2022ko Uztailaren 20an, 18:30ean egin herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 206.2022

Bi mila eta hogeita bigarren urtean, uztailaren 20an, asteazkenarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., IRAZUSTA j., MOUNIOS-ADURRIAGA and., ARRUABARRENA j., CAMACHO SATHICQ and., GRABIÈRES j., (Auzapezordeak) – JEHAN j., HARAMBOURE and., EIZAGUIRRE j., BERNARD j., AIZPURU and., PELEGRIN ARAMENDY j., LEGARDINIER and., TARIOL j., ARZELUS ARAMENDI j., BEAUFORT and., LABEAU and., NAVARRON and., COTINAT and., SALLABERRY j., DESTRUHAUT j., BARRERO and., POUYFAUCON j., BALANZATEGUI j., HIRIBARREN and.

AHALORDEAK: CEZA andreak HARAMBOURE andreari, ROMAN andreak EIZAGUIRRE jaunari, MANTEROLA andreak NAVARRON andreari,  MARTIARENA-GARAT jaunak ARZELUS ARAMENDI jaunari

EZ ZEN ETORRI: ESTOMBA and.

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.,

Deialdiaren eguna: 2022ko uztailaren 13.

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2022ko EKAINAREN 22KO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA:

Auzapez jaunak, 2022ko ekainaren 22ko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

127.2022 – HERRI KONTSEILUAK EMANDAKO AHALMEN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZ jaunak: galdera berezirik ez baduzue, horren jakinaren gainean zaretela erran dezazuen eskatzen dizuet.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

128.2022 – 1. ALDAKETA ERABAKIA

AUZAPEZ jaunak: Hastapeneko aurrekontua 2022ko martxoaren 30ean bozkatu genuen eta zenbait dokieta gehitu behar zaio.

Funtzionamendu diru sartzeetan: Kontuan hartu behar dira 1259 egoeraren ohartarazpenak  (tokiko zergak) 42 081 €koak, zuzkidura finkoa, 7803 €koa, eta nazio mailako berdintze zuzkidura, 225 328 €koa.

Funtzionamendu gastuetan, honako hauek erregistratu ditugu nagusiki:

  • Herriaren parte hartzea lurraldearen diagnostikoan, FLKren lurralde osorako hitzarmenaren barnean: 4500 €
  • Ur eta saneamendu faktura osagarriak: 43 000 €
  • Ezohiko dirulaguntzak: 27 500 €
  • Programa eta baimen informatikoen erosketak (merkatu publikoak, ordu markagailuak, eraikitze baimenak, …): + 19 240 € 6512 atalean eta -10 000 € 611 atalean
  • Merkatu publikoetarako iragarkiak: 15 740 €
  • Telefono eta internet gastuak: 49 500 €
  • Langileria gastuak: 100 000 €, ez dutenak kontuan hartzen, oraingoz, 2022ko uztailaren leheneko indize mailaren balioaren goratzea,
  • Mantentze gastuak: 25 332 € (urtealdian luzaturik)

Inbestimendurako diru sartzeetan:

  • EALK-CPAM kutxak diruzaintza zenaren berriztapenean duen parte hartzea: 100 000 €
  • Higiezinen uztea: 52 800 €
  • Inbestimendurako dirulaguntzak (Tokiko Inbestimendua Sostengatzeko Zuzkidurak TISZ-DSIL): 51 542 €

Inbestimendu gastuetan:

Nagusiki:

  • Programa baimenen eguneratzea (herri barnea, igerilekua, Legarralde, Txiki Handi)
  • Ordainketarako kredituen eguneratzea + 220 000 € herri barnerako: – 60 000 € Legarralderako
  • Azterketa gastuak: 30 720 €
  • Ibilgailuak: 55 500 €
  • Argiztapenak: 10 000 €
  • Zopiteko lursaila: -100 000 €
  • Informatika lanak: 41 417 €

Aldaketa erabaki hori honela orekatzen da:

  • Funtzionamendua:     275 212 €
  • Inbestimendua:          204 342 €
  • Orotara:                     479 554 €

1. aldaketa erabaki hori onar dezazuen proposatzen zaizue.

AHO BATEZ ONETSIA –

129.2022 – PROGRAMA BAIMENEN ETA ORDAINKETA KREDITUEN BERRIKUSTEA

AUZAPEZ jaunak: Egun, bost programa baimen ditugu bidean.

