2021ko maiatzaren 26, asteazkenean, 18:30ean egin, herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 270.2021

Bi mila eta hogeita batgarren urtean, maiatzaren hogeita seian, asteazkenarekin, 18:30ean, Herri Kontseilua bildu da Kotte ECENARRO jaun auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., IRAZUSTA j., COTINAT and., LEGARDINIER and., GRABIÈRES j. (Auzaezordeak) – CAMACHO SATHICQ and., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., AIZPURU and., PELEGRIN ARAMENDY j., BEAUFORT and., BERNARD j., EIZAGUIRRE j., ROMAN and., MANTEROLA j., HARAMBOURE and., LABEAU and., JEHAN j., CEZA and., DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., POUYFAUCON j. (082.2021 zk. deliberamendutik goiti), BARRERO and., BALANZATEGUI j., ESTOMBA and.,  SALLABERRY j.

AHALORDEAK: ARRUABARRENA jaunak KEHRIG COTTENÇON andreari, MOUNIOS ADURRIAGA andreak IRAZUSTA jaunari, TARIOL jaunak BERNARD jaunari, MARTIARENA GARAT jaunak NAVARRON andreari.

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.

Deialdiaren eguna: 2021ko maiatzaren 18a

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2021EKO APIRILAREN 28KO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA

Auzapez jaunak, 2021eko apirilaren 28ko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio. Dokumentua biltzarrak onar dezan eman da bozketara.

AHO BATEZ ONETSIA –

Auzapez jaunak: gai zerrendari ekin aitzin, NAVARRON andreak zertxobait erran nahi omen eta hitza ematen dizut.

NAVARRON andreak: aste honetako gertaerei buruz mintzatu nahi dugu.

Alde batetik, maiatzaren 21ean, ostiralean, Frantziako kontseilu konstituzionalak gibela bota du hezkuntzan hizkuntza gutituen murgilketa sistema, nahiz eta gure lurraldearen errealitatean hezkuntza eredu horren gaineko kontsentsu guziz zabala den, hura izanik eraginkorrena gure hizkuntzaren biziraupena segurtatzeko. Ezezko hori gibelera egindako jauzi izugarria da eta arriskuan ematen du hainbat urtez, lehenik, ikastolek egindako lana eta, ondoren, eskola pribatu zein publikoek. Gobernuaren eraso larri horren aitzinean, heldu den larunbatean, maiatzak 29, 16:00etan Baionan, Laugan iraganen den mobilizazio orokorrean parte hartzeko deia egiten dugu.

Beste alde batetik, larunbat honetan bertan, 17:00etan beste manifestaldi bat abiatuko da Hendaiatik Irun aldera immigrazio politika salatzeko. Politika anker horrek drama sortu du berriz ere joan den larunbatean, gure Bidasoa igerian zeharkatzen saiatzen zen gizon gazte bat ito baitzen. Muga bat gainditzeko eta patruilei ihes egiteko desesperazio ekintza hori Europak hainbat urtez kontinente afrikarra harrapakerian larrutzearen zuzeneko ondorioa da. Horrek eta bertako gobernuen konplizitateak haien herriak miseria gorrian uzten dituzte. Arriskuz, esplotazioz eta gehiegikeriaz betetako bide luze hori egin behar izan ondoren Europara iristeko, onartezina eta basatia da drama hori Europar Batasuneko barne muga batean gertatzea, gainera, irekia beharko lukeen muga batean.

Gure sustengu osoa adierazi nahi diegu kapitalismoaren biktima diren emazte eta gizon horiei, eta azkarki aldarrikatu nahi dugu inor ez dela ilegala.

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

080.2021 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

Auzapez jaunak: ohi bezala, Herri Kontseiluak eman ordezkaritzaz auzapezak hartu erabakiak kontuan har ditzazuen eskatzen dizuet, haien zerrenda emana zaizuelarik.

Herri Biltzarra jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

081.2021 – HIGIEZIN DOHAINTZA BATEN ONARTZEA

Auzapez j.: andre batek egin dohaintza bat onartzea da gaia; haren izena ez dugu erranen, hark hala galdeginik. Halarik ere, haren helbidea eta deliberamenduaren gaia dugun dohaintzaren xehetasun guztiak legezkotasun kontrolera igorriko dugun deliberamenduan ageriko dira, noski.

Gaur Hendaiako Herriari O. andreak egin dohaintza onartzea da gaia. 135 m² zabal den banakako etxe baten dohaintza da, 450 m² inguruko lursail batetan kokatua; balioztapena: 530 000 €.

Dohaintzari lotu baldintza onartu behar da ere, hau da, indarkeriaren biktima diren emakumeen harrerarako balia dadila.

