2021ko apirilaren 28, asteazkenean, 18:30ean egin , herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 236.2021

Bi mila eta hogeita batgarren urtean, apirilaren hogeita zortzian, asteazkenarekin, 18:30ean, Herri Kontseilua bildu da Kotte ECENARRO jaun auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., IRAZUSTA j., COTINAT and.,  ARRUABARRENA j., GRABIERES j., MOUNIOS ADURRIAGA and. (auzapezordeak), MARTIARENA GARAT j.,
PELEGRIN ARAMENDY j., CAMACHO SATHICQ and., BERNARD j., MANTEROLA j., TARIOL j., AIZPURU and., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., BEAUFORT and., EIZAGUIRRE j.,  ROMAN and.,  HARAMBOURE and.,  LABEAU and., JEHAN j., DESTRUHAUT j.,  HIRIBARREN and.,  POUYFAUCON j.,   BALANZATEGUI j., ESTOMBA and. eta SALLABERRY j.

AHALORDEA EMANIK: LEGARDINIER andreak MANTEROLA jaunari, BARRERO andreak DESTRUHAUT jaunari.

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.

Deialdiaren eguna: 2021ko apirilaren 21a

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I –2021EKO MARTXOAREN 31KO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA

Auzapez jaunak, 2021eko martxoaren 31ko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio. Dokumentua biltzarrak onar dezan eman da bozketara.

AHO BATEZ ONETSIA –

MARTIARENA GARAT jauna bilkurara lotu da.

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

060.2021 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

Auzapez jaunak azaldu ditu Herriko Kontseiluak 2020ko uztailaren 3ko deliberamenduaren bitartez eman zizkion ordezkaritzak baliatuz hartu dituen erabakiak.

Herri Biltzarra jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

061.2021 – BIGARREN BIZITEGIAK – BIZILEKU ZERGA % 60RA EMENDATZEA

AUZAPEZ JAUNAK: funtsen gaineko zergaren eta bizileku zergaren maila bozkatu genituen bilkuraren biharamunean konturatu ginen deliberamendu berean eman genuela bigarren bizitegietarako zerga maila %60ra emendatzea. Prentsan gauza oso modu arruntean pasa zela ikusi eta normala ez zelakoan hurrengo egunean suprefetarekin jarri ginen harremanetan eta galdetu genion ea deliberamendu hori bere horretan baliagarri ote zen ala lehenengoaren gauza bera erranik baina beste deliberamendu isolatua behar ote zen. Berak erantzun zigun bigarren bizitegien bizileku zergaren maila, 2022tik goiti, 40tik % 60ra emendatzeari dagokionean komeni zela emendatze hori deliberamendu berezi batean izan zedin. Berriz ere gatozkizue, beraz, herri kontseilua deliberamendu berri hori onar dezan. Gehiengo handiz onartu zenuten jadanik kontseiluaren azken bilkuran. Hil honetan orduan eman boz hura berretsi dezazuen eskatzen dizuet, hortaz.

Gogora dezagun herriarentzat 400 000 € inguruko diru sartze osagarria zaigula.

AHO BATEZ ONETSIA –

Txostengilea: Richard IRAZUSTA J.

062.2021 –IEZI EUSKAL ITSAS BAZTERRA ELKARTEAREN ESKURA EMATEAREN BERRITZEA

IRAZUSTA jaunak: deliberamendu hau herri langile bat IEZI elkartearen esku jartzeko bitariko hitzarmen bati buruzkoa da.

Hitzarmen hori 3 urtetarako birnegoziatzen ari gara, baina atzerapen zerbait dugu eta, hartara, orain arteko eskura ematea urtebetez luzatzea komeni du.

Abadia eremuaren kudeaketa hitzarmena, 10 urtetarakoa dena, birnegoziatzen ari gara ere eta zertxobait motel dabil itsas jabari publikoaren esleipenaren zain delako. Eremuaren kudeaketa hitzarmen horrek Departamentua, Itsas Hegiaren Erakunde Babeslea, IEZI elkartea eta Herria lotzen ditu eta horrek emanen du plantan 3 urtetarako eskura emate hitzarmena; baina azken hitzarmen hori amaitzera doa eta urtebetez berritu behar genuke beste hitzarmenekin batu ahal izateko.

GRABIERES jaunak ez du bozketan parte hartu.

AHO BATEZ ONETSIA –

063.2021 – 2021EKO TURISMO SASOIA – ALDI BATERAKO LANPOSTUEN SORKUNTZA

IRAZUSTA jaunak: urtero bezala, sasoilari lanpostuak sortzea proposatzen zaizue honako zerbitzu hauetan:

  • Abadia eremuaren zaintza eta garbiketan
  • Asporotsttipiko harlekuan
  • Bizi ingurune gunean
  • Udal lantegietan
  • Administrazio Orokorraren eta Araudiaren Zerbitzuan
  • Handi Plage delakoan
  • Hiri Bizitza gunean
  • Gazte Animazio Zerbitzuan

Sasoirako baliabide hori antolaketa logika bati darraikio.

