2022ko ekainaren 22, asteazkenean, 18:30ean egin herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 184.2022

Bi mila eta hogeita bigarren urtean, ekainaren 22an, asteazkenarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., IRAZUSTA j., MOUNIOS-ADURRIAGA and., ARRUABARRENA j., GRABIÈRES j., (Auzapezordeak) –
BERNARDj., AIZPURU and., PELEGRIN-ARAMENDY j., TARIOL j., BEAUFORT and., LABEAU and., CEZA and., HARAMBOURE and., EIZAGUIRRE j., ROMAN and., MANTEROLA j., LEGARDINIER and., ARZELUS-ARAMENDI j., NAVARRON and., MARTIARENA-GARAT j., COTINAT and., SALLABERRY j., DESTRUHAUT j., BARRERO and., ESTOMBA and. eta HIRIBARREN and.,

AHAORDEAK: CAMACHO-SATHICQ andreak CEZA andreari, JEHAN jaunak EIZAGUIRRE jaunari, POUYFAUCON jaunak DESTRUHAUT jaunari, BALANZATEGUI jaunak BARRERO andreari

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.,

Deialdiaren eguna: 2022ko ekainaren 15.

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2022ko MAIATZAREN 18KO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA

Auzapez jaunak, 2022ko maiatzaren 18ko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio.

GEHIENGOZ ONETSIA –

7 boz AURKA: DESTRUHAUT j., SALLABERRY j., BARRERO and., ESTOMBA and., HIRIBARREN and., POUYFAUCON j., BALANZATEGUI j.

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

112.2022 – HERRI KONTSEILUAK EMANDAKO AHALMEN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZ jaunak: horren jakinaren gainean zaretela erran dezazuen eskatzen dizuet soilik, deliberamendu honen gainean ez baita bozkatzen.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

113.2022 – «EUSKAL HERRIA ANTOLAKUNTZA» TOKIKO SOZIETATE PUBLIKOAREN (SPL PAYS BASQUE AMÉNAGEMENT) SORTZEA

AUZAPEZ jaunak: Akziodunen ituna eta estatutuak onartzea da gaia.

Euskal Herriko Bizilekuen Tokiko Programaren (BTP-PLH) asmoak gauzatzea eta, orohar, erakunde publikoak lurraldearen garapena kontrolatzeko nahiak antolaketaren jarduera publikoa azkarki garatu beharra dakar.

Herriarteko eta herri mailako erakundeen eskumena da eta antolaketa eragiketa publikoak egiteko horretarako tresna egokia behar da, maiz korapilatsuak diren azterketak denbora luzean egiteko, bai eta eragiketa horien lanak ere egiteko gai izanen dena.

Energia trantsizioaren alorrean, klima aldaketaren jokagaiei eta Euskal Herriaren lurraldeko klima, aire, energia planaren (LKAEP-PCAET) asmo handiko helburuei erantzuteko, Tokiko Sozietate Publikoak energia berriztapeneko eta energia berriztagarriak lurralde mailan garatzeko proiektuak trinkotzen lagunduko digu, jardute bide berriei esker eta eskuhartzeko tresna eraginkorrak plantan emanez.

Tokiko Sozietate Publikoek zuzenbide pribatuko sozietateen abantailak dituzte eta, hartara, antolakuntza malgua dute, betiere akziodun publikoen kontrola bermatuz.

Tokiko Sozietate Publikoak hitzarmen egoki oro egin dezake, bai eta proiektuak gauzatzeko behar diren higigarrien, higiezinen eta merkataritza eta industriako eragiketa guztiak, eragiketa zibil, juridiko eta finantzazko guztiak egin ahalko ditu. Horrez gain, duen sozietate helburuarekin bat datozen eta haien gauzatzen lagunduko duten eragiketa guztiak egin ahalko ditu ere.

Estatutuen proiektua eta akziodunen itun proiektua deliberamendu honi erantsirik dira eta xeheki azaltzen dituzte, besteak beste, hemen behereko honako elementu hauek:

Sozietatearen nolakoa, izena eta egoitza

Tokiko Sozietate Publikoa sozietate anonimoa da, lehendakari eta administrazio kontseiluduna.

Tokiko Sozietate Publikoaren izena: «SPL Pays Basque Aménagement» (Euskal Herria Antolakuntzarako Tokiko Sozietate Publikoa).

Sozietate egoitza Baionako Foch etorbidearen 15ean da, hau da, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan.

Tokiko Sozietate Publikoaren akziodunak

Honako hauek dira Tokiko Sozietate Publikoaren akziodunak:

  • Euskal Hirigune Elkargoa («EHE-CAPB»)
  • Euskal Herri-Aturri Mugikortasunen Sindikatua («EHAMS-SMPBA»)
  • Azkaine herria
  • Baiona hiria
  • Biarritz hiria
  • Bokale hiria
  • Kanbo herria
  • Ziburu herria
  • Hazparne herria
  • Hendaia herria
  • Maule-Lextarre herria
  • Mugerre herria
  • Donibane Lohizune herria
  • Donibane Garazi herria
  • Donapaleu herria
  • Senpere herria
  • Hiriburu herria
  • Urruña herria
  • Uztaritze herria

Kolektibitate berriak eta sozietatearen helburura, zati batean bederen, loturiko eskumenak dituzten haien elkargoak sar litezke tokiko sozietate publikoan haren akzioak eskuratzearen bidetik, eskuratze horiek gauzaz edo diruz pagatuz egin ditzaketelarik.

