Herri barneko lanak maiatzaren 23an hasiko dira

Elizako karrika eta izokinaren karrika izanen dira 2024ko ekain bitartean luzatuko den herri barnearen berriztapenari hasiera ematen diotenak.

Heldu den astearen hastapenetik, herri barnearen biziberritzeko proiektuaren lehen faseak emanen dira abian. Antolaketa lanak Elizako karrikan eta Izokinaren karrikan hasiko dira eta gero Errepublika plazara eta haren inguruneetara hedatuko dira.

Proiektu horretan partaide dira Akitania Berriko Eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa. 2018. urteaz geroztik abian eman diren gainerako hiri lanen jarraipenean kokatzen da proiektu hau: Kanetako zaldaina, Jean Jaurès ikastetxearen eta Gaztelu aretoaren berriztapena, besteak beste.

Kotte Ecenarro auzapezak «herri barnea berritzeko asmoa» adierazi du, berriztatu berri izan den Hondarraitz auzoaren eta herri barnearen arteko «dualtasuna» hausteko. Biharko Hiri Txikien baliabidea Estatuak eman zuen abian eta Hendaiak horretan izena eman du, beste lau euskal hirirekin batera; baliabide hori dugu prozesu honen muinean. Herri barnea honako sei ardatz hauen inguruan hobetzeko jardunak eginen ditu baliabide horrek:

  • Jabari publikoaren antolaketak: Errepublika plazaren inguruan, inguruko karriketan eta eraikinei balioa ematea.
  • Bizilekuak: duintasun gabeko eta hondaturiko bizilekuen gaineko azterketa batekin, zeinak uzten baitu irudikatzera herri barnean Bizilekuak Hobetzeko Eragiketa Programatu bat plantan emanen dela, eta lan berezia eginen dela hutsik diren bizitegien gainean.
  • Mugikortasunak eta autoz zirkulatzeari alternatibak ematea alderdi orotan: oinezkotzea, txirrinda atalak, talde garraioak, etab.
  • Merkataritza: merkataritza biziarazteko lehen jarduerak abian emanik dira jadanik: herri barnearen kudeatzailea kontratatzea, saltegia entseatzeko merkataritza leku bat erostea, …
  • Animazioak: Gaztelu aretoa den ekipamendu berria herri barne bizi eta erakargarriaren gauzatzearen seinale da, beste ekitaldi herritarrak garatzen baititu.
  • Ondare historikoa: Hendaiako gaztelu zaharra balioan ematearekin, Bixintxo elizaren berriztapenarekin, bai eta behereko auzoa «goi» herriarekin lotzen duen harrizko eskalera ibilbideekin ere.

Errepideen berriztapena

Zirkulazioa, hala autoan nola txirrindan edota oinez, hobetu eta segurtatzeko asmoz, Elizako karrika eta Izokinaren karrika izanen dira proiektuak landuko dituen lehenak: galtzaden estaldura berritzeko lanak heldu den astearen hastapenean hasiko dira. Gero, Hostailbidearen Passicot komandantearen karrikarekiko bidegurutzearen eta Antzoki karrikarekiko bidegurutzearen arteko zatian (biribilgunea barne) eginen dira lanak.  Bidelan horiek 2022ko ekain hondarra arte luzatuko dira. Behereko auzoa «herri goialdearekin» lotzen duten eskalerak ere ekainean berrituko dira.

Hostailbidea berritzeko gainerako lanak 2022ko urrian hasiko dira.

Errepublika plazaren berrantolaketa

Ikusiz Errepublika plazak karrika baten egitekoa zuela gehienbat, Chantal Kehrig, hirigintza eta lanen ardura duen lehen auzapezordeak «egiazko egitekoa» eman nahi lioke plazari. Horren egiteko, osoki birkalifikatua eta oinezkotua izanen da.

Herriko Etxea handituko da, aitzinaldea garbitu eta landare horma batez estaliko da.

Lan horietarako, 1 800 000 euro zerga gabe aurreikusi dira, milioi bat plazarako eta gainerakoa Herriko Etxerako. Lanak 2023ko uztailean hasiko dira eta 2024ko ekain arte luzatuko.

Bixintxo eliza eraikin publikoa da, 1905. urtea baino lehen eraikia baita, eta hori ere berriztatuko da: hormen garbiketa, eraikinaren segurtatzea, berina leihoen ikuskatzea eta zoladuraren sendotzea. Lan horietarako, 400 000 euro dira aurreikusiak eta lanak 2023ko urritik 2024ko ekain bitartean eginen dira.

Lehen diruzaintza leku izan zena Familia Laguntza Kutxaren eta Eritasun Asurantzarako Lehen mailako Kutxaren bulegoak hartzeko berrantolatuko da, bai eta Nazio polizia eta udaltzaingoa hartzeko ere.

Irandatz igerilekua berreraikia

Irandatz herri igerilekua 1979. urtean eraiki zuten eta urtean 60 000 inguru sartze erregistratzen ditu.  Eraikin hori bota eta beste berria eraikiko da leku berean, herritarren behar berriei erantzuteko. Igerileku berriak bi bainatoki ukanen ditu: bat ikasteko eta hainbat jardunetarako, eta kirol bainutoki bat 25 metro luze diren 6 igerilerrorekin. Orotara, ur eremua orain dagoenaren bikoitza izanen da lanen ondoren.

 

Navigation de l’article