JARDUNA ETA LANPOSTUAK LAGUNTZEKO ZENTROA HENDAIA EUSKAL HERRIA
Hemen beherean laguntza zentroaren sortze testuinguruari buruzko informazioak atzemanen dituzu (2014az geroztiko urraspidea eta POCTEFA ETESS proiektua). Zer den zehazki Laguntza Zentroa, bere estatutuekin, kideak, eta azkenik, egin bidean diren haren helburu eta ekintzak, bereziki proiektu eramaileentzat.
Argibide gehiagorako
Lan-Eko Jarduna eta lanpostuak laguntzeko zentroa Hendaia Euskal Herria
Hélène Broquet, koordinatzailea
E-helbidea:
TESTUINGURUA
Hendaiako Herriko Etxeak, 2014. urteaz geroztik adierazi du ekonomia eta elkartasun jarduerak sortzen laguntzeko zentro bat garatzeko asmo politikoa. Egiteko horretan, Herriak duen lehen helburua biztanleen eta enpresen onerako diren jarduerak sortzen laguntzea da.
ZENBAIT DATA:
- 2014: Hendaiako Laguntza Zentroari buruzko lantaldeen abiatzea
- 2015: Lurraldearen diagnostiko partekatua
- 2016: POCTEFA ETESS* proiektua abian jartzea
- 2017ko urria: 1901 legepeko elkarte bat sortzea
- 2019ko apirila: Hendaiako Herriko Etxeak Hendaiako Laguntza Zentro elkarteari ahala eman dio, helburu eta bitartekoen hitzarmen baten bidez, lurraldeko garapenerako tresna gisa ari dadin
- 2019: Jarduera egitarau bat plantan ematea eta POCTEFA Translanekin proiektuan parte hartzea
- 2019ko ekaina: Hendaiako Laguntza Zentroak izen berria hartu du: “Lan-eko”
- 2021: Partzuergo hitzarmena Lan-ekoren eta Hendaia, Urruña eta Biriatuko herrien artean elikadura erresilientziaren alde
POCTEFA ETESS PROIEKTUA
Herria 2016an sartu zen mugazgaindiko ETESS «Gizartearen aldeko eta Elkartasunezko Ekonomiaren Mugazgaindiko Eskola» proiektuan; proiektu hori, Frantzia aldetik, Tarnozeko Enplegu Arroaren Batzordeak koordinatzen du; diruztatzen Eskualde Garapenerako Europar Funtsak (FEDER) hartzen du parte, POCTEFA programaren barnean.
Lau partaide ditu:
- ANEL (Nafarroko Enpresa Sozialen Elkartea),
- Konfekoop (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa),
- Seignanx-eko Enplegu Arroaren Batzordea,
- eta Hendaiako Herria.
ETESS proiektuari esker ukan ditu Hendaiako Herriak laguntza zentroa aitzinetik itxuratzeko behar zituen esperimentazio tresnak; “Jarduna eta Lanpostuak Laguntzeko Zentroa Hendaia Euskal Herria” deitzen da orain zentro hori.
ZER DA LAN-EKO LAGUNTZA ZENTROA?
Laguntza zentroa proiekturen bat dutenei zuzentzen zaie, lanpostu eskatzaileei, enpresei, egiturei, elkarteei edota kolektiboei, haien jardunak Hendaiako eta inguruetako ekonomian eragin badezake.
HELBURUA
Laguntza zentroaren helburua lanpostuak garatzen, atxikitzen eta sortzen laguntzea da, betiere kontuan hartuz lurraldearen ingurumena, gizartea eta ekonomia. Jarduerak sortzen, berriro abiatzen eta atxikitzen lagundu nahi du bereziki, gizartearen aldeko eta elkartasunezko ekonomian oinarrituz, lurraldeek berez duten ekonomia ahala baliatzeko aukera ederra baita ekonomia molde hori.
Lanpostu iraunkorrak, bideragarriak eta kanporaezinak sortzeko xedea du, bai eta tokiko ekonomia ehundura finkatzeko ere.
ESTATUTUAK
Bere ekintzen betetzeko, eragile zenbaiten talde bat du.
NOR DA LAGUNTZA ZENTROKO KIDE?
Laguntza Zentroaren gobernantza lau kolegiotan antolatua da.
ADMINISTRAZIO KONTSEILUA
Administrazio Kontseilua 2017-10-5ean bozkatu zen eta honako egitura hauek ditu:
Enpresen eta enpresa taldeen kolegioa
- Hendaia Merkataritza
- EPTA (industria adarra)
- SOKOA (industria adarra)
- GOXUA (artisautza adarra)
- La Trattoria (merkatarien ordezkaria)
Kolektibitateen kolegioa
- Hendaiako Herriko Etxea
- Urruñako Herriko Etxea
Gizartearen aldeko eta elkartasunezko ekonomiaren kolegioa
- Denentzat Gizarte Zentroa
- Borderline Fabrika
- Interstices Sud Aquitaine
- Seignanx-eko Enplegu Arroaren Batzordea
- Lan Berri lantegia
- Hendaiakoop
Soldatapekoen sindikatuen kolegioa
- CGT
- LAB
ZER EGITEN DU ZENTROAK?