Tokiko Sozietate Publikoaren sozietate helburua

Tokiko Sozietate Publikoak bere akziodunen lurralde egitekoaren bidetik eta haiek dituzten eskumenen barnean eskuhar dezake.

Euskal Herria Antolakuntza Tokiko Sozietate Publikoak azterketak egin ahalko ditu, bai eta antolakuntza eragiketak asma, egin, ustia edota kudeatu, hala eraikitzea nola birsailkatzea edota berriztatzea, honako eskuhartze alor hauetan:

  • Hirigintza Kodearen L. 300-1 artikuluaren harira, hala herri intereseko nola elkargo intereseko eragiketetan;
  • Herriaren nola elkargoaren intereseko bizitegi eraikitzeetan;
  • Industrialdeetan, merkataritza aldeetan, hirugarren sektorekoetan, eskulangintza aldeetan, turismo aldeetan, portu edo aireportu aldeetan, bai eta ekonomiaren garapenerako eragiketak ere;
  • Jende ibiltarientzako familia lur alokatuetan eta harrera eremuetan, etab.

Zerrenda osoa txosten honetan duzue.

Sozietatearen kapitala eta horren banaketa

Sozietatearen kapitala 225 000 €koa da eta kategoria bereko 2250 akziotan da banatua; akzio bakoitzak ehun (100) euroko balio nominala du.

EHEk akzioen % 60,89 ditu, Mugikortasunen Sindikatuak % 6,67 eta herriek % 33,44. Ordaindu beharreko kopurua 2000 €koa da 5000 biztanletik beherako herrientzat eta 5000 €koa 5000 biztanletik gorakoentzat.

Biltzar nagusietan bozkatzeko eskubidea (arruntetan eta ezohikoetan) bakoitzak duen kapitalaren araberakoa da.

Sozietatearen kapitala alda liteke, noski.

Instantziak

  • Biltzar nagusi arrunta;
  • Ezohiko biltzar nagusia;
  • Administrazio kontseilua 18 kontseilukiderekin, legez ahal daitekeenaren mugan, ordezkoen kopurua akziodunek duten kapitalaren araberakoa baita;
  • Biltzar berezia, Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L1524-5 artikuluak dioenari jarraikiz, administrazio kontseilukideen kopurua ez denean aski akziodun guztien zuzeneko ordezkapena egiteko;
  • Zuzendaritza Nagusia;
  • Bi batzorde: batzorde tekniko bat eta finantza eta kontrol berdinaren batzordea.

Baldintza horietan, Tokiko Sozietate Publikoaren instantzia hauen barnean herriak ukanen dituen ordezkariak izendatu behar direla kontuan har:

  • Biltzar nagusian;
  • Biltzar berezian;
  • Batzorde teknikoan;
  • Finantza eta kontrol berdinaren batzordean,

Eta hori azaldu delarik, Herri Kontseiluari honako hauek proposatu zaizkio:

  • Erran dezala beste 18 akziodun publikoekin batera Euskal Herriko Antolakuntza Tokiko Sozietate Publikoa deituriko tokiko sozietate publikoa sortzearen alde dela;
  • Erabaki dezala sozietate horren xedea akziodun dituenen esku diren alorretan antolakuntza, eraikuntza eta birsailkatze/berriztatze eragiketa guztien aztertu, asmatu, egin eta ustiatu edota kudeatzea izanen dela;
  • Onar ditzala tokiko sozietate publikoaren sortze agiriak: estatutuak eta akziodunen ituna;
  • Onar dezala Herriak Tokiko Sozietate Publikoaren kapitalean parte har dezan;
  • Zehazt dezala sozietatearen kapitala 225 000 €koa dela eta kategoria bereko 2250 akziotan dela banatua, bakoitzak ehun (100) euroko balio nominala duelarik;
  • Zehazt dezala akzioak berrehun eta hogeita bost mila eurotaraino (225 000 €) ordaindurik direla;
  • Baimena eman diezaiola auzapezari bost mila (5000 €) euroko kopuruarekin ordain ditzan;
  • Zehazt dezala kapitalaren osatzeko behar diren diru kopuruak aurrekontuan sarturik direla;
  • Zehazt dezala sozietateak merkataritzaren eta sozietateen erregistroan matrikulatzen den egunetik goiti ukanen duela nortasun morala;
  • Onar ditzala administrazio kontseilukideen banaketa eta kopurua:
    • 11 administratzaile EHEren izenean;
    • Administratzaile 1 EHAMS-SMPBA delakoaren izenean;
    • 6 administratzaile biltzar bereziaren izenean;
  • izenda dezala Herriak biltzar nagusian ukanen duen ordezkaria;
  • hauta dezala Tokiko Sozietate Publikoaren biltzar nagusirako ordezkari gisa:
    • Kotte ECENARRO j.
  • izenda dezala Herriaren ordezkaria (1) Biltzar Berezirako;
  • hauta dezala Tokiko Sozietate Publikoaren biltzar berezirako ordezkari gisa:
    • Kotte ECENARRO j.
  • Baimena eman diezaiela mandatariei Tokiko Sozietate Publikoaren barnean duten ordezkaritzaren harira eman lekiekeen zeinahi zeregin onartzeko;
  • Izenda dezala Arnaud MANDEMENT j. Herriaren zerbitzuen ordezkari Tokiko Sozietate Publikoaren batzorde teknikoan;
  • Izenda dezala Arnaud MANDEMENT j. Herriaren zerbitzuen ordezkari Tokiko Sozietate Publikoaren finantzen eta kontrol berdinaren batzordean;
  • Baimena eman diezaiola auzapezari estatutuak eta akziodunen ituna eta haien eranskinak eta tokiko sozietate publikoaren sortzeko behar den agiri oro sina ditzan;
  • Baimena eman diezaiola auzapezari tokiko sozietate publikoa sortu eta matrikulatzeko behar den urraspide oro egin eta dokumentu oro sina dezan;
  • Ahal osoa eman diezaiola auzapez jaunari deliberamendu honen egikaritzeko neurri oro har dezan.

