Kotte ECENARRO, Hendaiako auzapezak hautetsiekin eta “Hendaiakoopen adiskideak-Les Ami-e-s de Hendaiakoop» elkartearen Jose Rodriguez, Myriam Handy eta Fernanda Dupuy elkarteburuekin batera ireki zuen 2019ko apirilaren 20an, larunbatarekin, parte hartzeari zabalik den janari saltegi berria Portu karrikaren 10ean!
Herriaren sostengua elikagaien banabide laburrak garatzearen alde
Hiri barnearen merkataritzari berriz bizia ekarri nahiz, Hendaiako Herriko Etxeak hainbat ekintza darama 2014. urteaz geroztik. Horri jarraituz, Herriak 127 m² zabal den merkataritza lokal bat erosi zuen Portu karrikaren 10ean.
Handik laster, Hendaiako Herriko Etxeak lokala banabide laburrak balioztatzen dituen dinamika bati eta ororen intereseko den talde proiektu baten aukerari bide egiteko erabiltzeko asmoa azaldu zuen.
Herriak, Merkataritza Bulegoaren eta Laguntza Zentroaren bidez zehaztu ditu merkataritza lokal hori baliatuko lukeen proiekturako nahi lituzkeen baloreak:
- Hiri barnea eta tokiko ekonomia biziaraztea
- Kontsumitze arduratsuarekin eta ekonomia zirkularrarekin loturiko jardunen abiatzea eta garatzea laguntzea
- Lurraldeko talde proiektua sortzea, bereziki kontuan hartuz proiektua tokiko beste eragileekin (biztanle-erabiltzaileetatik hasi eta ekoizle-hornitzaileetaraino) batera eraikitzeko moldea
- Giro atsegineko lekua sortzea, lankidetza eta irekidura gogo batez. Hirugarren leku baten ideia interesgarria da, non saltegia izateaz gain, jendeen harrera lekua eta bizilekua, erakargarritasun eta animazio lekua ere eginen da, hendaiar eta elkarte orori zabalik
Halatan bada, lantaldeak sortu eta animatu dituzte Merkataritza Bulegoak eta Laguntza Zentroak ekoizleekin, hornitzaileekin, kontsumitzaileekin, Hendaian elikagaien banabide laburren balioztatzearen inguruan.
Banabide laburrak balioztatu asmoaren eta Hendaian sortzen ari den kontsumitzaileen dinamikaren arteko elkar gurutzatze horrek ekarri du Hendaiakoop sortzearen aukera.
Hendaiakoopen ekintzak
2018ko maiatza
2018ko maiatzaren 17an Variétés zineman egin bilkuran, non hendaiar anitz bildu ziren, lehen harreman anitz lotu ziren eta proiektua abian eman zen lehen lankide edo kooperatibakideen parte hartzeari esker.
2018ko ekaina
2018ko ekainean, lehen biltzar nagusia egin zen eta haren ondorioz elkartea sortu zen: 2018ko ekainaren 28an.
2018ko iraila
Solas anitzen ondoren lehen banaketa egin zitzaien elkartekideei (internet bitarteko eskari bidez) 2018ko irailaren lehenean, eta banaketak egiten jarraitu da 15 egunetik behin banaketa bat eginez.
2019ko apirila
Apirilaren 15az geroztik etapa bat gainditu da, saltegiak ateak ireki baititu; apirilaren 20an, larunbatarekin, ireki da!
Ekonomia eredua iraunkor egiten laguntzeko, herriak urririk eskaini du lokala 2019ko abenduaren hondarra bitartean; horren ondoren, elkarteak alokairu bat ordaindu beharko du.
Hendaiakoop webgunea ikusi – Frantsesez (leiho berria)
Zein da helburua eta zein produktuak?
Helburua
Parte hartzeari zabalik den kooperatiba moldeko janari saltegi bat sortuz elikadura osasuntsua, kalitatezkoa eta ororentzat eskuragarria sustatzeko aukera ematen da eta ingurumena eta ekoizleak babesten dituen tokiko laborantzaren garapena bultzatzen.
Tokiko ekonomia garatzen laguntzen du, tokitik eraman ez litezkeen zuzeneko eta zeharkako lanpostuak sortuz.
Produktuak
60tik gora hornitzaile ari dira lanean Hendaiakooparekin eta ia 300 produktu desberdin proposatzen dira, gehienbat elikagaiak baina baita premiazko salgaiak ere.
Urrunen diren euskal edo gipuzkoar hornitzaileak 50 kilometro baino hurbilago dira.
Hendaiakoopen funtzionamendua
Erabakiak
Aritzeko moldea parte hartzekoa da! Elkarteak hiru elkarteburu ditu eta buru horiek ez dute erabakitzeko ahala; erabakiak elkarrekin hartzen dituzte elkartekide guztiek.
Lantaldeak beharren arabera aldatzen dira. Hastapenean, honako talde hauek sortu ziren: produktuetako taldea, finantzak, komunikazioa, banaketa, informatika, antolaketa.
Taldeen artekoak antolatu dira lantaldeen aitzinatzeak batera jartzeko eta Biltzar Nagusiari proposatuko zaizkion bilakaera aukerak lantzeko.
Elkartekide egitea
Elkarteko kide izan zaitezke:
- 100 € ordainduz
- eta 3 oren eskainiz elkarteari 4 astetik behin, zure gaitasunen eta zure denbora librearen arabera.
Bada hiru hilerako kidetzeko aukera ere (elkartea uztea erabakiz gero,100 euroetatik, 70 € itzuliko zaizkizu). Gutxieneko diru sartzerako laguntza dutenak 10 euroren truke kidetu litezke.
Saltegia
Saltegia elkartekide guztiek daramate, duten denboraren arabera eta binaka lan eginez. Astean sei egunez da zabalik, gutxienik egunean 3 orenez (2019ko apirilaren 20an):
- astelehen eta astearteetan, 17etatik 20etara
- asteazken eta ostegunetan, 10etatik 13etara eta 17etatik 20etara
- ostiraletan, 17etatik 20etara
- larunbatetan, 10etatik 13etara eta hortik goiti ere bai larunbataren arabera
Kasu! kideek beren edukitzaileak ekarri behar dituzte (zorroak, kutxak…) eta ordainbideak eskudirua (euroa eta euskoa), txekeak eta eusko txartela dira.
Saltegia orori zabalik da, produktuak erosteko kide izan behar bada ere. Izan ere, lagun arteko leku bat aurreikusia da, proiektua azaldu eta edari beroak saltzeko.
Elkarteak badu zenbait proiektu gogoan, gero jakitera emanen dituena!
Erakunde sostenguak
Sostengatzaileak Hendaiako Herriko Etxea eta Laguntza Zentroa dira, Hendaia Merkataritza egituraren laguntzaz – frantsesez (leiho berria).