari proiektu horri loturiko hitzarmen eta dokumentuak sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

070.2023 – ONDAREAREN FUNDAZIOKO KIDE EGITEA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Ondarearen Fundazioa ororen interesekotzat onartua da eta eraikiriko ondare publiko, pribatu eta naturazkoa zaharberritzen eta lehengoratzen laguntzen aritzen da, emaitzen bilketa antolatuz eta jabeei zaharberritze lanak egiten eta testuinguru horretan zerga abantailak jasotzen laguntzen dieten labelak emanez.

Eskuhartze horiek, lurraldera loturiko ikuspuntu baten bidez, herrien nortasunaren markatzaile diren herrietako ondare elementu bikainak eta arruntak babesten laguntzen dute.

Akitaniako Ondarearen Fundazioak euskal ordezkaritza bat du, ondarea proiektu eramaileak hurbiletik lagunduz balioan eman eta atxikitzeko ekintzak gauzatzen laguntzen duten hiru bolondresek osaturik.

Halatan, bada, proiektu horiek sostengatu eta herri osoan heda daitezen bultzatzeko, Fundazioaren kide egin dezagun proposatzen dugu; kotizazioa 500 €koa litzateke.

Halatan, bada, eztabaida egin eta honako hauek proposatzen dizkizuet:

  • ONAR DEZAZUEN Herria Akitaniako Ondarearen Fundazioaren kide egin dadila, herriko ondare eraiki nola naturazkoa atxiki eta balioan emateko ekintzak azkartzeko aukera emateko,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOLA auzapez jaunari kidetze hori gauzatu ahal izateko dokumentu oro sina dezan, bai eta Ondarearen Fundazioari dagokion 500 euroko dirulaguntza ordain dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

071.2023 – DIRULAGUNTZA ESKARIA HERRIKO ETXEA IZAN ZENAREN BARNEAN HORMA IRUDI BAT EGITEKO PROIEKTURAKO

KEHRIG COTTENÇON andreak: Hendaiako Herriak ekin zion, 2018an, herri barnearen zaharberritze eragiketa bati buruz gogoetatzeari eta hainbat eta hainbat aldiz aipatu dugu hori hemen. Halatan, bada, zaharberritze horrek aurreikusten dituen proiektuak herri barnea biziberritze eta edertze urraspide orokor baten parte dira, batez ere biztanleen bizi ingurunea hobetzeko asmoz.

Herri barneak ondare, historia, nortasun eta ingurumen aukera zabala du. Hartara, lehen herriko etxea izan zena zaharberritua izan da zerbitzu publikoak hartu ahal izateko (Nazio polizia eta udaltzaingoa, Familia Laguntza Kutxa eta Eritasun Asurantzarako Lehen Mailako Kutxa). Zerbitzu horiek jadanik zabalik direla eta FLK-CAF eta EALMK-CPAM erakundeetako kide anitz hartzen dutela ikusiko zenuten.

Eraikinak barneko lorio bat dauka eta horko horma bat, inolako apaindurarik ukan ez eta horma irudi baterako leku izan liteke eraikinaren ondare zaharberritzea balioan emateko.

Str@da Collectivités deitu dirulaguntza Arte Grafiko eta Plastikoen Egileen Elkarteak proposatu baliabide bat da hiri arteak arte sorkuntzaren ohiko lekuetatik at hedatzen laguntzeko asmoarekin. Horren harira, diruzko laguntza baten eskaria egin da.

Halatan, bada, proposatu da auzapez jaunari baimena ematea proiektu horren diruztatzeko egin beharrekoak egin ditzan, bai eta diruztatzaileei dirulaguntzak eska diezazkion eta dirulaguntza eskari guztiak eta horri loturiko dokumentu guztiak sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

072.2023 – «ARGITERIA PUBLIKOAREN LAN BERRIAK» ESKUMENA PIRINIO ATLANTIKOETAKO ENERGIA LURRALDEAREN ESKU UZTEARI LOTURIKO ARGITERIA PUBLIKOKO INSTALAZIOAK ESKURA EMATEA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Hauteskide horiek, deliberamendu honetan gogora ekartzen zaizue Herriak Pirinio Atlantikoetako Energia Lurraldeari (Territoire d’Énergie des Pyrénées-Atlantiques), lehen Pirinio Atlantikoetako Energia Sindikatua (SDEPA-Syndicat d’Énergie des Pyrénées-Atlantiques) zenari, eskualdatu diola argiteria publikorako lanen obralaritzaren hautuzko eskumena. Kontularitza mailan, eskumen hori sindikatuak 45. kontuan gastuak eta diru sartzeak kontatuz gauzatzen zen orain arte.