KONTUAN HARTURIK, eragiketen lanen aitzinamendu maila dela eta, PB/OK kopuruak honela berrikusi behar direla:

  • PBOK 001 – IGERILEKUA
    • PBOK:9 485 500 €
    • 2021 arte eginikoak:
    • OK 2022:140 000 €
    • OK 2023:1 920 500 €
    • OK 2024:3 275 000 €
    • OK 2025:4 150 000 €
    • OK 2026: –
  • Berrikuste proposamena
    • PBOK:10 193 000 €
    • 2021 arte eginikoak:-
    • OK 2022:140 000 €
    • OK 2023:710 000 €
    • OK 2024:5 626 000 €
    • OK 2025:3 002 000 €
    • OK 2026:715 000 €

 

  • PBOK 002 – HERRI BARNEA
    • PBOK:7 040 870 €
    • 2021 arte eginikoak:673 605 €
    • OK 2022:1 280 000 €
    • OK 2023:2 597 265 €
    • OK 2024:1 640 000 €
    • OK 2025:850 000 €
    • OK 2026:-
  • Berrikuste proposamena
    • PBOK:8 404 000 €
    • 2021 arte eginikoak:673 605 €
    • OK 2022:1 500 000 €
    • OK 2023:1 995 000 €
    • OK 2024:2 480 000 €
    • OK 2025:1 755 395 €
    • OK 2026: –

 

  • PBOK 2020-002 – LEGARRALDE
    • PBOK:720 000 €
    • 2021 arte eginikoak:73 711 €
    • OK 2022:280 000 €
    • OK 2023:366 289 €
    • OK 2024:-
    • OK 2025:-
    • OK 2026:-
  • Berrikuste proposamena
    • PBOK:720 000 €
    • 2021 arte eginikoak:73 711 €
    • OK 2022:220 000 €
    • OK 2023:200 000 €
    • OK 2024:226 289 €
    • OK 2025:-
    • OK 2026:-

 

  • PBOK 2020-003 – J. MERMOZ ELKARTASUNEN ETXEA
    • PBOK:3 000 000 €
    • 2021 arte eginikoak:-
    • OK 2022:100 000 €
    • OK 2023:1 800 000 €
    • OK 2024:1 100 000 €
    • OK 2025:-
    • OK 2026:-
  • Berrikuste proposamena
  • PBOK:2 868 120 €
  • 2021 arte eginikoak:-
  • OK 2022:100 000 €
  • OK 2023:639 000 €
  • OK 2024:1 364 400 €
  • OK 2025:764 720 €
  • OK 2026:-

2020-001 programa baimena, KANETA zaldainerakoa, bukatua da gastuei dagokienean; ezezta dezagun proposatzen zaizue, beraz.

Programa baimen honetaz gauzatu den kopuru osoa: 957 628 €.

PB/OK horien berrikuspenak goian azaldu bezala onar ditzazuen proposatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.

130.2022 – LANPOSTU IRAUNKORREN KOPURUAREN 7. TAULA

IRAZUSTA jaunak: Deliberamendu hori Hiri Bizitza Zerbitzuari eta Udal Zentro teknikoari dagokie. Orain arte kontratupekoak ziren lanpostuak ikastun langileentzako uzteari buruzkoa da.

Aldaketa horiek erregularki egiten ari dira, alde egiteen eta jardunaren jarraipenaren arabera.

Lanaldi osoko 4 animazio laguntzaile lanpostu eta 28 orenetako lanaldi murriztuko animazio laguntzaile lanpostu bat sor dezaten proposatu da eta auzapez jaunari kontratatze horietarako dokumentu oro sinatzeko baimena eman dakion.

Horretarako bada kreditu aski aurreikusirik urtealdirako aurrekontuan.

AHO BATEZ ONETSIA –

131.2022 – NORBANAKOEN FORMAKUNTZA KONTUAREN KARGURA HARTZE BIDEAK

IRAZUSTA jaunak: Norbanakoaren Jardute Kontuaren xedea langile publikoen gaitasunak garatzea da, bereziki kualifikazio gutxien dutenenak, eta lanbide bilakaerak laguntzea.

2 elementu ditu:

  • Norbanakoaren Formakuntza Kontua
  • Herritar Engaiamendu Kontua

Norbanakoaren Formakuntza Kontua Norbanakoaren Formakuntzarako Eskubidea (NFE-DIF) ordezkatzera dator.

2017ko maiatzaren 6ko dekretuak aukrreikusten du pedagogia gastuak eta bidaia gastuak biltzar erabakitzaileak muga ditzakeela.

Deliberamendu honetan aurreikusten diren bideen aldeko iritzia eman du, aho batez, batzorde teknikoak. Horren jarraipena eginen da, eskaintzen diren baliabideak doitzeko, horren beharrik balitz.

Deliberamenduak ez dio Norbanakoaren Jardute Kontuaren bigarren atala den Herritar Engaiamendu Kontuari heltzen, kontu hori ez baidagokie kolektibitateei. Elkarte jardunetan egin litzazkeen formakuntzak baititu xede.

Deliberamendu hau onartua bada, langileei informazio ohar bat eginen zaie kasurako egin beharko lituzketen urraspideak zehazteko.

