2019ko abenduaren 8an (igandea), 16:30ean, Hendaiako Herriko Etxeko Euskara zerbitzuak eta Haur eta Gazte Animazio zerbitzuko eskolaldi inguruko animatzaileek antolatu 8. Eskolarteko Euskal Kantu Txapelketaren kontzertua iraganen da, Daniel Ugarte pilotalekuan. Bi urtetan behin antolatua da, eta lehen mailako ikastetxe guztietako haurrei irekia da (CPtik CM2ra).
Proiektu horren bidez, haurrek euskal kantu herrikoien ikasteko aukera dute, eta gisa horretan euskara eta kultur ondarearen transmisioa era ludiko batez sustatzen da. Bestalde, euskararen bitartez lotura humanitario bat sortu nahi da, kontzertuaren diru-sartze guztiak Hendaiako Itsas Ospitaleko lagunak eta senideak biltzen dituen Les Deux Jumeaux elkarteari emanez.
Aurten ere, haurrek kopuru handiz parte hartuko dute euskara eta kantuaren inguruko festa handi horretan: oro har, Hendaiako 1. mailako eskola ia guztietako 180 bat izanen dira, Beltzeniako agertokian kantatzeko.
Irabazleek euskal musika tresna tradizionalak ezagutzeko eta jotzeko parada ukanen dute, Donostiako San Telmo museora eginen duten ateraldiaren kari. Beste batzuek Bixintxoko festetako musika taldeen kontzertuan kantatuko dute, 2020ko urtarrilaren 19an. Azkenik, txalaparta tailerra antolatuko da talde batentzat, eta Les Deux Jumeaux elkarteak ere sari berezia eskainiko dio hautatuko duen taldeari.
Aurten ere, haurrek beren kantuak marrazkien bidez irudikatu dituzte. Marrazkiak Beltzeniako sartzean erakutsiko dira kontzertuaren egunean. Baina berritasuna da aurtengo Txapelketaren afitxa Geltokiko 1. mailako eskolako haurrek egin dutela, Laurence Bouillier animatzailearen laguntzarekin.
Gure Hendaiako talentu gaztetxoak entzutera joateko parada paregabea!