Martxoaren 30an, Beltzenea auzoko Daniel Ugarte pilotalekua bete-betea zen, Hendaiako Herriko Etxeko Hezkuntza eta Haurtzaroa eta Euskara zerbitzuek antolatu Eskolarteko 10. Euskal Kantu Txapelketaren karietara. Udaberriko eguzki ederra lagun, guraso eta haurrak elkartu ziren, euskararen hilabeteari amaiera ezin ederragoa eskaintzeko.
10. edizio hau berritasunaren zeinupean kokatua zen: errepertorio modernoagoa, data martxora atzeratua, eta Udalak haur guztiak saritzeko erakutsi zuen borondate argia. Eta erran daiteke bikain atera dela: originaltasuna, sormena eta motibazioa hor genituen, denek gozatu zuten ikusgarri eder bat osatzeko.
Aurten, 180 bat haurrek parte hartu zuten txapelketan, Hendaiako 1. mailako eskola guztietatik. Mattin Sorzabalbere (musika tresna anitzen jolea, irakaslea Lanetik Egina elkartean) eta Urbi Artola (gitarrista) musikari profesionalek haurrak musikaz lagundu dituzte agertokian eta proiektu guztian zehar, eskolaldi inguruko jardueretako animatzaileen eta San Bixente eta Ikastolako irakasleen partaidetzarekin.
Itziar Aizpuru Euskara hautetsi arduradunak eta Maryse Pereme Les Deux Jumeaux elkartearen lehendakariak proiektu honetan parte hartu duten pertsona guztiak eskertu eta zoriondu dituzte. Kontzertuan bildutako diru guztia Itsas Ospitaleko pazienteen alde baliatuko da, haientzako jarduera egokituak eskaintzeko.
Sariei dagokienez, proiektuan parte hartu duten haur guztiei animazio goiz bat eskainiko zaie maiatzaren 17an, Lizardiko eskolan, Gaia elkarteak animaturiko euskal jokoekin. Bestalde, Les Deux Jumeaux elkarteak ahalmen urritasunaren inguruko sentsibilizazio tailerrak prestatuko ditu, Valentin Haüy elkartearen laguntzarekin; ondotik, tailer horiek eskola guztietan antolatzen ahalko dira.
Azkenik, epaimahaikideek horrela banatu dituzte sariak talde guztien artean:
- Interpretazioaren saria: Lizardiko eskolako “Lizardiko Izarrak” taldea, Ilargi Berriak kantuarekin.
- Erritmoaren saria: San Bixente eskolako “Hoberenak” taldea, Agur eta Ohore kantuarekin
- Talde kohesioaren saria: Hiri-barneko eskolako “Inauteritarrak” taldea, Xorrotxak kantuarekin
- Originaltasunaren saria: Hondartzako eskolako “Hondartzako Kontalariak” taldea, Txanpon Baten Truke kantuarekin.
- Antzezpenaren saria: Intzura eskolako “Kantari Galduak” taldea, Aldapan Gora kantuarekin
- Jantzi politenen saria: Lizardiko eskolako “Lizardi Rock” taldea, Euskal Rock’n Roll kantuarekin
- Dekoratu politenaren saria: Geltokiko eskolako “Elkarrekin Ozen” taldea, Zurekin Batera kantuarekin
- Agertokiko jarreraren saria: Hiri-barneko eskolako “Abeslariak” taldea, Lau Teilatu kantuarekin
- Marrazki politenaren saria: Intzurako eskolako “Askatasun Salbaia” taldea, Urtxintxak kantuarekin
- Hendaiako Herritar Gazteen Biltzarraren saria: Ikastolako “Hendaiako Kilkerrak” taldea, Iñaki kantuarekin
- Epaimahaikideen Bihozkada: Hondartzako eskolako “Bat Bi Hiru Kantatu” taldea, Behin Batean Loiolan kantuarekin.
Lanetik Egina elkarteko Idoia Gascon kantariak hiru kantu ederki interpretatu ondoren, denak bildu ziren kantu bat elkarrekin emateko, eta haur guztiek domina bat ukan dute txapelketan parte hartzeagatik. Dudarik gabe, emozioz beteko arratsaldea!