Deliberamendu honi buruzko dokumentu eta agiri oro sina dezadan baimena ematea onartu behar da, bai eta herriaren kargura hartzea eragiketa horren notariotza gastuak.

AHO BATEZ ONETSIA –

POUYFAUCON jauna bilkurara bildu da.

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

082.2021 – COVID-19 – MERKATARIAK SOSTENGATZEKO PLANA – 2021. URTEA

TRANCHE jaunak: deliberamendu honetan, laguntza planari dagozkion testu eta arauak ekartzen dizkizuegu gogora.

Hartara, 2021ean jardunarekin berriz ere jarraitzeko hainbat ministerio dekreturen ondorioz, gogora ekarri nahi zaizue jendeei zabalik diren eraikinen hetsialdi administratiboen testuingurua.

Deliberamendu honetan, herrialde hau eta mundu osoa larrialdi batean kokatu dituen osasun testuinguru gaitz horri loturiko data eta egun guztiak atzemanen dituzue

Testuinguru horretan, Hendaiako Herriak jarraitu nahi du merkatariak 2021ean bereziki laguntzen, jadanik 2020an egin duen bezala, bai eta gogorren joak izan diren merkataritza jardunen gainean lan egiten ere.

Deliberamendu horrek bi ardatz ditu:

  1. Jabari publikoaren erabilerak
  2. Alokairuak

Honako neurri hauek proposatzen dizkizuegu:

1. neurria:
  • Jabari publikoaren erabileretarako: zergen dispentsa osoa 2021eko urtarrilaren lehenetik 2021eko ekainaren 30 bitarte,
  • 2021eko bigarren hiruhilekorako dispentsa elikagaien saltzaile ez diren aire zabaleko merkatuko abonamendua dutenentzat.
2. neurria:

Aldi Baterako Erabiltze Baimenetarako (AEB-AOT): dispentsa gehigarriak emateko xede jakineko azterketak. Sasoiko edo urteko jardunen Aldi Baterako Erabiltze baimenak (terraza eta salmahiak alde batera utziz) banan-banan aztertuko dira, 2020ko sasoi amaieran egin genuen bezala, kopuruen datu objektiboei so eginez. Jarduera horien zergen dispentsak ustiatze galerak eta, halakorik balitz, jarduera horiek jaso ditzaketen diru sartze eta laguntzak dakartzan dosier bat aztertuz eginen dira.

3. neurria:

Terrazen hedatzea

Dakizuenez, edukitze neurrien sistema dela eta jendeak hartzen dituzten eraikin batzuek terrazak jabari publikoan zabaldu behar dituzte. Halatan, bada, proposatzen zaizue terrazan ematen diren lekuen araberako dispentsak egin ditzagun hedapen horietan.

4. neurria:

alokairuak direla eta dispentsak emateko xede jakineko azterketak direla eta

Herri Kontseiluari honako hauek eskatzen zaizkio:

  • Dispentsa eman diezaiela jabari publikoa erabiltzearen gaineko zergan, urtarrilaren lehenetik ekainaren 30 bitarte terrazen ustiatzaile guztiei,
  • Dispentsa eman diezaiela 2021eko bigarren hiruhilekoko jabari publikoa erabiltzearen gaineko zergan elikagaien saltzaile ez diren aire zabaleko merkatuetako gainerako saltzaileei,
  • Onar dezala sasoiko edo urteko Aldi baterako Erabiltze Baimenak gero aztertzeko baliabidea (terraza eta salmahaiak alde batera utziz),
  • Onar dezala terrazak banan-banan urririk hedatzeko baliabidea,
  • Onar dezala alokairuen dispentsa aztertzeko baliabidea.

AHO BATEZ ONETSIA –

083.2021 – HONDARTZA KLUBEN JARDUNAK ETA HONDARTZAKO ALTZARIEN ALOKATZE JARDUNAK HONDARRAITZ HONDARTZAREN MENDEBALDEAN – ZERBITZU PUBLIKOAREN ORDEZKAPENAK ETA USTIATZE HITZARMENAK – ORDEZKATZAILEAREN HAUTUA ETA HITZARMENEN ONARTZEA 2, 3, 5 ETA 6 MULTZOETARAKO PROZEDURA BERRIZ ABIAN EMAN DELARIK

TRANCHE j.: eguraldia hondartzarako egokia denez, zerbitzu publikoaren ordezkapenera gatoz berriz ere multzoen esleipenaz.

Lehiarako dei bat egin genuen 2021eko urtarrilaren 28an, SUD-OUEST egunkarian.

Eskaintza zuzenik jaso ez genuenez 2, 3, eta 5 multzoetarako, 2021eko otsailaren 23an bildu zen Herri Kontseiluak proposatu eta prozedura emaitzik gabetzat ematea erabaki genuen.

Halatan, bada, beste deialdi bat egin genuen 2, 3, 5 eta 6 multzoetarako. Eman epeetan eskaintza bakarra jaso dugu 2, 3 eta 5 multzoetarako. 6 multzorako, berriz, ez da eskaintzarik izan.

Zerbitzu Publikoaren Ordezkapenaren Batzordea 2021eko martxoaren 26an bildu zen eta, hautagai bakarraren lanbide, finantza eta teknika bermeak eta zerbitzu publikoaren jarraikitasuna eta zerbitzu publikoaren aitzinean erabiltzaileen berdintasuna bermatzeko duen gaitasuna aztertu ondoren, baimena eman dio honako hautagai honi eskaintza bat egin dezan:

Maurice FIOL – NEPTUNE KLUBA
Batzordeak, gero, eskaintza ireki eta aztertzeari ekin dio.

Zerbitzu publikoaren ordezkapenaren batzordeak eman iritziari jarraikiz, hautagaitza eta eskaintza onartzea erabaki da  2, 3 eta 5 multzoetarako. 6. multzoa, aldiz, ez da 2021. sasoian ustiatuko eta hurrengo bi sasoietarako beste deialdi bat egin liteke, agian.

Arau testu guztiak ekarri zaizkizue gogora eta, ondorioz, honako hau proposatu zaizue:

  • ONAR DEZAZUELA honako ordezkatzaile hauen hautua itsas udaldiko zerbitzu publikoa ustiatzeko:
    •  2 eta 3 multzoak: Hondartza kluba: FIOL j. – NEPTUNE kluba,
    •  5 multzoa: Hondartza altzarien alokairua: FIOL j.
  • ONAR DITZAZUELA itsas jabariaren erabiltzeko ustiapen hitzarmenak honi erantsirik doazen 2, 3 eta 5 multzoetarako, 3 urteetarako,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUELA auzapez jaunari itsas jabariaren erabiltzeko ustiapen hitzarmenak sina ditzan, bai eta haiei loturiko dokumentu, akta edo gehigarri oro ere.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

084.2021 – HENDAIAKO HERRIAREN ETA INTZURA ETA PAUSUKO ESKOLEN HERRIARTEKO SINDIKATUAREN ARTEKO ESKARI TALDE FINKOA SORTZEKO HITZARMENA

BUTORI and.: deliberamendu honen xedea Herriaren eta Intzura eta Pausuko eskolen Herriarteko Sindikatuaren artean agintaldiak irauten duen bitartean iraunen duen eskari taldea ezartzea da. Talde horrek merkatu publikoak egin ahalko ditu, elkarrekin dituzten beharrak bateratu eta aurrezpenak egiteko.

Taldearen koordinatzaileak antolatuko ditu kontratuen prestatze eta egiteari lotu eragiketak, haiek jakinarazi arte, baina alde bakoitzak du bere gain berari dagokion kontratuaren zatia gauzatzea.

Proposatu da Hendaiako Herria izenda dadila taldearen koordinatzaile Intzura eta Pausuko Eskolen Herriarteko Sindikatuaren izenean.

Antolatze eta funtzionatzeko molde horiek deliberamendu honi erantsirik doan hitzarmen batek zehazten ditu.

Herri Kontseiluari honako hau proposatu zaio:

  • Onar dezala Hendaiako Herriaren eta Intzura eta Pausuko Eskolen Herriarteko Sindikatuaren arteko eskari talde iraunkorra sortzea agintaldiak diraun artean eta honi erantsi sortze hitzarmenak ezarri baldintzetan,
  • Onar dezala Hendaiako Herriak bere gain har dezala eskari talde horren koordinatzaile zeregina,
  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari eskari taldearen sortze hitzarmena eta horri lotu dokumentu, akta edo gehigarri oro sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

085.2021 – HENDAIAKO HERRIAREN DIRU SARTZEAK JASOTZEKO HITZARMENA INTZURA ETA PAUSUKO ESKOLEN HERRIARTEKO SINDIKATUAREN ALDE

BUTORI and.: Diru sartzeen kobratzeko Herriarteko Sindikatuaren eta Hendaiako Herriaren arteko hitzarmen bat da.

Hendaiako Herria 1972ko maiatzaren 10eko Herri Kontseiluaren deliberamendu batez lotu zen Intzura eta Pausuko Eskolen Herriarteko Sindikatura. Sindikatuak eskola haurtzaindegi eta eskola jantoki zerbitzuak proposatzen ditu. Zerbitzu horien diru kudeaketa errazteko, Herriak eta Sindikatuak fakturatze bakarra nahi dute ukan, «lehiatil bakar» baten bidez. Horren egiteko, bi aldeek lehiatil bakar horren sortzeko hitzarmena sinatu behar dute, Hendaiako Herriak Sindikatuaren eskolaldi inguruko haurtzaindegiaren eta eskola jantokiaren sartze eskubideak kobra ahal ditzan. Diru sartze horiek Sindikatuari ordainduko dizkio gero Hendaiako Herriaren kontulariak.

Honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari:

  • Onar dezala Hendaiako Herriak kobra ditzala diru sartzeak, Intzura eta Pausuko Herriarteko Sindikatuarentzat, honi erantsi hitzarmenaren baldintzetan,
  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari Hendaiako Herriak Intzura eta Pausuko Eskolen herriarteko Sindikatuarentzako diru sartzeak kobratzeko agintze hitzarmena sinatzeko, bai eta hari lotu dokumentu, akta edo gehigarri oro.

AHO BATEZ ONETSIA –

086.2021 – HITZARMENA RECYCL’ARTE ELKARTEAREKIN

BUTORI and.: RECYCL’ARTE elkartea 2017. urteaz geroztik ari da txirrinda lantegiak animatzen.

Egiteko horretan, herriko eskoletan nahi du aritu eta COTINAT andrearekin, Mugikortasun Berrien, Banabide Laburren eta Elikadura Burujabetzaren auzapezordearekin, jarri da harremanetan. Horretaz solastu ondoren, iruditu zaigu interesgarri litekeela hendaiar gazteei mugitzeko molde eztien alde ohartaraztea eta hezkuntza Ministerioaren “Savoir rouler à vélo” (txirrindaz ibiltzen jakitea) programa gauzatzen laguntzea.

Proposatu den urraspideak hainbat fase du:

  • Haurren txirrinda ikuskatzea,
  • Txirrindaren funtsezko elementuak ezagutzea: oreka, balaztatzea…
  • Bideen kodearen inguruko ibilbide baten entseatzea,
  • Egiazko ibilbide bat, errepidean.

Datorren eskola sartzerako aurreikusi proiektu horrek ikastetxe ororen aldeko iritzia ukan du.

Herria, lantegi horietarako, ikastetxe bakoitzeko 800 € ematera engaiatzen da. RECYCL’ARTE elkarteak, bere aldetik, dirulaguntzak eskatuko dizkio, Mugikortasunen Sindikatuaren bitartez, Euskal Elkargoari.

Helburu horietarako, Herriak eta elkarteak hitzarmen bat sinatuko dute elkarrekin.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • Helburuetarako hitzarmen hori sina dezagun baimen dezazuen,
  • Auzapez jaunari horri lotu zeinahi dokumentu sinatzeko baimena eman diezaiozuen.

AHO BATEZ ONETSIA –

087.2021 –    LURRALDEKO HEZIKETA PROIEKTUA ETA ASTEAZKEN PLANA

2014az geroztik, Herriak Lurraldeko Heziketa Proiektua (LHP-PEdT) eman du plantan, haurren ikastaldi, ikastaldi inguruko eta eskolaz kanpoko aldien helburuak xedatzeko.

2018an, lau eguneko astea berriz ere itzultzearekin, tresna gehigarri bat eman dugu plantan: «Asteazken Plana» jarduna lau ardatzen inguruan antolatu dena:

  • Ikastaldi inguruko aldien eta eskola aldien elkar osagarritasuna,
  • Haur guztiak sartzea eta orori helgarri egitea,
  • Ikastaldi inguruko jardunen ezagutza,
  • Jarduera jori eta mota anitzetakoak proposatzea;

2018an, Herriak Lurraldeko Heziketa Proiektua plantan emateko hitzarmena sinatu zuen, bai eta Asteazken Planari dagokiona ere, Estatuarekin, HMinisterioaren zerbitzuekin eta Familia Laguntza Kutxarekin. 3 urterako sinatu zituen dokumentu horiek. Halatan, bada, orain berritu behar ditugu.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • Baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari hitzarmen horiek eta haiei lotu zeinahi dokumentu sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.

088.2021 –    HAUTESKUNDEEN KARI EGINEN DIREN LAN GEHIGARRIEN ORDAINKETA

IRAZUSTA j.: deliberamendu hau heldu diren ekainaren 20 eta 27ko hauteskundeen antolaketari buruzkoa da, bereziki horretan lanean arituko diren udal langileen ordaintze baldintzetaz.

Hautes egun horietan lanean aritu eta eginiko lan gehigarri hori berreskuratu ez duten B eta C kategorietako langileei lan gehigarriengatiko orenkako ordainsariak emateko aukera ematen du deliberamenduak.

15 inguru langileri dagozkie deliberamendu hau eta lanaldi murriztuan ari diren langileentzako baldintza bereziak ere zehazten ditu.

Prozedura berdina eginen da hauteskunde horietan lanean arituko diren GEUZaren langileentzat.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Xabier MANTEROLA j.

