Sagarroien, hegaztien, tximeleten eta, oro har, bioaniztasunaren biziraupena laguntzen duten jokamolde onak hartzera engaiatzeko.
Denbora luzean, lorategien bisitari atsegin horiek erraz atzeman dute zer jan jendeen bizilekuen inguruetan, bai eta ugalketarako eta negua igarotzeko lekuak ere. Baina abere txikientzat egoki ziren leku horiek gero eta gutxiago dira, batez ere jendeen bizi aldeen eta landuriko zonen artean kokaturiko natura aldeak hirigintzaren eraginpean gibelka ari direlako. Horrez gain, jabetza handiak zatikatu eta lursail txikiago eta hetsiagoak sortzen dira. Alabaina, zatikatze horrek basa hesien, zuhaitz zaharren, gutxietan epaitzen diren zelaien eta abereen biziraupen eta ugaltzerako horren garrantzitsuak diren adar eta harrien desagertzea dakar.
Lursailen neurriaren laburtzearekin batera lur horien antolatze maila emendatzen da ere: jabetzaren mugetaraino zainduriko soropila; auzokoengandik ezkutatzeko duten ahalarengatik hautatzen diren hesi exotikoak; bertakoak ez diren landare multzoak, tximeleten ugalketa laguntzen ez dutenak eta abereak elikatzeko fruitu gutxiegi ematen dituztenak; babesik ematen ez duten gehiegi xedarraturiko zuhaitzak; gaueko argiztapena lursail osoan; belar hilkarien eta pestiziden neurrigabeko erabilera soropiletan, lauzetan eta arrosondoetan –ubideetako bizitza mehatxatzeaz gain edateko uraren iturri zaizkigun lurpeko ur geruzak kutsatu ere kutsatzen dituztenak. Baldintza horietan, txoriek eta lorategien beste bisitariek ez dute jadanik non ezkutatu ez eta habia egiteko materialak atzematen, ez intsektuak, ez eta fruitutxoak, ez eta gaueko atsedena ere…
Bioaniztasun gerizalekuak diren Lorategien Gutunaren 10 aholkuak ahal beste jarraitzera engaiatzea basa bizitzari ene lorategian, ene karrikan, ene auzoan bizitzen jarraitzeko aukera ematea da. Honela laburbil litezke:
- Ez ene lorategi osoa epaitzea; soropila goratzen eta loratzen den lekuak uztea.
- Bertako basa zuhaixkak hautatzea eta hesia txoriak habian ez direnean xedarratzea (irail eta otsail artean).
- Abereentzako aterpeak egitea: adar, hosto edota harri pilak.
- Aberetxoak lorategi batetik bestera pasatzeko pasabideak atxikitzea.
- Ez belar hilkaririk ez eta pestizidarik erabiltzea. Horien ordez, produktu naturalak besterik ez erabiltzea (adibidez, gorotz, konpost, asun-minda edo burni ortofosfatodunak erabiltzea).
- Lorategiaren argiztapena mugatzea aberetxoei kalte ez egiteko.
- Ez landare exotiko inbaditzailerik landatzea. Idealki, lorategian jadanik daudenak kentzea.
- Egin behar diren ureztapenak egiteko euri ura berreskuratzea, betiere tigre eltxoari lekua egiten dion oro mugatuz
- Lorategian su egiteaz dagoen araudia betetzea eta adarrak edota hostoak ez kentzea ugaltze edota negu lo garaietan.
- Igerilekurik baduzu, ateratzeko maldatxo bat egitea abereak ez daitezen hor ito.
Eta datozen orriotan zehazten dira nork bere lorategian bioaniztasuna laguntzeko hartu behar dituen jokamolde onak, Bioaniztasun Gerizaleku diren Lorategien Gutuna sinatzeko
Soropila eta belar epaiketa
Tenis zelai ingeles baten antzeko soropilak ureztatze, ongarri sintetiko eta biozida (= pestizidak) anitz behar ditu, bereziki herbizida selektiboak eta lizunaren aurkako produktuak, oso maiz ongarriekin nahasturik eta «ongarri selektibo» edo «lizunaren aurkako ongarri» izenpean salduak.
Produktu kimiko horiek euriaren eta ureztatzearen bidez lurrera sar eta ubideak eta lurpeko ur geruzak kutsatzen dituzte. Etxea kutxatzen dute ere, biozida horiek oinetakoetan eramaten baititugu etxe barnera.
Egin liteke soropil egokia biozidarik gabe:
- Lore txikiak eta lurrean azota ekartzen duen hirusta atxikiz.