Deliberamendu honi helegitea egin dakioke Paueko Administrazio Auzitegiaren aitzinean, argitaratzen denetik eta Estatuaren ordezkariak jasotzen duenetik bi hilabeteko epean.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.

114.2022 – LANPOSTU IRAUNKORREN 6. TAULA MAILA GORATZEENGATIK

IRAZUSTA jaunak: deliberamendu honek lanpostuen bilakaera kontuan har eta 2022. urterako maila goratzeen taularako langileak izenda daitezke.

Maila goratze horiek uztailearen lehenean egiten dira; urteroko jarduna da, beraz.

Ikusiko duzue nola aurten ere 10 lanpostu sortzen ditugun maila berrietara egokitzeko:

  • 3 administrazio adarrean
  • 2 animazio adarrean
  • 5 adar teknikoan

horretarako eskubidea duten eta maila aldaketa jadanik balidatu zaien langileentzat.

Administrazio adarrean 2 postu besterik ez dugu hesten, eta adar teknikoan bat, lanpostuak zabalik atxiki nahi baititugu hemendik eta urte hondarra bitarte erabakiko diren ikastun langile lanpostuetarako eta bidean ditugun kontratuetarako.

Irekitze eta heste horien administrazio jarraipena korapilatsua irudi lezake lehen behako batean, baina zorrozki zaintzen du giza baliabideen zerbitzuak.

Langileen taula etengabe da mugimenduan urtean zehar, baina abenduaren 31n kontrolatzen da beti.

Sorturiko lanpostuei dagozkien gizarte kargetarako eta ordainsarietarako diru kopuruan urtealdiko aurrekontuan sartuko ditugu.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

115.2022 – HONDARTZEN ZAINTZA – URTEROKO HITZARMENA SUTE ETA SOKORRIRAKO DEPARTAMENDU ZERBITZUAREKIN (SSDZ-SDIS), SASOIRAKO SUHILTZAILE BOLONDRESAK UTZ DIEZAZKIGUN – 2022, 2023, 2024, 2025 ETA 2026 SASOIAK

TRANCHE jauna: ohiko deliberamendua dugu hau, 5 urterako, hau da, 2026. urtearen hondarra arte, luzatuko dugun hitzarmen honetarako.

Sasoirako baliabidearen barnean, eta, izan ere, sasoiaz haratago luzatuz, ia sei hilabete hartzen baititugu, bi sokorri gune ditugu eta etengabe zaindurik ez den bainu alde bat, SSDZ-SDIS zerbitzuarekin.

Hondarraitz hondartzaren alde nagusiari dagokionean, iazko baliabidea luzatu dugu, hau da, maiatzaren 14an hasi gara zaintzarekin eta Omiasainduko oporraldia arte luzatuko dugu.

Dunba harrien aldean, uztail-abuztu bi hil horietan zabalik izatea dugu asmotan.

Hitzarmen honen harira, hornitze eta modernizatze plan batekin jarraituko dugu, aurten ikusi duzuen bezala, sokorri ariketetarako hartuko diren quad ibilgailurako eta lererako

Atxikimendu hitzño bat erran dezadan, bederen, ekainaz geroztik darabilzten zeregin gaitzetaz, hasiera batean tenperaturei loturik. Maleruski, gure hondartza dolutan jarri da zaintzapeko zonatik at, baina haien presentziak segurtasuna ematen du beti biztanle guztientzat eta oso pozgarri zait hori. Jarraituko dugu, beraz, ahal bestean zerbitzu modernoa, egokitua eta ongi hornitua eskaintzen.