Honako hau erabaki dezagun proposatzen zaigu, beraz:

  • Norbanakoaren Formakuntza Konturako, urtean 5000 € atxikiko direla
  • Langile bakoitzeko, gehienez 500 € izanen direla.
  • Bidaia gastuak langilearen kargura izanen direla, bai eta formakuntzaren kostuaren % 20 ere,
  • Aurrekontuan, deliberamendu honen gauzatzeko behar diren kopuruak sartzea.
  • Auzapez jaunari, deliberamendu honen betetzeko behar diren dokumentu guztiak sinatzeko baimena ematea.

AHO BATEZ ONETSIA –

132.2022 – BAITEZPADAKO AITZINETIKO BITARTEKARITZARA LOTZEKO DELIBERAMENDUA – KIDE DIREN KOLEKTIBITATEAK

IRAZUSTA jaunak: Bitartekaritza zeregin hau kudeaketa zentroek proposatu behar badute ere, kolektibitateek horretara lotu edo ez lotzeko aukera dute.

Zeregin hori deliberamenduak zehaztu auzibideei dagokie eta, horretaz egin den esperimentazio aldian, emaitza ona eman du egin den herrietan.

Auziak konpontzeko bestelako bide horrek, betiere legezkotasunaren eta administrazio onaren printzipioak betez, bat ez etortzeak malguago, arinago eta merkeago konpontzeko bidea ematen du.

Kotizazio gehigarrian den zerbitzu berri hori baliatu ahal izateko, kolektibitateek deliberamendua eman behar dute.

Urraspide horretara lotzeak duen interesa kontuan har eta,

Honako hau proposatu zaigu:

  • 2021eko abenduaren 22ko Justizia Erakundean konfiantza ezartzeko 2021-1729 Legeak aurreikusten duen baitezpadako aitzinetiko bitartekaritza zereginera lotzea
  • Baimena ematea auzapez jaunari erantsirik doan hitzarmena sina dezan

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

133.2022 – HENDAIAKO RELAIS THALASSO-REN ORDEZKARIA – HENDAIA TURISMO ETA MERKATARITZAREN ZUZENDARITZA BATZORDEA

TRANCHE jaunak: Jacques COURTILLE jaunak erretreta hartu eta Hendaiako Relais Thalasso gunearen zuzendaritza utzi du.

Hendaia Turismo & Merkataritzaren zuzendaritza bazordean haren ordez aritzeko, Herri Kontseiluari proposatu zaio haren ordezkoa izenda dezala, hau da, David CASADEWALL jauna, 1972ko urriaren 9an Biarritzen sortua dena.

Halatan, auzapez jaunak honako hau proposatu du:

  • Hautagaitza onar dadila.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

134.2022 – EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOAREN DIRULAGUNTZA JANARI XAHUTZEAREN KONTRAKO BORROKA DIUZTATZEKO

BUTORI andreak: Euskal Hirigune Elkargoak (EHE) «Ororentzako elikadura osasuntsu eta iraunkorra sustatu eta sostengatzea» izeneko borondatezko eskumena hartzea erabaki zuen 2018ko abenduaren 15eko deliberamendu batez.

Horren harira, lurraldeko gogoeta estrategikoari ekin dio, Lurraldeko Elikadura proiektuaren bidez.

2020ko otsailean onartu zuen «Euskal Herriko Elikadura Proiektua» eta horren xede nagusia ekoizleen eta kontsumitzaileen nahiei arrapostua ematea eta euskal herritar orori tokiko elikagai osasuntsu, kalitatezko eta ingurumenaren begiramenezkoak eskaintzea da, betiere laborariek diru sartze egokia dutelarik.

Aldi berean, EGALIM Legea, laborantza sektoreko merkataritza harremanen orekaren aldeko eta elikadura osasuntsu eta iraunkorraren aldekoa, 2018ko urte hondarrean bozkatu eta aldarrikatu zuten.

Hainbat neurri dakar lege horrek, haien artean, talde jantokiei dagozkien anitz.

Euskal Elkargoak, bere Elikadura Proiektuaren bidez, EGALIM legearen helburuei bete-betean lotzea erabaki du eta herriak bi ardatzen inguruan laguntzea:

  • Plastikozko erabilera bakarreko tresnak erabiltzea debekatzea,
  • Elikagaien gehiegizko xahutzearen aurka borrokatzeko urraspidea plantan ematea, aitzinetik horniketa iraunkorra kontuan hartuko duen diagnostiko bat eginez.

Gure zerbitzuak aspaldi ari dira horniketa iraunkorraren eta elikagaien xahutzearen gaietaz lanean, eskola jantokietan eta eskolaz kanpokoetan.

Apairuen horniketa eta banaketarako merkatua EGALIM legea bete dadin eskatuz egiten du.