- Gutxienik 6 cm gora epaituz belarra, horrela, landare apalen (zain-belarra, sorgin-belarra, kardua) ordez belarra lehenesten baita; ureztatze beharrak murrizten dituen jokamolde ona da ere.
- Belarra txiki-txiki egiten duen eta belar mozkinak lurrean uzten dituen mozkailua erabiliz (mulching).
- Lurra udazkenean aratuz eta, gero, behar balitz, lurbeltzarekin ongarriztatuz.
Ene soropilean biozidarik (belar hilkari selektiboak, lizunaren aurkako produktua, etab.) ez gehiago erabiltzera engaiatzen naiz.
Loreei eta intsektuei bizi zikloa osatzeko aukera emateko, belar zerrenda bat utziko dut hazten – adibidez, eguzkitara den hesi baten luzeran edota ezponda batean – eta loreak dauden bitartean ez dut epaituko.
Soropil berria eginen badut, tratamendu kimikorik behar ez duten lastodun landareen nahasketa bat hautatuko dut. Bertako espezieekin* egin «soropil loreduna» edo «pentze loreduna» nahasketak ere balia ditzaket urte osoan epaitu behar ez ditudan txokoetan.
Hesia
Tuiak, banbuak eta ereinotzak, hirurak exotikoak, laster hazten dira eta bista eragozten dute. Baina landare –exotiko gainera- mota bakarraz egin hesiak zer jan gutxi ematen die txoriei eta aberetxoei. Bertako hainbat basa zuhaixkaz* osatu hesia, aldiz, urte aro desberdinetan loratzen da, fruitu eta bihi zenbaitez hornitua da eta espezie anitzentzat –tximeletak bereziki- bizi zikloa osatzeko aukera da ere.
Ezpela, hagina, gorostia, binorria, hegigarra eta pagoa (azken bi horiek hosto idorrak udaberri arte atxikitzen dituztelarik) bista eragozteko pantaila ona izan litezke neguan. Zuhandorra, hurrondoa, aranondoa, etab. fruituak ematen dituzten zuhaitzak dira eta haietako batzuk gizakiok jaten ditugu.
Jakin behar da baratze saltegiek proposatzen dituzten «bizi» edo «nahastekatuak» deitu hesi gehienak ez direla bertako basa espeziez* osatuak, baizik eta baratze motak (kultibarrak) direla, neurri batean edo bestean exotiko eta hibridoak, eta haietako askok ez dute fruiturik ematen.
Txoriei, urtxintxei eta orohar abereei zer jan emateko, ene hesian eta ene lursailean bertako basa espezieak* landatzera engaiatzen naiz ere.
Hesi osoko edo zati bateko zuhaixkak edo zuhaitzak berritzerakoan, bertako basa espezieei* emanen diet lehentasuna.
Txoriei habian ez trabarik egiteko, ez dut hesia martxo eta irail artean xedarratuko. Xedarratzean, fruituak utziko ditut.
* Bertako landarea = eskualdeko bai eta, lorategiaren landaredia bidean dugun klima aldaketara egokitzeko, Europa hegoaldeko basa landarea .
Lorategiaren garbiketa
Jabetzaren mugaraino arrasean moztu eta azken adarxka txikieneraino garbituriko soropila ez zaie ona txoriei eta beste aberetxoei. Hegan ozta-ozta dakitelarik habitik jalgitzen diren xoxo gazteek adar zaharren beharra dute gurasoek lurrean jaten ematen dieten bitartean ezkutatuko badira.
Sagarroiek hosto idorren iglu bat eraiki behar dute negua pasatzeko. Sugandilak eguzkiak berotu harrien xerka aritzen dira beren tenperatura egokitzeko. Eta tximeleta anitz moldatzen dira, izotza eginagatik ere, bizirik irauteko –beldar, krisalida edo hegaldun heldu gisa– hostoen pean, belar idorren pean, harrien edota zuhaitz azalen pean gordez.
Lursaila gehiegi garbituz gero, bioaniztasuna hondatzen duzu eta txoriek beren habia egiteko erabil lezaketen materiala kentzen diezu. Bestalde, aberetxoentzako «aterpea» egin zenezake adar eta harri zenbait metatu eta landare igokariak gaineratuz.
Abereentzako aterpeak sortu eta bioaniztasuna laguntzeko, engaiatzen naiz lorategiaren txoko batean urte osoan zehar egur, harri, hosto idor multzo bat uztera, bai eta belar idorren leku bat ere.