Halatan, bada, honako hau eskatu zaio herri kontseiluari:

  • onar dezala SSDZ-SDIS 64 zerbitzuarekin hainbaturterako hitzarmen proiektua, bainuaren eta ur jardunen zaintza antolatzeko herriko hondartzetan 2022, 2023, 2024, 2025 eta 2026 urteetako sasoietan,
  • baimena eman diezaiola auzapez jaunari hitzarmen hori eta dosierrari lotu dokumentu oro sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA  –

116.2022 – UDAL ARETOEN TARIFAK

TRANCHE jaunak: Ekitaldien zerbitzu berria ahalegintzen da areto guztien tarifa guztiak bateratzen. Jende guztiak eta ekitaldiak, animazioak, bestak edota bilkurak antolatu nahi dituzten elkarte guztiak hartzeko duzue hor Ekitaldien Zerbitzu hori, eta tarifez gain, eskatzaileen beharrak herriaren hornikuntzetara egokitzen saiatzen da ere, hau da, ahal bezain ongi bideratzen saiatzen gara, ahal beste orientatzen.

Bere lanen harira, taulan ikus zenezaketenez, hornikuntza bi taldetan banatzeko asmoa zuen (areto handiak eta txikiak) eta horren arabera egokitzea, behar bazen, teknikariaren eta garbiketaren gure tarifak.

Prezioak honako lau irizpide hauen arabera egituratu dira:

  • Hendaiar elkarte eta ikastetxeentzat, diru sartzeekin edo gabe
  • Profesionalentzat,
  • Gainerako egiturentzat,
  • Eta azkenik, borondate onez aztertuko ditugu hartu ohi ditugun eite humanitario edo borondate onekoa duten eskariak.

Ekitaldi eta tarifa horiek direla eta, honako hau proposatu da:

  • 2022ko irailaren lehenetik goiti erabiliko diren kopuruak onartzea,
  • auzapez jaunari urritasuna aitzinean aipatu den bezala emateko baimena ematea,
  • auzapez jaunari horri loturiko zeinahi dokumentu sinatzeko baimena ematea.

GEHIENGOZ ONETSIA –

6 boz AURKA: MANTEROLA j., LEGARDINIER and., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., MARTIARENA GARAT j., COTINAT and.

TXOSTENGILEA: Ganix GRABIERES j.

117.2022 – ABADIA EREMUA – HENDAIAKO HERRIAK ITSAS ERTZEAN DIREN HONDAKIN HANDIEI BURUZKO DATUAK EMATEKO ZERBITZU KONTRATUA – CEDRE 2022 GEHIGARRIA

GRABIERES jaunak: orain proposatzen dizuegun deliberamendua CEDRE zentroarekin dugun partzuergoari buruzkoa da. Testuingurua azaldu nahiko nizueke.

Gogoan har CEDRE hori uraren ustekabeko kutsaduren gaineko dokumentazio, ikerketa eta esperimentazio zentroa dela, hau da, Ekologia Trantsizioaren eta Lurraldeen Kohesioaren Ministerioak «Itsas hondakinak» itsasertzeko atala nazio mailan koordinatzearen ardura ematen dion erakundea.

Urtean 4 aldiz, hau da, urtearo bakoitzean behin, Abadia eremuko itsasertzearen zaintzaileek garbiketa zorrotza egiten dute Erdiko Ura izeneko badia txikian itsasoak airean uzten duen marearteko zonaren zabalera guztian, eta hara joan diren makrohondakin guztiak biltzen dituzte.

Saio horietako bakoitzaren ondoren, hondakinak bereizi, identifika, zehatz-mehatz sailka, konta eta pizatzen dira. Bilduriko datu horiek, gero, nazio mailako datu base batera biltzen dira eta CEDRE zentroak aztertzen ditu.

Eragiketa horiek funtsezkoak dira zehazki jakiteko zein hondakin mota hondartzen diren, zein bolumen hartzen duten, nondik datozen eta zein bilakaera duten hondartze horiek. Bilduriko datuek hondakinen sortzaile nagusiak identifikatzeko aukera eman beharko ligukete, bai eta horren ondorioz, Europa mailako legeria aldatzen joateko, kutsaduren sortzaile diren zeinahi gauzaren ekoizpena murriztu edo gelditzeko.

CEDRE zentroa eragiketa mota berdina garatzen hasi da, baina makrohondakin horiek itsasertzera heldu baino lehen, hau da, ibai ertzeetan hondartzen direnak aztertuz, itsasora heldu baino lehen.

Halatan, bada, Bidasoaren zati bat eman da testatzera 2021. urte hondarretik hona, CEDRE zentroak xerkatzen duenarekin zenbateraino egokitzen zen ikusteko, hau da, bilketa sektorearen luzeraren arabera, ibaiertzeen profilaren arabera, lekua jende gutxik bisitatzen duela kontuan hartuz eta garbitzeko baheketa eskuhartzerik ez dela kontuan hartuz.

Interesantetzat har eta zaldaina baino lehen, Heziketa Zentro hetsiaren altueran dagoen lekua halako hitzarmen baten xede izan liteke eta Erdiko Ura badia txikian Abadiako eremuaren itsasertzearen zaindariek egiten dutenaren manera berean egin liteke horren jarraipena eta, hartara, CEDRE zentroak eskaintzen duen diru laguntza finkoa jaso dezake ere; dirulaguntza hori urtero berrikusten da, Kontsumorako prezioen indizearen (KPI) INSEE oinarriaren arabera.