Hiru puntu behar dira kontuan hartu egun aurkezten dugun deliberamenduan:

  • “Hondartzako bitartekari” lanpostuak sartu ditugu, administrazio orokorraren eta araubidearen zerbitzukoak, 2020an deliberamendu osagarri batean bozkatu genituenak. Halatan, bada, deliberamenduak erkatuz gero ikus liteke ez direla erabat erkagarri, «hondartza bitartekari» lanpostuak deliberamendu osagarri batean bozkatu baikenituen;
  • Aldiz, ez ditugu logistikari eta bestei loturiko lanpostuak aurreikusi, testuingurua ikusi eta uste baitugu tribuna eta taulagain gutxiago muntatu beharko direla.

Bestak seguruenik bertan behera utzi beharko ditugunez, alor horretan lan gutxiago izanen dela pentsa dezakegu.

Iaz, lanpostu horiek bozkatu genituen eta gero beste zerbaitera eraman.

  • Udal lantegietarako aurreikusi lanpostua ez litzateke, azkenean, sasoiko lanpostu baizik eta behin-behineko lanpostu izan behar, hasiera batean sasoirako pentsatua zen lanpostu horretarako administrazio esparru egokiena bailitzatzeke behin-behineko edo CDD izatea.

2021ko sasoirako kontratuak 2020koekin erkatuz gero erantsi beharko genituzke jadanik Herri Kontseiluan aurkeztuak izan diren ASVP lanpostuak. Akatsik edo hutsik ez bada, honako hau erran liteke:

  • 92 lanpostu sortzen dira hilabete baterako
  • 16 lanpostu 2 hilabetetarako, lanpostuaren berezitasunengatik (Handi Plage, ASVP adibidez) edota lanaldi murritzekoak direlako
  • 2 lanpostu 4 hilabetekoak dira, ordutegi bereziekin eta lanaldi murritzekoak (Asporotsttipin)
  • 4 lanpostu sei hilabetetarako dira (ASVP)

Aipa dezagun kopuruak egonkor direla orotara zertxobait emendatzen bada ere:

  • Zertxobait emendatzen da kontratatzen direnen kopurua, 113 izatetik 114 izatera pasatzen baitira,
  • Zertxobait emendatzen da hilabeteen kopurua, 154 izatetik 156 izatera pasatzen baitira,
  • Zertxobait emendatzen dira lanaldi murritzeko kontratuak, 6 izatetik 8 izatera pasatzen baitira.

Azpimarratu behar da, halere, kopuru horiek osasun egoeraren bilakaeraren arabera egokitu beharko ditugula beharbada.

Pentsa dezakegu zenbait udal zerbitzuk berriz ekitea laster beren jardunari (zinema, igerilekua,) eta zerbitzu horietako langileak, orain txertaketa baliabidean ari direlarik, beren lanpostuetara itzuliko direla.

Hala gertatuz gero, txertaketa zentroetako harrera indartzeko sasoiko lanpostuak sortu beharko genituzke beharbada.

Sasoiko lanpostuak udan herritarrei eman beharreko zerbitzu behar bati erantzuteko dira. Zerbitzu hori osasun egoerari egokiturik dugu baina gure helburua beti ukan duen mailan atxikitzea da eta hala eginen dugu.

Lanpostu horiek diru beharra duten gazteentzako diru osagarri zerbait dira ere. Aurten jaso ditugun hautagaien kopuruak nabarmen egin du gora; testuinguru bereziki gaitz honetan dagoen lanpostu beharraren adierazle dugu hori.

Hori ez da deliberamenduan agertzen, baina adierazi nahi nizuen halere.

Herri Kontseiluari galdegin zaio, beraz, honako hauetaz erabaki dezan:

  • Eman zaizuen idazkian datozen lanpostuen sortzeaz,
  • Auzapez jaunari lan kontratuak eta horri lotu dokumentu oro sinatzeko eman baimenaz.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

064.2021 – HONDARTZA KLUBEN JARDUNAK ETA HONDARTZA ALTZARIEN ALOKATZE JARDUNAK – ZERBITZU PUBLIKOAREN ORDEZKATZEAK ETA USTIAPEN HITZARMENAK – ORDEZKATZAILEEN HAUTAPENA ONARTZEA

TRANCHE jaunak: hondartza kluben jardunen eta hondartza altzarien alokatze jardunen esleipena dugu hemen gaia. Zerbitzu Publikoaren Ordezkatze Batzordea 2021eko otsailaren 23an bildu zen eta 3 zerbitzu emaileren eskaintzak jaso zituen, deliberamendu idazkian ageri direnak.

Batzordearen bilkura horretan erabaki zen eskaintzetatik FIOL jaunaren eskaintza kentzea legez kanpokotzat hartu baitzen, eta Jackie BONNIEU DEVALUEZ andrearen eskaintza hartzea 1. zatirako, eta Betty THOREAU KRASSE andrearena 4. zatirako.

Azken horrek bertan behera utzi duenez bere eskaintza, bigarren hautagai zen Jackie BONNIEU DEVALUEZ andreak hartu du 4. zatia, deliberamenduan ikus dezakezuen bezala.

