KASU:
Nortasun agirien eskuratze epea (Pasaportea edota Frantziar Nortasun Txartel Nazionala) 2-6 aste artekoa izan liteke garaiaren arabera. Hobe duzu, hortaz, zure urraspidea ahal beste aitzinatu, batez ere udako oporren aldia hurbiltzean.
Arrapostua 3 etapatan:
1. ETAPA: AITZINESKARIA
Webgune anitzek proposatzen dute, diru truk, zenbait administrazio zeregin arrunt betetzea erraztea (gidabaimenaren, txartel grisaren, sortze agiriaren laburpenaren, justiziako bildumaren laburpenaren, Crit’Air agerkinaren eskariak, adibidez) edo baita araudi bereziak gauzatzeari buruzko argibideak ematea (norbanakoen berezko datuen fitxategien tratamendu automatizatua, jendeak hartzen dituzten eraikinen helgarritasuna, adibidez).
Administrazio urraspideak linean egiteko sarbide onenak honako hauek dira: ants.gouv.fr eta servicepublic.fr Ene aitzineskaria hemen klikatuz egin: https://ants.gouv.fr
Zure aitzineskaria linean bete eta gero inprima ezazu; zure zerga zigilua eros ezazu, zeure kasuaren arabera, Zigilu Segurtatuen Nazio Agentziaren webgunean.
2. ETAPA: DOSIERRA OSATZEA
Nortasun agiri bat eskatzeko behar diren frogagiriak egoeraren araberakoak dira:
- Adindun ala adingabea,
- Lehen eskaria ala berriztapena,
- Agiri zaharra ukanik ala ez.
Eman beharreko agirien zerrenda webgune honetan atzemanen duzu: service-public.fr (pasaportea / nortasun txartela)
Jakin ezazu aurkezten duzun agiri bakoitza jatorrizkoa izan behar dela eta horrekin batera haren fotokopia ekarri behar da ere.
3. ETAPA: HITZORDUA HARTZEA
Hitzordua har ezazu, lineako zerbitzuaren bidez: rendezvousonline.fr
Hitzordura dosierra osorik daramazula behar duzu joan.
Eskatzailea bera behar da hitzordura agertu (adingabeak ere bai, legezko ordezkariarekin batera)
NORTASUN AGIRIA EMATEA
Egoera Zibilaren Zerbitzura hitzordurik gabe etor zaitez zure agiria jasotzera, zure agiri zaharra ekarriz, kasuaren arabera.
Nortasun agiria nola pasaportea jasotzeko, interesdunak berak behar du izan, hala adindun bada nola 12 urtez goitiko adingabea bada ere.
Adingabeak legezko ordezkariak lagundurik behar du izan. Ordezkari horrek nortasun agiriaren dosierra aurkeztu duen pertsona fisiko bera behar du izan.
Zure agiria eskuragarri zaizula jakitera ematen dizun SMSa jasotzean, ez duzu egoera zibilaren zerbitzuarekin harremanetan jarri beharrik; aski zaizu zuzenean hara joatea.