Aipa dezadan CEDRE zentroarekin lotzen gaituzten zerbitzu kontratu horiek kokatzen dutela Hendaia itsasoko makrohondakinen OSPAR/DCSMM zaintzarako nazio mailako sarearen ekarle gisa.

Kalkulurako oinarriak urtero berraztertzen direnez, proposatzen dizuet baimena eman diezaiogun auzapez jaunari CEDRE zentroarekin egin eragiketen harira makrohondakinak biltzeko jardunei loturiko zeinahi dokumentu sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA  –

118.2022 – KONTRATU EREDUA HENDAIA HERRIAREN ETA ALCOME EKOERAKUNDEAREN ARTEAN

GRABIERES jaunak: seguruenik entzun duzue, orain dela zenbait hilabete, «REP Tabac» edo «REP Mégots» deiturikoa, tabakoaren industrialariak haize kontra jarri baitzituen. Baina zer da «REP» hori?

«REP» Ekoizlearen Erantzukizun Hedatuaren akronimoa da eta horren printzipioa, azken finean ulertzen oso erraza, kutsatzaile-pagatzaile kontzeptuan da oinarritua.

Bi hitzetan, ekoizleei pagaraztea, eta ez zergapekoei, arriskutsu edota deuseztatzeko zail diren hondakinen tratamenduaren kostua.

REP adar anitz sortu da hondakin arriskutsuen ekoizle eta banatzaileei adar horiek sortzen dituzten gai kutsakorren bilketa eta kudeaketan parte hartzera behartzeko.

2020an bozkatu zen Gehiegizko Xahutzearen Aurkako eta Ekonomia Zirkularraren Aldeko Legeak adar berrietara hedatu du REP direlako horien printzipioa, besteak beste tabakoaren adarrera.

Horrek ekarriko zizkien gastu berrien karietara gertatu zaie zigarreten ekoizleei horren zail zerga betebehar berri horiek onartzea.

Alabaina, zigarrokina zenbait metro haratago bidaltzen duen erhi kiskaren ondorioak ez dira, inondik ere, hutsalak. Datu zenbaiten arabera, Frantzian urtero erretzen diren 71 miliarren artean, % 29, hau da, 21 miliar, lurrera bota ohi dira, behar ez bezala.

Zigarrokin bakar batek 500 litro ur kutsa ditzakeela dakigularik, erran dezakegu ezen, urtero, oso larriki eta Frantzian bakarrik, 35 mila miliarretik gora litro ur kutsatzen direla zigarreten irazkiek bereziki dituzten gai kimiko arriskutsu anitzen ondorioz (gai plastikoa, azido zianidrikoa, amoniakoa, kadmioa, arsenikoa, merkurioa, beruna…).

REP tabako delakoaren barnean, ALCOME leku publikoetan zigarrokin askoz gutxiago izan dadin lortu nahi duen ekoerakunde bat da; Estatuaren onespena du eta honako helburu hauek ezarri ditu: % 20ko murrizketa 2024rako eta % 40ko murrizketa 2027rako. Asmo handiko helburu horietara heltzeko, hainbat bide beharko da ibili. Jendeen ohartaraztea, komunikazio egoki baten bidez. Hornikuntzaren bidetik, leku jakinetan hautsontziak kokatuz. Baina baita azkarki engaiatzen diren kolektibitateak sostengatuz, edo bildu diren zigarrokinen baliatzearen edota tratamenduaren, bai eta balioan ematearen bidez ere.

Horren harira, ALCOME ekoerakundeak, kontratu eredu baten bidez, bide publikoen garbiketaren ardura duten kolektibitateekin kontratua egitea proposatzen du ere.

Kontratu horrek, besteak beste, honako hauek egitea aurreikusten du:

  • bide publikoen garbiketaren antolaketaren egoeraren azterketa,
  • hondakinen lagatzearen prebentzioaren egoeraren azterketa.

Horren ordainez, ALCOME ekoerakundeak diruzko ekarpena eginen du, bai eta, kontratuan erran bezala, ohartarazte kitak ere.

Hendaiako Herriak bideen garbiketaren ardura du eta hori ezinbesteko baldintza denez, honako hauek proposatzen dizkizuet:

  • onar dezazuen HENDAIAko Herriaren eta ALCOME ekoerakundearen arteko kontratu ereduaren sinadura
  • baimena eman diezaiozuela HENDAIAko auzapezari edo haren ordezkariari, kontratu hori sina dezan, bai eta horri lotu agiri oro ere.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

119.2022 – LURRALDEKO HITZARMEN OROKORRA (LHO-CTG) PIRINIO ATLANTIKOETAKO FAMILIA LAGUNTZA KUTXAREKIN (FLK-CAF) – ESKARI TALDEAREN HITZARMENA ONARTZEA

BUTORI andreak: Familia Laguntza Kutxak aldatu du kontratu baliabidea eta, hemendik aitzina, Lurralde Hitzarmen Orokorrak (LHO-CTG) sinatzea proposatzen die kolektibitateei Haurtzaroa-Gazteria kontratuaren ordez.