HIRU HELBURUAK
Hiru helburu ditu laguntza zentroak
Proiektuak daramatzatenei harrera eta orientabidea eskaintzea:
Beren jarduna garatu nahi duten proiektu eramaileei behar dituzten gakoak eman eta laguntza egitura egokiengana bideratzea, besteak beste, jardun eta lanpostuetarako Interstices kooperatibarengana, zeinarekin Hendaiako Herriak partaidetza hitzarmena sinatu baitu. Izan ere, 2017ko urtarrilaz geroztik, laguntza zentroak proiektu eramaileentzako harrera eta orientabide talde bat sortu du, jardunen bat (eta lanposturen bat) sortzeko asmoa dutenentzat, Hendaian kokatzeko edota Hendaiaren ekonomian eraginen bat ukanen duen proiektua bada.
Hurbileko zerbitzua eskaini nahi diegu beren jarduna garatu nahi dutenei, eta jardun hori iraunkortzeko baldintza onenak eman. Lanposturen bat sortuko duen jarduera proiekturen bat duen orok duke laguntza zentroa hari adi eta orientabideak emateko prest.
Aski da hitzordua hartzea, honako honekin harremanetan jarriz:
Hélène Broquet, Lan-Ekoren koordinatzailea:
Horrez gain, proiekturen bat dutenek egin asmo duten jarduna segurtasunean bidera dezaten, Jardun eta Enplegurako «Interstices» kooperatibari eskatu diogu Hendaian ekintza berezia gauza dezan.
2017ko ekainean sinatu genuen hitzarmenari esker, kooperatiba horrek lagun ditzake proiekturen bat dutenak beren jarduna lehen hilabeteetan entseatzen eta talde dinamika eskaintzen die ere.
Gehiago jakiteko: Interstices orrialdea *
Tokiko ekonomia eta enplegua sostengatzea:
Hendaiako enpresaburu eta profesionalei adi izan, guztien beharrak atzeman eta ekintza eta tresna kolektiboak proposatzea, lankidetza izpiritu batean, eta bizi arroan dauden beharrekin koherentziaz jokatuz. Lan-eko laguntza zentroa enpleguaren eta gizarteratzearen lurraldeko eragileekin ari da lanean, haien artean Pole Emploi erakundearekin, eta zenbait tresna eman ditu plantan: Enpleguaren Foroa 2018 eta 2019an (50 enpresa, 800-1000 bisitari), lanpostuak kolektiboki xerkatzeko lantaldea, gizarteratzearen eragileen jende hartze saioak (Pole Emploi, PLIE Euskal Herria), etab…
POCTEFA Translanekin proiektua
Hartara, Lan-eko partaide da POCTEFA Translanekin proiektuan (2019 – 2022), mugazgaindiko lanbide mugikortasuna bultzatzeko baliabide didaktikoen zerbitzua garatzeko. Proiektuaren diruztatzaileen artean FEDER (Eskualde Garapenerako Europar Funtsa) funtsa dugu, Interreg Poctefa programaren barnean.
Translanekin proiektuak honako partaide hauek biltzen ditu:
- INSUP formakuntza, gidaria – Etengabeko Formakuntzaren Goi mailako Institutua
- Ademan, Nafarroko Egurraren Elkartea
- Arete Activa, Nafarroa
- Lan Berri lantegia,
- Olatukoop,
Horren harira, Lan-ekok hainbat lan koordinatu eta gauzatu ditu, lurraldearen kultura bateratua sesitzeko honako gai hauetan:
- Mugazgaindiko bizi arroan arriskuan diren lanbideen enplegagarritasuna laguntzea
- Bizi arroan dauden lanbide orientatze eta laneratze ibilbideak erraztu eta arintzea
- Enpresen kontratatze ibilbideak erraztu eta arintzea
Lurraldeko talde proiektuak garatzea:
Lurralde garapen “integratu” baten giltza diren egituren arteko elkarrizketa bultzatzea: enpresen; soldatapekoen sindikatuen; elkarteen; gizartearen aldeko eta elkartasunezko ekonomiaren eragileen, eta kolektibitateen arteko elkarrizketa.
Laguntza zentroak lurralde proiektu kolektiboak sortarazteko asmoa du ere.
ZER DA LURRALDE PROIEKTU KOLEKTIBOA?
Behar kolektibo batetik sortu, guztion interes baten inguruan eraiki eta biztanle guztientzat baliagarri izan daitekeen proiektua da.
Hendaiako Herriak nahiko luke jardun sortzaile den eta lankidetza eta irekitasuna bultzatuko duen zeinahi proiektu gogoan darabilen pertsona talde orok horretarako laguntza ukan dezan.
Hego Akitaniako Ekonomia Lankidetzarako Lurralde Gunearekin dugun partzuergoari esker, Hendaiak badu horretarako tresna bat, lurralde inkubatzailea, proiektu arrunt batek baino antolamendu korapilatsuagoa behar duten proiektu kolektibo horiek bete-betean laguntzeko.
Lan-eko hainbat proiektu egituratzailetan ere ari da lanean: laguntza zentroak lurraldeko elikadura diagnostikoa koordinatzen du bizi arroan, Hendaia, Urruña eta Biriatu herriekin eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin, talde jantokietarako tresna partekatuak asmatzeko. Laguntza zentroa Eskulangintzako Hirugarren Leku baten proiektuaren ekintzaileetarik da ere.
Argibide gehiagorako
Frédéric Tranche, Lehendakaria
Auzapezordea, Jabari Publikoaren Kudeaketa, Ekitaldiak, Merkataritza, Turismoa, Lasaitasun Publikoa, Gizarte Segurtasuna, Gizarte eta Elkartasun Ekonomia
Hélène Broquet, koordinatzailea
E-helbidea: