Herria egur energiaz berotuko da laster ENGIE Solutions delakoaren biomasa bero sare bati esker

Herriak, energia soiltasunaren eta ekologia trantsizioaren alde duen engaiamendua baieztatzen du; etapa erabakigarri bati ekinez hiri berokuntza sare baten sorkuntzarekin, bere azpiegiturak biharko klima erronkei iraunkorki egokitzeko duen asmo zintzoaren adierazgarri

2025eko martxoaren 6 ostegun honetan, Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapezak eta Fabien Tremouille, Bâtiments Aquitaine Sud d’ENGIE Solutions delakoaren eskualde zuzendariak ofizialki adierazi dute  beren engaiamendua sei urteko kontratua sinatuz biomasa berokuntza sare bat etorkizunean sortu eta ustiatzeko. 2025eko udazkenaz geroztik, instalazio berri horrek hainbat hornikuntza publiko elikatuko ditu tokiko energia iraunkorrarekin eta, horrela, urtero 248 tona CO2 ekiditeko aukera izanen da. Bere energia nahasketa berdetuz, biomasa zati handi batez, Hendaiak baieztatzen du energia berriztagarrien garapenaren alde duen engaiamendua.

% 90 energia berriztagarri berokuntza karbonogabeturako

Sortzeko den sare berri hori 667 metro luze izanen da eta bero berriztagarriaren banatzaile eraginkorra izanen da Irandatz auzoko honako lau abonamendudun nagusi hauentzat:

  • Irandatz kolegioa
  • Irandatz gimnasioa
  • Udal igerilekua
  • Irandatzeko Ikastola

Auzo horretan bertan kokaturik, zerbitzatuko dituen eraikinetik hurbil, biomasa sutegi berri horri esker, % 90ean energia berriztagarriaz elikatuko da sarea. Biomasako bi berogailu ukanen ditu sutegiak, bakoitza 230 kW indarrekoa, eta horrela berotze behar nagusiak beteko ditu; kontsumo maila gorako uneetan edo ezohiko beharretarako, gas naturaleko bi berogailu izanen dira. Ingurumenean ongi egoki dadin, sutegia egun dagoen 4 metro gora den pentoka batean gordeta izanen da, ikusteko zailago eginez.

Tokiko energia lehiakorra

Biomasa erabiltzeak tokiko egurraren ekonomia adarra sustatuko du, 30 kilometroko erradio batean kokaturiko tokiko oihanetatik datorren energia-egurraz hornituko baita. Jokamolde horrek hornikuntza iraunkorra bermatzen du eta tokiko ekonomia sostengatzen. Proiektuaren gauzatzeko, honako lau enpresa hauek osatzen duten talde baten mandataria da ENGIE Solutions: CETAB azterketa bulegoa, 5inq architecture, Neo Réseaux (lurpeko sareak) eta Etchart Construction (lan handiak, egitura). Orotara 2185 milioi euroko inbestimendu batekin, proiektu horrek hiri berokuntzaren kostua epe luzera segurtatu eta energia fosilen prezioen gorabeheren mendekotasuna gutxitzeko xedea du.

Lanak apirilean hastekoak dira eta zerbitzu ematea 2025eko udazkenean abiatuko litzateke

«Urte honen hondarretan, igerilekua, kolegioa, gimnasioa eta eskola berokuntza berriztagarri eta lehiakorraz izanen dira berotuak; Hendaiarentzat aitzinamendu argia izanen da energia iraunkorragoko etorkizun baterako bidean. Egungo ekonomia testuinguru gogor honetan, etorkizuneko inbestimendu horrek erakusten du gure hornikuntza publikoen karbono aztarna murrizteko eta, aldi berean, gure kolektibitatearen energia kostuak epe luzera kontrolatzeko dugun engaiamendua» dio Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapezak.