Hego Lapurdiko eremuko herri guztien artean partekatu diagnostiko batean da oinarritzen hitzarmen hori.

Diagnostiko hori azterketa bulego baten esku uztea aurreikusi da. Hartara, eskaera talde bat plantan eman beharko litzateke, zeinean Arbona herria izanen baita koordinatzailea, Ainhoa herriaren parte hartzearekin. Kontsultaren merkatua prestatzeaz arduratuko da, bai eta markatuaren esleitzeaz.

Familia Laguntza Kutxaren diruzko laguntza ukanen du 7000 €ko kostua duen diagnostiko horren egiteko. Dirulaguntza eskariak aurkeztuko ditu eta herriei fakturatuko die, bakoitzari biztanleriaren arabera dagokion zatia.

Gure herriarentzat, 4500 € ingurukoa litzateke.

Halatan, bada, eztabaidatu ondoren, Herri Kontseiluak:

  • FLKrekin lurralde hitzarmen orokorrak sinatu aitzineko diagnostikoa egiteko Arbonako Herriak Ainhoako Herriaren parte hartzearekin daraman eskari taldera lotzea erabaki du;
  • Baimena eman dio auzapez jaunari horretarako hitzarmena sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Jean Michel ARRUABARRENA j.

120.2022 – HENDAIAKO HERRITAR GAZTEEN BILTZARRA

ARRUABARRENA jaunak: udal taldeak herritarren aditzea eta parte hartzea bere proiektuaren erdi-erdian eman du.

Horren egiteko, Hendaiako Herritar Gazteen Biltzarra izanen da indarrean 2022ko irailaz geroztik.

Hendaiako Herritar Gazteen Biltzar horren animatzea eta koordinatze orokorra «Hezkuntza eta Haurtzaroa» eta «Gazteria eta Numerikoa» zerbitzuen ardura izanen dira.

Gutun bat (deliberamenduari erantsirik) proposatzen zaizue gaur, gazte talde horren funtzionamendua xeheki zehazteko:

Honako funtsezko printzipio hauek dira instantzia horren arrazoia:

  • gazteen kezkak hobe hartzea kontuan,
  • gazteak herrian inplika daitezen bultzatzea, haien iritziak, ideiak eta proposamenak gureganatuz,
  • udalak plantan ematen dituen politika publikoak hobetzen laguntzeko aukera ematea,

biltzar horrek honako hauek eskaini nahi dizkio biztanle horiei:

  • adierazpen, solas eta partekatze leku bat,
  • ardura hartzeko leku bat, gazteek proposatu proiektuen eraikitzearen, gauzatzearen, jarraipenaren eta azterketaren bitartez. Hiru alor nagusi proposatuko zaizkio taldeari:
    • kultura, bestak, kirolak eta aisialdia,
    • ingurumena eta bioaniztasuna,
    • elkarrekin ongi bizitzea eta elkartasuna,
    • ororen onurari eta ororen ongiari buruzko gogoetalekua.

Halatan, biltzarrak udal hautetsien hautuak argitzen lagunduko du eta herrian egiten diren proiektuak eraikitzen parte hartuko du, azken erabakia herri kontseiluarena bada ere.

Gazteriaren eta Herritartasunaren ardura duten auzapezordeak zuzenbideko biltzarkideak dira eta osoko bilkuren buru; haiei da Hendaiako Herritar Gazteen Biltzarraren eta Herri Kontseilukideen arteko lotura egitea.

Hendaiako Herritar Gazteen Biltzarrak 26 kide ukanen ditu bi urterako Hendaiako ikastetxeetako lehen mailako lehen urtetik laugarren maila arterainoko ikasgeletan hautatuak.

Gazteak bi ikasturtetarako hautatzen dira bolondres aurkezten direnen artean.

Herriak komunikazio kanpaina bat eginen du 2022ko ekainean, Hendaiako Herritar gazteen Biltzarra aurkezteko, eta gero iraileran, hautagaitzak aurkez daitezen sustatzeko.

Proiektuaren gauzatzeko, Herriak zenbait giza baliabide, logistikako baliabide eta diruzko baliabide emanen dio gazte biltzarrari:

  • giza baliabideak eta baliabide logistikoak:
  • bi animatzaile arduratuko dira taldearen bilkuretaz, haien jarraipena egiteaz eta aurreikusi ateraldi eta topaketetan gazteak gidatzeaz,
  • Hendaiako Herritar gazteen Biltzarraren ardura ukanen duen udal lantaldea, zeinari gazteek beren gogoetetan, bilkuren animazioan eta gainerako gazteekiko eta herri kontseiluarekiko harremanetan lagun diezaien eska dbaitiezaiokete,
  • Komunikazio baliabide hainbat (afixak, eskuorriak, webgunea etab…) herriko gainerako gazteekiko lotura ahal bezain ongi egiteko,
  • Diruzko baliabideak:
  • Aurrekontu bat eman da taldearen 2022ko funtzionamendu gastuak ordaintzeko. Proiektuak gauzatu ahal izateko, 2023tik goiti aurreikusiko da gastua.

Honako hauek proposatzen dizkizuet:

  • Onar dezazuela Hendaiako Herritar Gazteen Biltzarraren gutuna,
  • Baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari horri loturiko agiri guztiak sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Laurence BEAUFORT and.