Honako hau proposatu zaio Herri Kontseiluari:

  • Onar dezala 1 eta 4 zatietarako ordezkatzaile gisa egin den hautua: Jackie BONNIEU DEVALUEZ andrea (MICKEY kluba eta GURIA oihal etxolak),
  • Itsas jabaria erabiltzeari loturiko ustiapen hitzarmenak onar ditzala 1 eta 4 zatietarako,
  • Auzapezari baimena eman diezaiola itsas jabaria erabiltzeari loturiko ustiapen hitzarmena eta hari loturiko gainerako dokumentuak, aktak edo gehigarriak, sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

065.2021 – MERKATARITZAREN ETA ESKULANGINTZAREN BABES INGURUNE BAT EZARTZEA

TRANCHE jaunak: merkataritzaren eta eskulangintzaren babes ingurune bat ezartzea da gaia. Merkataritza eta eskulangintza jardunak sostengatzeko, gure udalak tresna berri bat baliatzea erabaki du: babes ingurunea, hain zuzen ere. Zedarritu ingurune horren barneko emaile orok Herriari jakinarazi behar dio bere asmoa aitzinetik eta Herriak bi hileko epea dauka erosle aurkezteko. Emaitza egin den datatik urtebeteko epean, alokairua edo negozio funtsa enpresa bati pasa behar zaio haren ustiapena egin dezan, auzoko merkataritza eta eskulangintza aniztasuna atxikitzeko gisan.

Horren egiteko, HENDAIA TURISMO ETA MERKATARITZAren ezagutzak baliatu ditugu eta zenbait ganbarari galdetu diegu iritzia; iritzi horiek deliberamenduan ikus ditzakezue.

Herriko Kontseiluari honako hau proposatu zaio:

  • Bali egin dezala merkataritzaren eta eskulangintzaren babes ingurunea deliberamenduari atxiki planoan zehaztu bezala,
  • Ingurune horren barnean lehentasunez erosteko eskubidea ezar dezala eskulan eta merkataritza funtsetan eta merkataritza alokairuetan,
  • Lehentasunez erosteko eskubide hori Hendaiako Herriko Etxearen izenean balia dadila.

AHO BATEZ ONETSIA –

066.2021 – EGONALDI ZERGA – DELIBERAMENDUA ALDATZEA FINANTZEN LEGEAREN MOLDE BERRIAK KONTUAN HARTZEKO

TRANCHE jaunak: proposatzen dizuedan deliberamendu hau formari dagokio nagusiki, egonaldi zergen tarifa mailak ez baitira aldatuko. Normal-normal den bezala, Finantza Legearen erritmo eta moldearen arabera joanen da.

Tarifak ez dira, hortaz, aldatuko. Gehienbat jasotze aldiak eta moldeak dira aldatzen. Ostatatzaileek hiruhiletik behin aitortu behar dute jaso duten egonaldi zerga.

Egonaldi zergaren moldeak bali egin daitezen proposatu da.

AHO BATEZ ONETSIA –

067.2021 – HENDAIA TURISMO & MERKATARITZA IMEP-AREN ZUZENDARITZA BATZORDEA – HENDAIAKO KASINOAREN ORDEZKARIA

TRANCHE jaunak: zorte on desiratu nahi diogu Jean Claude DAGOBERT jaunari HENDAIA TURISMO & MERKATARITZA IMEParen zuzendaritza batzordekide eraginkorra izan ondoren.

Ongi etorria eman nahi diogu, ados bazarete, haren ordezko Benjamin FRISHER jaunari. Herri Kontseiluaren mailan haren hautagaitza bali egin dezazuen proposatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA –

068.2021 – HENDAIA TURISMO & MERKATARITZA: 2020KO JARDUERA KONTUA ETA FINANTZA KONTUA

TRANCHE jaunak: HENDAIA TURISMO & MERKATARITZA IMEParen jardunaren agiria dugu hemen. Aitzin adierazpenean komeni zuen -guztiak ohartuko zineten- gogora ekartzea Covid-19 dela eta egiturak bizitu dituen tira-birak. Horren adierazgarri nagusia Abadia gaztelu-behatokiaren 6 hileko hetsialdia dugu, bai eta merkataritza zerbitzuak programatu talde bisiten bat bestearen ondoko bertan behera uztea.

Baliagarri iruditu zaizkigun datu guztiak dituzue hor. Zuzendaritza batzordean ere aztertu da gaia.

Galderarik ez baduzue, jarduera txostena bali egin dezazuen eskatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

069.2021 – OINARRI DIGITALA – LEHEN MAILAKO ESKOLEN HORNITZEA

BUTORI andreak: kolektibitateak Gobernuak lehen mailako eskoletan oinarri digitala kokatzeko egin proiektu deialdian parte hartzea erabaki du. Honako hiru atal hauek ditu:

  • Eskolak oinarri digital soilaz hornitzea,
  • Baliabide digitalen zerbitzuak,
  • Materialak bere gain hartzeko laguntza.

Herriak eta eskola zuzendariek elkarrekin egin duten diagnostikoaren ondoren, pentsatu da ikasgeletan taula zuri elkarreragileak ezartzea, bai eta bideoproiektoreak eta «Office Education» lizentziak.