089.2021 – INDARKERIA, DESBERDINKERIA, JAZARPEN EKINTZAK ETA EGITATE SEXISTAK SEINALATZEKO PROZEDURA

MANTEROLAj.: auzapezak honako hau azaldu dio kolektibitatearen organu deliberatzaileari :

Ikusirik 1983ko uztailaren 13ko 83-634 Legea, funtzionarioen eskubide eta betebeharrei buruzkoa,

Ikusirik 2020ko martxoaren 13ko 2020-256 Dekretua, Funtzio Publikoko indarkeria, desberdinkeria, jazarpen ekintzak eta egitate sexistak seinalatzeko baliabideari buruzkoa,

2019ko abuztuaren 6ko legearen 80. artikuluak aldatu zuen 1983ko uztailaren 13ko legea funtzionarioen eskubide eta betebeharrei buruzkoa, ezarri zuelarik «seinalamendu baliabide bat indarkeria, bereizkeria edota jazarpen moral edota sexuko ekintzak edo egitate sexistak jasan dituela uste duen langilearen seinalamenduak biltzeko eta biktimen laguntzeko, sostengatzeko eta babesteko eta seinalatu diren egitateen tratatzeko eskumena duten agintariengana bideratzeko. Baliabide horrek egitate horien lekukoen seinalamenduak biltzeko aukera ematen du ere».

Administrazioak, lurralde kolektibitateak eta erakunde publikoak ukitzen ditu. 2020ko martxoaren 13ko 2020-256 Dekretuak, Funtzio Publikoko indarkeria, bereizkeria, jazarpen ekintzen eta jarduera sexisten egitateen seinalatzeko baliabideari buruzkoak ezartzen du arau esparrua.

Baliabide berri hori zuzenki loturik da gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko lanbidearteko akordioarekin eta beste baliabide berriek bezala funtzionatzen du, Alerta Etikoak Erreferentearen eredura, eta kudeaketa zentroen esku utz liteke.

Dagozkien kolektibitateei betebehar berri hori betetzeko aukera emateko, eta jadanik eman den kotizazio erantsiaren harira, CDG 64 delakoak proposatzen du egiteko hori Annie FITTE-DUVAL andrearen esku uztea; zuzenbide publikoko konferentzia irakaslea da Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatean eta jadanik CDG 64 erakundearen lehendakariak deontologia erreferente izendatua. Langileek atal horretako erreferente horren hartzea 2021eko apirilaren 15etik goiti izanen da indarrean.

Baliabideak 3 prozedura ukanen ditu:

  • Egitate horien biktima sentitzen diren langileek edota lekukoek egin seinalamenduen bilketa, kudeaketa zentroaren webguneko lineako seinalamendu sistema baten bidez (alerta teknikoen bilketa egiteko sistemaren berdina) ;
  • Langile horiek haien lagundu eta sostengatzeko ardura duten zerbitzu eta profesionalengana bideratzea ;
  • Behar diren babes neurriak hartzeko eta seinalatu diren egitateak tratatzeko -besteak beste administrazio galdeketa baten bidez- eskumena duten agintariengana bideratzea.

Kolektibitatea, bere aldetik, honako hauetarako prozedura bat plantan ematera engaiatu behar da:

  • Seinalamenduaren egileari laster jakitera ematea seinalamendua jaso dela eta nola emanen zaion jakitera nondik nora doan prozedura ;
  • Seinalamendu horren konfidentzialtasun zorrotza bermatzea: egilearen nortasuna, ukituak diren pertsonena eta tratatuko dutenena, bai eta egitateak berak ere.

Orokorrean, baliabide horri loturiko agintaritza bakoitzak bere langile orori jakitera emanen dio halako baliabidea badela eta nola balia litekeen.

Kontuan hartuz egiteko horretara lotzearen interesa,

Organo deliberatzaileak,

  • BAIMENA EMAN DIO auzapezari Pirinio Atlantikoen Kudeaketa Zentroak proposatzen duen indarkeria, bereizkeria eta jazarpen ekintzak eta egitate sexistak seinalatu eta tratatzeko erreferentearen hitzarmena sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Nathalie CAMACHO SATHICQ and.

090.2021 – DIRUZKO PARTE HARTZEAK ESLEITZEKO HITZARMENAK – 2021. URTEA – FAMILIA ETA GIZARTE LAGUNTZARAKO ELKARTEA-ASSOCIATION D’AIDE FAMILIALE ET SOCIALE

CAMACHO SATHICQ and.: Familia eta Gizarte Laguntzarako Elkartearen (Association d’Aide Familiale et Sociale) jardun eta eskuhartzeek herrikoen artean duten interesagatik, porposatzen zaizue haren funtzionamendurako diruzko bi parte hartze esleitzeko urteko hitzarmenak berri ditzagun.