Zuhaitzak eta sasiak xedarratzen ditudanean, zenbait adar idor edo huts uzten dut, abereentzako aterpe izan daitezen (betiere ez badute eroriz gero arriskua sortzen edo auzoei edota bide publikoei kalterik ekartzen ez badiete).
Sagarroien & besteentzako pasabideak
Sagarroiak lorategi batetik bestera ibiltzen dira lagun bila, ur bila, jan bila, negua pasatzeko leku baten bila… Alabaina, jabegoak oso hetsiak bilakatzen ari dira eta horrek errepidea baliatzera behartzen ditu eta horrekin zapalduak izateko arriskuan dira.
Oinbide kantailak ere gaindigaitzak zaizkie abere batzuei, hala nola uhandreei eta ziraunei.
Urtxintxei dagokienean, zuhaitz baten kentzeak eten lezake haien airetiko ibilbidea eta lurrera jaustera behartu ditzake, non autoak, zakurrak eta katuak dituzten zain.
Sagarroien eta aberetxoen lekualdaketak errazteko, auzo lorategiekin gutxienik pasabide bat uztera edota sortzera engaiatzen naiz (12 x 12 cm inguru). Aitzinetik beste jabeekin aipatzen dut, noski, haiek ere uler ditzaten pasabide horien xede eta beharra.
Zuhaitzak xedarratzen ditudanean, urtxintxak ditut gogoan haien ibilbidearen jarraipena ez eteteko.
Biozidak (pestizidak)
Arazo gero eta handiagoa da, ez bakarrik lorategien bizitzarako baizik eta baita giza osasunerako. «Biozida» izendapenak bizidunak hiltzeko asmaturiko gai kimiko guztiak biltzen ditu: belar hilkariak (belar kentzekoak, lizunaren aurkakoa), intsektizidak, fungizidak (onddo eta mutxiduren aurkakoak), akarizidak (akaro eta armiarmen aurkakoak).
Laborantzak eta norbanakoek erabiltzen dituzten biozidek lurrazpiko ur geruzak eta ubideak kutsatzen dituzte. Lorategian lainoztatzen direnean, etxe barnera ere sartzen dira, oinetakoetan eta zakur eta katuek eramanak.
Soropilaren zaintzarako erabiltzeaz gain, arrosondoetan ere erabiltzen dira biozidak, mutxiduretaz, akaroetaz eta landare-zorrietaz babesteko. Alabaina, landare-zorriak eraso litzaketen kattalingorriak ere hiltzen dituzte: aitzinetiko tratamendua emanez ez zaio naturari uzten kontrola egin dezan. Igurikatzen ikasi behar da, beraz, tratamendu beharrik egiazki ote den ikusteko. Eta, beharrik balitz, produktu naturalak lehenetsi beharko lirateke. Onena, eritasunei buru ongi egiten dieten arrosa landareak hautatzea da (arrosondo barietate oso azkarrak lortu berri dira).
2019ko urtarrilaren lehenaz geroztik, legeak debekatzen du leku publiko gehienetan produktu fitosanitario kimikoen erabiltzea, euriarekin ubideak kutsatzeko arrisku oso handia baita. Etxean ere berdin egin dezagun.
Ene osasunerako eta edateko uraren eta bioaniztasunaren zaintzeko, biozidak (pestizidak) ahal den gutxien baliatzera engaiatzen naiz.
Beharrik banu, biozida naturalak hautatuko nituzke.
Arrosondoak landatu edota aldatu beharko banu, eritasunei buru egiteko azkarrak diren barietateak hautatuko ditut.
Legeari jarraituz, bidexketan eta bide bazterretan ez dut belar hilkaririk erabiliko. Belarra kendu beharko banu, belarrak eskuz edo mekanikoki kentzea lehenetsiko dut.
Bareak eta karakoilak
Frustagarria da loreak eta urazak bareek eta karakoilek jan dizkizutela ikustea. Baina bareen aurkako metaldeidodun pikorrak baztertu behar dira, horiek jan ditzaketen aberetxoentzat, etxeko abereentzat eta haurrentzat toxiko direlako.
Horien ordez hobe da arazo gutxiago ematen duten burni ortofosfatodun pikorrak.
Halarik ere, teknika eraginkorrena bareak arrats apalean edota goizean goiz harrapatzea da, orduan ateratzen baitira beren gordagiatik. Oso anker dela pentsa baliteke ere, buru gibelean (burmuinean) aiztur kolpe laster batek pozoitze kimiko batek baino gutxiago pairaraziz hiltzen ditu.