Kontularitza molde horiek herrien aktiboan kokatzen zituzten argiteria publikoko instalazioak. Sindikatuak zuzenean jasotzen zuen Balio Erantsiaren Zerga Ordaintzeko Funtsa (BEZOF-FCTVA) eta horrela, herriek lanetarako ekarpena fakturatzen ahal zuten, BEZOF-FCTVA delakoaren kopurua kendu ondoren.

2020ko abenduaren 30eko Ministerio Aginduak zehaztu zuen BEZOF-FCTVA funts horren ematearen tratamendu automatizaturako prozedura erabil zitzaketen kontuen zerrenda eta jagoitik bazter uzten ditu 45. kontuko gastuak. Hartara, sindikatuak ezin du jagoitik BEZOF-FCTVA jaso 2021eko urtealdiaz geroztik eginiko argiteria publikoko lanengatik.

Herriek beren aldetik ere ezin dute BEZOF-FCTVA funts hori jaso, lanetan duten hondar parte hartzea horretarako eskubidea ematen ez duen kontu batera baitoa.

Halatan, bada, sindikatua eta kide dituen herriak BEZOF-FCTVA funtsarekin galtzaile izan ez daitezen, honako aterabidea atzeman dute sindikatuak eta Finantza Publikoen Departamendu Zuzendaritzak (FPDZ-DDFIP) elkarrekin gogoeta eginik: komeni du «argiteria publikoko lan berrien» eskumena sindikatuari eskualdatu dioten herriek ofizialki erran dezatela argiteria publikoko instalazioak eskura eman dituztela.

Juridikoki, eskura ematearen araubidea sindikatuari ondasunaren gozamena urririk ematea da, horri loturiko eskubide eta betebeharrekin eta jabetza herriaren eskuetan utziz. Halatan, bada, gure hornikuntzen jabe gara beti.

Eskura emate hori 2023ko urtarrilaren lehenetik goiti egin eragiketetan erabiliko da eta ez jadanik erabiliak diren instalazioetan, haiek herrien aktiboan geratuko baitira.

Herriek argiteria publikoko instalazioen jabetza dute beti eta beren gain hartzen dituzte betebeharretako batzuk.

Eskura emate araubide horren ondorioa da instalazio berriak sindikatuaren aktibotzat kontatu direla.

Argiteria publikoko instalazioen eskura emate horrek ez du zalantzan jartzen herria «argiteria publikoaren zaintza» deitu eskumena atxikitzeko duen aukera, baldin eta eskumen hori ez badio sindikatuari eskualdatu.

Hartara, kontularitza mailan, eskura emate horrek aukera ematen dio sindikatuari argiteria publikoko lanen gastuak 2317 kontuan sartzeko eta kontu horrek BEZOF-FCTVA funtsa berreskuratzeko aukera ematen du. Ongi ulertuko zenuten gisan, berreskuratze horren aldekoa da.

Lanetan herriak duen hondar parte hartzea BEZOF-FCTVA funtsa kendu ondoren kalkulatu ahalko da, beraz, erreforma baino lehen egiten genuen gisan.

Barka azalpen luzexko eta zertxobait tekniko hori eginik.

Herri Kontseiluak, eztabaida egin eta:

  • ERABAKI DU Pirinio Atlantikoetako Energia Lurraldea erakundeari jadanik eskualdatu diogun «argiteria publikoko lanen» eskumenari loturiko argiteria publikoko instalazioak 2023ko urtarrilaren lehenetik goiti eskura ematea ofizialtzea.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 19:25 orenetan.

HENDAIAN, 2023ko apirilaren 27an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAREN WEBGUNEAN HEDATURIK
2023.04.27an