Haurren bizi aldi horietan diren animatzaileek elikagaien xahutzea murrizteko proiektuak ematen dituzte plantan, haurrei arazoaz ohartzeko lantegiak proposatuz. Halatan, lan horrek erakusten du «self» moduko antolaketek (hozkailu altzariak, jaki beroa, sailkapena eta banatzailea) laguntzen dietela haurrei azietan emanen duten jaki kopurua neurtzen.

Apairualdiaren antolaketa modu hori garatzeko, laguntze eskaria egin liteke eskola jantokia diruztatzeko.

Halatan, bada, auzapez jaunak honako hauetarako baimena eman diezaion eskatu dio herri kontseiluari:

  • Proiektu horretarako dirulaguntzak eskatzeko 2022. urteari loturik,
  • urterako behar diren dirulaguntzen eskaria egiteko.
  • Dosier horretarako baliagarri den dokumentu oro sinatzeko.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Jean Michel ARRUABARRENA j.

135.2022 – GAZTERIA ETA NUMERIKOA ZERBITZUA – «RELAIS EURODESK EN RÉGION» LABELIZAZIOA

ARRUABARRENA jaunak: Gazteria eta Numerikoa Gunea, Gazte Informazio Bulegoaren bitartez (GIB), Eurodesk europar sareko kide da; egitura horrek Europari buruzko informazio zentroak biltzen ditu. Zentro horiek, nazionalak, eskualdekoak eta tokikoak, gazteentzat eta gazteekin lanean ari direnentzat dira.

Sarekide den herrialde bakoitzean, Europari buruzko informazioak eskuratzen laguntzeko hainbat zerbitzu proposatzen du Eurodesk sareak.

Eurodesk sare horrek diruzko laguntzak xerkatzeko gida eskaintzen du (europar programak, nazio mailako eta eskualde mailako ikasle laguntzak) eta Europan zehar bidaiatzeko aukerei buruzko informazio baliagarriak eskaintzen ditu, proiektua zeinahi delarik ere.

Frantzian, Eurodesk hori lurralde osoan hedatu 72tik gora egitura biltzen dituen Gazteria Informazio Sarean oinarritzen da.

Egitura horietako bakoitzak Europari buruzko gaitasun berezia duen norbait izendatu behar du. Horren egiteko, langile horiek Eurodesk formakuntzak egiten dituzte erregularki eta horretarako tresna egokiak dituzte.

Gazteria eta Numerikoa Guneak goian aipatu baldintzak betetzen dituenez, berriz ere labela eman diezaion eskatu behar zaio Gazteentzako Informazio eta Dokumentazio Zentroari.

Honako hau proposatu zaio herri kontseiluari:

  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari, «Eurodesk» labela eska dezan herriak horretarako duen udal egiturarentzat;
  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari Gazteria Informazio labela duten egiturei dagozkien Eurodesk sarearen eskualde ordezkaritzei buruzko hitzarmena sina dezan,
  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari Europaren gaineko gaitasun berezia duen Gazteria eta Numerikoa Guneko baliabide den «Eurodesk» erreferente izanen den norbait izenda dezan;
  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari horri loturiko dokumentu oro sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Ganix GRABIERES j.

136.2022 – «ABADIA EREMUA» EHIZA ETA BASA ABEREDIA ERRESERBAREN HEDAPENAREN EGUNERATZEA

GRABIERES jaunak: Abadia eremuaren mendebaldea, ekialdean dagoen Kattalinkoenea eta mendebaldean dagoen hondartza artean, iparraldean dagoen itsasoaren eta hegoaldean dauden Erlaitzaren errepidearen eta Armatondo karrikaren artean, ehiza eta basa  aberedia erreserba da 1976. urteaz geroztik, hala Itsas Hegiaren Babes Erakundearenak diren lursailak izan (45 ha inguru), nola Zientzia Akademiarenak (5 bat hektarea gazteluaren inguruan) izan edota Herriarenak diren 8 lursail txikiak, orotara 3 ha 63 zabal direnak.

Lehenengo erosketa 1979an egin zuenetik hona, Itsas Hegiaren Erakunde Babesleak lursail gehiago erosi du Kattalinkoenea eta Haizabe artean, hogei bat hektarea inguru. Ehiza sozietatearekin eta Ehiztarien Departamendu Federazioarekin sinatu hitzarmenaren harira, Itsas Hegiaren Erakunde Babesleak, lurren jabe izanez ehiza eskubidearen jabe ere denez, baimena eman zuen bere lursailetan ehizan ari zitezen, betiere aitzinetik ezarri data muga batekin, alegia, Asporotsttipi irekiko zen eguna arte.

Lurraldearen erabilera, kudeaketa eta araudiaren aplikazio koherentziarako, Itsas Hegiaren Erakunde Babesleak Hendaiako herrian dagoen bere jabego osora hedatu nahi du ehiza erreserbaren eremua.

