Atzo, ekainaren 30ean, asteazkenarekin, Herri Kontseiluak egin bilkuran, hautetsiek onartu dute lurraldearen elikadura proiektua plantan emateko Hendaia, Urruña eta Biriatuko herrien eta Jarduna eta Enplegua Laguntzeko Lan Eko zentroaren arteko lankidetza hitzarmena. Hitzarmena uztailaren lehenean, ostegunarekin, sinatu da.
Elikadura politika publikoko egiazko jokagaia dugu
Hendaia, Urruña eta Biriatu herriek ororentzat elikadura osasuntsua, kalitatezkoa, ekologikoa bermatzeko politikak daramatzate nork bere aldetik, bereziki talde jantokietan, eta laborantzan baliatzeko ustialurrak berriz eskuratzeko aterabideak xerkatzen dituzte.
Egun, lankidetza hitzarmen batez lotu nahi dira elikadura erresilientziaren inguruan, hirurenak diren helburuak partekatu eta bizi arroan honako jokagai hauen aldeko ekosistema sortu nahiz:
- lurraldeko laborantza ekoizpenei balioa berriz ekarri eta ekoizpen horiek hedatzea, kalitatezko lanpostuak eta gizarte lotura ekarriko dituen laborantza ekologiko batekin
- ekoizte, merkaturatze eta kontsumitze moldeak birpentsatzea tokiko elikagaiak hobe balioztatzeko, batez ere talde jantokietan
- betiere Bidasoaren bizi arroa erreferentzia lurraldetzat hartuz
Hiru herriak engaiatzen dira, beraz, gai horien gainean elkarlanean aritzera, Lan-eko laguntza zentroaren laguntza teknikoarekin, lurraldearen garapenerako tresna baita eta partzuergo honen animatzaile.
Lurralderako elikadura proiektua eraikitzeko jokagaiak, tresnak eta baliabideak partekatzeko asmo publikoaren adierazle da hitzarmena, talde jantokien lehen aukera landuz.
Partzuergoaren eremua azaltzen du ere eta lau aldeek dituzten helburuak eta ekartzen dituzten baliabideak.
Ekintza plana
Helburu eta jokagai horiei arrapostua eman nahiz, bi ekintza nagusi eginen dira:
- Lurraldean diren elikagai eskaintza eta eskariaren diagnostikoa:
Bidasoaldean diren elikagai eskaintza eta eskaria zehaztu beharra jokagai nagusia da izan litezkeen aukerak eta tresnak eta haien partekatze ahalak zehazteko. Horren egiteko, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Lan-eko zentroa arituko dira diagnostikoa prestatzen eta hiru herrien arroan dugun laborantza eta elikadura egoeraren argazki zehatza egiten.
Bidasoaren Iparraldearen diagnostiko osoa eginen da, beraz: elikagaien eskaintza eta eskaria, azpiegiturak, araudia, dauden tresnak etab., eta Hendaia, Biriatu eta Urruñako ekoizleei eta talde jantokiei zuzenean eginen zaizkie galdeketak.
Diagnostiko hori elkarrekin eginen dute, alde batetik, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, zeinak metodologia bat proposatuko du, emaitzak aztertuko eta izan litezkeen ondorioak aterako, eta beste aldetik, Lan-eko zentroak, zeinak lekuetan egin beharreko galdeketak egin eta diagnostikoaren koordinazioa eramanen baitu, hiru herriekin loturik.
Diagnostiko horrek izan litezkeen aukerak zehaztuko ditu, horien artean, lurraldean talde jantokietarako tresna partekatuak garatzeko aukera (eraldatze zentroa, plataforma logistikoa, sukalde bateratua, etab.)
- Lurraldeko eragileen mobilizazioa Bidasoaldearentzako elikadura proiektu baten inguruan elkartzeko.
Lurraldeko eragileen etengabeko mobilizazioa behar da Bidasoaldearen elikadura proiektu baten inguruan elkartzeko eta lurraldearentzako tresna partekatuak sortzeko aukeraren gainean elkarlanean aritzeko. Halatan, bada, Lan-ekoren misio arduradunak eragile hauen mugiarazteko lana eginen du:
- Laborariak eta haien ordezkariak,
- Eraldatze lantegiak
- Erakunde publikoak/kolektibitatea
- Elikadura gaiei buruzko gogoetari ekin dioten lurraldeko eragileak
- Kontsumitzaileen kooperatibak,
- Talde jantokiak (zuzendaritza langileak, teknikariak),
- Jatetxeak,
- Hurbileko saltegiak,
- Azken buruan, herritar oro
Erranikoak
«Lan Ekok lurraldeko proiektu kolektiboak sortzen laguntzen du. Halatan, bada, berezkoa du egitura horrek orain dela hainbat urtetik hona gai hori lantzen aritzea eta elikadura erresilientziaren aldeko proiektu hori animatu eta koordinatzeko misioa eman zaio» Claire Legardinier, Lan Eko Jarduna eta Enplegua Laguntzeko Zentroaren lehendakaria.
«Elikadura osasuntsuago eta iraunkorragoaren aldeko politikak egitea; asmo handiko proiektua dugu hori eta hautetsi guztiak gara horri loturik. Gure adinekoen, haurren eta talde jantokietako erabiltzaile ororen azietetako edukia hobetu nahi dugu, bereziki talde jantokietako zerbitzua tokiko produktuekin hornitzeko bidea irekiz» Céline Cotinat, banabide laburren eta elikadura burujabetzaren arduradun auzapezordea.
«Udal jardunaz gain, gaia Euskal Hirigune Elkargoaren mailan ere lantzen da, haren lurralde elikadura proiektuan. Aldi berean, laborarien eta kontsumitzaileen nahiei erantzutea da asmoa, bai eta ororentzat eskuragarri egitea ingurumenaren begiramenez egiten den kalitatezko tokiko elikadura, eta lurraldeak bere elikagai bereak ekoizteko gaitasuna garatzea. Sinadura horrek moralki engaiatzen gaitu ere hala laborantzak dakarren diru sartzea hobetzeari dagokionean nola uraren eta lurren babesteari dagokienean ere» Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapeza eta Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea.
«Krisi garai hauetan, nahitaez pentsatu behar dugu elikadura segurtasunaz eta jende ahulenen alde aritu behar dugu» Solange Demarcq Egiren, Biriatuko auzapeza
«Herriak, egun, partaidetzaz egin urraspide honen bidean doan proiektua darama. Permakultura eta agroekologiako formakuntza zentroa sortzea da gaia» Marie Christine Elizondo, Urruñako Herriaren lehen auzapezordea.