Estatuak hornikuntza ataleko gastuaren % 70 hartzen du bere gain, hau da, 68 600 € aurreikusi den 98 000 €ko kopurutik, eta zerbitzu eta baliabideen ataleko % 50, hau da, 2500 € inguru, aurreikusi den 4500 €ko kopurutik.

Halatan, bada, honako hau proposatzen zaizue:

  • Ahal den diruztapen maila gorena eskatzea Hezkuntza Ministerioari eta gainerako lurralde kolektibitateei eta erakunde publikoei,
  • Auzapez jaunari horri lotu akta guztiak sinatzeko baimena ematea.

Jakinarazi nahi dizuet jadanik emanik ditugula lehen mailako eskoletan 22 taula digital eta ama eskoletan ere badirela beste 8. Gure hautagaitza onartzen badigute, honekin osatuko dugu lehen mailako eskola guztietako ikasgelen taula digitalekin hornitzea.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Jean Michel ARRUABARRENA j.

070.2021 – «NERABEENTZAKO HONDARTZA BILGUNEA» – 2021EKO UDARAKO IREKITZEA ETA PREZIOAK

ARRUABARRENA jaunak: osasun krisiak aukera ematen badigu, noski, nerabeentzako harrera bat irekiko dugu hondartzan uztailaren 7tik abuztuaren 21era eta 14:30etik 18:30era proposatuko ditu jardunak. Zaintza hiru udal animatzailek eginen dute eta gehienez 36 gazte hartuko dira.

Egitura horretan parte hartuko duen orok hilean 10 euroko sartze eskubidea ordaindu beharko du.

Hartara, honako hau proposatzen dizuet:

  • Baimena eman dezazuela 2021eko udarako “Hondartzako Nerabeen Harrera” hori plantan emateko,
  • Gazte bakoitzak hilean 10 € ordaintzeko tarifa ezar dezazuela.

AHO BATEZ ONETSIA –

071.2021 – REBOND JEUNESSE DELAKOA LAGUNTZEKO PLANA

ARRUABARRENA jaunak: Akitania Berriko Eskualdea gazteriarentzako jauzia laguntzeko plana garatzen ari da.

Hiru ardatzetan banaturik, honako hau aurreikusten du plan horrek:

  • Elikadura laguntza,
  • Esku dirurako laguntza
  • Tresneria informatiko eta digitala erosteko inbestimendurako laguntza.

Hirugarren ardatzaren esparruan, tresneria informatiko eta digitala erosteko laguntzaren esparruan, ikusirik osasun krisiak kultura eta informazioa eskuratzeko desberdinkeriak areagotu dituela, bai eta eskubideak ez baliatzea ere, Eskualdeak honako xede hauek ezarri ditu:

  • Arrakala digital hori murriztea,
  • Praktikak eta tresnak harmonizatzea,
  • Erabilerak modernizatzea.

Helburu horiek lortzeko, Eskualdeak onuradun izan litezkeenen zerrenda bat egin du: Gazteriarentzako Informazioa labeldun egiturek eska dezakete.

Herriaren Gazteria eta Digitala Zerbitzuak Gazteriarentzako Informazioa labela du eta, hartara, funts horiek eska ditzake bere ondare digitala iraunkorki emendatzeko. Laguntza horrek materiala erosten lagunduko luke  (GoPro kirol kamerak, soinu tresneria, sakelako telefonoak, mikrofonoak, bozgorailuak…) orotara 5040 €ko gastu batekin. Eskualdearen laguntzak kopuru horren % 80a estaliko luke, hau da, 4032 €, eta gainerako % 20a herriaren kargura litzateke.

Hartara, honako hau proposatzen dizuet:

  • Akitania Berriko Eskualdeari laguntza horren eskaria egiteko baimena eman dezazuela,
  • Auzapez jaunari horri lotu akta guztiak sinatzeko baimena ematea,
  • Horretarako kredituak herriaren aurrekontuan sartuko dira.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Michelle MOUNIOS ADURRIAGA and.

072.2021 – AKITANIA BERRIKO ESKUALDEAREN “HIZKUNTZA EDOTA KULTURA TRESNETARAKO LAGUNTZA” DELAKOAREN 2021eko DIRU LAGUNTZA ESKARIA

MOUNIOS ADURRIAGA andereak: hemen duzue diru laguntza eskari bat.

Herriaren Kultura Zerbitzuak 3000 euroko diru laguntza eskaria aurkeztuko dio 2021. urterako Akitania Berriko Eskualdeari, hizkuntza edota kultura tresnetarako laguntzaren harira. Diruztaturiko ekintzek euskarazko kultura jardunak garatu eta balioan emateko aukera emanen dute : zuzeneko ikuskizunen, ikus arteen eta zinemaren alorretan.

AHO BATEZ ONARTUA –

Deliberoa baino lehen, nahi nituzke kulturari buruz eman berri batzuk.