Erreserba proiektuak 85 ha baino zertxobait zabalago den eremua hartzen du orotara eta, Hendaian, itsasoaren, Erlaitzaren errepidearen eta Armatondo karrikaren artean dauden lursail guztiak hartuko ditu hemendik goiti. Ingurumenari dagokionean, koherente den eremua da eta haren mugak erraz ikusten dira.

Lurjabe bakoitzak, ehiza eskubideen jabe ere izan eta onartu behar du bere jabegoa erreserban emate edo atxikitze printzipioa, Hartara, honako hau proposatzen dizuet:

  • Aldeko iritzia eman dezazuela herriaren 3,63 ha ehiza eta eta basa aberediaren erreserban atxikitzeari, bai eta erreserba hori Herriak kudeatzen duen egungo Abadia Eremua osatzen duten lursail orotara hedatzeari.

Zehazt dezadan ezen, Abadia eremuko jarduera guztiak gidatzen dituen 2019ko azken herri aginduak, aitzinekoek bezala, ehiza debekatzen duela jadanik naturagune babestu horretan guztian.

AHO BATEZ ONETSIA –

137.2022 – “PLASTIKOZKO HONDAKINIK GABEKO HONDARTZA” GUTUNA ONARTZEA

GRABIERES jaunak: Ekologia Trantsizioaren Ministerioak 2019an eman zuen, baina orain dela bi urte soilik hasi zen egiazki garatzen, “Plastikozko hondakinik gabeko hondartzak, itsas hegiko herri ekoeredugarrietarako” izeneko gutuna; gutun horren xedea itsas hegiko herriak are eta beren hondartzen zaintzan engaiatuago izatera gonbidatzea da.

Gutun hori 2018ko Bioaniztasun Planean da kokatua; plan horren helburuetako bat 2025erako itsasora hondakin batere ez botatzea da.

Itsasoan diren plastikozko hondakinen % 80 lurretik datozela jakinik, hondakinen zaintza planak garatzen dira hondartzetan, itsasoan eta ibai ertzeetan, urteetan zehar neurtzeko itsasora heltzen diren hondakinen murrizketa. Beste aldetik, CEDRE enpresak daraman programa bati buruz deliberatu dugu.

Argi da plastikoarekin maitasun harremana dugula, zail-zaila baitzaigu, egunerokoan hori gabe bizi. Baina onartu behar dugu maitasun edo harreman toxikoa dugula hor, handi-handiak baitira egunerokoan horrek ekartzen dizkigun arazoak.

Nazio mailan plastikozko lastoak, mahai tresnak, zakuttoak…kentzeko, Estatuak dituen eskumenak baliatu eta, tokiko eragileekin elkarlanean, eman duen araudiaz gain, gure herria engaiaturik da jadanik gure ingurumenean plastikoaren aurka borrokatzeko, besteak beste, bi adibide berri besterik aipatu gabe, terrazen gidaren bitartez edota hondartza kokapenetarako Aldi baterako Erabiltze Baimenen bitartez, zeinetan klausula bereziak ezarri baitira plastikoaren erabilera mugatzeko.

Gutun honen sinadurak are eta gehixeago gauzatzen du inguruneak babesteko eta ororen ongizatea eta osasuna sustatzeko herri hautetsiok dugun asmo sendoa, gure herrikideak eta gure bisitariak behin eta berriz ohartaraziz, prebentzio jardunak eginez edota hondakinen garbiketa, bilketa edota sailkapenerako baliabideak plantan emanez.

Hiru ardatz horietako bakoitzean, gutunak 5 ekintza mota ditu, hau da, 15 item orotara, zerrenda horrek mugak jartzen ez baditu ere.

Hiru engaiamendu maila proposatzen ditu gutunak, pixkanaka lortzen joateko, gure kolektibitateak dituen bitartekoen arabera eta nahi dugun erritmoan:

  • maila:   5 engaiamendu gauzatu dira
  • maila: 10 engaiamendu gauzatu dira
  • maila: 15 engaiamendu gauzatu dira.

Azken helburua 15 itemak gauzatzea delarik, noski.

Asmo oraindik ere handiagoak ukan beharko baditugu ere, noski, lehen behako batek erakusten digu 15 item horietako 10etan jadanik 16 ekintza betetzen ari garela. Helburu horietarako jadanik bidean eta garatzeko irian ditugun beste ekintzak abian eman baino lehen ere, Ministerioak egiaztatuko du, noski, baina jadanik 2. mailan koka gintezke.

Baina gure aldetik dugun edo lortuko dugun maila zeinahi izanik ere, hondartzak eta, oro har, itsas ingurumena zaintzen lagunduko dugu.

