KE.IG – 374.2021
Bi mila eta hogeita batgarren urtean, uztailaren hogeita batean, asteazkenarekin, 18:30ean, Herri Kontseilua bildu da Kotte ECENARRO jaun auzapezaren lehendakaritzapean.
BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), KEHRIG COTTENÇON and., BUTORI and., IRAZUSTA j., COTINAT and., ARRUABARRENA j., LEGARDINIER and., GRABIÈRES j. MOUNIOS ADURRIAGA and. (Auzaezordeak) –
CAMACHO SATHICQ and., ARZELUS ARAMENDI j., TARIOL j., NAVARRON and., AIZPURU and., PELEGRIN ARAMENDY j., BEAUFORT and., BERNARD j., EIZAGUIRRE j., MANTEROLA j., HARAMBOURE and., JEHAN j., CEZA and., DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., ESTOMBA and. (118.2021 zk. deliberamendutik goiti) eta SALLABERRY j.
AHALORDEAK: TRANCHE jaunak auzapez jaunari, LABEAU andreak CEZA andreari, ROMAN andreak BEAUFORT andreari, MARTIARENA GARAT jaunak NAVARRON andreari, POUYFAUCON jaunak DESTRUHAUT jaunari, BARRERO andreak HIRIBARREN andreari, BALANZATEGUI jaunak DESTRUHAUT jaunari, ESTOMBA andreak SALLABERRY jaunari (117.2021 zk. deliberamendua arte).
BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.
Deialdiaren eguna: 2021ko uztailaren 12a
Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.
I – 2021EKO MAIATZAREN 26KO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA
Auzapez jaunak, 2021eko ekainaren 30eko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio. Dokumentua biltzarrak onar dezan eman da bozketara.
AHO BATEZ ONETSIA –
Gero, gai zerrendari ekin diote:
II – DELIBERAMENDUAK
TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO auzapeza
111.2021 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK
AUZAPEZ JAUNAK: deliberamendu hau auzapezak Herri Kontseiluak eman ordezkaritzaz hartu dituen erabakiei buruzkoa da; gogoan har ezazue ez dela bozkatzen. Galderarik ez bada, erabaki horien berri har dezazuen galdegiten dizuet.
Herri Biltzarra jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.
112.2021 – IKASTETXEAREN KUDEATZEKO «GEROKO» ELKARTEARI (OGEC) ELKARTASUN BERMEA CRÉDIT COOPÉRATIF DELAKOAN MAILEGUA HAR DEZAN – ESKOLA BERRIA ERAIKITZEA HENDAIAKO JAZMIN KARRIKAREN 8AN
AUZAPEZ JAUNAK: GEROKO ikastetxearen kudeatzeko elkarteak (OGEC) 1 200 000 €ko mailegua eginen du Crédit Coopératif delakoarekin Hondarraitz auzoan egiteko duten eskola berria eraikitzeko diruztatze plana osatzeko. «GEROKO» elkarteak Hendaiako Herriari galdegin dio elkartasun bermea eman diezaion kopuruaren %50ean.
AHO BATEZ ONETSIA –
TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.
113.2021 – LANPOSTU IRAUNKORREN 4. ZERRENDA
IRAZUSTA JAUNAK: deliberamendu honen gaia herriaren eskola batean gradu baten sortze bat dugu; herriaren bi eskolen arteko aldaketa izan balitz ez genuen eginen, baina Intzura eskolatik etorriko zaigun norbait da eta eskola hori Intzurako eskolaren Sindikatuarena denez, herri kontseiluan deliberatu behar dugu. Gradu sortze bat da eta ez lanpostu sortze bat, lanpostua jadanik hor baita. Intzurako Sindikatutik Herrira pasatze bat da.
AHO BATEZ ONETSIA –
TXOSTENGILEA: Kotte Ecenarro auzapeza.
114.2021 – AUTO BAHITEGIA – KUDEATZEKO MOLDEAREN HAUTATZEA – ZERBITZU PUBLIKOAREN ESKUORDETZE PRINTZIPIOA ONARTZEA
AUZAPEZ JAUNA: biltzar erabakitzailearen kideei gogora ekarri die zerbitzu publikoaren eskuordetze prozedura bat eman genuela plantan 2016an eta hortik zerbitzu publikoaren eskuordetze hitzarmen bat sinatu genuela auto bahitegi zerbitzu publikoaren kudeaketarako.
5 urterako zen hitzarmen hori beste urtebeterako berritu zen gero eta 2021eko abenduaren 31n bururatuko da hori. Orain beretik behar dugu, beraz, 2022ko urtarrilaren lehenetik goiti horren berritzeko bideak eta zerbitzu publiko horretarako nahi dugun kudeaketa moldea aztertu.
Auzapez jaunari baimena eman zaio etorkizuneko eskuordekoa hautatzeko Zerbitzu Publikoaren Eskuordetze prozedurari berari ekin eta haren gidatzeko eta horretarako dokumentu oro sinatzeko.