Diruzko parte hartze horiek elkartearen estatutuen eta 2021eko aurrekontuaren arabera erabili beharko dira eta Hendaiako herriaren Haurtz txikien politikaren helburuekin bat etorriz.

Lehen hitzarmenak Herriak dituen zaintza moldeak osatzeko aukera ematen du, harrera moldeen funtzionamenduan parte hartuz. Herri Kontseiluari proposatzen zaio auzapez jaunari eranskinean datorren hitzarmena sinatzeko baimena eman diezaiola, zeinean aurreikusten baita, besteak beste, urtean 23 500 zaintza oreneko muga duen diruzko parte hartzea, 1,49 € orenka,  hau da, gehienez 35 015 €, honako zaintza molde hauen funtzionamendurako: familia haurtzaindegia, Haurtzainen Etxea eta mikrohaurtzaindegia. Ordainketa hiruhilean behin eginen da, frogagiriak aurkeztu ondoren eta goian aipatu diru kopuruaren mugetan. Maiatzaren 31n, egin eta fakturatu diren orenen bilana eginen dela adostu da.

Bigarren hitzarmenak Haur Txikien Sarea –haurtzainen Sarea baliatzeko aukera ematen dio Herriari, haurtzaindegien sareko animatzaileen lanaldi osoaren heineko 0,45 esleituz. Herri Kontseiluari proposatu zaio baimena eman diezaiola auzapez jaunari hitzarmen erantsia sina dezan, zeinean aurreikusten baita 19 530 €ko dirulaguntza ematea Haur Txikien Sare-Haurtzainen Sarearen funtzionamendurako. Diru laguntza hori Familia Laguntza Kutxarekin ezarri proiektu kontratuari erantzuteko helburuan erabili beharko da.

Parte hartze horiek 2021eko hastapeneko aurrekontuan dira aurreikusiak.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • Baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari Familia eta Gizarte Laguntzarako Elkartearekin sina dezan diruzko parte hartzeak esleitzeko hitzarmenak, bai eta horri lotu dokumentu oro.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

91.2021 – INTZURALDEA – INDUSTRIA KARRIKAKO LURSAIL BATEN SALMENTA – ALBERDI SOZIETATEARI

KEHRIG COTTENÇON and.: Intzuraldearen gaiari helduko diogu orain.

Herriak 148 m² zabal den lursail bat du Industria karrikako AH 571 zk.sekzioan.

SARL ALBERDI sozietateak, Philippe ALBERDI jaunaren bitartez adierazi zuen, 2017an,  bere enpresaren gibelaldean den lursail hori erosi nahia, bere enpresarako gibeleko sarbidea hor antolatzeko. Balioztapen bat eskatu zitzaion orduan Estatuari. Ondasun horren saltze balioa 6000 €an ezarri zen.

Enpresak berriz ere ekin dio orduko urraspideari, industrialdean abiatu diren lanen karietara, eta ondasun hori 6000 €tan erosteko proposamena berretsi du. Proposamen hori dela eta saltze balioaren iritzi eguneratua eskatu zaio funtsen zerbitzuari.

Honako hau proposatzen zaizue:

  • Onar dezazuela SARL ALBERDI enpresari, Philippe ALBERDI jaunaren bitartez, saltzea AH 571 zk. lursaila, 148 m² zabal dena, 6000 €tan (SEI MILA €),
  • Baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari saltze agiria eta hari lotu dokumentu oro sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

092.2021 – ESKARI PUBLIKOAREN BARNEKO GIDA

KEHRIG COTTENÇON and.: barka iezadazue, otoi, hauteskide maite horiek, deliberamendu honen luzea, administrazio-administrazioko deliberamendua baita eta, hartara, testu ia osoa behar dut eman.

Merkatu publikoetarako araudiak, batez ere Eskari Publikoaren Kodetik datorrenak eta 2019ko apirilaren lehenean sartu zenak indarrean, erosleei uzten die, hainbat aldetan, beren eroste politika zehaztu eta zedarritzeko ardura, betiere eskari publikoaren zuzenbidearen printzipio nagusiak betez.

Halatan, eskari publikoaren barne gida bat egin da, zerbitzuei eroste urraspideetan laguntzeko, herriaren zerbitzuen jokamoldeak berdintzeko eta prozedurak segurtatzeko.

Gida hori Hendaiako Herriak eginen dituen merkatu orotan baliatuko da, hala bere izenean ari denean nola eskari talde baten koordinatzaile gisa ari denean ere.

