Menpeko direnentzako ostatalekua (MO-EHPAD), lehen zahar etxe deitua, mediku artamenduak dituen egitura bat da (mediku koordinatzailea, erizainak, …) 60 urtetik gorako adineko pertsonak ostatatzeko, autonomia zertxobait edo osoki galdu badute.
Halako ostatalekuek araudi berezia dute eta Estatuaren kontrolpean dira, Eskualdeko Osasun Agentziaren bitartez (EOA-ARS).
Ostatalekuak berak, Departamendu Kontseiluak eta Eskualdeko Osasun Agentziak bost urterako helburu eta bitartekoen kontratua sinatzen dute, non zehazten baita ostatalekuari emanen zaion diruztapena; kontratu hori adineko pertsonen harreraren kalitatearen bermatzailea da.
Haizpean zahar etxea
Elkarte gisa sortu zen 1970eko azaroan eta luzez iraun zuen zuzenbide pribatuko erakunde gisa; gero, 2004an, udalaren eskuetara pasa zen eta lurraldeko funtzio publikora sartu. Harrezkero, Hendaiako Gizarte Ekintzarako Udal Zentrora (GEUZ-CCAS) atxikirik da
Etxea zuzendari batek kudeatzen du, Hendaiako Gizarte Ekintzarako Udal Zentroaren Administrazio Batzordearen ardurapean.
Etxe berria Hendaiako hondartzatik hurbil da, Armatondo karrikan, eta bakarka edo bikoteka hartzen ditu 60 urtetik gorako pertsonak edo 60tik beherakoak ere horretarako baimen berezia bada. Egitura berria 2015eko apirilean ireki zen eta bertan 63 egoiliar bil daitezke ostatatze iraunkorrean eta beste lau aldi baterako ostatatze aldietan.
Menpeko direnentzako ostatalekuen egitekoa
Ostatalekuaren diziplinanitzeko taldeak honako egiteko hauek ditu:
- Egoiliarra eguneroko egitekoetan laguntzea
- Zenbait zaintza mediko eta tekniko proposatu eta ematea
- Jendeen autonomia zaindu eta atxikitzea
- Nor bakoitzaren beharretara egokitu laguntza proiektu pertsonalizatua plantan ematea
- Gizarte lotura atxikitzea
Horiek guztiak egunerokoan bizi kalitatea eskaintzeko dira.
Araudiak aurreikusi bezala, egoiliarrak medikuntzazko edota paramedikuntzazko zaintza konplexuagoak beharko balitu, egituratik kanpoko osasun profesionalak dei litezke, ostatalekuan bertan ari daitezen, ostatalekuarekin, eriaren hurbilekoekin edota konfiantzazko pertsonarekin eta pertsonaren etxeko medikuarekin koordinazio betean.
Egiturak unitate babestua ez duenez, ezin du jokabide arazo larriak dituzten mendeko adineko pertsonak hartu, hala nola ibltzeko arazo handiak dituztenak.
Sartzea
Zahar etxean hartua izateko izena eman nahi bazenu, dosier bat bete behar zenuke, linean zuzenean, honako gune honetan «Voie Trajectoire» .
«Via Trajectoire» gunerako lotura (leiho berria)
Administrazio atala egoiliarrak berak bete behar du edo haren senideek edo konfiantzazko pertsonak, eta mediku atalak hartua izateko eskaria egiten duenaren etxeko medikuak.
Behin dosierra osaturik denean, zahar etxeko mediku koordinatzaileak emanen du adinekoaren hartzeari buruzko bere iritzia, horretarako kontuan hartuz haren autonomiaren azterketa pertsonalizatua (egoiliarraren GIR delakoa) eta duen profil klinikoa.
Behin aldeko iritzia emanik denean, dosierra igurika zerrendara sartuko du zahar etxeko administrazio zerbitzuak.
Haizpean zahar etxea
Armatondo karrika 79 – Hendaia
Telefonoa: +33 (0)5 59 01 10 30
E-helbidea:
Ordutegia
astelehenetik ostegunera, 8:30etik 12etara eta 14etatik 17:30era
ostiraletan: 8:30etik 15:30era