Izan litezkeen galderei erantzun eta eranskinarekin batera jadanik ezagutu duzuen deliberamendua bozkatzera ekin aitzin, gaineratu nahiko nuke, hauteskide horiek, Metropoliko eta Itsasoz Haraindiko 1077 itsas herrien artean 69 lurralde kolektibitate soilik, haietan 5 HeLEP, zirela, iragan uztailaren 8ko datan, gutun honen sinatzaile.

Hartara, zuek hala erabakiz gero, 70. lurralde kolektibitate sinatzailea izan gintezke.

Elementu horiek kontuan harturik, auzapez jaunari edo haren ordezkariari “Plastikozko hondakinik gabeko hondartzak, itsas hegiko herri ekoarduratsuetarako” gutuna bai eta horri lotu zeinahi dokumentu sinatzeko baimena eman diezaiozuen proposatzen dizuet. Milesker.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Itziar AIZPURU and.

138.2022 – EUSKO IKASKUNTZA ELKARTEA – EZOHIKO DIRULAGUNTZA

AIZPURU andreak: EUSKO IKASKUNTZA elkarteak, 2020ko urriaren 10ean, partzuergo hitzarmen bat sinatu zuen Hendaiako Herriarekin hiru urterako. Elkarlanean zenbait jardun antolatzea aurreikusten zuen hitzarmen horrek (mintzaldi zikloak, mintegien, solasaldien eta biltzarren antolaketa, film eta bideo dokumentalen aurkezpenak, dantza eta musika ikuskizunen antolaketa, liburuen argitaratzea argitaratzaile bakarra izanez edo elkarrekin argitaratuz), batez ere euskara, mugazgaindiko lankidetza, kultura aniztasuna, turismoa eta irakaskuntza eleanitza bezalako gaietaz. Herriak elkarteari urtero dirulaguntza bat ematea aurreikusten zuen ere.

  1. urteko dirulaguntza hori ez dugu eman.

5000 euroko ezohiko dirulaguntza batek estaliko lituzke elkarteak 2021ean eta 2022an jadanik antolatu dituen jardunek ekarri gastuak, bai eta 2022ko azken seihilekorako elkarteak aurreikusiak dituenen gastuak ere.

Herri Kontseiluari proposatu zaio:

  • 5000 euroko ezohiko dirulaguntza eman dakiola EUSKO IKASKUNTZA elkarteari.

Horretarako diru kopuruak aurrekontu nagusiaren 6574 artikuluan ezarriko dira.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

139.2022 – LURRALDEAREN BIZIBERRITZEA DAKARREN BIHARKO HIRI TXIKIAK EGITARAUA – OINARRIZKO HITZARMENA ONARTZEA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Hauteskide horiek agur, bozkario handiz aurkezten dizuet deliberamendu hau. Une garrantzitsua dugu hau gure agintaldian, aitzinamendu handia egiten baitu elkarrekin maiz aipatu dugun dosierrean, orain gauzatze fasera heltzen baita.

Euskal Hirigune elkargoa, bai eta Hazparne, Hendaia, Maule-Lextarre, Donibane Garazi eta Donapaleu herriak izan dira hautatuak «Biharko hiri txikiak» nazio mailako egitarauaren barnean.

Egitarau horrek herri txikietako eta inguruko lurraldeetako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko xedea du, kolektibitateak ibilbide dinamiko eta ingurumenaren begiramenez egiten direnetan lagunduz. Helburua elkargoaren hautetsiei eta zentralitate zeregina duten 20 000 biztanle baino gutxiagoko herri hautatuetako hautetsiei biziberritze proiektuak gauzatzeko giza eta diruzko baliabideak ematea da.

Beste herriek, hala nola egin duen Bidartek, egin dezakete hitzarmena Estatuarekin adituen txosten tekniko eta juridikoak jasotzeko, bai eta Biharko Hiri Txikiak sarea baliatzeko ere.

Egitarau horrek hiru fase ditu:

  • fasea: Lotze hitzarmena, honako hauek 2021eko maiatzaren 21ean sinaturik: EHEk, Biharko Hiri Txikiak labeldun bost hiriek, Estatuak, Ekarpenen Kutxak eta Bizilekuen Nazio Agentziak;
  • fasea: Abiatze fasea, egun bidean dena, Lurralde Biziberritze Eragiketa izanen den «Biharko Hiri Txikiak» oinarri hitzarmen baten idazketa dakarrena; hitzarmen hori da deliberamendu honen gaia;
  • fasea: Egitaraua garatzeko fasea, hau da, dirua eman eta oinarri hitzarmenean dauden ekintzak gauzatzeko garaia, 2026 arte.