AHO BATEZ ONETSIA –
115.2021 – HERRIAREN ETA CLAPS DELAKOAREN ARTEKO PARTZUERGO HITZARMENA – COVID-19AREN AURKAKO TXERTAKETA KANPAINA
AUZAPEZ JAUNA: biltzar erabakitzailearen kideei erran die «Libérale Associative des Professionnels de Santé – CLAPS Hego Lapurdi» izeneko elkarteak, 64ko Eskualdeko Osasun Agentziaren (ARS 64) gidaritzapean dena, Herriarekin eta GEUZarekin jarri dela harremanetan 2021eko urtarrilaz geroztik, batez ere hurbileko txertaketa egiteko, abian den Covid-19aren aurkako txertatze kanpainan laguntzeko Hego Lapurdin.
Horren harira, CLAPS elkarte horrekin partzuergo hitzarmena sinatzea erabaki da, elkarlan horren bideak antolatzeko Hendaiako bizi arroan den txertaketa kanpainaren barnean.
Partzuergo hitzarmenerako proiektua deliberamendu honi atxikirik doa eta, besteak beste, honako hauek dakartza:
- Aldeen artean adostu plangintza baten araberako txertatze bideak,
- Herriaren engaiamenduak,
- CLAPS elkartearen engaiamenduak,
- Diruztatze bideak,
- Partzuergoa balioztatzeko bideak.
Hitzarmena, hasiera batean, 3 hilabeterako da eta, besterik gabe, beste horrenbesterako luza liteke, urraspidea bururatu arte.
AUZAPEZ JAUNAK: jakin ezazue, egun, astean 1000 txertatze inguru egiten ari garela.
AHO BATEZ ONETSIA –
TXOSTENGILEA: Ganix GRABIERES j.
116.2021 – AKITANIAKO ITSAS HEGIAREN BEHATOKIAREN (OCA) ITSAS HEGIAREN HIGADURARI BURUZKO DATUEN ESKURATZEA – EREDUZKO HITZARMENA ETA PARTZUERGO HITZARMENAREN PROIEKTUA ITSAS HEGIAREN BEHATOKIAREN (OCA) ETA HENDAIAKO HERRIAREN ARTEAN
GRABIERES JAUNAK: deliberamendu hau Akitaniako Itsas Hegiaren Behatokiarekiko hitzarmen bati buruzkoa da. Dakizuen bezala, Akitaniako Itsas Hegiaren Behatokiak du bere gain eskualdeko lurraldean itsas lerroaren bilakaeraren jarraipena egitea. Behatokiaren zeregin berezia da itsas hegiaren eragileen esku jartzea itsas hegiaren lerroaren kudeaketa laguntzeko datu eta tresna zientifiko eta teknikoak. 2009az geroztik, OCA behatoki horren lantalde batek urtero bildu ditu Abadia eremuko itsas hegiaren lerroaren kokapenari buruzko GPS datuak.
Itsas hegiaren lerroa argiki gibelka doanez, Itsas Bazterraren Erakunde Babesleak 2019an eskatu zuen Abadia eremuko bideen gibelatze estrategikoen azterketa egin ondoren, OCA behatokiak Abadia eremuan behatu dituen sektoreak egokitu eta ezpondaren bururantz eraman ditu.
Itsas hegiaren lerroaren bilakaeraren kronika atxikitzeko eta eremuko langileen xenderen zaintza eta segurtatze lana ahal beste egokitzeko, OCA behatokiak eskura eman dezake lur behaketaren datu horien nondik norakoa.
OCA behatokiak funts publikoei esker eskuratu dituen datuen transmisioa eta erabilera hitzarmen eredu batek gidatzen ditu, noski, baina hitzarmen horrek ez du ordainik eskatzen.
Bigarren aldi batean, bietako bakoitzak eginikoak zehaztuko dituen partzuergo hitzarmen baten bidez gara liteke OCA behatokiaren eta Herriaren arteko kostaldearen higaduraren ataleko elkarlana.
AHO BATEZ ONETSIA –
117.2021 – DIRU LAGUNTZA ESKARIA AKITANIA BERRIKO ESKUALDEARI ABADIA EREMUAREN KUDEAKETARAKO MATERIALA ESKURATZEKO
GRABIERES JAUNAK: gai hau ere Abadia Eremuari loturik da, izan ere, Eskualde Kontseiluari egin diru laguntza galde bat da.
Abadia Eremuaren kudeaketa plana 2020tik 2023. urte arteko aldirako ezarria da eta lekuari loturiko kudeaketa jardunak biltzen dira bertan, bai eta populazioaren azterketa eta jarraipena egiteko datuak biltzeko eragiketak ere.
Urtero, Eremuaren Gune Kontseiluak -honako hauek biltzen dituenak: Itsasbazterraren erakunde babeslea, haren jabe den bezainbatean, Departamentu Kontseilua, Hendaiako Herria eta IEZI elkartea, azken hiru horiek gunearen kudeatzaile diren bezainbatean, eta beste zenbait partaide, zeinen artean Eskualde Kontseilua-, Gune Kontseilu horrek, beraz, hurrengo urterako jardunen egitaraua onartzen du.