  • Eskualdeko bi dirulaguntza ukan ditugu : Bat 10 000 eurokoa Kultur Sasoiarentzat, eta bestea 6000 eurokoa Antzerkiaren Maiatzarentzat. Oraindikan, espero dugu egitea. Berrien zain gaude eta prest gira.
  • Variétés zinemari buruz : Bachelot ministroari gutuna igorri ondoren, 386 udal zinemek, eta beraz Hendaiakoak, (Frantziak 2045 zinema ditu) CNCren babes funtsa lortzen ahalko dute. Laguntza diru sartzeen galtzeen %40tik %50era bitartekoa izango da.

073.2021 – “KARRIKAN” HAUTAGAITZA DOSIERRA AURKEZTEA AKITANIA BERRIA-EUSKADI-NAFARROA EUROESKUALDEAREN PROIEKTUEN DEIALDIRA

MOUNIOS ADURRIAGA andereak: Hendaiako Herriko Etxeak, bere kultura zerbitzuaren bitartez, hautagaitza dosierra aurkeztu nahi du Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen «Euroeskualde Herritartasuna» proiektu deialdira.

KARRIKAN proiektua karrika arteen alorrean lanean ari diren Euskal Herriko konpainia berriak eta konpainia erdi profesionalak sostengatzeko plataforma bat da; Hendaiako Herriko Etxea da horren gidaria.

Proiektua 2016an sortu zen eta sortu zenetik da Hendaiako Herriko Etxea proiektu horretan partaide.

2021ean bost kultura eragile ditu plataformak, euroeskualdearen lurralde osoan zehar banaturik :

  • Bilboko Udala (Bizkaia) ;
  • Leioako Udala (Bizkaia) ;
  • Gasteizko Udala (Araba );
  • Antsoaingo Udala (Nafarroa) ;
  • Hendaiako Herriko Etxea.

Eta honako lau partaide erantsi hauek: Euskal Hirigune Elkargoa; Arrigorriagako Udala, Iurretako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia (Dantzagunea).

Horiek guztiak engaiatzen dira urtero konpainiak hautatu eta duten sorkuntza proiektua bideratzen laguntzera, egonaldien bidez, formakuntza aldien bidez, ikusleekiko topaketen bidez eta programatze uneen bidez.

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen proiektu deialdiari erantzuteko, honako hauek proposatzen zaizkizu:

  • Hendaiako Herriko Etxea gidari duen «Euroeskualde Herritartasuna» 2021-2022 proiektu deialdirako KARRIKAN hautagaitza dosierraren aurkeztea balidatzea
  • Kredituak gastu eta diru sartze ataletan sartzea, lehenik 2021. urterako eta gero 2022rako
  • Auzapez jaunari baimena ematea KARRIKAN hautagaitza aurkezteko behar diren dokumentuak sina ditzan
  • Auzapez jaunari baimena ematea KARRIKAN proiektua gauzatzeari loturiko dokumentu oro sina dezan

AHO BATEZ ONARTUA –

TXOSTENGILEA: Itziar AIZPURU and.

074.2021 – ITZULI+ ITZULTZAILE AUTOMATIKOA – EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREKIKO HITZARMENA

AIZPURU andereak: Eusko Jaurlaritzak inteligentzia artifizialean oinarritutako eleanitzeko (euskara-gaztelera-ingelesa-frantsesa) itzultzaile automatiko bat garatzen du. Teknologia horrek burumuinaren ibilera imitatzen du hizkuntza ezberdinen arteko ezberdintasunak aztertuz eta itzulpen modeloak sortuz. Dagoeneko itzulpenek itzultzaile automatikoa trebatzen dute.

EEPren 2019ko abenduaren 19ko Biltzar Nagusiak, Eusko Jaurlaritza eta Vicomtech ikerketa zentroarekin, euskara/frantsesa eta frantsesa/euskara itzultzaile automatiko bat garatzeko lankidetza proiektua eta ekintza honen finantzatzeko beharrezkoa den 88.000 €-ko aurrekontua onartu ditu. EPPk itzultzaile automatikoaren proiektuan parte hartzen du frantsesa/euskara eta euskara/frantsesa testu elebidun corpus bat osatuz.

Itzultzaile automatiko horren corpusa elikatzeko, EEPk Hendaiako Herriari hainbat dokumentu elebidun uzteko eskatu dio. Horiek Hendaiako Herriaren Hobekuntza Kontratuaren baitan itzuli eta baieztatu diren dokumentu-ereduak dira, itzulpenen kalitatea bermatzeko. Hitzarmen batek du dokumentu horien uztea arautzen.

AHO BATEZ ONARTUA –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

075.2021 – TXINGUDI BADIAREN HENDAIA HERRIKO DRAGAKETA LANEN GAINEKO GALDEKETA PUBLIKOARI BURUZ HERRI KONTSEILUAK EMAN IRITZIA

KEHRIG COTTENÇON andreak: hauteskide maite horiek, Herri Kontseiluak bere iritzia eman behar du Txingudi badiaren dragaketa lanetarako eskariari buruz, Herria Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseiluarekin batera horretan ekintzaile delarik.

Herri galdeketa bakarra egiten ari da Herriko Etxean 2021eko apirilaren lehenetik 2021eko apirilaren 30 arte.