Lurralde Biziberritze Eragiketa ELAN Legetik datorkigu (Bizitegien, antolaketaren eta digitalaren bilakaerari buruzko 2018ko azaroaren 23ko Legea) eta bizilekuetan eta saltegietan eragin handia ukan dezakeen eragiketa tresna bat da. Kolektibitateei eskubide juridiko eta fiskal berriak ematen dizkie:

  • merkataritza ustiapenerako baimenaren salbuespena eta, kasuan kasu, hiri inguruetako merkataritza proiektuak bertan behera uzteko aukera,
  • herria hautagarri izatea «De Normandie» zerga baliabiderako lehengo eraikinetan,
  • hirian lehentasunez erosteko eskubidea areagotzea,
  • merkataritza alokairuen kontrola, etab.

Kontuan hartuz Euskal Hirigune Elkargoak dituen izaria eta «multipolaritatea», bai eta 2022ko otsailaren 21eko Bereizketa, Deszentralizazio, Desconzentratze eta Sinplifikatzeari buruzko Legearen –«3DS» deitu legearen- 95 artikuluak ematen duen baimen berezirako aukera ere, Euskal Herriko Lurralde Biziberritze Eragiketaren hitzarmena honako eskema honi jarraituz egin da:

  • Baiona hiri nagusiaren beraren Lurralde Biziberritze Eragiketaren (LBE-ORT) hitzarmena atxikitzea. Hitzarmen hori Hiri Barnerako egitarauaren harira sinatu zen 2020ko ekainaren 19an eta 2020ko abuztuaren 12an ukan zuen prefet agindua;
  • EHEren mailan (Baiona izan ezik) Lurralde Biziberritze Eragiketa (LBE-ORT) balioa duen «txapel» hitzarmena deiturikoa sortzea, zeinera lotzen baitira «kume» deitu bost hitzarmen, «Biharko Hiri Txikiak » labeldun bost herriei ( Hazparne, Hendaia, Maule-Lextarre, Donibane Garazi eta Donapaleu) buruzko Lurralde Biziberritze Eragiketak direnak.

Deliberamendu honi erantsi oinarri hitzarmena Euskal Hirigune elkargoaren mailako lurralde proiektuari dagokio eta 2022ko urtarrilaren 23an sinatu Indarberritzerako eta Ekologia Trantsiziorako Lurralde Kontratuaren asmoei erantzuten die.

Honako xede hauek ditu:

  • EHEk zentralitateen eta bereziki «Biharko Hiri Txikiak» bost herrien biziberritzeari dagokionean dituen asmoak aurkeztea
  • Ekintza egitaraua eta proiektu asmoak zehaztea,
  • Egitarauan partaide eta eragile diren guztien engaiamenduak zedarritzea,
  • Egitarauaren jarraipena eta balioztapena bermatuko duten gobernantza moldeak finkatzea.

«Biharko Hiri Txikiak» labeldun bost hirietan ikusi diren bizigaltze prozesuek seinale anitz dituzte, lurralde bakoitzak dituen gizarte, geografia eta historia testuinguruen arabera gehiago edo gutxiago nabarmentzen direnak:

  • Hiri barneko lehengo talde bizitegi moldeak alde batera utz eta banakako bizilekuak hautatzea, bizitegi hutsen kopurua emendatzea, hiri barne zenbaitetan txirotze fenomenoak, higiezinen ondarearen andeatzea eta osasungaitz diren bizilekuen multzoak garatzea;
  • Hondaturik edo utziak diren eraikinen emendatzea, hiriko lur alferren garapena;
  • Automobila gehiegi erabiltzea, lekualdaketetarako modu aktiboen (oinezkoak, txirrindak…) lekua murriztea eta hiri barnean auto anitz ibiltzea, leku publikoen eta hango erabileren andeatzea;
  • Hurbileko merkataritza eta eskulangintza apaltzea, merkataritza lokal hutsak, makinungorako zonak murriztea;
  • Artamenduak (bereziki artamendu espezializatuak) eta zerbitzuak eskuratzeko zailtasunak.
  • Mugaondoko egoera aberastasun faktorea izateaz gain, ahultasun zerbait ere badakar, sektore zenbaiti (saltegiak, bizitegiak…) egiten dien lehiarengatik.

Prozesu horiek elkarren artean eragiten dute eta zaila da banaka konpontzea, maila zabalean gogoeta orokorra egin gabe.

Polaritate horiek berreskuratzea jokagai handia da Euskal Elkargoarentzat, bere politika publikoak gauzatuz. Berreskuratze hori ezin baita, sektorekako ikuspuntu klasikoei jarraituz unean uneko arrapostuak emate hutsa izan: antolaketa ikuspuntu orokorra behar du, politika guztien indarrak denbora luzean egituratu eta mugiarazteko gai izanen dena.