Karakoilak gehien maite duten harrapakina zaizkie birigarroei; harri handiak baliatzen dituzte karakoilen maskorra hausteko ingude bezala.
Aberetxoak ez pozoitzeko, batez ere bareak harrapatzen dituzten sagarroiak, ez ditut bareen aurkako metaldeidodun pikorrak erabiliko.
Horien ordez, nahiago ditut burni ortofosfatodunak edo, hobe: bareak eskuz harrapatuko ditut goizean goiz edota arrats apalean.
Karakoilen zale diren birigarroak erakartzeko, lorategian bertako zuhaixkak (elorri beltza, elorri zuria…) landatuko ditut, basa landareak (laharra, huntza) hazten utziko ditut, haien fruituak txoriek balia ditzaten, edota ez ditut ene sagar edo mahats guztiak bilduko.
Lorategiaren argiztapena
Argi kutsadura –hau da, gehigezko kanpoko argiztapena– lorategietan bizi diren gau abere anitzen bizitzaren eta erritmo biologikoaren nahaslea da: gau enarak, sagarroiak, hontzak, apoak, ipurtargiak eta beste intsekto zenbait… Argiek gaueko zenbait tximeleta –horietako anitz polinizatzaile baliosak direlarik- erakartzen dituzte ezin ihardukizko gisan eta akitzearen akitzez hiltzen dituzte. Azkenik, argiztapen artifizialak zaurgarriago bilakatzen ditu atsedenean diren txoriak: katuek errazago ikusten dituzte.
Ororen atsedena eta gaueko bizitza zaintzeko, lorategiko argiak behar ez ditudanean itzaliko ditut (22:00etatik goiti).
Argia beherantz igortzen duten lanparak hautatuko ditut, zerua luze-zabalean argitzen dutenak hautatu ordez.
2700°K eta gutxiagoko tenperaturako LED lanparak hautatuko ditut (warm white, zuri beroa), intsektoak gutxiago erakartzen baitituzte.
Landare exotiko inbaditzaileak
Jatorria Asian edo Ameriketan duten zenbait landare exotiko natura inbaditzen ari dira eta ekologia hondamendi handiak eragiten, laster ugaldu eta hedatzen diren lekuetan lehen ziren beste espeziei lekua kentzen baitiete. Tximeleta zuhaitza, japoniar piper belarra, baccharisa edota tanacetum balsamita, adibidez, ibai ertzen kordokarazleak dira eta horrek dakar ur handietan ibai ertzak higatzea.
Inbaditzaile gehienak lorategietatik ateratzen dira; oso erraz ugaltzen dira bihi bidez edo zurtoin edota sustrai zati batzuetan oso txiki batetik landare berria jalgiz.
Halatan, bada, hobe da horrelakorik ez landatzea eta, onena, jadanik etxean badira kentzea, baina ez inolaz ere konpostagailura bota, ezbada erre.
Landare exotiko inbaditzaileak naturan hedatzen ez laguntzeko, ez ditut ene lorategian honako espezie hauek landatuko:
- Ailantoa (Ailanthus altissima)
- Ambrosia artemisiifolia
- Tximeleta zuhaitza (Buddleja davidii )
- Perrexil erraldoia (Heracleum mantegazzianum)
- Lizar-astigarra (Acer negundo)
- Balsamina handia edo Himalaiako balsamina (Impatiens glandulifera)
- Katu-azazkala (Carpobrotus edulis)
- Panpa-lezka (Cortaderia selloana)
- Ludwigia grandiflora
- Ludwigia peploides
- Phytolacca americana
- Japoniar piper-belarra (Reynoutria japonica)
- Sasiakazia (Robinia pseudoacacia)
- Senecio inaequidens
- Baccharis halimifolia
- Solidago canadensis
- Solidago gigantea
- Virginiako zumakea (Rhus typhina)
Ura
Baratzeak, hala lorebaratze nola barazkietarakoak, ur handia eska ohi du, baina ura gero eta baliotsuagoa da eta zaindu behar dugu klima aldaketa egoera honetan.