121.2022 – KAIEN USTIATZEKO AZPIKONTRATUAREN BERRITZEA

BEAUFORT andreak: Hendaian gelditu ohi diren ontzien arrain lehorreratzeen kudeaketa dela eta Hendaiako Herriak Donibane Lohizune-Ziburuko portuaren arrain saltokiaren kudeaketa elkartearekin sinaturik duen azpikontratua 2021eko abenduaren 31n bukatu zen.

Ustiapen azpikontratu hori beste urtebeterako luzatu behar da, lehengo baldintza beretan.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • Baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari Laranjondoen karrikaren ekialdean dauden kaien eta zabaltzaren kudeatzeko ustiapen azpikontratua sina dezan Donibane Lohizune-Ziburuko portuaren arrain saltokiaren kudeaketa elkartearekin, 2022ko abenduaren 31 arte iraun dezan.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

122.2022 – PIRINIO ATLANTIKOETAKO ENERGIA SINDIKATUAREN ESTATUTUEN ALDAKETA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Auzapez jaunak biltzarrari jakitera eman dio ezen Pirinio Atlantikoetako Energia Sindikatuaren sindikatu batzordeak, 2022ko apirilaren 9ko deliberamendu batez, erakunde horren estatutuak aldatzea onartu zuela, honako bi puntu hauetan:

I – Lehenik eta behin, sindikatuaren izena aldatzea

Frantziako Energia sindikatu guztiei izen eta logo berdina plantan emateko ideia Energia Sindikatuen Nazio Federakuntzak ukan zuen 2015ean, nazio mailan ikusgarri izan daitezen marka ezagun bati loturik.

Halatan, bada, hiru urtetik hona, marka pixkanaka ezagun egiten joan dadin, SDEPA sindikatuak batera ematen ditu TERRITOIRE D’ÉNERGIE PYRÉNÉES-ATLANTIQUES logoa eta bere logoa sindikatuaren komunikazio euskarri orotan.

Proposatua izan den estatutuen aldaketa horrek izen aldaketa hori berresteko aukera emanen du.

II – Sindikatuaren izaera juridikoaren aldaketa eta eskumenen hedapena

SDEPA sindikatuaren eskuhartze alorrak etengabe aldatzen direlarik, estatutuen aldaketa hori estatutuen edukia osatzeko egin da.

Izan ere, argi utzi behar da SDEPA sindikatu misto hetsia dela herriak eta herriarteko elkargoak biltzen dituena (syndicat d’électrification du Bas Ossau egun, eta biharkoan, agian beste herriarteko elkargoak ere); lurraldeko energia sare alternatiboak sortzeko aukera, hala nola hotzaren sareak; karrika argiztapenaren ustiatzailearen egitekoa egikaritzea; hidrogenoaren erabileren garapena, edota mugikortasun elektrikoaren eskema zuzentzaileen egitea. Puntu horiek guztiek estatutuen aldaketa beharra dakarte SDEPAren jarduera segurtatzeko eta departamenduko herriei egoki zaien zerbitzua ekartzeko.

Gogora ekarri da aldaketa hori ez dela indarrean hasiko S.D.E.P.A. sindikatuko kide diren herrien gehiengo kualifikatua alde azalduko den arte, hiru hilabeteko epean, betiere kontuan hartuz arraposturik ez ematea onartzea dela.

Herri Kontseiluak,

Ikusirik Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L.5211-20 artikulua,

Kontuan hartuz aurkeztu zaizkion elementuak eta eztabaidatu ondoren,

Erabaki du:

  • Onartzea Pirinio Atlantikoetako Energia Sindikatuaren aldaketa, eranskinean den testuak dioenaren arabera.

AHO BATEZ ONETSIA  –

123.2022 – PARTZUERGO HITZARMENA – TXIRRINDAK EPE LUZERAKO ALOKATZEKO ZERBITZUA EUSKAL HERRI-ATURRI MUGIKORTASUN SINDIKATUAREN EREMUAN

KEHRIG COTTENÇON andreak: Euskal Herri-Aturri Mugikortasun Sindikatuak (EHAMS-SMPBA) proposatu euskal biztanleentzako txirrindak alokatzeko zerbitzuak txirrinda «bereziak» 2 hilabetez alokatzeko aukera ematen du, test moduan. 250 txirrinden multzoan badira argindarrez lagundu bide orotarako txirrindak, txirrinda plegagarriak eta kargarako txirrindak.

Zerbitzu horren antolakuntza lurraldeka da antolatua, biztanleengandik hurbil aritzeko. Plantan eman den erabiltzaileentzako ibilbideak aurreikusten du erabiltzaileek «Jasotze puntu» deituriko lekuetan jasoko dituztela txirrindak. 17 jasotze puntu daude lurraldean hedaturik. Jasotze puntuen egitekoa bete dadin, funtzioak bermatzen dituen egitura behar da.

Hitzarmen honen xedea mugikortasunen sindikatuak jasotze puntu gisa aritzen diren egiturei –gure kasuan, Hendaiako Herria- eman dizkien ardurak zehaztea da.