Euskal Elkargoak duen asmoa Ipar Euskal Herriko eta Seignanx-eko LuKEaren Antolaketa Estrategikorako Proiektuan da kokatua, 2030erako karbono neutraltasunaren asmoarekin, bai eta Eskualde Antolaketa Eskemaren proiektuan ere.

Halatan, bada, sei orientabide estrategiko zehaztu ditu Euskal Elkargoak Biharko Hiri Txiki labeldun bost herriekin batera:

  • orientabidea: Hiiri barneetan bizitzea, egun eta bihar,
  • orientabidea: hiri barneetako ekonomia eta merkataritza jardunei indar berria ematea,
  • orientabidea: Leku publikoak berrantolatzea herri barneak giro atseginekoak, lasaiak eta mugitze molde desberdinetarako egokiak izan daitezen,
  • orientabidea: Ondare materialak eta material ez direnak balioan ematea, turismoa erakartzen baitute eta tokiko nortasuna bideratzen,
  • orientabidea: Zentraltasun funtzioak azkartzea, hiri barneen ospea handitzeko,
  • orientabidea: Lurraldea biziberritzeko proiektua maila guztietan etengabe bultzatzea.

Orientabide horiek jadanik ematen diren elkargoaren politika publikoetan oinarritzen dira (Lurraldeko Klima, Aire eta Energia Plana, Bizitegien Tokiko Plana, Klima Plana, Mugikortasun Plana, Ekonomia Garapenerako Eskema, etab.). Ipar Euskal Herriaren Antolaketa eta Garapen Iraunkorrerako Gutuna gauzatzen dute.

Funtsezkoa da herri barneen biziberritzea lurraldeko eragile guztiek partekatu proiektu baten urraspidean kokatua izatea. Urraspide hori ez litzateke, hortaz, zurrun eta arautzaile izanen; bizi, iteratibo eta nor bakoitzaren ekarpenera zabalik izan behar da. Eragile guztien engaiamendua, elkargoarena eta ukituak diren herriena, Estatuarena, Lurraldeen Bankuarena, Eskualdearena, Departamenduarena, bizitegi lagunduen alokatzaileena eta ukituak diren eragile pribatuena ezinbestekoa izanen da oldar honen laguntzeko eta lurralde proiektuaren arrakastan parte hartzeko.

Biharko Hiri Txikak egitarauaren jarraipena eta balidatze instantzia den Proiektuaren Batzordea 2021eko irailaren 28an eta 2022ko ekainaren 22an bildu zen, prefeta eta Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakaria haren buru zirelarik. Batzorde horrek herriarteko estrategia eta  oinarri hitzarmenean azaltzen diren lurralde zehaztapenak onartu zituen, bai eta biziberritze proiektuak, LBE-ORT eragiketen mugak eta «kume» deitu hitzarmen bakoitzaren edukia diren bost herrien ekintza helduak.

«Kume» hitzarmenetarako, ukitu den herri bakoitzean, herri kontseiluak deliberamendua eginen du eta Euskal Elkargoaren Elkargo Kontseiluak bozkatuko ditu gero; horrela osatuko da Biharko Hiri Txikiak egitarau osoa.

Honako hau proposatzen dizuet, hauteskide horiek:

  • onar dezazuela, «Biharko Hiri Txikiak» egitarauaren barnean, deliberamendu honi erantsirik doakizuen oinari hitzarmenean azaltzen den lurralde proiektua, bai eta hortik jalgi diren orientabide, ekintza eta proiektu asmoak;
  • baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari egitaraua gauzatzeko aukera emateko behar diren diruztatzaile edo partzuer orori dei egin diezaien;
  • baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari proiektua eta ekintzen egitaraua gauzatzeko eta LBE-ORT eragiketa gauzatzeko behar diren partzuergo hitzarmen guztiak sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

140.2022 – DIRULAGUNTZA RECYCL’ARTE ELKARTEARI

KEHRIG COTTENÇON andreak: 2019ko abenduaren 18an, 157-2019 zk. deliberamenduaren bidez, Herri Kontseiluak RECYCL’ARTE elkartearekin 2020, 2021 eta 2022 urteetarako hitzarmen bat sinatzea erabaki zuen.

Deliberamendu hark 7500.00 eurotan finkatu zuen dirulaguntzaren kopurua 3 urte horietako bakoitzerako.

Halarik ere, urtero deliberatu beharra dugu dirulaguntza horren emateko.

Herri Kontseiluari honako hau proposatu zaio:

  • 157-2019 zk. deliberamenduari jarraikiz, 7500.00 euroko dirulaguntza bozkatzea RECYCL’ARTE elkarteari 2022. urterako.

Horretarako diru kopurua aurrekontu nagusiaren 6574 artikuluaren 524 funtziopean da aurreikusia.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 19:45ean.

HENDAIAN, 2022ko uztailaren 21ean

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea
Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAN AFIXATUA: 2022-07-22an