Gidak Herriaren barne arau bereak zehazten ditu, indarrean diren araudien osagarri. Besteak beste, gogora ekartzen ditu, bi faszikulutan, eskari publikoaren printzipio nagusiak, zehazten ditu horren eragileak eta erosketa publikoaren prozesuan bakoitzak duen zeregina, azaltzen du erosketa publikoa nondik nora egiten den, eta zehazten ditu prozedura egokitu edo formalduen gauzatzeko dauden manerak.

Halatan, bada, kolektibitatearen beharretarako prozedura berezien hainbat maila proposatzen ditu:

  • 2000 € ZG baino gutxiago kostua kalkulatzen zaien hornidura, zerbitzu edo lanetarako:
    • Ez da betebehar berezirik izanen; erosle diren zerbitzuek zeinahi partikular zuhurrek egiten duen gisan eginen dute erosketa. Dena den, eskari publikoaren funtsezko printzipioak (beharrari egokitzen zaion eskaintza hautatzea, diru publikoak ongi erabiltzeko printzipioa betetzea, eta ez beti sistematikoki zerbitzu emaile berarekin kontratatzea beharrari erantzun diezaioketen eskaintza aukera anitz denean) bete beharko dira.
  • 2000 € ZG eta 40 000 € ZG arteko kostua kalkulatzen zaien hornidura, zerbitzu edo lanetarako:
    • Eskari publikoaren kodeak dio 40 000 € ZG baino gutxiagoko kostua duten merkatu publikoak publizitate eta lehiaketarik gabe egin litezkeela. Lehiaketa baitezpadakoa ez izanik ere, desiragarria da, kolektibitateari aurrezpen handia ekar diezaiokelako, eta tokiko erabakitzaileei egiten dituzten erosketen ikusmira orokorra eta kontrolatua eskaintzen dielako. Zerbitzu erosleak arduratuko dira, horrela, horrelako merkatuetan, sistematikoki bizpahiru aurrekontu eskatzera e-postaz, profesionalei. Erosketa auzapez jaunak bali egin eta onarpen zigilua eman ondoren eginen da.
  • 40 000 € ZG eta 90 000 € ZG arteko kostua kalkulatzen zaien hornidura, zerbitzu edo lanetarako (MAPA 1):
    • Merkatu horietarako publizitate libre edo egokitu bat eginen da gutxienik, bete beharrekoaren izaera eta ezaugarrien arabera, haietara erantzun lezaketen enpresen kopuruaren arabera eta erosketaren baldintzen arabera. Elementu horien arabera, erosketa horiek honako bi bide hauetako batez eginen dira:
      Lehiaketa bidez, publizitate gisa, galde gutun bana igorriz gutxienik 3 enpresetara,
      Edo publizitate egokituaren bidez, Herriaren erosle profilean eta tokiko prentsan merkatu oharra argitaratuz.
    • Enpresen kontsulta dosierra murriztua edo egokitua izan liteke. Prozedura desmaterializatua izanen da nahitaez.
    • 40 000 € ZG baino handiagoko merkatuek, esleitu baino lehen, MAPA Batzordearen iritzia beharko dute.
  • 90 000 € ZG eta prozedura formalduaren atalaseen arteko kostua kalkulatzen zaien hornidura, zerbitzu edo lanetarako (MAPA 2):
    • Merkatu horietarako, gaiaren arabera, lehiarako dei publikoa (AAPC) argitaratu beharko da BOAMP boletinean edo lege iragarkien egunkari batean, bai eta Herriaren erosle profilean ere.
    • Kontsulta dosier oso bat egin beharko da (DCE) eta prozedura osoki desmaterializatua izanen da.
      Esleituak izan aitzin, MAPA Batzordearen iritzia beharko dute.
  • Prozedura formalduko atalaseen neurriko edo hortik gorako kostua kalkulatzen zaien honidura, zerbitzu edo lanetarako – 214 000 € ZG hornidura eta zerbitzuetarako eta 5 350 000 € ZG lanetarako:
    • Merkatu horiek BOAMP eta JOUE argitalpenetan argitaratu behar dira, bai eta Herriaren erosle profilean ere. Kontsulta dosier oso bat egin beharko da (DCE) eta prozedura osoki desmaterializatua izanen da. Merkatu horiek Eskaintza Deialdien Batzordeak esleitzen ditu eta legezko kontrolerako igorri behar dira 214 000 € ZG kopurura heltzen badira.

Eskari publikoaren kodeari jarraikiz, bide desmaterializatutik eginen dira sistematikoki 40 000 € ZG edo hortik gorako gastua badakarte. Kontsulta dosierrak Herriaren erosle profiletik telekarga ahalko dira eta hautagai diren enpresek eskaintza elektronikoa aurkeztu beharko dute. Betebehar horiek lehiaketa orotarako heda litezke, bereziki 40 000 € ZG baino apalagoak direnetara, eragile ekonomikoei eskari publikoa errazago eskuratzeko aukera emateko.