Txingudi badia da Bidasoaren itsasadarrari ematen zaion izena. Muga naturala da Frantzia eta Espainia artean. Lekuen itxurak dakar ur joaireak ahul diren lekuetan lohia jalkitzea.

Txingudi badian bata bestearen ondoren egin diren antolaketek bilakatu dute lehen hondar ordoki «erdi irekia» zena orain «hetsirik» dela erran dezakegun itsasadarra.

Halatan, bada, Txingudi badiaren lohiz betetzea urterik urte areagotzen ari da eta arriskuan jartzen ditu hala sektoreko ekonomia jarduerak nola natura ondarea.
1997. urtea arte, Txingudi badia eta Bidasoaren beherealdea erregularki dragatzen ziren eta hondarrak eta lohiak kentzen zitzaizkien. Kopuruak ez ziren handiak eta haien ateratzeak ez zuen dirutan orekarik lortzen ez bazen ateratzen ziren material onenak salduz. Gero ez da badian dragaketarik egin.

Pirinio Atlantikoetako Departamentua da portu eremuaren agintari esleitzailea eta Hendaiako Herria esleipenduna eta bi-biak, portuetan helgarritasuna eta nabigagarritasuna zaindu nahiz, urte zenbaitetik hona gogoetan ari dira badiatik hondarra kentzeko proiektu berri bat abian emateaz.

2015aren amaieran, Hendaiako Herriak, egin zituen engaiamenduei jarraikiz, Txingudi badiaren hondarra kentze eragiketak egiteari loturiko zailtasunak balioztatzeko eragiketa bati ekin dio:

  • Teknikoki, diru aldetik eta administratiboki onargarri eta badiaren ingurumen konplexuari egokitu proiektua asmatuz
  • Eta Estatuaren zerbitzuek 10 urterako baimena eman diezaieten bilatuz

Lehen gomendioak oinarritzat hartuz, dragaketa plan bat zehaztu zen. Hasiera batean, draga litezkeen 5 zona zedarritu dira eta 960 000 mᵌ dragatuko direla kalkulatu. Honako zona hauek dira:

  • Sartze ubidea
  • Florida kaia
  • Kanetako ubidea
  • Ainguratokia eta hegaztien uhartearen mendebaldea
  • Eta hegaztien uhartearen ekialdea

Hendaiako kirol kaia ere gonbidatua izan da dragaketari buruzko gogoeta horietara, jarraipen batimetrikoetan hondoak gero eta gorago direla ikusi baita.

Egingarritasun teknikoaren azterketa bat egin eta lehentasunezko 3 zona zehaztu dira 2017ko martxoan: sartze ubidea, kirol kaia eta Florida kaia, bakoitzak honako helburu hauekin:

  • Nabigazio baldintzen mantentzea
  • Itsas segurtasuna
  • Erabileren mantentzea
  • Arrantzako zona teknikoaren atxiki eta garatzea

Egin diren jalkinen azterketa kanpainen eta dragaketa moldeen azterketa teknikoaren ondorioz, Hendaiako Herriak dragaketa plan bat atxiki du 2020-2030 aldirako.

Programa horrek 320 000 mᵌ dragatzea aurreikusten du:

  • Sartze ubidean = 2 eragiketetan 90 000 mᵌ
  • Kirol portuan = 2 eragiketetan 35 000 mᵌ
  • Florida kaian = 2 eragiketetan 35 000 mᵌ

Egikaritze hori hainbat etapatan eginen da:

  • Dragaketa egitea
  • Aterako diren jalkinen kudeaketa honako bi leku hauetara eramanez:
    • Hendaiako Hondarraitz hondartzaren erdialdean hondartza idorra sortzea nabigazio ubidetik atera materialetarako eta, hartara, kostaren higaduraren aurka borrokatuz,
    • Itsas zabalean botatzea kirol kaitik eta hegoaldeko kaitik atera eta balia ez litezkeen materialak.

Hendaiako Herria eta Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseilua elkarrekin arituko dira eragiketa hori ongi egin dadin.

Ubidean, hondarrak draga xurgatzaile egonkor batek aterako ditu eta presiopeko hodi batez hondartzaren hegoaldean kokatu dekantazio zona baterantz bidaliko dira idor daitezen.

Eskuhartzeko beste bi sektoreetan, dragaketak pontoi gaineko palaz eginen dira eta garraio unitateen bidez itsasora botako dira materialak.

Ingurumenaren zaintze eta ustiatze jarraipena aurreikusia da, noski, honela egin dadin:

  • Birkarga zonaren urterik urteko jarraipen topobatimetrikoa,
  • Lanen fasean birkarga zonaren jarraipen topografikoa,
  • Dragatu materialen kalitate fisikokimikoaren eta bakteriologikoaren jarraipena.

Deliberamendu hau guztiek onar dezazuen eskatzen dizuet bihotzez.

AHO BATEZ ONETSIA –

076.2021 – HENDAIAKO HERRIAREN ETA SOLIHA EUSKAL HERRIA ERAKUNDEAREN ARTEKO PARTZUERGO HITZARMENA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Hendaiako Herriaren eta SOLIHA Euskal Herria erakundearen arteko partzuergo hitzarmena onartzea da gaia.

