Herria katuen ongizatearen eta tokiko ekosistemaren babestearen alde aritzen da zehatz-mehatz. «Les Chamis de Mamie» elkartearekin eta Hendaian ditugun bi albaitaritza klinikekin elkarlanean, antzutze eta identifikatze jardunak eman dira plantan Hendaiako katu kopurua arduraz kudea dadin sustatu eta bultzatzeko. Urraspide horien abantailak eta herriak proposatzen dituen baliabide bereziak ezagut itzazu.
Antzutzearen onurak
Katua zaintzea nor bakoitzaren erantzukizunaz haratago doa.
Antzutzea funtsezko eginkizuna da eta, zure katuaren osasuna hobetzeaz gain, senideekin duen harremana ere hobetzen du. Harreman goxoagoa dakar, ugaltze senari loturiko zenbait jokamolde txar gutxitzen baititu.
Medikuntzaren aldetik, antzutzeak ugatzetako tumoreetatik eta umetokiko infekzioetatik babesten ditu emeak, eta borrokek ekar ditzaketen zorne-zorroak izateko arriskua gutxitzen die arrei. Gizakiei kutsa diezazkieketen zenbait eritasunen kutsatzea muga dezake ere.
Egunerokoan, antzutzeak trabagarri gerta litezkeen gertakariak ere ken ditzake:
- Lekuetan utzi gernu arrastoak eta usainak
- Etengabeko marrakak
- Ugaltze aroetako ohiko marrumak
Ihesak eta borrokak mugatzen dituenez, katuen arteko hozkada larrien, zaurien eta istripuen arriskuak ere gutxitzen ditu.
Oro har: antzutzeak funtsezko eragina du katuen kopurua mugatzen. Hona hemen katu bikote batek lau urtetan bakarrik sor ditzakeenak:
- 1. urtean: 12 katakume
- 2. urtean: 144 katakume
- 3. urtean: 1728 katakume
- 4. urtean: 20 736 katakume
Horrez gain, ehiza sen gutxiago du antzutua izan den katuak, eta horrek basa abere txikiak babesten eta ekologia oreka zaintzen laguntzen du.
Sortzeen kontrol hori erabakigarria da katuen largatzea eta babeslekuen gainezka betetzea gutxitzeko.
Zergatik zure katuak antzutu?
Zure katua identifikatzea funtsezko eta baitezpadako urraspidea da 7 hiletik goitiko katu ororentzat, Baserrialdeetako Kodearen L212-10 artikuluari jarraikiz.
Testu horrek behartzen du katu oro laborantza ardura duen ministroak baimenduriko prozeduraz identifikatzera, ofizialki eta iraunkorki ezagutu ahal dadin.
Legezko betebeharra izateaz gain, katuen identifikatzea prozesu laster eta mingabea da eta zure aberea galduz gero errazago atzemateko balia dezakezu.
Identifikatzearen nazio fitxategiak kudeatzen dituen I-CAD erakundearen arabera, identifikaturik den katua atzemateko % 40 aukera gehiago luke jabeak identifikatze zenbaki bakarrari esker!
Identifikatze hori zu eta zure katuaren arteko lotura ofizial eta onartu bakarra da ere. Jabea zarela frogatzeaz gain, lapurtze edota trafikoaren arriskua murrizten du.
Herria katuen alde engaiatzen da
Herria, «Les Chamis de Mamie» elkartearekin elkarlanean, deslai diren katuen kudeaketa arduratsuaren alde engaiatzen da. Halatan, funtsezko zeregina du arautze alorrean, katuen harrapatzen, antzutzen, identifikatzen eta test serologikoak egiten.
2021eko abenduaren 16az geroztik, hitzarmen bat dugu plantan hendaiar elkarte horrekin urraspide horren bermatzeko.
2025ean, Herriak gehiago nahi du egin. Hendaiako bi albaitaritza kliniken eta elkartearen parte hartze engaiamenduari esker, ESKAINTZA BEREZI BAT proposatzen da katuen antzutze ETA identifikatzea sustatzeko.
Otsailaren lehenetik martxoaren 31 artean, balia ezazue herriko 2 albaitariek eskaintzen duten % 10eko beherapena antzutze/identifikatze bikoterako. «Les Chamis de Mamie» elkarteak 10 €ko beherapena eskaintzen die bi kliniketako bakoitzean antzutu eta identifikaturiko lehen 25 katuentzat.
Berehalatik har ezazue hitzordua honako hauekin:
- Hegal zabal albaitaritza klinika, Irandatz karrika 7 – 05.59.20.57.58
- Hondarraitzeko albaitaritza klinika, Leclerc hiribidea 23 – 05.59.20.20.13