Chantal Kehrig, lanen arduradun lehen auzapezordeak, dosierra bere gain duenak, honela dio: «Energia soiltasunaren eta ekologia trantsizioaren alde daramagun politika boluntaristaren harira, argi agertu zaigu bero sarea eraikitzea zela aterabide estrategiko eta eredugarria gure igerileku berrirako. Hautu hori hausnarketa sakon baten emaitza da eta antzeko proiektuak aztertu ondoren hartu dugu, Hendaia dinamika berritzaile eta iraunkor baten bidean kokatu nahiz. Gure hornikuntza publikoen energia iturriak iraunkorki anizteko dugun engaiamendua erakusten duen etorkizunerako hautua dugu hori».

«Akitania Berrian jadanik ongi kokaturik, non 40 biomasa sutegi eta 12 bero sare ezarri baititu, ENGIE Solutions  enpresak bere antzea eta bere tokiko lantaldeak ematen ditu Hendaiako Herria asmo handiko energia trantsizio horretan laguntzeko» erran du Fabien Tremouille, Bâtiments Aquitaine Sud d’ENGIE Solutions delakoaren eskualde zuzendariak.

Gako kopuruak 

  • 667 metro sare
  • 280 tona tokiko egur balioan emanik urtero
  • 248 tona CO2 gutxiago urtero
  • % 90 energia berriztagarri

ENGIE Solutions dela eta
ENGIE Solutions herrien, industrien eta hirugarren alorreko enpresen aliatu iraunkorra dugu karbono-gabetzearen bidean. Gure 16 000 lankideek, beren energia trantsizioa areagotzeko eta ekonomia eta energia emaitza hobe elkartzeko, egunero, lurraldeen erdi-erdian, energia nahasketak eta instalazioak asmatzen dituzte gure bezeroen beharrei erantzuteko, dituzten baliabideen arabera, aterabide osagarrien aukera zenbait baliatuz, hala nola diren tokiko energia sareak, beren guneetan energia karbono-gabetuen ekoizpena edota energia emaitza onetarako gure zerbitzuak. ENGIE Solutions ENGIE taldearen marka bat da, eta ENGIE mundu mailako erreferentzia taldea da karbono gutxiko energiari eta zerbitzuei dagokienean, eta karbonoan neutro den mundu baterantz joateko trantsizioa lasterrago egiteko aritzea du izateko arrazoia. ENGIE Solutions markaren 2024ko negozio kopurua 5,4 miliar eurokoa izan da.
Gehiago jakiteko: http://www.engie-solutions.com

Hendaiako Herriko Etxea dela eta
Hiri berokuntzako sare berri hori Herriak, hainbat urtetik hona, bere eraikinak energia kontsumoan ahal bezain bertutetsu bihurtzeko plantan ematen ari den hainbat neurritako bat da. Izan ere, udalak hainbat eta hainbat urtetik hona klima aldaketaren aurka borrokatzeko daraman ingurumen politika boluntaristari jarraipena eginez, lan anitz egin ditu bere hornikuntzetan, argiteria publikoa modernizatu du, energia berriztagarriak garatu ditu, elektro-mugikortasuna balioan eman du eta ura babestu du. Areago, Hendaian energien kudeaketa arrazoituaren alorrean eginikoa Euskal Klima Planaren ekintza planean kokatzen da, zeinean bero sareak eta beroa berreskuratzeko sareak garatzea bultzatzen baita, besteak beste.

Zenbait ekintza:
• Herriaren Soiltasun Plana, 2022an egina, plantan emaniko ekintza guztiak eta proiektuak balioan emateko
• Jarioen ekonomo baten kontratatzea 2023ko urrian
• 2024an Kubo Herria Proiektua  eta 2024/2025 ikasturterako Kubo Eskola proiektua plantan ematea lokalen erabiltzaileen eta eskoletako ikasleen eta langileen ohartarazteko. Herriak sari bat jasoko du, heldu den martxoaren 12an, Parisen
• Gure ondasun guztien energia ikuskapena 2024/2025ean egin genuen.
• Energia berriztapen lanetako inbestimendurako hainbat urteko plana plantan ematea heldu diren 30 urteotarako.

 

Navigation de l’article