SOLIHA Euskal Herria erakundeak, bere Bizilekua, Lurralde Proiektua Zerbitzuan, aldizkako kontratu baten harira, Hendaian atzeman litezkeen duintasunik gabeko eta andeaturiko bizilekuei buruzko azterketa egitea proposatu du.

2020an bururatu genuen THParen aldaketarako eginiko lanek erakutsi ziguten arazo horri behako berezi eta osagarria egin behar zitzaiola eta orduan hasi gogoetarekin jarraitu behar dugu orain.

Izan ere, beste baliabide batzuek lantzen duten bizitegi berrien eskaintzaz haratago, ezinbestekoa zaigu bizitegi zaharren multzoaz dugun ezagutza fintzea eta etxe multzo pribatu horretan aritzeko baliabideak zehazteari ekitea, familiak leku duinetan biziko direla bermatzeko eta bizitegien eskaintza (alokairuan edo erosiz) osatzeko gure herrian.

Azterketa horrek honako hauek landuko ditu:

  • 2020ko otsailaren 22an onartu THPean identifikatu ziren auzoen mailako jokagaien egoera,
  • gauzatu beharreko eskuhartze estrategiak eta jardute ildoak zehaztea.

Herria azterketa horretarako behar diren datuak ematera engaiatzen da.

Suspertze Planaren eta Biharko Hiri Txikien Planaren baliabideen bitartez, honako hauek eginen dira:

Egun diren bizilekuetaz eta hari lotu arazoetaz dakiguna fintzea, bereziki duintasunik gabeko bizileku andeatu eta hutsetaz, herri mailan eta bereziki herriak identifikatu dituen eskuhartzerako lehentasunezko eremuetan,

Bi baliabideetan sartuko den eskuhartze estrategia proposatzea,

Tokiko eragile guztiak (hautetsiak, teknikariak, jabeak eta profesionalak) duintasunik gabeko bizileku andeatu eta hutsetaz ohartaraztea.

SOLIHA Euskal Herria engaiatzen da fase bakoitzean estatistika datuen tratamendua eta analisia egitera, berreraikitze kartografiak egitera, identifikaturiko aterabide guztien fitxa baliagarriak egitera, bai eta beste lurraldetan, bereziki mugazgaindiko lurraldetan, egin diren esperientzien berri ekartzera.

Halatan, bada, hauteskide maiteak, proposatzen dizuet baimena eman diezaiozuen auzapez jaunari SOLIHA Euskal Herria erakundearekin aritzeko hitzarmena sina dezan.

NAVARRON andreak: Deliberazio hori etxebizitza-politika eraginkorra definitzeko egin behar den azterketan oinarritzen da, eta, horri esker, epe luzera areagotu egin daiteke udalerriko etxebizitza eskuragarrien kopurua, dela alokairuan, dela jabegoan. Jadanik eraikitako etxebizitzak direlarik eraiki gabeko espazioak geratzen dira gure udalerrian. Azterketa horren bidez, zaharberritu behar diren etxebizitzak eta eraikinak identifikatu ahal izango ditugu, gure ekintzak hobetzeko, baita balizko finantzaketak ere.

Horrekin batera, uste dugu hemendik aurrera domeinuetako zerbitzuak eskatzen ahalko genituzkela, PLUaren (101,102,103,104) barnean inskribatuak diren lur erreserbatuak estimatzeko. Prozesu horrek ez gaitu ezertan konprometitzen, ekintza-plan bat eraiki eta elikatzen lagunduko gaitu. Gaur engaiatu nahi dugun obragintza publikoa ezinbestekoa da etxebizitzaren politika eraginkorra lortzeko.

Mobilizatu beharreko aurrekontuari dagokionez, bigarren mailako egoitzen gaineko zergen igoerari buruzko deliberazio bat bozkatu dugu, eta igoera horrek 400.000 euro inguruko diru-sarrera gehigarriak eragiten ditu. Eskatzen dugu zati adierazgarri bat inskribatzeko modu iraunkorrean 2111, 2115 eta 2131. artikuluetan, mandatua irauten duen bitartean, bitarteko beharrezkoak izateko lurrak eskuratu ahal izateko.

Tresna eraginkorragoa izateko gure PLUak ezagutu behar dituen bilakaerak ere elikatuko ditu azterlanak. Batez ere bi puntutan : etxebizitza sozialen tasen igotzea, %40tik %60ra, eta Moleres lur saila laborantza eremu sailkatzea. Alde horretatik, pozten gaitu eskaera hau auzapezak Euskal elkargoko zerbitzuei egin izanak apirilaren 12an igorritako gutunaren bidez.

Jakina, beste gailu batzuek ere lagundu beharko lukete prozesu hori, baina azterlanak horren inguruko argibideak eman beharko lituzke.