Azkenik, esleitu diren 40 000 ZG edo gehiagoko merkatuen funtsezko datuak Herriaren erosle profilean argitaratuko dira eta publikoaren esku izanen dira.

Eskari Publikoaren Kodearen L.2124-1, L.2122-1 eta R.2122-8 artikuluetan aipatu prozedura atalaseak aldatuz gero, gida eguneratu eginen da herri kontseiluaren deliberamendu berririk eman ere gabe. Herri kontseiluari horren berri emanen zaio ordea.

Halatan, bada, hauteskide horiek, honako hau proposatzen zaizue:

  •  Onar dezazuela Eskari Publikoaren Barne Gida deliberamendu honen eranskinean datorren bezala, bai eta haren osagai diren arauak ere.

AHO BATEZ ONETSIA –

093.2021 – “MAPA” AHOLKU BATZORDEA SORTZEA

KEHRIG COTTENÇON and.: MAPA Aholku Batzordearen sortzea da gaia.

Merkatu publikoan ez du aholku iritzia besterik emanen.

Honako hau proposatzen zaizue:

  • Eskaintza Deialdien batzordekideak izenda ditzazuen, 2020ko uztailaren 29ko 076.2020 zk. deliberamenduaren bidez hautatuak izan zirenak eta MAPA batzordekide ere direnak, hau da:
    • Kotte ECENARRO, auzapeza – Legezko lehendakaria,
    • Chantal KEHRIG-COTTENÇON – Titular
    • Nicole BUTORI – Titular,
    • Claire LEGARDINIER – Titular,
    • Laurent TARIOL – Titular,
    • Peyo BALANZATEGUI – Titular,
    • Frédéric TRANCHE – Ordezko,
    • Ganix GRABIERES – Ordezko,
    • Maika HARAMBOURE – Ordezko,
    • Marie CEZA – Ordezko,
    • Jean-Baptiste SALLABERRY – Ordezko.

AHO BATEZ ONETSIA –

094.2021 – HENDAIAKO HERRIAREN ETA GIZARTE EKINTZARAKO UDAL ZENTROAREN ARTEAN ESKARI TALDE FINKOA OSATZEKO HITZARMENA

KEHRIG COTTENÇON and.: Hendaiako Herriak bere eroste politika modernizatzeari ekin dio, azken deliberamenduetan ikusi duzuen bezala, ekonomia erginkorragorako eta emate prozeduren kudeaketa egokiagorako. Asmo horretan, Herriak hainbatetan sartu ditu bere merkatu publikoen ematean Gizarte Ekintzarako Udal Zentroaren (GEUZ) beharrak.

Orain, urraspide hori orokortu eta Herriaren eta GEUZaren arteko eskari talde iraunkorra ezartzea proposatzen dizuegu, indarrean dugun agintaldi osorako, Eskari Publikoaren Kodearen L. 2113-6 eta hurrengo artikuluek ezartzen duten bezala. Horrela sortuko dugun eskari taldeak merkatu publikoak egin ahalko ditu eroste mota anitzetan, lanetakoetan, horniduretakoetan eta zerbitzukoetan.

Eskari Publikoaren Kodearen 2113-7 artikuluari jarraikiz, taldearen koordinatzaileak antolatuko ditu, taldekide ororen izenean eta haien ordez, kontratuak prestatu eta egiteko eragiketa guztiak, jakinarazpeneraino. Alde bakoitzak bere beharra zehaztu eta egikaritu behar du, bereziki diru kontuetan, kontratuan dagokion zatian.

Eskaintza Deialdien Batzordea izanen da koordinatzailea prozedura formalduen atalaseetara helduz gero.

Proposatu da Hendaiako Herria izan dadila taldearen koordinatzaile, GEUZaren izenean eta haren kontura ari dadin.

Eskari talde iraunkor horren antolaketa eta funtzionatze moldeak deliberamendu honi erantsi sortze hitzarmenean formalduko dira.

Honako hau proposatzen zaizue hauteskide maite horiek:

  • Hendaiako Herriaren eta Gizarte Ekintzarako Udal Zentroaren arteko eskari talde iraunkor baten osatzea onar dezazuen, indarrean den agintaldirako eta honi erantsi sortze hitzarmenaren baldintzetan,
  • Onar dezazuela Hendaiako Herriak eskari talde horren koordinatzaile zeregina bere gain har dezan,
  • Baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari eskari taldearen sortze hitzarmena eta hari lotu dokumentu, akta eta beste sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarra eskertu eta bilkura amaitutzat eman du  19:20an.

HENDAIAN, 2021ko maiatzaren 27an

Kotte ECENARRO
Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Pirinio Atlantikoetako Departamentu kontseilaria,

HERRIKO ETXEAREN ATARIAN AFIXATUA: 2021-05-27an