Mugikortasunen sindikatuak kanpoko zerbitzu emaile bati eman dio txirrindak alokatzeko zerbitzuaren kudeaketa, hitzarmen oinarri-emaile gisa eman merkatu publiko baten bidez.

Hitzarmen hau sinatzen denetik lau urteko eperako egin da.

Honako hau proposatu zaio auzapez jaunari:

  • Onar eta sina dezala Euskal Herri-Aturri Mugikortasunen Sindikatuarekiko partzuergo hitzarmena.

AHO BATEZ ONETSIA  –

KEHRIG COTTENÇON andreak: hauteskide horiek, hurrengo bi deliberamenduak aurkeztu aitzin, zehazt diezazuedan izendatu beharreko karrikak emazteen izenez izendatzekoa engaiamendua hartu genuela eta, ikusiko duzuenez, hori ez da horrela hurrengo bi deliberamenduetan; arrazoia bakuna da. Bi erregulartze baitira.

Halatan, bada, gure engaiamenduak bere horretan dirau eta laster mintzatuko gara berriz ere horretaz, batzordean.

124.2022 – IZENDAPENA – 7 PROBINTZIEN KARRIKA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Dongoxeneko aldearen antolakuntzaren harira, 2014an egin  ALAVA eta ZUBEROA programetako bizitegi lagunduak barne bide batek ditu zerbitzatzen.

Office 64 eta Le Col erakundeekin adosturik, bide horri 7 Probintzien karrika izena eman zitzaion.

Halatan, bada, bide horren izendapena administrazio zerbitzuen aitzinean ofizial egin behar da.

Hartara, honako hau proposatzen dizuet:

  • ALAVA eta ZUBEROA programak zerbitzatzen dituen barneko bidea 7 Probintzien karrika izendatzea erabaki dezagun, erantsiriko planoan zehaztu bezala.

AHO BATEZ ONETSIA  –

125.2022 – IZENDAPENA – ENBATA KARRIKA ITSUA

KEHRIG COTTENÇON andreak: kadastran AE 645, 646, 647 lursailak, Hendaiako herrian, Urruña herriko Aldapa deitu herri bideak zerbitzatzen ditu.

Lursail horiek Hendaian helbidea ukan dezaten, jabego horietara daraman karrika itsua Enbata karrika itsu dei dezagun komeniko luke.

Honako hau proposatzen zaizue:

  • Erabaki dezazuela ENBATA karrika itsu deitzea kadastrako AE 645, 646, 647 lursailak zerbitzatzen dituen karrika itsua, erantsiriko planoan ageri bezala.

AHO BATEZ ONETSIA  –

126.2022 – MATERIALEN BERRESKURATZEA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Hendaiako Herria zenbait ibilgailu, gurpildun gailu, hainbat material mota eta altzariren jabe da, urtetik urtera erosten dituena zerbitzu teknikoei eta administraziokoei egin beharrekoak egiteko aukera emateko.

Materialen edota altzarien multzo hori berritzeko politikaren harira, Herriak erregularki aldatzen ditu material horiek, dituzten urteengatik, zaharkitu direlako edo ekonomikoki ezin konpon litezkeelako.

Kudeaketa horren xedea material horien mantentze gastuak murriztea eta langileen segurtasuna bermatzea da. Hartara, ibilgailu, gurpildun gailu eta material horiek erabiltzeari utz eta berritzen ohi dira. Duten egoerak horretarako aukera emanez gero, beste norbaitek erabili ahalko ditu.

Kontuan hartuz 2014an zirkulatzen hasi zen SEMAT VS 501 karrika garbigailu-hurrupagailuaren egoera eta urteak,

Kontuan hartuz GSVI TOULOUSE sozietateak 2021-03-29an egin zuen horren hartzeko eskaintza,

Kontuan hartuz 2015ean zirkulatzen hasi zen Compacte RAVO 540 karrika garbigailu-hurrupagailuaren urteak eta egoera,

Kontuan hartuz SAS BUCHER MUNICIPAL sozietateak 2022-06-07an egin digun hartzeko eskaintza,

Kontuan hartuz 2006an zirkulatzen hasi zen AL-116-XA matrikuladun IVECO APTINEP minibusaren egoera eta urteak,

Kontuan hartuz FAST CONCEPT CAR sozietateak 2022-04-01ean egin zigun hartzeko eskaintza,

Honako hauek proposatzen zaizkizue:

  • onar dezazuen goian aipatu ondasunen erreforma,
  • onar dezazuen egin diren honako proposamen hauen araberako salmenta printzipioa:
  • GSVI TOULOUSE sozietateak: 30 000.00 € ZB
  • SAS BUCHER MUNICIPAL sozietateak: 18 000.00 € ZG
  • FAST CONCEPT CAR sozietateak: 4800.00 € ZG

Diru sartze horiek aurrekontu nagusira sartuko dira, 775 atalera – Ibilgetuen eskualdaketen produktuak.

AHO BATEZ ONETSIA  –

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 19:30ean.

HENDAIAN, 2022ko ekainaren 23an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea
Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAN AFIXATUA: 2022-06-23an