Badira, ordea, urestatzeak mugatzeko modu sinpleak (ez eguneko ordu beroenetan ureztatzea, ez baratzeko lurra hutsik uztea, ene lursail loredunetan landare bizikorrak hautatzea, urterokoak baino sakonago errotzen baitira, lorebaratzerako ur gutxi eskatzen duten espezieak hautatzea, belarra ez motzegi epaitzea…
Hori guztiagatik ere, ureztatu behar denean, euri ura bilduz gero tutxuloko ura ez da erabili beharko edo gutxiago beharko da. Euskal Hirigune Elkargoak euri-uraren berreskuratzaileak erosteko dirulaguntzak ematen ditu ___________________________________________
Tigre eltxoak ura behar du ugaltzeko eta gaitz handia bihurtu zaigu, hala gure lasaitasunerako nola, gainera, eritasun larriak ekar ditzakeelako. Alabaina, zizt egin didan eltxo eme hori 100 metro baino hurbilago sortu da eta 200 bat arroltze erruteko gai da! Oinarrizkoa da, hortaz, ur geldo guztiak kentzea lehen egun onak hasi orduko!
Ene barazki baratzean edo lore multzoetan lurra hutsik ez uzteko, hezetasuna atxiki eta lurreko bizitza laguntzeko, lurgaina lastoztatzen dut, hala udan nola neguan honako hauek baliatuz: lurbeltza, lastoa, orbela, landare zurtsuak txikiturik, noiz edo noiz belar moztua, adibidez.
Ene ureztatzeetarako ura ukaiteko, euri ura biltzeko dupa bat kokatuko dut (Hendaian, 1m² teilatuk 1200-1500 litro ur eman diezazkidake urtean!)
Eltxoen harrak heda ez daitezen:
- Ura biltzeko dupari irazki bat –sare xilo fin-finekoa- kokatuko dut ura dakarren hodian eta soberakin lekuan, bai eta duparen gainean ere estalki hermetikoa ez badu. Gainera, horrela ez zaizkit dupan usteldu eta ura zikin lezaketen hostoak edo beste hondakinak sartuko.
- Kenduko ditut edo hustuko euri ura bil dezaketen leku edota gauzak, baita txikienak ere, eltxoak nire lorategian errun eta ugaritu ez daitezen.
Lorategiko hondakin zaharrak
Hilabeteak direla utziriko adar edota hosto pila? Kasu, lekua hustu aitzinetik ongi so egin: meta horretan sagarroi familia bat bizi liteke edo txatxangorrien habi bat egon liteke, edo oso mehatxaturik diren uhandreak edo beste urlehortarrak.
Meta hori kendu behar bazenu, hobe abuztu-irail arte igurikatuko bazenu: habien aroa bukatua da eta abereak ez dira oraino negu loan.
Kendu behar badira, adarrak birrindu daitezke konpostatzeko edo lastoztatzeko. Euskal Hirigune Elkargoak landare-xehagailuen erosteko edo alokatzeko dirulaguntzak ematen ditu ____________________
Lorategian ezin da surik egin, ez eta bertako hondakin naturalak (adarrak, hostoak) erretzeko ere.
Gisa berean, ezin da etxeko hondakinik edo bestelako material edo produkturik erre, ez margoturiko edo bernizaturiko egurrezko altzari zaharrak ere, ez eta usteltzearen aurkako tratamendua duten hesi edota paldoak.
Negu loan edo habian izan litezkeen abereak ez hil edo herbaltzeko, ez dut ene adar eta hosto meta hautsiko habi egite eta negu lo garaian. Abuztu-irailean eginen dut.
Lorategiko suak debekatzen dituen nire herriaren araudia beteko dut.
Igerilekua
Atsegin eta atseden lekua da baina hilobi gerta liteke sagarroi eta urlehortarrentzat urmael natural batean direnaren ustetan hara sartzen direlarik. Igerilekuak ez badu ateratzeko maldarik, abereak bazter guztia ibiliko du igerian akituaren akituz ito arte… Gauez, urgainean kokaturiko argiak gau pinpirinak itotzeko arriskua dakar.
Abereak ito ez daitezen, igerilekutik ateratzeko bidea kokatuko diet, adibidez lerrakor ez den taula bat (10 cm zabal, lerratzearen aurkako zirrituekin edo makiltxoekin) aberetxoak uretatik atera ahal daitezen.
Pinpirinak eta bestelako abereak ito ez daitezen ez dut igerilekua beharrik gabe argiztatua utziko.
Norbanakoa kide egitea Lorategien Gutuna, Bioaniztasun Gerizalekuak
Inprimaki hau bete eta hemen behereko helbidera itzul ezazu.
Ikurra eskatzea ez da baitezpadakoa, ez eta ikurraren afixatzea, baina Bioanoztasunaren Gerizalekuen Lorategien Gutuna zure inguruan ezagutzera emateko eta zure auzokoak gure ingurumenaren aldeko urraspide horretara lotzera bultzatzeko bide ona da