AHO BATEZ ONETSIA –

077.2021 –BASERRIALDEEN ELEKTRIFIKAZIOA ELIZAZILIO KARRIKAN- “SYNDICAL ESTHETIQUE (BAIONA, BIARRITZ, HENDAIA) 2021” PROGRAMA- PROIEKTUAREN ONARTZEA, BAI ETA HERRIAREN PARTEAREN DIRUZTAPENA ERE ONARTZEA – 18EF035ZK. AFERA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Elizazilio karrika eta Pirinio Atlantikoetako Elektrifikatze Sindikatuarekin (SDEPA) dugun lankidetza ukitzen dituzten 3 deliberamendu dituzue hemen.

Auzapez jaunak jakitera eman dio Herri Kontseluari SDEPA sindikatu horri galdegin diola Elizazilio karrikako tentsio apaleko sareak lurperatzearen azterketa egin dezan.

Sindikatuaren lehendakariak Herriari jakitera eman dio zein kostu kalkulatzen duen egin beharreko lanetarako, bai eta lan horiek GROUPEMENT SDEL – CETELEC enpresaren esku utzi direla.

Halatan, bada, honako hau proposatzen zaizue:

  • Hor goian aipatu lanei ekitea erabaki dezazuela eta Energia Sindikatuaren esku utz dezazuela lan horien egitea,
  • Egin beharreko lanen eta gastuen kopurua onar dezazuen, hau da, orotara 99 649,61 €,
  • Onar dezazuela eragiketaren hasierako diruztatze plana, honela banatzen delarik:
  • Sindikatuaren parte hartzea 64 062,90 €
  • SDEPA sindikatuak aitzinetik diruztatu BEZa 15 946,72 €
  • Herriak funts libreen bidez diruztatuko duen parte hartzea 16 015,73 €
  • Herriaren parte hartzea kudeaketa gastuetan 3 624,26 €
  • OROTARA  99 649,61 €

AHO BATEZ ONETSIA –

078.2021 – BASERRIALDEAREN ELEKTRIFIKAZIOA ELIZAZILIO KARRIKAN – “RENOVATION EP (DEPARTAMENTUA) 2020” PROGRAMA – PROIEKTUAREN ONARTZEA, BAI ETA HERRIAREN PARTEAREN DIRUZTAPENA ERE ONARTZEA – 20EP032 ZK. AFERA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Elizazilio karrikan gara oraino. Orain karrikako argiztapena dugu gaia, tentsio apaleko sareen lurperatzeari loturik.

Sindikatuaren lehendakariak Herriari jakitera eman dio zein kostu kalkulatzen duen egin beharreko lanetarako, bai eta lan horiek GROUPEMENT SDEL – CETELEC enpresaren esku utzi direla.

Honako hau proposatzen zaizue:

  • Hor goian izendatu lanei ekitea erabaki dezazuela eta Energiaren Sindikatuaren esku utz dezazuela lan horien egitea,
  • Egin beharreko lanen eta gastuen kopurua onar dezazuen, hau da, orotara 13 434,61 €,
  • Onar dezazuela eragiketaren hasierako diruztatze plana, honela banatzen delarik:

 

  • Departamenduaren parte hartzea 4 314,64 €
  • BEZaren ordaina emateko funtsa 2 123,32 €
  • Herriak funts libreen bidez diruztatuko duen parte hartzea 6 505,95 €
  • Herriaren parte hartzea kudeaketa gastuetan 490,30 €
  • OROTARA  13 434,61 €

AHO BATEZ ONETSIA –

079.2021 – BASERRIALDEEN ELEKTRIFIKAZIOAN ELIZAZILIO KARRIKAN – “GENIE CIVIL COMMUNICATIONS ELECTRONIQUES OPTION B 2020” PROGRAMA – PROIEKTUAREN ONARTZEA, BAI ETA HERRIAREN PARTEAREN DIRUZTAPENA ERE ONARTZEA –  20TE042 ZK. AFERA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Elizazilio karrikan gara oraino tentsio apaleko sareen lurperatzeari loturiko Orange ingeniaritza zibilari dagozkion lanetaz ari.

Sindikatuaren lehendakariak Herriari jakitera eman dio zein kostu kalkulatzen duen egin beharreko lanetarako, bai eta lan horiek GROUPEMENT SDEL – CETELEC enpresaren esku utzi direla.

Halatan, bada, honako hau proposatzen zaizue:

  • Hor goian izendatu lanei ekitea erabaki dezazuela eta Energiaren Sindikatuaren esku utz dezazuela lan horien egitea,
  • Egin beharreko lanen eta gastuen kopurua onar dezazuen, hau da, orotara 11 197,01 €,
  • Onar dezazuela eragiketaren hasierako diruztatze plana, honela banatzen delarik:

 

  • Lanen kopurua ZB 9 807,60 €
  • Obralaritza laguntza, aurreikusi gabekoak 980,76 €
  • Herriaren parte hartzea kudeaketa gastuetan 408,65 €
  • OROTARA 11 197,01 €

AHO BATEZ ONETSIA –

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarra eskertu eta bilkura amaitutzat eman du  19:50ean.

HENDAIAN, 2021ko apirilaren 29an

Kotte ECENARRO

Auzapeza,

Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,

Pirinio Atlantikoetako Departamentu kontseilaria,

HERRIKO ETXEAREN ATARIAN AFIXATUA: 2021-04-30ean