COVID delakoagatik, kontseilu hori ez da iragan ekainean besterik bildu eta ez zen 2020ko hondarrean, aurreikusia zelarik ere, bildu, baina bildu denean proposatu zaion eta onartu zuen jardun egitarauari jarraikiz, hegazti-faunaren, eguneko tximeleten, narrastien, karakoil taxon zenbaiten eta orkidea populazioen jarraipen protokoloak garatu behar dira 2021eko urte honetan zehar.
Egungo egunean, pentsatzen duzuen bezala, natura datu horiek biltzen ari dira. Bilketa horri esker, ondare zaizkigun espezieak hobe ezagutu ditzakegu, bai eta ingurunea dituen taxon endemikoengatik sailka liteke ere.
Alta, natura datuen hobetzea eta biltzea Akitania Berriko Eskualdearen eskumenetan dira.
Bestalde, zaintze eta kudeatze jardunetan, Abadia eremuko langileek helburu jakin batzuetara zuzentzen dituzte beren egitekoak urtaroen eta klima baldintzen arabera.
Espezieen jarraipenerako protokoloak ahal bezain ongi egokitzeko eta populazioen denboran zeharreko bilakaeraren azterketa hobetzeko, tokiko datua kapitalizatzeko meteorologia gune bat eskuratu beharko litzateke.
Bestalde, eremuan kudeaketa jarduerak egiteko dagoen mikrotraktorea zaharturik da eta material berria erosi beharko litzateke segurtasunez lan egiteko, bai eta gunearen lasaitasunerako ere.
Erosketa horietarako gastuak 2021eko hastapeneko aurrekontuan sarturik dira, 31 000.00 €rekin.
AHO BATEZ ONETSIA –
TXOSTENGILEA : Michelle MOUNIOS ADURRIAGA and.
118.2021 – EZ OHIKO DIRULAGUNTZA “LE DISQUE DE FEUTRINE” ELKARTEARI
Elkarte horrek ez ohiko dirulaguntza eskatzen du, grabaketa estudioan maketa bat osatzeko.
Halatan, bada, honako hau proposatzen zaio Herri Kontseiluari:
- 530 euroko ez ohiko dirulaguntza bozkatzea “Le Disque de Feutrine” elkartearentzat.
Horretarako behar diren diruak aurrekontu nagusiaren 6574 artikuluaren 33 azpifuntzioan aurreikusiak dira.
AHO BATEZ ONETSIA –
119.2021 – EZ OHIKO DIRULAGUNTZA “LES TROIS CHEMINS” ELKARTEARI
MOUNIOS ADURRIAGA andereak: 2021eko ekainaren 25ean, “Les Trois Chemins” elkarteak bere azken sorkuntza aurkeztu du: “1609 Année sombre en Labourd”, François Bordes-en mintzaldiarekin batera.
Ikuskizun horrek gastu teknikoak sortu dituenez, elkarte horrek ez ohiko dirulaguntza eskatzen du, xahutze horri aurre egiteko.
Halatan, bada, honako hau proposatzen zaio Herri Kontseiluari :
- 300 euroko ez ohiko dirulaguntza bozkatzea “Les Trois Chemins” elkartearentzat.
Horretarako behar diren diruak aurrekontu nagusiaren 6574 artikuluaren 33 azpifuntzioan aurreikusiak dira.
AHO BATEZ ONETSIA –
120.2021 – PASS CULTURE EDO KULTURA PASEA – APPLICATION A HENDAYE
MOUNIOS ADURRIAGA andereak: Kultura Pasea Kultura Ministerioaren baliabide bat da 18 urtekoei arte eta kultura lekuetara joatera eta kultura produktuak erostera bultzatzeko asmoz.
Baliabide horrek aukera ematen die gazteei, 18 urte betetzen dituzten urtean, 300 € emanen dizkien aplikazio bat eskuratzeko, 24 hilabetez ezagut ditzaten eta erreserba hurbileko kultura proposamenak eta eskaintza digitalak (liburuak, kontzertuak, antzerkia, museoak, musika ikastaroak, abonamendu digitalak, etab.).
Kultura egiturek parte har lezakete eta beren kultura proposamenak aplikazio horretan zerrendatu: filmak, ikuskizunak, kontzertuak, mediatekaren abonamendua… Txartelak aplikazioan erreserba ditzakete gazteek zuzenean eta salduriko txartelen diruaren itzulketa herriari egiten zaio jarraian Pass Culture (Kultura Pasea) sozietatearen bidez.
Honako hauek proposatzen dizkizuet:
- Hitzarmen bat egin dezagun Hendaiako Herriaren eta Pass Culture sozietatearen artean, aplikazio moldeko parte hartze baterako, gazteei 18 urteak betetzen dituztenetik, kultura ibilbideak proposatzeko,
- Hitzarmena eta hari lotu dokumentuak sina ditzagun,
- Baliabidearen berri eman dezagun herriaren zerbitzuen bidez.
AHO BATEZ ONETSIA –
Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak bilkura amaitutzat eman du 19:00etan.
HENDAIAN, 2021eko uztailaren 22an
Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Kotte ECENARRO
HERRIKO ETXEAREN ATARIAN AFIXATUA: 2021/07/22an